Erlatibismo
Erlatibismoa doktrina filosofiko popularra eta aldi berean sutsuki arbuiatua izan da. Haren aldekoak tolerantziaren aldeko doktrina dela diote, tolerantea denaren posizio epistemiko eta etiko posible bakarra. Haren aurkakoek berriz haren inkoherentzia eta permisibitate intelektual akritikoa salatzen dute. Etikatik epistemologiara, antropologiatik erlijiora, erlatibismoaren korronteak denetan eragin du[1].
Erlatibismoak esaten duena da ikuspuntuak ez direla objektiboki egiak eta ez direla unibertsalak; ezagutza, egia eta morala kulturari, gizarteari edo testuinguru historikoari lotuak existitzen direla, eta beraz ez direla absolutuak. Erlatibismoa auzi konkretuei aplikatu ohi zaie. Adibidez, erlatibismo moralak jende eta kultura ezberdinen moralaren artean dauden aldean barnebiltzen ditu[2]. Erlatibismo gnoseologikoak, berriz, egia objektiborik ez dagoela kontsideratzen du, hau da, egia beti erreferentzia marko jakin baten araberakoa dela, esaterako, kultura eta hizkuntza.
Erlatibismoaren baitan erlatibismo normatiboa eta deskriptiboa ere bereizi daitezke. Deskriptiboak jende eta kulturen arteko aldeak ebaluatu edo epaitu gabe aztertzen ditu, eta normatiboak, aldiz, ikuspuntu baten egiazkortasuna edo moralitatea epaitzen dute marko jakin batean.
Erlatibismo motak
Erlatibismo antropologiko eta filosofikoa
Eratibismo antropologikoa metodologiari dagokionez dagoen posizio bat da, zeinetan ikertzaileak bere kulturaren aurreiritziak baztertzen dituen beste kultura edo jende baten sineskera eta portaerak ulertzeko. Honi erlatibismo metodologikoa esaten zaio, eta etnozentrismoa saihestea du helburu, hau da, ez beste kultura bat epaitzea norberaren kulturaren parametroen arabera[3]. Hau da “emic” eta “etic”-en arteko banaketaren oinarria:
- Emic edo barruko ikuspuntua kultura batek bere burua ulertzen duen bezala deskribatzea da, bere terminoetan, kultura horren “zentzu komunaren” arabera, eta beraz, emic ikuspuntua kultura bati espezifikoa da.
- Etic edo kanpoko ikuspuntua behatzaile batek egiten duen deskribapena da, beste kulturei ere aplikatu ahal zaizkien terminoetan. Etic deskribapen batek ikertzailearen marko kontzeptualari egin ohi dio erreferentzia.
Erlatibismo filosofikoak, bestalde, esaten du proposizio baten egiazkortasuna marko teorikoaren, metafisikoa denaren edo metodo instrumentalaren araberakoa dela, edo proposizio hori adierazi den testuinguraren edo hura interpretatzen duten pertsona, talde edo kulturen araberakoa[4]. Erlatibismo metodologikoa eta erlatibismo filosofikoa independienteki existitu daitezke, baina antropologo gehienek filosofikoki oinarritzen dute haien erlatibismo metodologikoa.
Erlatibismo deskriptibo eta normatiboa
Erlatibismoak ere badu zer ikusia antropologia eta filosofiarekin, beste era batera: Orokorrean, antropologoena da erlatibismo deskriptiboa (“nola diren gauzak” edo “nola ematen duten”), eta filosofoak berriz erlatibismo normatiboan jardun ohi dute (“nola izan beharko luketen gauzek”), nahiz eta badagoen solapamentu bat.
Erlatibismo deskriptiboak esaten du talde kultural ezberdinek pentsatzeko eta arrazoitzeko modu, neurri etab. ezberdinak dituztela, eta antropologoaren lana horiek deskribatzea, baino ez ebaluatzea, dela. Posiblea da landa lanean antropologoa erlatibista deskriptiboa izatea filosofoak kezkatu ohi dituzten auzi batzuei dagokionez (adibidez, printzipio etikoak), baino ez beste batzuekiko (adibidez, printzipio logikoak). Ikuspuntu hau gizakiaren unibersaltasunaren inguruko argudioekin kritikatu ohi da, eta azken aldiko literaturan garrantzia handia hartu du eztabaida honek: Ea zer puntuarte, eta nola frogatzen den, gizakiaren unibertsaltasuna kulturaren, moralaren edo hizkuntzaren arloetan.
Erlatibismo deskriptibo mota ezberdinak gauza empirikoei buruz izaten direnez, pentsa liteke ez dutela interes filosofikorik, baina hau ez da hala. Alde batetik, filosofo batzuk, nabariena Kantek, esaten du gizakien arteko ezberdintasun kognitibo batzuk ezinezkoak direla, eta honek mugak jarriko lituzke a priori ikerketa empiriko batek aurkitu lezakeenari, baita erlatibismo deskriptiboaren bertsio baten edo besteren egiazkortasunari. Gainera, taldeen arteko ezberdintasunei buruzko baieztapenek paper zentrala hartzen dute erlatibismo normatiboaren argudio batzuetan (adibidez, erlatibismo etiko normatiboaren aldeko argudioak sarri hasten dira talde ezberdinak kode moral eta idealak dituztela esanez). Bukatzeko, antropologoak jende talde ezberdinen arteko aldeak, hau da, gauza jakin baten erlatibismoa deskribatzen duenean, giza ezaugarri egonkorrak eta aldagarriak bereizteko balio du, eta beraz, giza experientzia edo pentsamenduari buruzko baiztapen deskriptibo batek giza izaerari buruzko informazio baliagarria eman dakiguke[5].
Erlatibismo normatiboak baieztapen normatibo edo ebaluatiboak egiten ditu, esanez pentsatzeko erak, arrazoitzeko irizpideak eta halakoak marko jakin batekiko bakarrik direla egia edo gezurra. Erlatibismo normatiboak (adibidez, erlatibismo moral normatiboari dagokionez) zera dio, gauzak (esaterako, baieztapen etikoak) ez direla bere hortan egiak, egi bezala duten balioa marko zabalago baten araberakoa dela (adibidez, kode moralak)[2].
Erlatibismo globala eta lokala
Erlatibismo globalaren oinarrizko ideia hainbeste errepikatzen den “dena da erlatiboa” esaldian ikus daiteke. Hau da, pentsatzea sinesmen guztiak, axola gabe zeri buruz, marko edo parametro batzuekiko bakarrik direla egiak. Erlatibista lokalak berriz era mugatuan aplikatzen dute erlatibismoa (adibidez, etikari edo estetikari), aldi berean esanez beste zenbait gauza, adibidez, egia zientifikoak, ez direla egokiak era erlatibista batean ulertzeko.
Erlatibismo globala irekia dago barne-kritika eta inkonsistentziaren inguruko kritikei, dena bada erlatiboa, erlatibismoa bera ere badelako. Erlatibismo lokala inmunea da kritika mota honekiko, ez duelako zertan bere premisak erlatibizatu behar den horren barruan sartu. Ez da harritzekoa gaur egungo debateetan erlatibismo lokala, eta ez globala, izatea presentzia gehien daukana[1].
Erlatibismo gogor eta ahula
Erlatibismoaren baitan egin daitekeen beste banaketa bat erlatibismo forma gogor eta ahulen artekoa da. Erlatibismo gogorraren baitan, posible da sinesmen edo juizio bera egia izatea testuinguru batean eta faltsua beste batean. Erlatibismo ahulak berriz esaten du sinesmen edo juizio bat egia izan daitekeela testuinguru batean baina ez beste batean, bigarren honetan ez daudelako eskura edo ezin direlako adierazi. Adibidez, Bernard Williams-ek argudiatzen zuen kontzeptu batzuk bizimodu konkretu bat bizi dutenentzako bakarrik daudela eskura. Kontzeptu hauek ez dira Williamsek “munduaren kontzepzio absolutua” esaten dionaren parte, eta ez dute edozein izaki arrazionalek, duen kultura izanda ere, ezagutuko lituzkeen egirik adierazten. Haien formulaziorako kontzeptu hauek behar dituzten egiak hizkuntza batzuetan bakarrik adierazi daitezke: Hizkuntzak zeinen hiztunak bizimodu konkretu horretan parte hartzen duten. Egia hauek ez dute zertan egiak izan zerbaitekiko (egia parametro batzuekiko, faltsuak beste batzuekiko), aitzitik, egia hauek prespektiboak dira: Benetakoak baino angelu jakin batetik bakarrik ikusgarriak, hau da, bizimodu jakin bat duten pertsonentzako[1].
Erlatibismoa eta eszeptizismoa
Erlatibismoa ez da nahastu behar eszeptizismoarekin, zeinekin baduen azaleko antzekotasun bat, biak ukatzen baitute egiaren ikuskera absolutista bat. Eszeptizismoak, ordea, egia bera eta haren ulerkera guztiak ukatzen ditu, erlatibistek berriz egia absolutua baliokideak diren egia erlatiboen teoria positibo batekin ordezkatzen dute. Erlatibistarentzako, egiak ez du testuinguru egokia besterik behar, edo sinesmen pertsonal edo kultural egokiak, eta beraz, egia asko daude munduan[1].
Kritikak
Erlatibismoaren aurkako argudio ohiko bat da kontraesankorra dela[6]: “Dena da erlatiboa” baieztapena erlatibo edo absolututzat har dezakegu, baina erlatiboa bada, orduan ez du baieztapen absolutuen existentzia ukatzen. Baina baieztapena absolutua bada, orduan baieztapen absolutuak badirela frogatzen du, erakutsiz egia guztiak ez direla erlatiboak. Hala ere, erlatibismoaren aurkako argudio honek erlatibismo epistemologikoarentzako soilik balio du, zeinek esaten duten egia erlatiboa dela. Zehatzago estaeko, elatibismo epistemologikoaren muturreko formentzako bakarrik balio du kritika honek, erlatibista epistemologiko askok onartzen baitituzte egia unibertsal batzuk (adibidez, gasaren legeak edo arau moralak), egiatzat ematen diren beste hainbat gauzen unibertsaltasuna kolokan jartzen dutelarik.
Erlatibismoaren aurkako beste argudio bat Naturaren Legeen kontua da. Era simple batean esanda, unibertso fisikoak lege jakin batzuei jarraiki funtzionatzen du: “Naturaren Legeak”. Batzuk esaten dute "Lege Moral" naturala ere existitu daitekeela, hala esaten dute, adibidez, Richard Dawkins-ek The God Delusion (2006) lanean eta C.S. Lewis-ek “Mere Christianity” (1952) lanean . Dawkins-ek esan zuen “Uste dut maila bereko baino askoz makurragoa den ezkerretik datorren erronka bati aurre egiten diogula, erlatibismo kulturalaren forman-egia zientifikoa egia mota bat besterik ez dela eta ez lukela aparteko pribilegiorik izan behar” [7]. Hilary Putnam[8] filosofoak seinalatu zuen erlatibismo mota batzuk ezinezkoa egiten dutela norbera okertua dagoela sinestea. Ez baldin badago egiarik norberaren sinesmen indibidualetatik at, orduan norbanakoaren egiek ezin dute faltsuak edo okerrak izan. Honi lotua dagoen kritika bat da egia norbanakoen mailara erlatibizatzeak egia eta sinesmenen edo usteen arteko bereizketa suntsitzen duela.
Ikuspegiak
Sofistak
Sofistak daude Mendebaldeko erlatibismoaren hastapenetan. Elementu erlatibistak k.a. V. mendean agertu ziren sofisten artean. Haien pentsamendua haien aurka zeuden Platon eta Sokratesen bidez iritsi zaigu. Ezaguna den dialogo parafraseatu batean, Protagoras sofistak zera esan zion Sokratesi: “Egia dena zuretzat egia da zuretzako, eta egia dena niretzako egia da niretzako”[9] [10][11].
Postmodernismoa
"Erlatibismo" terminoa sarritan aterazten da postmodernismoari, postestrukturalismoari eta fenomenologiari buruzko eztabaidetan. Korronte hauen kritikoak “erlatibista”-ren etiketa egotzi ohi diete beraien jarraitzaileei. Adibidez, Sapir-Whorf hipotesia askotan erlatibistatzat hartua da, esaten duelako egitura eta kategoria linguistikoek gizakiak mundua ikusteko era moldatzen dutela[12].
Ikuspegi hauek ez dira erlatibistak hitzaren zentzu hertsi filosofikoan, agnostizismoa espresatzen dutelako errealitatearen izaerarekiko eta baieztapen epistemologiko, eta ez ontologikoak, egiten dituztelako. Hala ere, termino hau baliogarria da errealistengandik bereizteko, zeinek sinesten duten filosofiaren, zientziaren, edo kritika literarioaren helburua kanpora begira egiak diren baieztapenak aurkitzea dela. Michel Foucault eta Max Stirner bezalako filosofo eta teoriko garrantzitsuak, baita post-anarkismo eta post-marxismo bezalako mugimendu politikoak ere erlatibista gisa har daitezke zentzu honetan, nahiz konstruktibismo soziala agian termino egokiagoa izan.
Erlatibismo mota “ahul” honen hedadura eta estimazioa aldatu egiten da disziplina akademiko batetik bestera. Onarpen zabala dauka antropologian eta gehiengoak jarraitzen du ikerketa kulturaletan. Baditu haren aldekoak teoria eta zientzia politikoan, soziologian, eta baita filosofia kontinentalean (Filosofia analitiko Anglo-Amerikarragandik bereizita) ere. Esanahiaren eraikuntaz sozialari buruzko ikerketa empirikoak inspiratu ditu, adibidez, Labeling teoriarekin lotutakoak. Erlatibismo mota honen aldekoak sarritan esan ohi dute zientzia naturalen garapenak (adibidez, Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioa, mekanika kuantikoa, kaosaren teoria eta komplexutasunaren teoria) erakusten duela zientzia erlatibista bilakatzen ari dela. Hala ere, metodo hauek erabiltzen dituzten zientzialari askok errealista edo post-positibista gisa identifikatzen jarraitzen dute, eta batzuk zorrozki kritikatzen dute asoziazioa[13].
1990. hamarkadan eztabaida gogorrak egon ziren errealista eta posmodernoen artean. Bitxikeria bezala, Alan Sokalek sortutako polemika interesgarria suerta liteke. 1996an Social Test aldizkari postmodernora, "Transgressing the boundaries: Toward a transformative hermeneutics of quantum gravity" ("Mugak transgredituz: Grabitate kuantikoaren hermeneutika transformatibo baterantz") izeneko artikulu bat bidali zuen, eta argitaratua izan zen, nahiz eduki guztia erabat asmatua izan. Aldi berean Lingua Franca izeneko beste publikazio batean bere engainua azaldu zuen. Bere txantxaren atzean erlatibismo epistemikoaren eta postmodernismoaren nahasmen kontzeptualaren kritika bat dago[14][15].
Paul Feyerabend
Zientziaren filosofo Paul Feyerabend erlatibistatza hartzen da askotan, nahiz berak ukatu.[16]
Feyerabendek argudiatzen zuen zientzia modernoak metodologikoki monista (sinestea metodologia bakar batek ekar dezakela garapen zientifikoa)[17] izatearen gabezia zeukala. Feyerabendek bere Against Method laneko argudioak “denak balio du” esaldiarekin laburbiltzen du[18].
Askotan errepikatu ohi zuen aforismo bat “potentzialki edozein kultura da kultura guztiak”. Honek zera helarazteko asmoa du, mundu ikuskerak ez daudela hermetikoki itxiak, haien kontzeptu gidatzaileak “ambiguetate”, irekitasun, bat daukatelako, beste kulturetako jendeak haiekin harremantzea ahalbidetzen baitu. Feyerabendentzako, bai erlatisbimoa hermetikoak bai haren aurkari absolutu den errealismoak era ezberdinetan giza existentzia debaluatzeko balio dute. Lehenak “beste kulturak” inola ere ez kritikatzeko postura politikoki zuzena muturreraino eramaten du, praktika barbarikoak eta diktadura odoltsuak barkatuz. Bigarrenak, batez ere gaur egun indarrean dagoen “errealismo zientifikoak”, “zientziaren mounstruen” abstrakzioei ematen dien gehiegizko prestigioarekin, aniztasuna, aberastasuna eta eguneroko indibidualtasuna gutxiesten dituzten korronte politikoekin lotzen du Feyerabendek, seinalatuz esandako korronteek haien arauak ustezko datu neutralekin justifikatzen dituztela[16].
Thomas Khun
Thomas Kuhnen zientziaren filosofia, The Structure of Scientific Revolutions aurki dezakeguna, erlatibista gisa interpretatu ohi da, nahiz berak erlatibista izatea ukatu. Bere ustez, progresiboki eta gutxinaka aurrera egiteaz gain, tarteka zientziak iraultza edo paradigma aldaketak izaten ditu, hainbeste, non paradigma ezberdinekin lan egiten duten zientzialariak elkarrekin komunikatzeko zailtasunak dituzten. Horrenbestez, baieztapen baten egiazkortasuna erabiltzen den paradigmaren araberakoa litzake. Hala ere, paradigma orok aurretiazko beste paradigma baten beharra du, historian zehar eraikiz joaten direlako, eta horrenbestez garapen egitura fundamental, gutxinakako eta erreferentziala dago, ez dena erlatibista, baizik eta, esan bezala, fundamentala.
Khunek ez zuen esaten teoria "inkonmensurableak" ezin daitezkeenik konparatu, esaten du ezin direla neurtzeko sistema amankomun batekin konparatu. Oso argi esaten du badagoela konparaketak egitea, bai “mainstreameko” filosofoen eta bai erlatibista postmodernoan (mis)interpretazio gordin eta batzutan katastrofikoak saihesteko saiakerak eginez[19].
Khun berak erlatibista izatea ukatu zuen, esanez horren froga zela berak zientziaren garapenean sinisten zuela. Batzuk argudiatu dute Khunen lana esentzialki positibista dela bere ontologian: Berak postulatzen dituen iraultzak epistemologikoak dira, arrastaka dihoazenak errealitate objektiboaren ulerkera ustez “hobe” batera, paradigma berriak eskaintzen duen lentetik begiratuta. Hala ere, The Structure of Scientific Revolutions eko zenbait pasartek bai diruditela erlatibistak, eta errealitate objektiboaren ideia zalantzan jartzen dutela, baita zientziaren gaitasuna hura geroz eta hobeto ulertzeko, batez ere paradigma aldaketen prozesuari bidez. “Zientzietan ez du zertan beste erako aurrerapen bat egon. Zehatzagoa izateko, agian, beharrezkoa da abandonatzea, explizitu edo implizituki, paradigma aldaketak zientzialariak eta haiengandik ikasten dutenak egiarengandik gertuago egotearen ideia”[20].
Erreferentziak
- Baghramian, Maria; Carter, J. Adam. (2015-09-11). Relativism. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Baghramian, Maria; Carter, J. Adam. (2019). Zalta, Edward N. ed. «Relativism» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Collins, Harry. (1998-04). «What's wrong with relativism?» Physics World 11 (4): 19–20. doi: . ISSN 0953-8585. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Carey, Daniel, Dr.. (2006). Locke, Shaftesbury, and Hutcheson : contesting diversity in the Enlightenment and beyond. Cambridge University Press ISBN 9786610422159. PMC 300401399. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Brown, Donald E. (Donald Edward), 1934-. (1991). Human universals. Temple University Press ISBN 0-87722-841-8. PMC 22860694. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Dixon, Keith. (1977-03). «Is Cultural Relativism Self-Refuting?» The British Journal of Sociology 28 (1): 75. doi: . ISSN 0007-1315. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Dawkins, Richard. (2007). Das egoistische Gen. doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Baghramian, Maria. (2004-08-05). Relativism. doi: . (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Gudmundsen, Richard Austin.. (2000). Scientific inquiry applied to the gospel of Jesus Christ : a discussion and treatise concerning the nature of our current "second estate" imbedded in the totality of God's eternity, plus discussions of other gospel concepts and ideas generated by writers influenced by both the Holy Ghost and Satan. Bonneville Books ISBN 1-55517-497-3. PMC 47632490. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Sahakian, William S.. ([1966]). Ideas of the great philosophers. Barnes & Noble ISBN 0-389-00256-9. PMC 709958. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Klubertanz, George P.. (1971). «"Outline-History of Philosophy," by William S. Sahakian; and "Philosophy—Simplified," by William S. Sahakian» The Modern Schoolman 48 (3): 318–318. doi: . ISSN 0026-8402. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Stanley, Fish. (2003). Don’t Blame Relativism. The Responsive Community.
- (Ingelesez) «January 2005» Scientific American (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Jurdant, Baudouin. (2003). Imposturas científicas: Los malentendidos del caso Sokal. Universitat de València.
- D.Sokal, Alan. (1994). Transgressing the Boundaries: Towards a Transformative Hermeneutics of Quantum Gravity. Social Test.
- Mpumlwana, Nolwazi. (2000-10). «The Monster of Professional Power» Teaching in Higher Education 5 (4): 535–540. doi: . ISSN 1356-2517. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Lloyd, Elisabeth A.. (1997-12). «Feyerabend, Mill, and Pluralism» Philosophy of Science 64: S396–S407. doi: . ISSN 0031-8248. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Lakatos, Imre; Motterlini, Matteo; Feyerabend, Paul. (1999). For and Against Method. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-46775-7. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- «Thomas Kuhn and the Psychology of Scientific Revolutions» Kuhn's 'Structure of Scientific Revolutions' at Fifty (University of Chicago Press): 71–95. ISBN 978-0-226-31720-5. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- Kuhn, Thomas S.. (1996). The Structure of Scientific Revolutions. University of Chicago Press ISBN 978-0-226-45808-3. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).