Erritmo
Erritmo (antzinako grezieratik ῥυθμός – rhythmos, "simetria" esan nahi duena) elementu sendu eta ahulen segida erregularrez osaturiko mugimendua da. Arteetan oinarrizko kontzeptua da, musikan, dantzan eta literaturan erabilia.
Erritmoa musikan
- Denbora edo aldi azentudun eta azentugabeen segida ordenatu eta errepikakorra. Erritmo-formularik sinpleenak bitarra eta hirutarra dira, erritmo-unitatea bi edo hiru osagaiz osatuta dagoenaren arabera.
- Musika- edo dantza-estilo jakin baten patroia den tempo, konpas eta azentuek osatutako unitate errepikakorra.
Erritmoa hizkuntzalaritzan
Hizketa prosodia eta segmentuak bat egiterakoan gauzatzen da eta erritmoarekin kanporatzen da (azentuarekin eta esaldi-doinuarekin batera). Erritmoa denboran zehar gertatutako erregulartasuna da. Erregulartasun hori hautemateko garrantzitsua da, erregulartasuna lortzeko errepikatzen diren tarteak berdintzat hartzea.
Errepikapen erregularra elementu desberdinetan oinarritu daiteke. Hizkuntza erritmoen oinarrizko elementutzat silaba eta azentua hartzen dira, hau da, hizkuntzek kontsonante eta bokal andanak kanporatzekoan erritmo oinarritzat har ditzaketen elementu nagusiak azentua eta silaba dira. Horrela, hizkuntzek errepikapena lortzeko oinarri hartzen duten elementuaren arabera, hizkuntz erritmo desberdinak lortu ahal dira: silaba-aldikotasuna eta azentu-aldikotasuna.
Hizkera gauzatzeko, prosodia eta segmentuen uztardura ahoskatzeko, unitate minimoa, txikiena silaba da. Hizkuntza guztiak silabaka gauzaten dira, baina silabak ez du balio erritmiko bera hizkuntza guztietan. Hizkuntza batzuetan silaba da erritmoa antolatzeko funtsa, alegia erritmoa silabaka antolatzen dute. Hizkuntza horiek silaba-aldikoak dira. Beste hizkuntza batzuetan, nahiz eta hizketa silaben bidez gauzatu, azentua da erritmo antolaketaren funtsa, hau da, azentuka antolatzen dute erritmoa. Hizkuntza horiei azentu-aldiko hizkuntzak deritzaie.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Erritmoa» artikulutik atera da. Artikulu hark SEG du egile, eta Creative Commons Domeinu Publikoa lizentziarekin argitaratutako Sareko Euskal Gramatikatik (ISBN: 978-84-693-9891-3) hartu dugu.
- Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Erritmo. .
Kanpo estekak
- Erritmoa Sareko Euskal Gramatika