Errausketa (hondakinak)
Hondakinen alorrean, errausketa hondar materialetan dauden substantzia organikoak erretzea inplikatzen duen tratamendu bat da.
Errausketa erraustegietan egiten da, alegia, zaborra erretzeko instalazio berezietan. Itxuraz, hondakinak erraz desagerrarazteko sistema bizkorra da, baina oso kutsagarria: errausketaren ondorioz gelditzen diren zepak eta errautsak oso toxikoak dira, eta tratatzeko segurtasun handiko zabortegiak behar dituzte. Gainera, prozesuan sortzen den keak osasunerako eta ingurumenerako arazo larriak dakartza.[1] Zabortegiak sortzeko lekurik ez dagoen tokietan jartzen dira batez ere erraustegiak, esaterako hiri inguruetan. Izan ere, instalazio hauek toki gutxi behar dute eraikitzeko, hondakindegiek ez bezala; baina beti behar dituzte gai toxiko horietarako zabortegi bereziak, bertan ez bada, beste nonbait.
Historia
Zaborra errausteko lehen instalazioak 1970eko hamarkadan agertu ziren. Hondakinak erretzera mugatzen ziren, sortzen ziren gasei eta gerta zitezkeen isuriei inolako tratamendurik egin gabe. Labean zer sartzen zen ere ia ez zen kontuan hartzen, hau da, denetarik erretzen zuten.
Aurrerago, 1990eko hamarkada arte, gasentzat tratamendu batzuk zituzten erraustegiak jarri ziren martxan. Hortik aurrera, zaborren arazoa konpontzeko zabortegiak erabili izan dira batez ere. Dena den, azken urteetan, zabortegiek dituzten arazoen ondorioz (zabortegiak jartzeko toki falta), hondakinak errausteko instalazioak ugaltzen ari dira.
Prozesua
Errausketa-prozesuak hondakinen bolumena eta pisua nabarmen murrizten ditu, %90 eta %75, hurrenez hurren. Modu horretara, hondakindegietarako behar den lur eremua txikiagotzea lortzen da. Hondakinak murrizteko prozesuan ere, ur beroa eta elektrizitatea eskura daitezke, hau da, berreskuratu egin daiteke errekuntzaren energiaren parte bat.
Prozesu hau hainbat fasetan garatzen da. Hirietatik iristen diren hiri-hondakinen bilketarekin asten da: errausteko instalazioek harrera-toki bat eta hondakinak gordetzeko biltegi bat dituzte, hondakin-kantitatearen fluxua erregulatzeko. Garabien bidez, hondakinak errauskailuaren ahoan kokatzen dira. Hiru atal dituzte: burdin sarea, errekuntza nagusiko ganbera eta bigarren errekuntzako ganbera. Zaborrak sarean jartzen dira, eta sarean zehar, azpitik gora, errekuntzak behar dituen airea eta gainerako erregaia sartzen dira. Errekuntza nagusiko ganberan erretzen dira hondakinak. Ura daramaten hodiak labean jartzen dira, errekuntzaren beroaz ur-lurruna sortzeko. Gero, lurrun hori turbina bat birarazteko erabili eta horrela elektrizitatea sortzen da. Europako iparraldeko zenbait herrialdetan, berogailuetarako ere erabiltzen dute. Errekuntza-gasak bigarren errekuntzako ganberara igarotzen dira, eta han berriro erretzen dira. Ondoren, gasak eta partikulak arazketa-sistemara igarotzen dira. Han, gasen garbiketa egiten da uraren bidez. Gasak berekin zituen errauts horietan, dioxinak eta furanoak daude, oso toxikoak biak.
Kalteak
Errausketak ez ditu gai kutsatzaileak suntsitzen, transformatu baizik. Beraz, gai kutsatzaileak harrapatzeko sistema aproposak ez badira ezartzen, ingurumenak ondorio kaltegarri larriak jasotzen ditu. Izan ere, zaborrak erraustean, dioxinaz, furanoz eta metal astunez osatutako gasak sortzen dira, baita hondakin solido oso toxikoak eta ezagutzen ez diren beste batzuk ere. Hauek, minbizi sortzaileak dira, oso gai egonkorra eta suntsitzen zailak.[1]
Haurrak dira arrisku gehien nozitzen dutenak, horiek direlako erraustegiaren gai kutsatzaileen ondoan denbora gehiena egongo direnak. Kaltea gertatu eta handik urteetara hasten dira ondorioak sumatzen. Ordurako beranduegi izaten da, erraustegia ixten badute are. Errausketa plantak botatako gasek, asma eta biriketako gaixotasunak areagotzen dituzte. Errausketatik sortutako metal astunak, (merkurio, kobrea, beruna, kromoa, manganeso…) kalte konponezinak eragiten dituzte Nerbio-sistema zentralean. Gainera, errausketa plantan akatsen bat gertatuz gero, erraustegitik gertuen dauden biztanleak oso substantzia toxikoak barneratzeko arriskuan egongo litzakete. Errausketaren ondorioz, hondakinen gai toxikoak, airean lurrean eta uretan esekitzen dira, eta elikagaia eta gizakiak kutsatzen dituzte.
Erreferentziak
- Alfonso del Val, 65.or.
Bibliografia
- Alfonso del Val: Gipuzkoako hondakinak erraustearen ordezko aukera. Zarautz: Ezker Batua, 2004.
Kanpo estekak
British Society for Ecological Medicine
- (Ingelesez) Erraustegien eragina osasunaren gainean.
Europa Batasuneko informazioa
- (Ingelesez) Errausketaren inguruko direktiba.