Erdibitze


Erdibitzea, mikrobiologian, prokariotoen (bakterio eta arkeoen) eta hainbat eukarioto zelulabakarren (protozoo eta legamien) zatiketa zelularra da, zelula batetik abiatuta bi zelula isomorfoak (itxura eta neurri berekoak) sortzen dituena. Sexugabeko ugalketa mota bat da.

Prokarioto baten erdibitze prozesua

Erdibitzea zelularen luzapenarekin hasten da. Gero, zatiketagune bat agertzen da, eta hortik bi zelula alaba sortzen dira. Hori gertatu aurretik DNAren erreplikazioa gertatzen da, eta erdibituko den bakterioak bi kromosoma biribil sortzen ditu, zelula alaben artean banatuko direnak. Zatiketa gertatzen den bitartean, DNA molekula biribil bakoitza zelula mintzari atxikitzen da. Mintz zitoplasmatikoa eta zelula horma barrurantz hazten dira, harik eta bi zelula alabak eratzen diren arte.

Bakterio batzuk, egoera optimoan eta elikagai eskura, oso azkar ugaltzen dira. Esaterako, Escherichia coli 20 minutuero erdibitzen da (hori izanik bere sortze-denbora; hots, zelula batetik bi zelula sortzeko behar den denbora). Hainbat bakteriok sortze-denbora txikiagoa badute ere, bakterio gehienak E. coli baino geldoago ugaltzen dira. Mycobacterium tuberculosis, esaterako, 20 ordu behar ditu erdibitzeko, eta Treponema pallidum 24 ordu. Paramecium caudatum protozooak, aldiz, 10 orduero zatitzen da.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.