Ernai

Ernai 2013ko Martxoaren 2an sortu zen gazte erakunde abertzale eta ezkertiar gisa. Ezker Abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenaren bidez garatutako estrategia aldaketaren ondotik sortutako antolakundea izango da, Segi gazte erakundeak bere burua desegin ostean. Sortu, LAB sindikatuarekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin batera ezker abertzalearen antolaketa berriko ataletako bat da. Euskal Herriaren independentzia, sozialismoa eta feminismoa aldarrikatzen ditu proiektu politiko gisa.

Artikulu hau Euskal Herriko gazte erakundeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ernai (argipena)».
Ernai
AlderdiaEzker Abertzalea
Sorrera2013ko martxoaren 2a
EremuaHego Euskal Herria
Ideologia politikoaProiektu politikoa[1]
Independentismoa
Sozialismoa
Feminismoa 


Iturri ideologikoak[2]
Materialismo dialektikoa
Materialismo historikoa
Abertzaletasun iraultzailea
Deskolonizazioa
Internazionalismoa
Ekologismoa

Antifaxismoa
ernai.eus

Herri eta eskualde eremuko antolakuntza eredu bati jarraikiz, Nafarroa Garaian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarduten du, ikuspegi eta estrategia nazional batetik. Ipar Euskal Herriko gazte erakundeekin, Aitzina!-rekin bereziki, harreman iraunkor eta zuzena izan zuen.

Historia

Hastapenak

2013ko martxoaren 2an Gazte ZukGua sorrera prozesuari amaiera eman zitzaion  Lizarrako frontoian ospaturiko I. Kongresuan [3]Ilegalizazio fase bati aurre eginik [4], sorrera prozesuak 180 herrietan zehar 2.500 gazte inguru biltzea lortu zuen  [5].   

2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1era Gazte Danbada Gazte Topagunea ospatu zuen Urduñan. 7.000 bat gaztek parte hartu zuten kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak eta abar uztartu zituen ekimenean [6]. 2013ko martxoaren 30ean Xabier Lopez Peña Etakidea preso zegoelarik hilko da eta gazte erakundeak bere heriotza salatu zuen ekitaldi nagusian [7]. Gertakari hauen harira Auzitegi Nazionalak Ernaiko bozeramaileak, Periko Solabarria militante historikoa eta Topatu.info atariko kazetari bat auziperatu zituen.

Epaiketa 2015eko maiatzaren 28an abiatu zen, baina bertan behera geratu behar izan zen epaituen protesta bat dela medio [8]. Ostera gazteak absolbituak izango baziren ere [9], Madrileko auzitegi arrunt batek Auzitegi Nazionalean epaitutako eta publiko gisa parte hartu zuten 40 lagunetik gora auziperatu zituen desorden publikoak egotzita. Kasu honetan aurreko epaiketan auziperatutakoak zigortuak izango dira eta gainontzekoak absolbituak izango dira. Hari beretik 2013ko apirilaren 26an Audientzia Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Ernairen webgunea itxi zuen terrorismoa goratzea leporatuta eta gazte bat inputatu zuen [10]. 2014ko martxoan Topatu Gazte Danbadaren bideoak saretik ezabatzeko agindu zion Auzitegi Nazionalak [11].

2013ko apirilean Donostian Aske Gunea burutu zuen herri mugimenduak lan politikoa egiteagatik espetxe zigorrera kondenatutako zazpi gazte independentista babesteko. 1.000 lagunek gazteen inguruan, epaiketak eta espetxeratzeak konponbidearen aurkako neurriak direla salatzeko bilduko dira[12]. Ekintza honek, hilabete batzuk lehenago Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarrak ekin zion desobedientzia bideari[13] zein aurretik errepresaliatu ezberdinek hartutako jarrerari helduko dio, epaiketa politikoei aurre egiteko aro berri bat irekiz[14].

2013ko maiatzean, Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko Herri Harresia ere antolatu zen[15].

2013ko maiatzaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituriko Greba Orokorrean partaidetza aktibo bat izango du. #KeinuBat kanpainaren bidez landuko dute greba deialdia. Hego Euskal Herrian 2007tik ospatutako zortzigarrena izan zen eta euskal gehiengo sindikalak bultzatu zuen[16].

2013 - 2014 ikasturtea

2013ko azaroaren 7an Ernaik jarraipenak eta espioitza salatu zituen. Proba gisa bere egoitza nazionalaren atarian aurkitutako kamara eta audio grabagailuak aurkeztu zituen [17]. Salaketa publiko honen aurrean Amaiurrek galdera sorta bat aurkeztu zuen Espainiako Gorteetan.[18]


2013ko urrian Iruñean Herri Harresia antolatu zuen herri mugimenduak, kasu honetan Barañaingo bost gazte independentisten aurkako prozesu batean. 5 gazteetatik 3 absolbituak izan ziren Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia berrikusi ostean, Xabier Sagardoi gaztea Herri Harresia burutu baino lehen atxilotua izango da eta Luis Goñi gaztea ekimenean bertan atxilotua izango da[19].

2014 martxoaren 3 eta 4ean Bilbon Global Forum Spain izenpean nazioarteko foro ekonomiko bat ospatu zen Europako Troikaren partaidetzarekin. Beste hainbat ezkerreko eragileekin batera antolatu ziren aurkako herri mobilizazioak [20] sustatu zituen. Protestetan zehar hainbat gazte, sindikalista eta kazetari atxilotuak izan ziren.


2014ko martxoaren 27an Ikasle Abertzaleak-ek Hego Euskal Herrirako antolatutako ikasle grebarekin bat egin zuen. Ekin geroa marrazteari, ekin euskal eskola nazionalari lemapean egingo da greba deialdia, eta Espainiako PP-ko gobernuaren hezkuntza erreformak salatzea eta euskal curriculuma aldarrikatzea zuen xede[21][22].

2014ko apirilaren 17tik 20ra Gazte Burutakzio topaketak ospatu zituzten Altsasun[23]. Bost ildoren baitan (mikropolitika, kanpo proiekzioa, desnormalizazioa, sormena eta komunikazio gerrilla) antolatutako tailer eta saio desberdinetanetan 1.200 gazte inguruk parte hartu zuten [24].

«Burutakzio topaketetan sistemari aurre egiteko ideia eta esperientziak trukatu ditugu. Orain, burutakzio bezala, guztiok elkartu eta praktikaren bidez sistema iraultzen jarraitzeko unea da»,aldarrikatu zuen Ernaik apirileko topagunearen ostean. Langileen Nazioarteko Egunaren eta mobilizazio nazionalaren harira Barakaldon egindako salaketa ekimen baten harira, orduan PP-ko zinegotzi zen Zoe Nublak salaketa jarri zuen Ernairen aurka; iritzita honek bideo batean bere intimitateari eraso egin ziola[25]. Hala, 2014ko maiatzaren 3an prekarietatean aurkako eta burujabetzaren aldeko mobilizazio nazionala egingo du Bilbon. 2.000 gaztetik gorak parte hartu zuten ekimenez beteriko mobilizazioan[26]. Euskal autonomia erkidegoko espainiar polizia autonomikoak mobilizazioa etengo du eta manifestariak eserialdia burutu zuen, Periko Solabarria mobilizazio buruan zegoelarik.

2014ko maiatzaren 31an Euskal Herria Arraundeguorld egun internazionalista ospatu zuten Ernaik eta Askapenak Arrankudiagan[27]. Topaketa hauen xedea «borroka eta konpromiso internazionalistan berrestea eta gazte eta ez hain gazteekin internazionalismoaren oinarriak lantzea eta bide batez disfrutatzea[28]» izango da.

2014ko ekainean espainiar estatuko hainbat gazte erakunde soberanistekin batera ikur arrotzen aurkako ekimen bateratuta burutu zuten[29]

2014 - 2015 ikasturtea

2014ko irailean Loiolako Herri Harresia antolatu zen Auzitegi Nazionalean hasi behar zen epaiketa baten harira hainbat gaztek aurkezteari uko egin ostean. Ekimenean 5 gazteak atxilotuak eta ostean espetxeratuak izan ziren.

2014ko urriaren 11n Urtzi eta Telle gazte grebalariak atxilotuak izango dira Bilbon. Auzitegi Nazionalean garatutako makrosumarioen aurrean egin bezala, kasu honetan ere antzeko Herri Harresi bat antolatu zuen herri mugimenduak gazteen atxiloketa bisibilizatzeko eta oztopatzeko.

2014ko azaroaren 11n Ikasle Abertzaleak-ek mobilizazio nazionala deitu zuen Leioako campusean eta Ernaik mobilizazioa sustengatu zuen. Ehunka ikasle bilduko dira EHUko Leioako Campusean EU2015 unibertsitate erreforma gaitzetsi eta herritik eta herriarentzat eraikia izango den hezkuntza sistema aldarrikatzeko. Martxak campus osoa zeharkatu ostean Errektoretzara sartzen ahalegindu eta lau fakultatetako Dekanotzak okupatu ostean, Goirizelaia errektorearekin hitz egin eta bilera baterako hitzordua jartzea lortu zuten.

2014ko abenduan, 11 Konpromiso Askatasunerantz lelopean hainbat ekimen antolatu zituzten. Abenduaren 19tik 30era bitartean baraualdiak antolatu zituzten[30], besteak beste. 2014ko Abenduaren 30ean, Darocako espetxerako martxa egin zuten euskal preso eta iheslarien alde[31].

2014ko abenduaren 12an Jone Amezaga gaztea atxilotu zuen espainiako polizia autonomikoak Gernikan. Espetxe zigorra bi urtekoa baino arinagoa izan arren espetxeratu zuten. Atxiloketa azkartzeko asmoz Ertzaintzak atxiloketa agindua jasotzeko egindako eskarian Ernaiko militantea izatea erabili zuen argudio gisa[32]. 20 egun ezkutuan egon ostean atxilotu zuten Gernikako merkatu plazan. Segurtasun indarren biolentziaren ondorioz 94 urteko andre bati zauri larriak eragin zizkioten.

2014ko abenduaren 16an Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak ospatu ziren.

2015eko martxoan, Askapena eta Bilgune Feministarekin batera, Kurdistango hainbat emakume ekintzaile ekarri zituzten Euskal Herritik bira politiko bat egin zezaten.

2015eko apirilaren 2tik 4ra Ernaik eta Aitzina!k mendi martxa bateratua antolatu zuten [33]. "Herria mugarri gazteok martxan!" lelopean Lekunberri - Irurtzun - Berriozar ibilbideari ekin zioten 2.000 gazte inguruk [34]

2015eko maiatzaren 30ean Euskal Herria Arraundeguorlden bigarren edizioa ospatu zen Zumaian[35].

2015 - 2016 ikasturtea

2015eko urriaren 12an Tuteran aurkitzen den Osborneko zezena bota zuten. Espainiar ikur arrotzen aurkako ekimen honen bidez independentziaren aldeko deia egiteko baliatu zuten [36]

2015eko urrian ospaturiko Alternatiben herrian parte hartze aktiboa izan zuen[37].

2015eko abenduaren 6an mila bat gazte manifestatu ziren Durangon independetziaren aldarrikapean [38].

2015eko abenduaren 30ean 400 bat gazte kateatu ziren euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen alde[39]

2016ko martxoaren 25etik 28ra Gazte Danbada gazte topagunea burutu zuten Laudion[40]. 2016ko maiatzaren 27an gazte erakundeko kide bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Amurrion, Gazte Danabdan aurkeztutako ustezko pankarta baten harira[41]. Kausa artxibatuko zen.

2016ko maiatzean Ezker Abertzaleak Abian prozesua bukatu zuen[42].

2016 - 2017 ikasturtea

2016ko urriaren 29an Inurritegia aurkeztu zuten, Ernairen II. Kongresu prozesua[43].

2016ko abenduan Gu geu gara alternatiba topaketak ospatu zituzten gazte mugimenduek.[44]

2017ko apirilaren 13tik 16ra Gazte Akelarrea antolatu zuten Ernaik eta Aitzinak. Zornotzatik abiatu zen martxa bat lehen egunean, gainontzeko egunetan Igorren topagunea egin zelarik[45].

2017ko udan zehar Herria Bizirik lemapean euskal oligarkiak inposatzen duen herri eredua salatu zuten. Ekimen entsutezuenak turistifikazioaren aurkakoak izan ziren. Hona hemen dinamika honek utzitako hainbat ekimen:

Dinamika honen harira hainbat hedabideek eta Espainiar Estatuak Ernai eta Arran gazte erakundeak jo puntuan jarri zituen[46]

2017 - 2018 ikasturtea

2017ko iraila hasieran Baimenik ez aske izateko kanpaina abian jarri zuten[47] Kataluniako printzipatuko autodeterminazio prozesuari elkartasun internazionalistatik erantzuteko.

2018ko martxoaren 30etik Apirilaren 1era Gazte Akelarrea ospatu zuten Oiartzunen[48].

2018ko ekainean, Altsasuko gazteen atxilotzeari erantzuteko hainbat ekimen burutu zituzten:

2018 - 2019 ikasturtea

2018ko irailean Ezker Abertzalearen lehen gazte erakundearen sorreratik igarotako 40 urteak ospatzeko asmoz Bulkada Berrien Garaia da aurkeztu zuten 1.000tik gora militantek Leitzan [49].

2018ko urrian euskal gazteriaren prekarizazio prozesua borrokatzeko Euskal Herrian Bizi dinamikaren baitan Gazte Bira deituriko ekimena burutu zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

2018ko abenduan Nafarroan Bizi eguna ospatu zen Iruñean[50]

2018ko abenduan Memoriaren astea ospatu zen Bulkada Berrien Garaia da dinamikaren baitan.

2019ko otsailaren 16an Prekarietateari ateak itxi lemapean mobilizazio nazionala egingo du Bilbon[51].

2019ko apirilaren 19tik 22ra Askatasun bulkadak independentziara! lemapean gazte topagune historikoa burutu zen 8.000 bat lagunen partaidetzaz[52].  

2019ko ekainean Bizitzak Biziarazi izenpean hainbat ekimen egin ziren herriz herri, Gasteizen ekimen nazionala garatu zelarik[53]

Borroka ildoak

Ezkerreko independentismoa

Ernaik kapitalak sortzen dituen kontraesan anitzak nazio askapen borrokaren aterkipean ulertzen ditu. Horrenbestez, borroka sozial oro Euskal Nazio Askapen Borrokapean ulertzen du.

Modu berean autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izateko espazio zabalak sustengatzen ditu, Gure Esku Dago kasu.[54]

Feminismoa

Ernaik bere sorreratik Feminismoa txertatu zuen proiektu politiko gisa. Modu honetan barne antolaketan eta kanpo jardunean egokitzapenak egingo ditu prozesu feminista baten bidez. Prozesuaren emaitzak Maider Galardi kazetariak aztertu zituen [55].

I. Urrats Feministak lau bloke nagusi izango ditu:

2018an Ernaik II. Urrats Feminista iragarri zuen [56]

Prekarietatearen aurkako borroka

Kapitalismoaren krisi garaian sortua, euskal langileriaren eta herri sektoreen prekarizazio prozesuari aurre egin dio hasieratik.

2014an Ernai eta LAB-ek elkarlanean Gazteontzako lan eskubideen gida aurkeztu zuten.[57]

Euskal gazteriak pairatzen duen prekarizazio prozesuari aurre egiteko borroka hauspotzeko asmoz Euskal Herrian Bizi dinamika abian jarri zuen 2018an. [58]

2018ko maiatzean LAB-ekin batera Gazteria lana eta prekarietatea txostena aurkeztu zuten, gazte prekarietatearen argazki bat eta borrokarako proposamen bat eskaini asmoz. 2018ko maiatzean ere Oraina borrokatzeko koordenadak txostena aurkeztu zuen Ernaik, lan prekarietateaz gain Euskal Gazteriak bizi duen bizi prekarietatearen gainontzeko alorrak jorratu asmoz.

2019ko ekainean aurkeztutako Bizitzak gure neurrira adierazpenean Ernaik prekarizazio prozesuari aurre egiteko oinarrizko gazte aldarriak bildu zituen. [59]

Hezkuntza

2018ko urrian Ernaik Ikasle Abertzaleak antolakundearekin urte luzeetan zehar izandako aliantza estrategiaren agorpenaren berri eman zuen. Ondorioz hezkuntza eremuan "hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz egiteko beharra" azpimarratuz Ernaik ikasle mugimenduaren espresio babestu ditu heziguneetan eta unibertsitateetan [60]. 2020tik erlazio estuak ditu Ikamarekin[61][62].

Espainiar estatua

Espainiar estatuko gainontzeko gazte erakunde sobiranistekin harremana du. Nagusiki Arran, Briga, Darréu, Isca , Jaleo! , Purna, Yesca, Azarug eta Inekarenekin. Eragile hauek batzen dituen Pesadilla dinamikaren partaide aktiboa da.[63]

Mundua

Nazioarteko foro ezberdinetan parte hartu du.

Hainbat borroka eta herriekiko elkartasun aktiboa erakutsi du:

Preso eta iheslariak

2013ko azaroaren 5ean Denak Ala Inor Ez dinamika jarri zuten abian[70]. Dinamika honen baitan hamaika elkartasun ekimen egingo dituzte gazteek. Horien artean esanguratsuenak:

EPPK-ren eztabaida prozesuarekin loturik, 2016an Gazteok Zuekin lemapean Parisen eta Madrilen kateatu ziren hainbat gazte. Madrilgo Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusian eta Pariseko Parisko Justizia Jauregian kateatu dira Ernai eta Aitzina! gazte antolakundeetako kideak, preso politikoen aurkako salbuespen neurriak salatu eta EPPK babesteko asmoz.

Ezker Abertzaleak Kalera, Kalera dinamikapean preso, iheslari eta deportatu politikoen gaineko ildoaren lanketa propioari ekin zionean gazte erakundeak aldarri eta lelo berriarekin bat egin zuen, dinamikari amaiera emanez.

Indar errepresiboak

Indar okupatzaileak Euskal Herritik kanporatzearen aldeko dinamikari sustengua eman dio modu aktibo batean tokiko herri plataformetan parte hartuz. Altsasuko auziak euskal gazterian izan duen inpaktuarekin bat eginik, gazte erakundeak arreta berezia jarri dio beronen lanketari, zeharkako modu batean indar okupatzaileen afera ukituz.

Memoria

Gatazka politikoaren gaineko errelatoa osatzeko eta ondorioak aztertzeko egindako ekimen nazional nagusia Bulkada Berrien Garaia da dinamikapean egindako memoriaren astea izan da. [71]

Jazarpena

Ernaik gogoetak garatu ditu errepresioari aurre egitearen beharraz eta honen gaineko tresnetaz [72].

Herriz herri

Dinamika nazionalaz gain Ernaik garapen lokal bat du herriz herri.

Iruditegia

Mobilizazioak

Erreferentziak

  1. Zer da Ernai?
  2. Ernaik argitaraturiko formakuntza txostenak
  3. Ernairen I. Kongresua
  4. Ilegalizazio faseari aurre eginik sortu zen Ernai
  5. Naiz:"Ernai aurkeztu dute, ezker abertzaleko gazteen antolakundea
  6. 7.000 bat gaztek parte hartu zuten 2013ko Gazte Danbadan
  7. 2013ko Gazte Danbadako ekitaldia
  8. Ernairen protesta Espainiar Audientzia Nazionalean
  9. Terrorismoa goratzea leporatuta abosolbituak izan ziren Ernaiko eta Topatuko kideak
  10. Ernairen webgunea itxiaraziko du Espainiar Audientzia Nazionalak
  11. Topatuk Gazte Danbadako bideoak ezabatu zituen Audientzia Nazionalaren agindua betez
  12. 2014ko apirilaren 19ko goizean Donostiko Askegunea desalojatuko dute
  13. Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarraren atxiloketa
  14. Donostiko Aske Gunea inflexio puntu bat izan zen epaiketa politikoei aurre egiteko orduan
  15. Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko Herri Harresia Ondarrun
  16. 2013ko maiatzaren 30eko Greba Orokorra Hego Euskal Herriko 8. izan zen
  17. Ernaik jarraipenak eta espiotza salatu zituen
  18. Amaiurrek galdera sorta bat aurkeztuko du Espainiako Gorteetan Ernairen espiotzaren inguruan
  19. Iruñerriko Herri Harresiaren jarraipena
  20. Troika arbuiatu zuten Bilbon
  21. Espainiako gobernuaren hezkuntza erreformak salatzea eta euskal curriculuma aldarrikatzea zuen xede 2014ko ikasle grebak
  22. 2014ko ikasle grebaren argazki galeria
  23. Altsasuko burutakzio topaketan kronika
  24. Gazte Burutakzio topaketak Altsasun
  25. Zoe Nublak salaketa jarri zuen Ernairen aurka
  26. Ernai prekarietatean aurka mobilizatu zen 2014ko maiatzean
  27. Euskal Herria Arraundeguorld Arrankudiagan 2014an
  28. Euskal Herria Arraundeguorld topaketak Arrankudiagan
  29. 2014ko ekainean estatuko gazte erakunde soberanistekin batera egindako ekimen bateratua
  30. «Baraualdiak egingo ditu Ernaik 19tik 30era bitartean», Berria, 2014-12-12
  31. «Darocako espetxerako martxa egin du Ernaik, euskal preso eta iheslarien alde», Berria, 2014-12-31
  32. Jone Amezagari egindako elkarrizketa
  33. «Ernaik eta Aitzinak mendi martxa bateratua egingo dute apirilaren 2tik 4ra», Berria, 2014-12-30
  34. 2.000 bat gaztek parte hartu zuten 2015eko Gazte Martxan
  35. Euskal Herria Arraundeguorld Zumaian 2015ean
  36. Osborneko zezena bota zuten 2015ko urriaren 12an
  37. Alternatiben Herria 2015ean
  38. 2015eko abenduaren 6an mila bat gazte mobilizatu ziren Durangon independentziaren alde
  39. Isunak ezarri zizkietaten 2015eko abenduan euskal errepresaliatuen alde kateatutako gazteei
  40. Ernai eta Aitzinak 2016ko Laudioko Gazte Danbada iragarri zuten
  41. 2016ko Gazte Danbada dela eta Ernaiko kide bat atxilotu zuten Amurrion
  42. 2016ko maiatzean Abian prozesua bukatu zen
  43. 2016ko urrian Ernairen II. Kongresu prozesua iragarri zuten
  44. 2016ko abenduan Gu Geu Gara Alternatiba topaketak ospatu zituzten gazte mugimenduek
  45. 2016ko apirilean Gazte Akelarrea ospatu zuten Igorren
  46. Ernai eta Arran jo puntuan jarriko dituzte turistifikazioa salatzeagatik
  47. 2017ko urtarrilean Baimenik ez aske izateko kanpainar iragarri zuten Arrasaten
  48. 2018an Oiartzunen ospatuko dute Gazte Akelarrea
  49. 2018ko irailean Bulkada berrien garaia da dinamika aurkeztu dute
  50. 2018ko abenduan Nafarroan Bizi eguna ospatu zen Iruñean
  51. 2019ko otsailean Ernai prekarieatearen aurkako mobilizazio nazionala egin zuen
  52. 2019ko apirilean 40. urteurreneko topagunea ospatu zen Lemoan
  53. "Euskal Gazteria lehen lerrora ekarriko duen bultzada martxan da"
  54. Gure Esku Dagoren hainbat ekimen sustengatu ditu Ernaik
  55. `Ernairen Urrats Feministaren inguruko ikerketa
  56. 2018an Ernaik II. Urrats Feminista iragarri zuen
  57. Gazteontzako Lan Eskubideen gidaren aurkezpena 2014an
  58. Euskal Herrian Bizi kanpaina abian jarri du Ernaik
  59. Bizitzak gure neurrira proposamenaren aurkezpena
  60. Ernaik hezkuntza problematikaz eta ikasle borrokaz ahots propioz mintzatuko dela iragarri du
  61. https://www.eldiario.es/euskadi/eh-bildu-frente-amplio-instituciones-division-juventud-auge-comunismo-gks_1_9096469.html
  62. https://www.youtube.com/watch?v=7M4J3_yP35o
  63. Espainiar estatuko gazte erakunde subiranisten Pesadilla dinamika
  64. Venezuelako prozesu iraultzailearekiko elkartasuna
  65. Kurdistanekiko elkartasuna
  66. Europar Btasuna - Israel akordioen aurkako manifestua
  67. Palestinaren aldeko mobilizazioen argazki galeria
  68. Boliviako herriarekin elkartasuna
  69. Siriako herriarekin elkartasuna
  70. Denak ala Inor Ez dinamikaren aurkezpena
  71. Memoriaren astea 2018an
  72. Zirtaka ponentzia

Ikus, gainera

Kanpo estekak



Euskal Herriko gazte erakunde politikoak
Aitzina!ErnaiEuzko GaztediGazte AbertzaleakGazteok BaiGazte KomunistakIratzarriJeunes Populaires
Jóvenes Demócratas de NavarraJSE-EgazJuventudes NavarrasMouvement des Jeunes Communistes
Mouvement des Jeunes SocialistesNafarroako Gazte SozialistakNuevas Generaciones del País Vasco
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.