Ernst Jandl
Ernst Jandl (Viena, 1925eko abuztuaren 1a - ib., 2000ko ekainaren 9a) austriar idazlea izan zen.
Ernst Jandl | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Viena, 1925eko abuztuaren 1a |
Herrialdea | Austria |
Heriotza | Viena, 2000ko ekainaren 9a (74 urte) |
Hobiratze lekua | Vienna Central Cemetery (en) |
Familia | |
Bikotekidea(k) | ikusi
|
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Vienako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, idazlea, antzerkigilea, itzultzailea eta artista grafikoa |
Parte-hartzailea
| |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Berlingo Arteen Akademia Alemaniako hizkuntza eta literatura akademia Bavariako Arte Ederren Akademka |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Austriako Alderdi Sozialdemokrata |
ernstjandl.com | |
Biografia
Filologia alemana eta ingelesa ikasi zituen Vienan, eta ingelesezko irakasle izan zen, erretiratu arte. 1991n Erich Fried Nazioarteko Elkartearen Ordezkari izendatu zuten, eta 1993an literaturako Kleist saria jaso zuen. XX. mendeko egile esperimental garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Jandlek bere Sprechgedichteei (Poema hiztunei) zor die ospe hori, poema horien testuetan edukiak eta formak adina garrantzi baitu soinuak. Bere poemak, beraz, XX. mendearen hasierako tradizio dadaistaren barruan daude, baina, haiek ez bezala, hitz-joko umoretsuz eta satiraz beterik. Horren adibiderik onena, seguru asko, 1966an argitaraturiko Laut und Luise liburua da (Soinua eta Luisa; itzulpenak ezin du, ordea, Luise eta leise arteko hoskidetasunean oinarritzen den alemanezko hitz-jokoa islatu, tituluak alemanezko laut und leise, ozen eta apal, esapidea gogorarazten baitu). Poema-liburu horrek arrakasta ikaragarria izan zuen, eta 1968an disko bat grabatu zuen, Jandlen esanetan, horrelako poesiaren betetasuna iritsi zuena. Horren ondoren, beste grabaketa asko eta irratirako gidoiak egin zituen, bitarteko hori ere Jandlen literaturaren kontzepturako oso egokia baitzen. Antzerkia ere idatzi zuen, esate baterako, aktorerik gabe antzezteko egin zuen Der Raum, szenisches Gedicht für Beleuchter und Tontechniker (1970, Espazioa, argitzaileentzat eta soinu-teknikarientzat poema eszenikoa). Aus der Fremde (1980, Atzerritik) operak arrakasta handia izan zuen; bertan idazle batek bere burua torturatzen du, zazpi agerralditan hitz bakar bat ere paperean jartzeko gai ez delako. Poesia esperimentalaren irakurle-kopurua zabaltzea izan da Jandlen merezimendurik handiena.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.