Errege-erregina Katolikoak

Errege-erregina Katolikoak Elisabet I.a Gaztelakoa eta Fernando II.a Aragoikoa ziren. Bien arteko ezkontzarekin (1469an) Iberiar Penintsulako bi erresuma handienak elkartu ziren.

Errege-erregina Katolikoen irudia

Euren erregetzan Nafarroako Erresuma, Kanariak eta Granadako Erresuma konkistatu zituzten. 1492an eurek ordaindutako espedizio batek Amerika "aurkitu" zuen, kolonizazio prozesua hasiz eta modu honetan Espainiaren boterea handituz.

Erregina

Sakontzeko, irakurri: «Elisabet I.a Gaztelakoa»

Elisabet I.a Gaztelakoa, baita ere Elisabet Katolikoa deitua, (1451-1504) Gaztelako erregina izan zen 1474tik 1504ra. Joan II.a Gaztelakoaren eta Elisabet Portugalgoaren alaba zen. Bere anaia Alfontso hil zenean, Elisabet Gaztelakoa koroaren jaraunsle izendatu zuten, Guisandako itunaren bidez (1468). Erreginaren anaiorde Henrike IV.a Gaztelakoak, beronen alaba Joana Beltranejaren eskubidea baztertuz onartu zuen delako itun hori. Baina, Joana Beltranejak Gaztelako koroa eskuratu nahi zuenez, Portugalen laguntzarekin Gerra Zibilari hasiera eman zion. Elisabeten aldekoek garaitu ondoren (1476) Portugalekin bakea sinatu zen Alcobendasen (Madril) 1479ean.

Erregea

Sakontzeko, irakurri: «Fernando II.a Aragoikoa»

Fernando II.a Aragoikoa, baita ere Fernando Katolikoa deitua, (1452-1516), Napoli (1504-1516), Valentzia, Sardinia eta Nafarroakoa (1512-1516) eta Bartzelonako Kondea izan zen. Joan II.a eta bere bigarren emazte Joana Enrikezen semea. Aragoiko errege 1479 eta 1516 urteen bitartean. Gaztelako errege-ezkontide 1474 eta 1504 bitartean eta Gaztelako Koroako erregeorde 1507 eta 1516, bere alaba Joana Eroaren gaixotasuna zela eta, Filipe Ederraren heriotza eta gero. Siziliako (1468-1516) eta Napoliko (1504-1516) errege. Fernandok beaumondarren babesa lortu zuen Nafarroa konkistatzeko 1512an. 1515 Nafarroako Gorteek Antzinako Erresuma Gaztelako Korora bat zedin adostea lortu zuen, eta erresuma legez Gaztelako zati bihurtu zen ("de facto" hiru urte lehenago konkistatua izan zen arren.

Errege-erregina Katolikoen armarria 1492tik aurrera:
Gaztela eta Leon, Aragoi eta Sizilia eta Granada erresumetako armarriek osatua

Barne politika

Gaztelan ondorengotza-gerra amaitu ondoren, Fernandok eta Elisabetek beren erresumak baketzeari ekin zioten. Horretarako, Ermandade Santua sortu zuten Gaztelan: polizia-talde bat zen, bidelapurren aurka eta nobleen bidegabekerien aurka borrokatzeko. Justizia ere berrantolatu zuten, eta Kantzelaritza indartu zuten; hau da, epai-erakunde gorena. Errege-erregina Katolikoek beren boterea areagotzea erabaki zuten, hirien botereari aurre egiteko. Horretarako, korrejidoreak izendatu zituzten; hau da, errege-erregina aginpidea Gaztelako udalerri guztietan ezartzeko ardura zuten funtzionarioak. Errege-ogasuna sendotzeko, nobleziari aurreko errege-erreginek emandako pribilegioak eta lurrak kendu zizkioten. Armada profesionala eta iraunkorra sortu zuten; Europako armada eraginkorrenetakoa izatera iritsi zen.

Nafarroako konkista

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako konkista»

1512an Fernando Katolikoaren tropek Nafarroako Erresuma eraso, konkistatu eta Gaztelara batu zuen. Hala ere, Nafarroa Garaiak ez zuen erresuma titulua galdu 1839ra arte. Urte hartan probintzia soil bilakatu zen.

Nafarroa Behereak erresuma independente gisa iraun zuen, 1589 urtera arte. Urte hartan, Henrike III.a Nafarroako Erregea ezkontza bitartez Frantziako errege bihurtu zen. Ordutik aurrera Frantziako erregeek "Frantziako eta Nafarroako errege" titulua eraman zuten. Izendapen honek Frantziako Iraultza arte iraun zuen.

Erlijioa

Espainia, izatez, Elizaren egoitza nagusia zen Italia baino katolikoagoa zela aldarrikatu zuten errege-erreginek. Granadako Erresuma konkistatu eta hurrengo egunean, Alhambran dekretu bat aldarrikatu zuten, kristau katoliko bihurtu ez ziren juduak erbesteratzeko.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.