Ospitale

Ospitalea edo erietxea gaixoak artatzeko eraikina da. Kudeaketari dagokionez, publikoak edo pribatuak izan daitezke, edo bitarikoak.

Basurtuko Ospitalea, Bilboko ospitale publiko nagusia.

Tamainaren eta zerbitzatutako eremu geografikoaren arabera, aldiz, ospitale nagusiak eta eskualde-ospitaleak bereizten dira.

Azkenik, eskainitako zerbitzuen arabera, ospitale orokorrak (era guztietako gaixoentzakoak) edo espezializatuak (mota jakin bateko gaixoentzakoak) ditugu. Azken mota horretakoak dira erietxe psikiatrikoak, errehabilitaziokoak, zaintza aringarrikoak, adineko gaixoentzakoak eta abar.

Izena

Ospitale edo erietxeei ere eritegi[1], sendategi[2], gaixotegi[3], gaixoetxe[4] eta osategi[5] izena ematen zaie.

Ospitaleen sorrera eta hitzaren jatorria

Mediku bat, ospitale batean gaixoak bisitatzen. Alemaniako grabatua, 1682koa.

Ospitaleak Erdi Aroan sortu ziren, eta orain ez bezalako zereginak zituzten: pobreentzako ongintzako etxeak ziren, erromesentzako ostatuak, edo ospitale eskolak. Izan ere, ospitale izena latinezko hospes hitzetik dator. Latinezko hitz horrek «atzerritarra» edo «arrotza» esan nahi du, hau da, ostatu hartu duen norbait. Latinezko hitz horretatik eratorritako hospitium izenak «abegia» esanahia hartu zuen, hau da, ostatu hartzen duenaren eta osatu ematen duenaren arteko harremana, adiskidantza, harrera ona. Metonimiaz, latinezko hitz horrek «ostatatzeko gela», «ostatua» esanahia hartu zuen.[6]

Halaxe, hospes da euskarazko ostatu hitzaren eta haren eratorrien erroa (p erori zen, ingelesez bezalaxe, fonetika arrazoiak direla kausa). Hortik datoz ostatu, ostalari, ostalaritza, ostaleria, ostatatu, bai eta euskarara frantsesaren bidez heldutako hotel hitza ere.

Langileak

Medikuntzaren praktikan sendagileak eta erizainak egile garrantzitsuak badira ere, ospitaleetan hainbat motatako langilek jarduten dute, asko osasungitzatik kanpokoak: administrariak, informatikariak edo sukaldariak, besteak beste.

Atalak

Oinarrizkoak

Eritegiak hainbat ataletan banatuta daude, batzuetan eraikin berean sartuta eta beste batzuetan banadutako pabiloietan.

Orokorrean, atal nagusiak hauexek dira:

Bereziak

Ospitale nagusietan, unitate bereziak ere badaude, hala nola:

  • ZIUak edo Zainketa Intentsiboetako Unitateak.
  • ABUak edo Anestesiaondoko Bizkorketako Unitateak.
  • Hemodialisiaren unitateak.
  • Etxeko ospitalizazioa.

Euskal Herrian

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko ospitaleak»

Erietxe publikoak Hego Euskal Herrian Osasunbideak kudeatzen ditu Nafarroan eta Osakidetzak EAEn.

Lurralde osoan erreferentziazko ospitale publikoa hainbat arlotan Gurutzetakoa da, Barakaldon. Arlo pribatuan, aldiz, Klinika Unibertsitarioa da garrantzitsuena, Iruñean dagoena.

Erreferentziak

  1. «eritegi» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindiaren Hiztegia) (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  2. «sendategi» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindiaren Hiztegia) (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  3. «gaixotegi» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindiaren Hiztegia) (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  4. «gaixoetxe» www.euskaltzaindia.eus (Euskaltzaindiaren Hiztegia) (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  5. «osategi - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).
  6. Cassell's Latin Dictionary, 260th. Thousand.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.