Erakundeen historia Antzinako Erroman
Erakundeen historia Antzinako Erroman erakundeen historiaz arduratzen den azterketa-eremua da, Antzinako Erromara mugatuta.
Ez da Antzinako Erromako gobernuaren erakunde politikoetara mugatzen, edozein motatako erakundeetara zabaltzen da.
Gizarte erakundeek funtsa zuten hiritartasun erromatarrean eta familia erromatarrean oinarritutako gizarte erromatarraren antolaketan eta, hedapenez, patroi-kliente harremanetan; baita ere ekonomikoki zehaztutako klaseetan oinarritutako gizarte-banaketetan ere (horrek zehazten baitzuen maila erromatar armadan —equites, assidui— edo zerbitzu militarretik salbuetsia izatea—proletarii—) eta balizko jatorrian (gens, tribu eta talde bereiziak, batez ere patrizioak eta plebeioak).
Erakunde ekonomikoek Antzinako Erromako ekonomia osatzen zuten, batez ere lanbide bakoitzaren collegia eta nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretatik eratorriak. Ekonomia, Erromako historia luzearen aldi bakoitzean, ekoizpen-modu desberdinekin antolatu zen, eta Errepublikaren azken mendeetatik ekoizpen modu esklabista nagusi izan zen, pixkanaka, kolonatoak bere lekua hartu zuen arte esklabismotik feudalismorako trantsizioan, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren garaitik haratago luzatu zena.
Erakunde erlijiosoen artean erromatar erlijio tradizionalari (hala nola, Vestaren birjinak) eta erlijio zibikoaren funtzioei lotutakoak zeuden —flamenak, aruspizeak, erromatar egutegia, erromatar jaiak, pontifikatua, gurtza inperiala, etab.—, erlijio grekoaren funtzioekin (Interpretatio Romana) eta ekialdeko beste erlijio eta kultu misteriko batzuekin sinkretismoan; azken mendeetan, hasierako kristautasunetik sortutakoengatik ordezkatuak edo asimilatuak izan ziren (Interpretatio Christiana).[1]
Kultura-, hezkuntza- eta kirol-jardueretako erakundeak (hala nola Antzinako Erromako hezkuntzari, antzerki erromatarrari eta beste ikuskizun publiko batzuei lotutakoak —anfiteatroko gladiatore-borrokak edo zirku erromatarreko zaldi-lehiaketak, desakordio sutsuak eragiten zituztenak—) Antzinako Erromako kulturaren eta eguneroko bizitzaren funtsezko alderdiak ziren. Jatorri grekoko erakundeak, Ekialdean mantendu zirenak, hala nola Joko Olinpikoak, Atenasko Akademia, Museoa eta Alexandriako Liburutegia, kultura klasiko grekoerromatarraren biziraupenaren sinbolo izan ziren, Antzinaroaren amaierara arte eta Erdi Aroaren hasierara arte iraun zutenak, zeinak kultura-irizpide erabat desberdinak ezarri baitzituen, teozentrismo kristau edo musulmana buru zutela.
Erromatarren garaiko lehen erakundeak, greziarrengandik beranduago hartuko zituztenekin batera, Mediterraneoan sortzen ari zen potentzia berriaren erakundeen hazia izango ziren, nahiz eta oso gutxi jakin lehen erakunde horietaz.
Erromako lehen erakundeak Monarkia garaian. Erromaren jatorria.
Gizarte-egitura
Hasieratik, Erroma hiru tribu, hogeita hamar kuria eta familien elkartzeak ziren hainbat gentesetan (sing. gens) banatuta zegoen.
Tribuak
Servio Tulioren erreformaren aurretik, Erroma hiru tributan banatuta zegoen: Ramnes, Tities eta Luceres[2][3][4]. Tribu hauen barnean, gentesak zeuden.
Tribu hauen funtzioak oso ezezagunak ziren; etnikoki edo lurraldeka eratuta egon zitezkeen baina, segurua da, horiek izan zirela garai hartako errekrutatze oinarria.
Servio Tulioren erreformen ondoren, hiru tribu arkaikoen ordez, hiri-eskualde berriei zegozkien lau tribuak jarri zituen: Suburana, Eskilina, Kolina eta Palatina. Baliteke Serviok ere landalurreko tribu batzuk sortzea; izan ere, 35 tributatik 21en jatorria monarkia garaian edo Errepublikaren hasieran egon liteke. Hala diote antzinako iturriek, batez ere Fabio Piktorrek, nahiz eta uste den erreforma horretan lau hiri-tribuak baino ez zirela sortuko, eta inguruko lurraldea zatituta egongo litzatekeela pagi edo barrunbeetan[5].
Erreformak antzinako tribu erromatarren eta kurien sistema, familia aristokratikoen nagusitasunari eta jatorri etnikoari edo sorlekuari lotua, ordezkatu zuen eta bakoitzaren bizilekuaren arabera leinu jakin baten kide ziren.
Curia
Tribu bakoitzak hamar kuria (bere izena co-viriatik dator, hau da, gizonen bileratik) zituen (kuria bakoitza 100 gizon ziren), hirurek 30 kuria ematen zituzten, hau da, 3.000 oinezko soldadu eta hiru tribuek bereizten zituzten 100 zaldun. Hiru Tribuni militum zeuden oinezko soldaduen buru, eta hiru Tribuni Celerum zalditeriaren buru. Kuria erakunde militar, politiko eta erlijiosoa zen. Kuria, aldi berean, pertsona talde bat zen eta talde hori biltzeko eraikina. Erromatar kuria bakoitzak bere eraikin propioa zuen hasieran, baina errepublikar garaiaren amaieran bi besterik ez ziren geratu[6].
Gens (pl. gentes)
Kuria bakoitzak gentes kopuru bat zuen. Gentes-ak familien elkartzeak ziren. Tradizioaren arabera, gens edo gentes gisa transmititu zaizkigunak familia-klanak edo odol-ahaidetasunezko taldeak ziren; horien ezaugarri nagusia arbaso komun bat izatea zen, gehienetan mitikoa, lerro maskulino zuzenekoa eta taldeari izena (nomen gentile) ematen ziona Pater gentis izango zen familia-talde zabal horren oinordeko eta zuzendari biziduna. Gens bateko kide izatea esklusiboa zen, jaiotzagatik edo taldearen adopzioagatik, edo, emakumeen kasuan, ezkontzagatik lortzen zena.
Gentesak, hasieran, familia patriarkal batzuek osatzen zituzten, non pater familiasak ziren figura nagusiak, sozial eta erlijiosoak. Patres eta haien semeek, patrizioen taldea osatzen zuten, patrizioak patresen semeak ziren. Plebeioen gentesak beranduago sortu ziren, indar-ekonomikoa eta euren kopurua handitu zenean[7].
Familia
Erromatar familia famili-burua zenaren (pater familias) agintepean (patria potestas) zeuden pertsonek osatzen zuten. Pater familiasa hil ondoren, bere potestasen menpe egon ziren gizon adina familia berri sortzen ziren. Antzinako familia ikusmoldea agnatizioa zen[7], hau da, pater familiasen aginte edo potestasean oinarritutako eta odol-harremanik ez zekarren ahaidetasun juridikoa. Hala, agnatuak paterraren agintearen mende dauden pertsonak dira, edo hala egongo liratekeenak oraindik ere pater familias biziko balitz. Emakumea ez da seme-alaben agnatua, ez bada paterrarekin cum manu ezkonduta dagoela; kasu horretan, seme-alaben ahizpa/arreba agnatizia da.
Gizartearen banaketa
Gizarte erromatarra bi pertsona klasek osatzen zuten: hiritarrek (patrizioak) eta ez hiritarrek (klienteak eta plebeioak). Hauetaz gain esklaboak zeuden, gizarte erromatarra funtsean esklabista izan zen, eta haren ekonomia eta gizarte-egitura klase-sistema batean oinarritzen ziren, non esklaboa gizarteko mailarik baxuena baitzen, gizartekotzat hartzen bazen[8].
Patrizioak (patricii)
Patrizioek, tribu, kuria eta gentesetan antolatuta, pribilegiatuen maila osatzen zuten, patres bezala izendatzen zuten beraien burua (patrizio hitzaren jatorrian pater izena dago), eta bazekiten gentes pribilegiatu batzuetan zegoela euren jatorria[9]. Tradizioak dio 300 gentes patrizio zirela. Hasieran hiritarrak ziren bakarrak ziren.
Klienteak
Klienteak (latinez: sing. cliens, pl. clientes) legez askeak ziren, baina bere patronusaren familiakoak ziren eta pater familiasen agintepean zeuden[10]. Mendekotasun hau obsequium (begirunea, adeitasuna, leialtasuna, segizio militarrean parte hartzea eta zerbitu zehatz batzuk doan egitea) izeneko instituzioaren bidez adierazten zen; horren truke patronoaren babesa zuten[7].
Plebeioak (plebes)
Plebe (latinez: sing. plebs, pl. plebes) Antzinako Erroman, herritar xehea izan zen. Hasieran egitura gentiliziorik gabeko jabe txiro apalen eta eskulangile taldea zen.
Esklaboak
Esklaboak (pl. servi, sing. servus) ez-askeak dira, juridikoki higigarritzat (objektuak) hartzen dira. Horrela, esklaboak zuzenbide erromatarreko ondasuntzat hartzen dira eta ez dute nortasun juridikorik.
Comitia Curiata
Kuriek Comitia Curiata batzarra osatzen zuten, hau da, bildutako hogeita hamar kuriek osatutako batzarra, eta Senatuaren eraikinean biltzen ziren, Forotik hurbil, tradizioaren arabera Tulio Hostiliok eraikitakoa[11]. Bere eginkizun militarretik, errekrutatzetik, kuriari eginkizun politikoa iristen zaio, bere ekintzek izaera politikoa hartzen dute, eta Senaturako ere errekrutatzen zuten. Denborarekin, herri-batzar bat izango da, eta gizabanakoek kuriaren barruan bozkatuko dute. Teorian, comitia zuzeneko demokraziaren oinarriekin jarduten zuten batzarrak ziren, non botoa emateko eskubidea zuzenean erabiltzen zutenak guztiak hiritar erromatarrak ziren, eta ez haien ordezkari hautatuak, nahiz eta ez banaka, baizik eta kategoria sozial desberdinetan banatuta. Kurien funtziorik garrantzitsuena erregearen (eta ondoren magistratu errepublikarren) aukeraketari oniritzia ematea zen, Lex curiata de Imperio legearen bidez, edo tarteko interrexaren izendapenari (errege berria hautatu arteko funtzioak egiten zituen senataria).
Tradizioak Comitia Calata ere aipatzen ditu, Pontifex Maximus zuten buru eta Kapitolioko muinoan biltzen ziren hilabete bakoitzeko kalendetan eta nonetan (hilaren hasieran eta 7-9 egunetan). Bertan, erregeak egutegia jakinarazten zien herritarrei[12]. Comitia Calata hauek ez ziren desagertu Servio Tuliok Comitia Centuriata sortu arte, beren funtzioak galduko zituzten eta azkenean kontsulen kargu hartzetarako bakarrik geratuko ziren.
Comitia Centuriata
Comitia Centuriata Servioren erreformaren ondoren sortutako batzarrak ziren, Servioren sistemaren zentso-koadroen (classis edo zalditeria eta infanteriari zerbitzua emateko moduan zegoen pertsonen taldea) gainean oinarritutako batzarrak. K.a. V. mendean, gizartea osatzen zuten bost klaseak 193 zenturiatan banatuta zeuden. Goi magistraturak aukeratzen zituzten, hainbat lege eta gerra-deklarazio bozkatzen zituen...
Senatus
Senatua edo Nagusien Kontseilua erregearen organo aholku-emailea zen, eta patres edo gentes-etako buruek osatzen zuten, eta haien ondorengoek patrizio izena hartu zuten. Haiek ziren ohiturazko bizi-arauen, prozesuen formen eta gurtza-erritoen gordetzaileak. Senatuaren boterea, funtsean, bere kideek pertsona boteretsuen buru gisa zuten garrantzian oinarritzen zen. Haien artean, interrex-a aukeratzen zen, baita apaiz garrantzitsuena ere, flamenena, patresen monopolioa baitzen. Litekeena da hasieran ehun senatari izatea. Monarkiaren amaieran, tradizioaren arabera, hirurehun senatari ziren.
Erregeak Senatuaren iritzia eskatzen zuen gerra-deklarazioei buruz, bake-itunei buruz, etab. Erregea hiltzean, errege-boterea Senatuak zuen, eta errege berriaren hautagaitza proposatzen zion Comitia Curiatari oneritzia eman ziezaion.
Rex
Erroma erregeek gobernatu zuten (tradizioaren arabera, zazpik) K. a. VI. mendearen amaiera arte. Apaiz Goren, Epaile Goren eta Armadako Komandante Buru ziren, hau da, senatu, erlijio, justizia eta armadako biziarteko buruzagiak. Erregetza ez zen herentziazkoa. Erregeak Senatuak proposatzen zituen eta, jainkoei kontsulta egin ondoren, Comitia Curiatak onartu. Lex curiata de imperioren bitartez imperiuma hartzen zuen. VI. mendean, errege-intsigniak jainkoenak dira: toga purpura, urrezko koroa, zetroa, aulki kurula eta hamabi liktorek eramandako fasceak (imperiumaren kanpoko zeinuak).
Errepublika garaiko erakunde erromatarrak
Magistraturak
Erromatar Errepublikaldian aginte politikoan magistratuek (magistratus) ziharduten. Magistratua herri-agintearekin (imperium) hornituta zegoen. Hasieran imperium hori erregeengandik errepublikar magistratu gorengoengana igarotako konstituzio mugarik gabeko aginte orokorra izan zen. Denborarekin magistratura berriak sortzerakoan, ezberdindu ziren imperium, magistratu nagusiei (konsulak, pretorak, etab.) zegokiena, eta potestas, edozein magistraturi zegokion agintea, bigarren mailakoei barne[7].
Kontsulak
Tradiziorik zabalduenaren arabera, Errepublika garaian errege-boterearen ordez Comitia Centuriatak bi magistratu hautatzen zituen urtero eta Senatuak onartu. Magistratura kontsularra ez zen monarkia erori eta berehala sortu. Pretoreek hutsune politiko hori bete zuten eta K.a. 449an horiekkontsul izendatu zituzten[13][14].
Erregimen kontsularra kolegiatua zen (elkarketa) eta urtebetekoa. Kontsulek erabateko berdintasunez zuten boterea, eta bietariko edozein, intercessio-aren bidez, beste kontsularen ekintzaren edo proposamenen aurka jar zitekeen.
Kontsulen elkarketak, batzuetan, eragozpena izaten zuen, jendaila matxinatuz gero, aginte-batasun sendorik ez zuelako ematen. Hori gertatzen zenean diktadorea (lat. dictator) izendatzen zen. Magistratura hau, diktadura, ohiz kanpokoa zen eta sei hilabeteko muga zuen.
Pretoreak
Kontsulen ondoren pretorea (lat. praetor) zetorren, imperiumdun magistratua, baina kontsularen azpikoa, hura baitzen jurisdikzioaren titularra. Kontsulek funtzio administratibo eta juridikoak zituzten laguntzaileak zituzten, kargu horiei kuestore (lat. quaestor) esaten zitzaien, K.a. 409 urteko kargua.
Tribuno militarrak
K. a. 444an hasi zen magistratura berri bat, botere kontsularra zuten tribuno militarrena edo tribuno kontsularrena (tribuni militum consulari potestate). Iturriek diotenez, magistratura hau sortzea interesatua zen eta patrizioen asmakizuna izan zen, kontsulatuaren monopolioa galdu gabe plebeioak asetzeko. Hala ere, badirudi arrazoi sinpleago batengatik izan zela. Kontsulak, beti patrizioak K.a. 444 eta 367 artean, zeregin militar, administratibo eta juridikoen konplexutasunagatik, beren eskumenak tribuno militarren artean aukeratu zituzten laguntzaile batzuen esku utzi behar izan zituzten. K.a. V. mendeko armada bi legioz osatuta zegoenez eta legio bakoitzeko tribunoak sei zirenez, tribuno militarrak guztira hamabi ziren. Horietatik, seguruenik kontsulak berak (edo agian Senatuak) hiru aukeratzen zituen, eta horiei ahalmen kontsularra eman zieten, kontsulei esleitutako lanak egin ahal izateko. Tribuno kontsularrak sortuta, plebeioek magistratura berria erantsi zieten beren helburuei, eta, egia esan, hau kontsulatua baino irekiagoa izan zen, K.a. 400 urtetik aurrera jasoa baitago plebeioak daudela tribuno kontsularren artean.
Zentsoreak
K.a. V. mendeko beste magistratura bat zentsorea (lat. censor) izan zen. Zentsorearen jatorri tradizionala K.a. 443. urtean dago. Zentsoreak bi izan ziren eta bost urtean behin berritzen zen zentsua egitea zegokien. Gainera, ohiturak zaintzen zituzten (cura morum) eta honek herritarren jarduera publikoak kontrolatzen laguntzen zien, eta, sarritan, baita pribatuak ere. Karguan zortzi hilabetez egon ziren, eta ez zuten imperiumik edo aginte-botererik.
Senatua
Errepublika garaiko Erroman Senatua aginte gorena eta iraunkorra zen. Errepublikaren amaieran, erregimena defendatuko du. IV. mendearen hasieran, lehen plebeioak sartu ziren Senatuan. Lex Oviniak, 318koak, senatoreen izen-ematea zentsoreei ematen die; haiek, aurreko zerrenda kontuan hartuta, antzinako magistratu kurulak, patrizio eta, ondoren, plebeio guztiak inskribatzen dituzte. 300 senatari izan zirenSila aurretik, Silarekin 600, Zesarrekin 900 eta triunbiroekin 1000.
Comitia Curiata eta Comitia Centuriata
Comitia Curiata monarkia garaiko oroipena besterik ez dira; Comitia Centuriatak aukeratutako magistratuei (cum imperio direnei) imperiuma ematen zien eta beste komizioek bozkatutako legeak balioesten zituzten, baina bakarrik K.a. 339 arte.
Decemviri
Azkenik, Senatuaz eta Comitia Centuriataz gain, K.a. V. mendean Decemviriak aukeratu ziren Lex duodecim tabularum edo XII Taulen legea bildu eta idazteko. Bere garaian, imperiuma zuen magistratura izan zen, botere kontsularra bezala. Batzorde hori, Decemviriak, K.a. 451. urtean aukeratu zen, eta magistratura arruntak bertan behera utzi ziren, haien ordez patrizioek osatu zuten batzorde hori jartzeko. Batzorde horrek, legeak idazteaz gain, hiriko gobernua bere gain hartu zuen. Batzorde honen historia nahiko iluna da. Hasieran, badirudi decemviri horiek herritar guztien babesa izan zutela. Zizeronek dio plebeko tribunek ere decemvirien alde abdikatu zutela urte hartan. Horrela, magistratura guztiak eta adostasun orokorra beren eskuetan kontzentratuz, hiria gobernatzeari ekin zioten eta lehen hamar lege taulak egin zituzten. Hurrengo urtean bigarren decemviri-batzordea aukeratu zen, lana ez baitzen amaitu. Bigarren batzorde horretan plebeio asko zeuden, baina bere gobernua tiranian endekatu zen eta K.a. 449. urtean boterea lortzen saiatu zen. Hamar Tarkiniarrak, esaten zitzaien bezala, herri-matxinada batek bota zituen eta kontsulatua berrezarri zen[15].
Erakunde inperialak
Lehen Triunbiratoak eraman zuen Erroma Julio Zesarren eskutik erregimen inperial batera, boterea eskuratu eta erregimen hori ezartzea lortu baitzuen. Haren hilketaren ondoren, Oktavio izendatu zuten haren ondorengo, Augusto enperadore izango zena. Hark erabaki zuen gobernatzeko moduan aldaketak egitea, aldaketa handiak Estatu erromatarrean, enperadorearen borondatez.
Enperadorea
Agintari erromatarrak jainkotasunaren mailara igotzea izan zen irudi inperiala sortzen lagundu zuen elementuetako bat, argi eta garbi mugatu gabeko prozesu luze batean.
Enperadorearen legezko autoritatea Errepublikan zeuden banakako botereen eta karguen ezohiko kontzentraziotik zetorren, kargu politiko berri batetik baino gehiago. Enperadoreek kontsul eta zentsore gisa aukeratzen jarraitzen zuten, tradizio errepublikanoari eutsiz. Enperadoreak, berez, princeps senatus (senatuko buruzagi) eta pontifex maximus (inperioko autoritate erlijioso gorena) karguak zituen. Kargu hori izan zuen azken enperadorea Graziano izan zen, 382an Siriziori eman baitzion, eta ordutik Erromako gotzain karguaren ohore bihurtu zen titulua.
Hala ere, kargu horiek enperadorearen pertsonari bakarrik ematen zioten ospea (dignitas), eta haren botereak auctoritas-etik zetozen. Figura inperialean biltzen ziren imperium maiuseko autoritate-figurak (buru militarreko komandantea) eta tribunicia potestas (botere juridiko gorena). Ondorioz, enperadorea probintziako gobernadoreen eta magistratu arrunten gainetik zegoen. Heriotza-zigorrak ezartzeko eskubidea zuen, herritarrek obedientzia behar zioten, bortxaezintasun pertsonalaz gozatzen zuen (sacrosanctitas) eta edozein plebeio magistratuen eskuetatik erreskatatu zezakeen, plebeko tribunetatik ere (ius intercessio).
Armada inperiala
Bigarren Triunbiratoan, Estatuak 500.000 soldadu inguru izan zituen, eta horrek mantentze-gastu handiak eskatzen zituen. Kanpaina militar garrantzitsu orok aparteko kostuak ezartzen zizkien gerra-jardueratik gertuko herriei. Legio batek 5.000tik 8.000 soldadu zituen eta unitate militarrak ere era askotakoak ziren. Augustok erdira jaitsi zuen bere armada. Hala, Aktiumgo guduaren ondoren, 28 legio besterik ez zituen mantendu, eta K.o. 14. urtean kopurua 24ra jaitsi zen. Hasierako murrizketan zenbait irizpide politiko baliozkoak izan baziren ere, hala nola Antoniori leialenak ziren soldaduak lizentziatzen hastea, kideak murrizteko joera orokorra irizpide ekonomikoei eta eraginkortasunari buruzkoa zen. Murrizketa horrekin batera, profesionalizazioa bilatu zen. Armada berriak entrenamendu sistematikoa zuen, martxak, kanpalekuak eraikitzeko saiakuntzak, taktiken eta armamentuen erabilera..., eta soldaduaren bizitza zehatz-mehatz araututa zegoen: legionarioak jardunean zeuden 20 urtez, tropa osagarriak 25 urtez eta 16 pretorioak.
Zerbitzu-urteen alde horrek tropa-talde bakoitzaren maila islatzen du, errekrutatzearekin eta soldatekin bat datorrena. Bai pretorianoak bai legionarioak erromatar hiritarrak ziren, eta pretorianoak Italian errekrutatzen ziren, probintzietatik legionarioak dagoeneko bazetozen bitartean; herritar-eskubiderik gabeko probintziako libreak tropa osagarriak ziren. Armadaren osagaiak libertoak ziren eta, arraunlari gisa, esklaboak ere erabiltzen ziren. Printzipio beragatik, pretoriano baten kostua 500 denariokoa zen, legionario batena 150ekoa eta unitate laguntzaile bateko soldadu batena 75ekoa. Oinarri orientagarri horien gainean, donativa edo aparteko pagak esleitzen ziren, gehienetan soldata baino handiagoak, nahitaezkoak ez izan arren, ohikoak izaten hasi zirenak. Kanpainetako esku-hartze bikainengatik, diru eta kondekorazioekin konpentsatzen zitzaien partikularrei edo unitate osoei. Eta maila eta merituen printzipio horiek balio izan zuten aginte hierarkien soldatak eta sariak arautzeko: zenturioa, primipiloa, kohorte prefektua, etab.
Augustok, aginte militar guztiak izendatzeaz gain, gudarostearekiko atxikimendua errazten zuen, soldaduen babesa erreserbatu zen. Jardunean zeuden bitartean, ezin zuten ezkondu eta ez zuten elkarterik osatu. Lizentziatzen zirenean, enperadoreak moldatzen zuen haiek bizitza zibilera itzultzeko modurik onena. Estatuko lurrak urritzen hastean, beteranoen artean banatzeko, Augustok altxor militarra sortu zuen, ekarpen ekonomiko propioekin, eta zeharkako zerga batzuk horretara emanez. Soldadu lizentziadunak diru sari bat jasotzen zuen erario hartatik, eta horrek aukera ematen zion bizitza zibila hasteko. Legioak eta tropa osagarriak probintzia inperialetan finkatu ziren, eta gehienak mugetan. Pretorianoek Italian banatutako zenbait destakamendu osatzen zituzten, gehienak Erroman bildu arte, Tiberio enperadorearen azpian.
Indar militar gutxitu horiek bat zetozen Augustoren mugei buruzko politikarekin: lurralde inperialaren mugak hesi naturalen aurrean (ibaiak, basamortuak edo itsasoak) finkatzea zen helburua. Neurri estrategiko hori indartzeko, Estatu adiskideen laguntza baliatu zen, benetan bezero zirenak, beren bitartekoekin muga ezegonkorragoak babestuko zituztenak. Hala, Ekialdean, Marko Antoniok ongi ezarritako politikari jarraitu zion, partiarrekin harreman baketsuak izan zituen eta Armenia, Paflagonia, Kapadozia eta Galazian Asia Txikian, eta Judea Siria eta Palestinako kostan bizi ziren erreinuei lagundu zien. Egoera aldatu eta erreinu horiek integratzea seguruagoa zenean, lurralde horiek modu baketsuan inbaditu ziren. Hala, Kapadozia, Galazia eta Judea erromatarren mende geratu ziren Augustoren garaian.
Ekialdekoaren antzeko politika bat aplikatu zen Mauritanian. Boko II.a erregea Erromaren aliatua izan zen K.a. 33an hil zen arte, eta aliantza hori bere seme Juba II.aren azpian mantendu zen, Erroman hezia, nahiz eta Estatu erromatarrak bere erresuma berrantolatu eta ekialdeko zatia bereganatu[16].
Administrazioa
Augustok beste administrazio bat ezarri zuen Erromarako, Italiarako eta probintzia inperialetarako, eta Goi Inperio garaiko aldi osoan iraun zuen. Probintzia senatorialek errepublikaren forma administratiboak gorde zituzten hasieran, baina, denboraren poderioz, administrazio inperiala gero eta gehiago oztopatu zuten.
Augustok Erroma hiria eraldatu nahi izan zuen, Inperioko gainerako hirietarako eredu izan zedin. Foroaren hirigintza hobekuntzei, hala nola, tenpluak eta beste eraikin publiko batzuk eraiki eta konpontzea, akueduktu berriak sortzea... egitura administratibo berria erantsi zitzaien. Hiria auzotan (vici) banatu zen, eta horietako bakoitzean arduradun bat (magister) zegoen, urtebeterako aukeratua, hiriko administrazioarekin elkarlanean aritzen zena. Edilen (aediles) funtzioei laguntzeko, zaindarien eta zaindari eta jagoleen zazpi cohortes miliarias sortu zituen. Praefectus vigilum (vigiles-en edo gaueko zaintzaileen komandantea) izeneko praefectus equitum (zalditeriako komandantea) bat zuten buru. Beste prefektu bat, preaefectus annonae, plebe erromatarrari doako janariak banatzeaz arduratzen zen, eta hirugarren bat, praefectus fabrum, hiriaren hornidura orokorraz arduratzen zen. Era berean, senatari asko konprometitu zituen hiria edertzen eta Tiber ibaia zaintzen diruz lagun zezaten, uholdeak, uren kontrola eta abar galarazteko. Augustok Erromako gainbegirale orokor bat izendatu zuen, praefectus Caesaris, hura ordezkatuko zuena hura ez zegoenean, hiria arreta gabe gera ez zedin.
Erreferentziak
- Eberlein, Johann Konrad (Munich). Interpretatio Christiana, Brill’s New Pauly. Fuente citada en en:Interpretatio Christiana
- «Varro: Lingua Latina V, 9» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-24).
- «Dionysius of Halicarnassus, Antiquitates Romanae, Books I-XX, book 2, chapter 7, section 2» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-07-24).
- «Propertius Book IV, 1» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-24).
- Kovaliov, S.I. (1985), Historia de Roma (I), SARPE, Madril, 82. or.
- Ogilvie, R.M. (1981), Roma antigua y los etruscos, Taurus, 51. or.
- Txurruka, Juan eta Mentxaka, Rosa (1994), Zuzenbide erromatarraren sarrera historikoa, Deustuko unibertsitatea, Bilbo, 33. or.
- Ogilvie, R.M. (1981), Roma antigua y los etruscos, Taurus, 56. or.
- Txurruka, Juan eta Mentxaka, Rosa (1994), Zuzenbide erromatarraren sarrera historikoa, Deustuko unibertsitatea, Bilbo, 34. or.
- «La familia romana: pater familias, esposa, hijos, clientes y esclavos» web.archive.org 2012-05-21 (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
- Croon, Jean H. (1967), Enciclopedia de la Antigüedad clásica, Afrodisio Aguado Enciclopedias.
- «Aulus Gellius, Attic Nights, Liber Quintus Decimus, XXVII, section 27arg» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
- «Livy I, 60» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
- «Livy III, 55, 11-12» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
- «ARTEHISTORIA - Protagonistas de la Historia - Ficha Instituciones republicanas» web.archive.org 2008-02-02 (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).
- «El mundo romano bajo Augusto | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2023-07-21).