Erloju

Erlojua[1], erloi edo ordularia[2] denbora neurtzeko eta adierazteko gailua da. Gizakien asmakizun zaharrenetako bat da, eta unitate naturalak baino (eguna, hila eta urtea) denbora-tarte laburragoak neurtzeko beharrari erantzuten dio. Hainbat prozesu fisikotan oinarritzen diren gailuak milaka urtez erabili izan dira. Euren zehaztasuna hobetzen joan da, XX. mendean zehaztasun ikaragarria lortuz. Egungo erloju mekanikoa XVIII. mendean asko hobetu zen, eta haren zabalkundea industria iraultzako garapenei eta gizarte antolamenduari hertsiki lotuta agertu zen, amankomuneko denbora bat finkatuz. Ameriketako Estatu Batuetako Normalizaziorako Institutu Nazionalak (NIST) 1999an eginiko erloju atomikoak, NIST F1-ak hain zuzen, 20 milioi urtean segundo bakarreko gorabehera dauka.

Erloju bat
Casio W-59 ordulari digitala

Denbora-zati berdinetan banatutako mugimendu erregularrak eragiten ditu erlojuak. Bi atal nagusi izaten ditu erloju mekanikoak: batak mugimendu jarrai erregularra du (orratzak, adibidez), eta bestea finkoa da (esfera, adibidez); era horretan, alderdi mugikorraren eta finkoaren diferentziaren bitartez sumatzen da denboraren joana.

Erlojua, bere funtzio praktikoaz gain, bitxigintzako objektu bihurtu da, dotorezia eta luxu ikur.

Hitza(k)

Erloju eta ordulari, biak erabili daitezke euskara batuan [1] [2] eta baliokideak dira. Hala ere, badirudi oro har erloju maizago erabiltzen dela ordulari baino[3]. Sinonimoak izanik, Iparraldean erloju (eta honen aldaerak) eraikin, horma eta altzarietakoak izendatzeko erabiltzen da eta ordulari eskukoak eta eskumuturrekoak izendatzeko[4] (agian frantsesaren eraginez, horloge eta montre).

Erloju hitzaren jatorria erromantzetik dator (gaztelaniaz, reloj; frantsesez, horloge; italieraz, orologio; portugesez: relógio), latinezko horologium hitzetik, eta hori,grezierazko ὡρολόγιον (oρα, «ordu», eta λέγειν, «esan», hau da, «ordua dioena »).

Historia

Sakontzeko, irakurri: « Denbora neurgailuen historia»

Antzina eguzki erlojuak (gainalde lau batean itzala egiten zuen orratzak adierazten zuen ordua, itzalaren tamaina eta lekua kontuan hartuta), harea-erlojuak (kristalezko ontzia hondarrez betea, erdian estua, eta alde batetik bestera hondar aleak igaroz denbora epe motzak neurtzeko erabiltzen zena) eta ur erlojuak (beheko aldean zuloa egin zaion ontzi bateko urak behera joateko duen erregulartasunean oinarritzen zena) besterik ez zen ezagutzen[5]. X. mendean horiek denak baztertuak izan ziren Gerberto fraideak pisu mugiarazlea asmatu zuenean. XII. mendean erlojuei gurpil horztunak eta mailu txirrina ezarri zitzaien, eta XV. mendean bultzatzaile kiribildua. Handik aurrera erloju motak ugaldu egin ziren eta ordu arte baino neurri txikiagokoak egiten hasi ziren.

XVII. mendean Huygensek pendulua ezarri zien erlojuei, eta geroztik gutxi gorabehera gaurko egitura bera izan dute. XIX. mende erdialdera, abiadura eta distantzia handiko garraiobideak, trenak, agertzearekin batera, orduak sinkronizatzeko premia agertu zen, latitudearen arabera eguzki orduak askotarikoak baitziren. Eguzki ordulariak atzean utziz, herrietan tren geltokiko erloju bihurtu zen ordu zehatza ezagutzeko erreferentzia. 1940an erloju elektrikoa asmatu zen, pila elektrikoz zebilena, eta ondoren erloju elektronikoa agertu zen; zehaztasun handikoa da, kuartzozko kristalak erabiltzen baititu denbora-zati erregularrak neurtzeko. 1954an erloju molekularra eta atomikoa sortu ziren; horietan energia kanpoko eraginik gabeko eremu elektromagnetikoetan beti modu berean sortzen denez gero, zehaztasun handiz neur daiteke denbora.

Atalak

Bi orratzeko hormako erloju analogikoa.
Erloju digital baten zenbakiak (aldatzen).

Erloju analogikoek hiru orratz mota izan ditzakete:

Ohikoena, 2 edo 3 orratz izatea da, baina badira antzinako erlojuak orduen orratza bakarrik dutena.

Erloju mekanikoaren mekanismoak hiru atal ditu: motorra, erregulatzailea eta transmisio katea. Pendulua duten erlojuetan, motorra zilindro batean biltzen den katea batetik edo soka batetik zintzilik dagoen pisua da. Pisuak sortzen du mugimendua. Bestelako erlojuetan, motorra kiribilduta dagoen altzairuzko xafla mehea da. Xaflaren tentsioak eragiten du mugimendua. Erregulatzaileak edo zabuak beti berdin mantentzen ditu mugimenduak. Azkenik, transmisio katea elkarren artean lotutako gurpilez dago osatua, eta motorraren mugimenduak, erregulatzaileak berdindu dituelarik, orratzetaraino eramaten ditu.

Horrez gain iratzargailua edo egutegia ere izan dezake.

Erloju digitalek zenbaki aldagarriekin adierazten dute ordua, bai karteltxo birakariekin, bai LCD sistemarekin, bai pantailan. Erloju digital gehienek 24 orduko formatuan erakusten dute; Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan, ordea, normalean 12 orduko formatua da (AM edo PM adierazpen batekin).

Motak

Erloju mota asko daude, denbora neurtzeko moduaren edo tamainaren arabera sailkatuta.

Eguzki-erlojuak

Sakontzeko, irakurri: «Eguzki-erloju»
Eguzki-erlojua San Ziprian elizan (Lekorne).

Eguzkiak zeruan duen itxurazko posizioa, egunean zehar mugituz doa, Lurraren errotazioa islatuz. Objektu egonkorrek proiektatutako itzalak, ondorioz, mugitu egiten dira, eta, beraz, haien posizioak eguneko ordua adierazteko erabil daitezke. Eguzki erloju batek, ordua adierazten du, itzalaren posizioa gainazal (oro har) lau batean erakutsiz, zeinak orduei dagozkien markak dituen [6]. Eguzki-erlojuak horizontalak, bertikalak edo beste orientazio batzuetakoak izan daitezke. Eguzki-erlojuak oso erabiliak izan ziren Antzinatean[5] [7]. Latitudea zehazki ezagutzen bada, ondo eraikitako eguzki-erloju batek, tokiko eguzki denbora eman dezake, minutu bat edo biko zehaztasunarekin. Euskal Herrian oso ohikoak da horrelako erlojuak erakin publiko historikoen fatxadan egotea (besteak beste eliza eta udaletxeetan), baita jauregi eta bestelako eraikin monumentaletan ere[8].

Iraupen neurgailuak

Harea-erloju bateko harea-fluxua igarotako denbora jarraitzeko erabil daiteke.

Gailu asko denbora markatzeko erabil daitezke, erreferentzia-denbora kontuan hartu gabe (eguneko orduak, minutuak, etab.), eta baliagarriak izan daitezke iraupena edo tarteak neurtzeko. Iraupen neurgailu horien adibide dira kandela-erlojuak, intsentsu-erlojuak eta harea-erlojuak. Kandela- eta intsentsu-erlojuen funtzionamenduaren oinarrian dago baliabidearen (ezkoa eta intsentsua hurrenez horren) iraungitze konstantea, eta, horri esker, denboraren igarotzeari buruzko estimazio zehatz eta errepikakorra egin daiteke. Harea-erlojuan, zulo txiki batetik zehar abiadura konstantean isurtzen dea harea fina, aurrez zehaztua dagoen denbora tartea adieraziz. Kasu honetan, baliabidea ez da kontsumitzen, berrerabiltzen baizik.

Ur-erlojuak

Eguzki-erlojuekin batera, ur-erlojuak edo klepsidrak denbora neurgailu zaharrenak dira eta beraien antzinatasun handia dela eta, ez da ezagutzen non eta noiz sortu zituzten lehen aldiz. Katilu itxurako ontzi zuloduna da formarik sinpleena da, eta Babilonian eta Egipton K.a. XVI. mende inguruan existitu zen. Munduko beste eskualde batzuetan ere, India eta Txina barne, ur-erlojuak aspaldi agertu ziren, baina data antzinakoenak ez dira hain seguruak. Aditu batzuen arabera, ordea, K.a. 4000an agertu zirela ur-erlojuei buruz idazten dute[9].

Erloju mekanikoak

Txinatarrek lehenengo erloju mekanikoak asmatu zituzten XI. mendean, funtzionamendu iraukorrerako ihes-mekanismo batez horniturik. Erdi Aroan Europan ere hasi ziren egiten lehenengo erloju mekanikoak. Richard de Wallingfordek (1292-1336), horrelako bat eraiki zuen 1330. urte inguruan, planetario astronomiko modura erabiltzeko. Geroago, Pizkundetik aurrera, Galileo-k (1564-1642) eta, bereziki, Huygens-ek (1629-1695) aurrerapen handiak egin zituzten, pendulu-erlojua asmatuz eta hobetuz, denboraren neurketa zehatzagoak egin ahal izateko.

Oro har, erloju mekanikoak higidura oszilakorretan oinarriturik daude. Higidura hori iraunkortzeko, energiaz hornitu behar dira erlojuak modu era kontrolatu desberdinetan, hala nola grabitatez, pendulu batez, malgukien bidez, elektrizitatez… Izatez, erlojuen neurketa higidura edo oszilazioen kopurua kontatuz egiten da.

Eskuko erlojuak

Hasierako eskumuturreko ordularietako bat, Lehen Mundu Gerrako soldadu batek eramana (Deutsches Uhrenmuseum), Alemania).

Eskuko erlojuak Frantzian asmatu ziren XV. mendean eta berehala hedatu Europa osoan zehar. Sakelako erlojuak ziren batez ere, eta Nurenbergen garatu ziren. Sakelako erlojuak mekanismo bitxi eta garestitzat hartzen ziren, gizarteko klase gorenak bakarrik eskura zitzakeenak. Lehen erlojugileak errementariak, sarrailagileak edo kanoi-galdatzaileak izan ziren, metalak jotzen aditu ziren artisauak. Baina, luxuzko objektuak zirenez, Pizkunde eta Barrokoko apaindura dotoreenganako grina zela-eta, erlojugileek urregintzaren artea eduki behar izan zuten, sarritan material ederrak erabiltzen baitziren. Orduan, Frantzian, Alemanian, Italian eta beste leku askotan, bereizketa argia sortu zen erloju publiko handien egileen eta mahaiko eta eskuko erloju txikien egileen artean [10].

XIX. mendetik aurrera, eskumuturreko erlojuak (ordulariak) garatu ziren. Hasieratik, ordulari hauek ia emakumeek bakarrik erabili zituzten, gizonek sakelako erlojuak erabiltzen baitzituzten XX. mende hasiera arte. Militarrek eskumuturreko erlojuak erabili zituzten lehen aldiz XIX. mendearen amaieran, guztiz beharrezkoa baitzen gerra garaiko maniobrak sinkronizatzea. Kuartzozko ordularien merkaturatzea (Seiko Astron 35SQ 1969an eta Omega Beta 21 1970ean) guztiz irautzailea izan zen eta eskumuturreko erlojuen bultzatzaile nagusia.

Erloju atomikoak

Erloju atomikoak, bere kontagailua elikatzeko, erresonantzia atomiko normalaren maiztasuna erabiltzen du. Lehen erloju atomikoek, euren erreferentzia, maser batetik hartzen zuten [11]. Arau agentzia nazionalek 10-9 segundo eguneko zehaztasuna mantentzen dute[12]. Erloju atomikoak zesio-133 atomoaren bibrazioan oinarritzen dira. 9.192.631.770 bibraziok segundo bat daramate, eta hala, gaur egun denbora neurtzeko dauden sistemarik zehatzenak dira: segundo bakarreko errorea dute 30 milioi urtean[13].

Erloju atomikoek denbora eskala jarraitua eta egonkorra dute: Nazioarteko Denbora Atomikoa (TAI, Temps Atomique International). Eguneroko erabileran beste eskala kronologiko bat darabilte: Denbora Unibertsal Koordinatua (UTC). UTC TAItik eratortzen da, baina Denbora Unibertsalarekin (UT1) segundo tartekatuak erabiliz sinkronizatzen da, zeina gau-egun trantsizioan oinarritzen dena behaketa astronomikoen arabera.

Kronografoa

Kronografoa erlojuaren funtzio bat da, denbora laburrak, eskariaren arabera, zenbatzeko aukera ematen duena. Nahiz eta beti kronometroarekin nahasten den, desberdinak dira: erlojua kronografotzat har daiteke, funtzioa barne hartzen badu, baina kronografoa ezin da kronometrotzat hartu[14]. Analogikoak dira eta, oro har, bi esfera gehigarri txiki ditu (bata, orduetarako; bestea, minutuetarako), erdiko esferari segundoak adierazten dituen orratzarekin gehitzen zaizkionak. Hiruren artean, erdiko orratzaren biraketa-kopurua adierazten dute. Normalean, orratzetako bat, gutxienez, gelditu eta berriz hasaraz daiteke. Abiadura neurtzeko aukera ematen du eta, antzina, medikuek pazientearen pultsua kontrolatzeko erabiltzen zuten[15].

Kronometroa

Kronometroa doitasun-kontroleko zentro edo institutu batek egiaztatu eta ziurtatu duen erlojua da. Kronometro hitza, greziar etimologiako neologismo bat da. Kronos denboraren titana da. Gaur egun, neurketarako aparatua esan nahi duen atzizki bat da[16].

Normaltasunez nahasten dira kronometroa eta kronografoa terminoak. Gaur egun, Suitzako Kronometroen Kontrol Ofizialak (COSC) ziurtatzen ditu fabrikatutako kronometro gehienak. Gutxienez bi astez, posizio eta tenperatura desberdinetan, baimendutako gehieneko irizpide eta desbideratzeekiko lortutako portaera eta aldeak probatzen dira. Kronometro gisa ziurtatutako erlojuekin batera, normalean, kronometria-atestatua eta esferako aipamen bat izaten dira. COSCek bere webgunean jakinarazi duenez, urtean, kronometro gisa, 1,6 eta 1,8 milioi erloju artean ziurtatzen dira, hau da, aldi berean esportatutako erloju suitzarren % 6[17].

Iruditegia

Erreferentziak

  1. «Erloju». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12.)
  2. «Ordulari». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-12-12.)
  3. Erloju (14.656 agerraldi) eta Ordulari (2.513 agerraldi) Egungo Testuen Corpusean (EHU)
  4. Montre eta HorlogeNola Erran hiztegian (noiz kontsultatua: 2021-12-17)
  5. Irureta Azkune, Onintza. (1996/06/01). Erlojuak. Elhuyar aldizkaria.
  6. (Ingelesez) How Sundials Work. The British Sundial Society (Noiz kontsultatua: 2014-11-10).
  7. (Ingelesez) Ancient Sundials. North American Sundial Society.
  8. Eguzki erlojuak. Gipuzkoako Foru Aldundia (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  9. (Ingelesez) Cowan 1958, 58 or.
  10. (Italieraz) Bertolotti, Arti minori della corte di Mantova., 504 or..
  11. (Ingelesez) D.B. Sullivan. (2001). Time and frequency measurement at NIST: The first 100 years. National Institute of Standards and Technology, 4-17 or. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-09-27).
  12. (Ingelesez) W. Markowitz. (1988). Comparisons of ET(Solar), ET(Lunar), UT and TDT'. A.K. Babcock, G.A. Wilkins, 413–418 or..
  13. Ordu zehatzaren bila. Teknopolis (Eitb) 2014/01/11.
  14. (Gaztelaniaz) «Diferencia entre cronómetro y cronógrafo - Ultrajewels» ultrajewels.com 2020-04-11 (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
  15. (Gaztelaniaz) «¿Qué es un cronógrafo y cómo funciona? - Revista Chrono24» www.chrono24.es (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
  16. (Gaztelaniaz) ASALE, RAE -. «metro | Diccionario de la lengua española» «Diccionario de la lengua española» - Edición del Tricentenario (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).
  17. (Frantsesez) «COSC | Contrôle Officiel Suisse des Chronomètres» www.cosc.swiss (Noiz kontsultatua: 2023-02-10).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.