Eragiketa konkretuak

Eragiketa konkretuak Piagetek (Neuchatel, 1896ko abuztuaren 9a1980ko irailaren 16a) proposatu zuen beste hiru estadioen artean. Bertan haurrak eragiketa konkretuak aurrera eramateko gaitasuna eskuratzen da. Hirugarren estadio bezala ezagutzen da eta hau zazpi urteetatik hamaika urteetara bitartean garatzen da.

Haurren garapena lau estadiotan sailkatu zuen; atal sentso-motorea, operazio aurreko atala, ekintza zehatzen atala eta ekintza formalen atala.

Hirugarren estadioa

Hirugarren estadioa hobeto ulertzeko, lehenik aurretik datorrena azalduko dugu testuingurua ezagutzeko. Pentsamendu aurreoperatorioak 2-7 urte bitartean irauten du eta pentsamendu sinbolikoaz (2-4 urte) eta pentsamendu intuitiboaz (4-7 urte) dago osatuta. Pentsamendu intuitiboaren azpifasean, haurrak gertaerak beren buruan irudikatzeko gai dira sinboloen bidez; hala ere, gertaera horiek isolaturik egoten dira, integratu barik. Irudikapenak intuizioak dira, eta hauek antolatuz doaz, konbinatuz, ezabatuz, konpentsatuz eta elkarren artean alderatuz. Hala, operazioa sortzen da. Operazioa sistema batean integraturiko ekintza barneratua da. Beraz, haurra pentsamendu aurreoperazionaletik operazio zehatzetara pasatzen da (Martí, 1990). Pentsamendu intuitiboak egozentrismoa, zentratzea, itzulezintasuna, estatismoa eta pertzepziozko datuetan eta konfigurazio estatikoetan oinarritutako irudikapenak ditu ezaugarritzat. Piaget‐ek, Inhelder‐ek eta Genoako Eskolako psikologoek ezaugarri horiek aztertu zituzten haurrek nola arrazoitzen duten jakin nahian, eta frogatu zuten pentsamendu intuitiboan zehar haurrek frogatu edo arrazoitu gabe egiten dituztela errealitateari buruzko baieztapenak.

Operazio zehatzetara pasatzean, haurrek arrazoitu eta mundua ikusi beste modu batera egiten dute. Batetik, ikuspuntu desberdinak etengabe deszentratzen eta koordinatzen dituzte. Bestetik, egozentrismoa gainditzen dute. Eta, gainera, hautematen dituzte errealitatearen  ondorengo eraldakuntzak, ekintzen itzulgarritasuna, pertzepzioaren logikarekiko mendetasuna eta  kontserbazioak. Hori guztia lortzen da operazioak integratiboak eta sistemikoak direlako. Hortaz,  haurrak gai dira hainbat ekintza aldi berean konbinatzeko, konparatzeko eta sistema antolatuetan  elkartzeko. Piaget‐ek eta haren lankideek pentsamenduaren ezaugarri horiek aztertzeko erabili zituzten  atazei  proba  operatorioak esaten zaie. Proba  horiek  diseinatuta daude  pentsamendu  reoperatoriotik pentsamendu zehatzera pasatzean gertatzen den prozesua antzemateko. Ataza  horien artean ondorengo hauek daude: substantziaren, pisuaren eta bolumenaren kantitatea  kontserbatzea;  seriazioa;  sail  kontzeptua  eta  sailkapena;  zenbaki  kontzeptua;  ikuspegien  koordinazioa etab. Guk horietako batzuk ikasiko ditugu: substantziaren kontserbazioa, sailkapenak  eta seriazioa.   

Substantziaren kontserbazioa

Kontserbazio nozioak esan nahi du haurrak ulertzen duela bi objektuen arteko erlazio kuantitatiboak ez direla aldatzen, bere horretan jarraitzen dutela, nahiz eta objekturen batean garrantzi gutxiko pertzepzio eraldakuntza gertatu, alegia, gehitze edo kentze gabeko eraldakuntza  gertatu.   

Substantziaren kontserbazio kontzeptua, Piaget‐ek eta Inhelder‐ek (1941) deskribatu bezala, hiru arotan bilakatzen da:  

a) Lehen aroan haurrak ez‐kontserbadoreak dira. Hau da, objektuetako batean pertzepzio  eraldakuntza sortarazten bada, haurrek uste dute objektuen arteko erlazio kuantitatiboa  aldatu egin dela.  

b) Bigarren aroan haurrek “erdibideko” erantzunak ematen dituzte. Piaget‐ek “erdibideko”  deitu zien haurrek batzuetan kontserbatu egiten dutelako eta besteetan ez,pertzepzio  aldetik  eraldakuntzak  duen  deigarritasunaren  arabera. Pertzepzio  eraldakuntza  txikia  bada,  kontserbazio  erantzunak  ematen  dituzte;  baina,  eraldakuntza  handia  eta  nabarmena bada, ez dute kontserbatzen. Aro honetan dauden zenbait haurrei eskatzen badiegu eraldakuntza gertatzen denean zer  pasako den aurresateko, jasoko dugun erantzuna kontserbazio erantzuna izango da; baina,  posible da, eraldakuntza begien bistan dutenean, substantzia ez dela kontserbatu esatea. Gauzak horrela, haurrak beren iritziez seguru daudela argitzeko eta zehazteko, ikertzaileak  “kontrako  iradokizunak”  egin  ditzake.  Nola?  Haurren  beraien  hitzak  erabiliz. Esaterako,  haurren batek esaten badu saltxitxan bolan bezainbeste plastilina dagoela, esan diezaiokegu  beste haur batek esan duela saltxitxan plastilina gehiago dagoela, luzeagoa delako. Haurrak  bereari eusten badio, esan nahi du kontserbazio kontzeptua bereganatu duela; aldiz, amore  ematen badu, oraindik bigarren etapan dagoen seinale (Delval, 1994).  

c) Hirugarren aroan haurrak kontserbadoreak dira: ulertzen dute objektuen arteko erlazio  kuantitatiboa ez dela aldatzen, nahiz eta objektu horiek hamaika pertzepzio eraldakuntza  jasan. Gainera,  gai  dira  kontserbazioari  buruzko  ahozko  argudioak  emateko. Gauzak  horrela,  haurrek  hiru  motako  justifikazioak  ematen  dituzte: batzuek  itzulgarritasuna  baliatzen  dute  (substantzia  kontserbatu  egiten  da  hasierako  egoerara  bueltatzean  egiaztatzen  delako  kantitate  bera  dagoela), besteak  bi  dimentsioen  konpentsazioan  oinarritzen dira (saltxitxa luzeagoa da, baina finagoa; horregatik, plastilina kantitate bera dago) eta bestetzuek substantziaren berberatasuna aipatzen dute (soilik forma aldatu da,  ez zaio ezer gehitu edo kendu; beraz, kantitatea bera da).  Haurrak  aro  horietara  adin  desberdinetan  heltzen  dira,  hainbat  faktoreren  arabera;  esaterako, kultura edota eskolatze maila. Hala eta guztiz ere, orokorrean, hirugarren aroari 6-7 urteen bitartean ekiten diote, operazio zehatzen hasierarekin bat.

Dena den, Piaget‐ek esan zuenaren arabera, garrantzitsuena kontzeptu berri batez jarraitasunez jabetzea da, eta ez lorpena noiz ematen den. Honen ustez, subjektu guztiek 3 aro horietatik igaro behar dute. Horretaz gain, hiru  kontserbazio nozioak (substantzia, pisua eta bolumena) zein ordenatan agertzen diren zehaztu zuen:

Lehenengo, substantziaren  kontserbazio  kontzeptua  ulertzen  da, 6-7 urte dituztelarik.

Bigarren, pisuarena 9 urte ingururekin.

Azkenik, bolumenarena 11 urterekin gutxi gorabehera, mendebaldeko  subjektuen kasuan.

Sailkapena

Umeak estimuluak taldekatzeko gaitasuna eskuratzen du. Honi esker, jasotzen duen informazioa antolatzeko eta sailkatzeko aukera du, objektuen arteko antzekotasun eta desberdintasunen arabera. Haurrak oso sail orokorrak egitetik, kategoria zehatz eta espezifikoetara pasatuz doaz denborarekin. Sailkatzeko beharrezkoa da umeak uler dezan objektu bat ezin dela aurkako bi sailetan egon. Gainera, sailkatzeko irizpide bat behar du (adibidez, forma edo kolorea).

Seriazioa

Gaitasun hau serieak osatzean datza. Serieak osatzeko, elementu multzo bat ordenatu behar da dimentsio bakarra kontuan hartuz. Aro sentso-motorrean dagoeneko ageri da gaitasun hau, gai direlako serieak sortzeko, baina soilik materialen pertzepzio ezaugarriak oso agerikoak direnean eta modu ez sistematikoan.

Serieak osatzeko, haurrek elementuen arteko desberdintasunak identifikatu behar dituzte. Batetik, haurrak elementuen arteko erlazio asimetrikoak menperatu behar ditu (norabide bakarrekoak; adibidez, A B baino handiagoa bada, B ezin da izan A baino handiagoa); eta bestetik, erlazio trantsitiboak menperatzeko gai izan behar du (A B baino handiagoa bada eta B C baino handiagoa bada, A C baino handiagoa izango da).

Bibliografia

  • (Gaztelaniaz) CARRETERO, M. (1985). "El desarrollo cognitivo en la adolescencia y la juventud: las operaciones formales". In M. Carretero, J.Palacios eta A. Marchesi (edit.). Psicología Evolutiva. 3. liburukia. Madril: Alianza Psicología.
  • (Ingelesez) SIEGLER, R.S. (1976). "Three aspects of cognitive development". Cognitive Psychology, 8, 481-520.
  • (Gaztelaniaz) DELVAL, J. (1994). "Los comienzos del pensamiento científico". In J. Delval. El desarrollo humano. Madril: Siglo XXI.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.