Errementerikoa, Kokotenetxea eta Fragua baserriak

Errementerikoa, Kokotenetxea eta Fragua hiru baserri dira, landa-eraikinen multzoa osatzen dutenak Zautuola auzoan, Zeberion, Bizkaian. Fragua baserria Zeberio ibaiak eta BI-3524 errepideak osatutako espazio txikian kokatuta dago. Horren aurrean, oso gertu eta errepidearen beste aldean Kokotenetxea baserria dago. Errementerikoa baserria bigarren planoan dago, errepidetik apur bat urruti eta Kokotenetxearen atzealdeko albo batera erretiratuta.

Errementerikoa, Kokotenetxea eta Fragua
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaZeberio
Koordenatuak43°08′51″N 2°51′14″W
Map

    2003ko irailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zituen hiru baserriak, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

    Kokotenetxea

    Sakontzeko, irakurri: «Kokotenetxea baserria»

    Kokotenetxea baserriak behe-solairua, lehenengoa eta teilatupekoa ditu. Zenbait material eta eraikuntza-aldiko eraikin heterogeneoa da. Zurrezko oholeria asko ditu, eta hiru isurialdeko teilatua. Hegoaldeko fatxada nagusia errepideari begira dago, eta gaur egun duen itxurari erreparatuz, asimetrikoa da. Behe-solairua, funtsean, harlangaitzezko horma bat da. Harri horrek zenbait tratamendu ditu, eta bertan harlandu batzuk ere badaude. Ate asko dauzka, eta horrek arintasuna ematen dio. Lehenengo solairuak bi zati ditu: gailurretik eskuinaldera, zurezko balkoi jarraitu bat eta kareorez osotutako zurezko armazoia daude; ezkerraldera, deskribatutako balkoia desagerturik, hormatal entokatu txikiago bat dago, hor bi bao ditu, armazoia ezkutuan dutela. Teilatupeko hegalean, balkoi itxi bat dago, jabaloi askok eutsita. Balkoiak armazoia eta oholtza bertikala zurezkoak ditu. Hegal hori eta jabaloien euskarria eskuinaldean baino ez daude, baina lehen ezkerraldean ere bazeuden, orain ez dauden jabaloiak hartzeko habexken kaxek erakusten dutenez. Fatxadaren goialdean, teilatu-hegal handi bat dago, jabaloi handiagoek eutsita. Ekialdeko alboko fatxadan, behe-solairuak sakabanatutako harlangaitzezko horma eskasa du, eskantzuetan ere erabilia. Lehenengo solairuak eta teilatupeak, fatxada nagusitik gertu, zurezko armazoiz eta kareorez, harlangaitzez eta adreiluren batez osotutako bi zati ditu. Zati bakoitzean bao bat dago, eta zuren arteko loturak txabetez eta batez ere enara-hegalen formako loturez eta zurezko kabilez eginda ditu. Mendebaldeko fatxadaren beheko solairua harlangaitzezko horma bat da; goiko solairuak zuriz entokatutako hormatalak dira, eta baoak dituzte lau ardatz bertikaletan antolatuta. Atzealdeko fatxada ere eraikuntzaren heterogeneotasunarekin bat dator, edozein modutan antolatutako bao txikiak baititu. Fatxada hori plano handi bat da; beheko solairua harlangaitzezkoa da; lehenengo solairuak zurezko armazoia du erdiko zatian; eta teilatupekoak zurezko oholtzazko itxiturak ditu, zati batzuetan eta modu irregularrean banatuta.

    Errementerikoa

    Sakontzeko, irakurri: «Errementerikoa baserria»

    Errementerikoa baserria aurrekoa baino txikiagoa da, eta haren atzean dago. Behe-solairua, lehenengoa eta teilatupekoa ditu. Eraikinak tratamendu bateratua du, homogeneoa, eta bi isuriko teilatua. Fatxadak lauak dira, simetria handikoak; oinplano ia karratua da, eta fatxada nagusian hain berezkoa den teilatu-hegala dago. Baserriko behe-solairua harlangaitzezkoa da, eta angeluetan harlandu txikiak ditu; lehenengo solairuan eta teilatupean, zurezko armazoia du, kareorez osotua. Hemen ere fatxada nagusia hegoaldera begira dago, eta harlangaitezko horma bat da. Ezkerraldean, bi bao ditu, eta eskuinaldean, harlanduz inguratutako bao txiki bat. Horma hori zurezko armazoiaren euskarria da; armazoiak zutabeek mugatutako lau zati ditu. Lehenengo solairuan, zati bakoitzak leiho bat du, ia karratua. Alboko zatietan zeharkako txarrantxak ditu eta horrek leihoen desplazamendua eragiten dute. Baoak ordenatuta daude, muntanga bertikalen antolamendua hautsi gabe. Jatorrizko baserriarena ez den balkoi bat dago. Teilatupekoan, erdiko bi zatiek, karelaren gainean, ez dute itxiturarik. Fatxadaren gainaldean, bost jabaloi daude, berezko teilatu-hegal handi baten euskarri. Iparraldeko atzealdeko fatxadaren konposizioa eta eraikuntza-sistema hegoaldekoa bezalakoa da, baina harlangaitzezko behe-solairua erdisotoa da, lurraren gorago duelako; gainerako fatxada zurezko armazoiko hormatal zuri handi bat da, ia simetrikoa, eta muntanga bertikalak nabarmentzen dira, batez ere. Leiho bat, patin bidezko sarrerako ate bat eta eranskin txiki bat baino ez daude; zeharkako txarrantxa bakarrak fatxadaren muturretan daude. Teilatupeko lau zatietan ez dago itxiturarik kareletik gora, eta ez dago teilatu-hegalik ezta jabaloirik ere. Alboko fatxadek ere harlangaitzezko horma dute, armazoiaren euskarri. Itxituraren muntangen artean leihoak daude, nahiko ordenatuta, eta zeharkako txarrantxa gehiago daude. Zurezko egitura zenbaitetan tamaina handikoa da, eta enara-hegalen formako lotura asko, egurrezko kabilak eta belarri batzuk ere ikusten dira.

    Iruditegia

    Fragua

    Sakontzeko, irakurri: «Fragua baserria»

    Fragua baserria Kokotenetxea baserriaren aurrean dago, eta fatxada nagusia haren parean du. Baserri txikia da. Erdisotoa, behe-solairua eta teilatupekoa ditu, eta bi isuriko teilatua eta teilatu-hegal zabala. Fatxada nagusia iparraldera begira dago, eta zutabe bertikalek mugatutako lau zati ditu. Zati bakoitzean, leiho txiki bat dago ia karratua. Fatxadaren erdian dago sarrera-atea, eta hara igotzeko, harrizko patin bat dago. Fatxada simetrikoa da, eta aipagarriak dira teilatu-hegalaren euskarri diren kurba-formaz landutako jabaloiak, bai eta zurezko armazoia eratzen duten piezen loturak ere. Loturak enara-hegalen formakoak dira, eta zurezko kabilak. Armazoia kareorez eta harlangaitzez osotuta dago.

    Iruditegia

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.