Eperra (abestia)
Eperra euskal abesti herrikoia da[1]. Zuberoan du jatorria. Abesti honen bertsiorik ezagunenak Niko Etxart altzürükütar abeslariak[2] eta Anje Duhalde lapurtarrak moldatutakoak dira.[3]
- Artikulu hau abestiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Eperra».
Eperra (abestia) | |
---|---|
![]() | |
Niko Etxarten eta Anje Duhalderen musika-lana | |
Egilea(k) | Niko Etxart eta Anje Duhalde |
Argitaratze-data | 1979 |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | herri-musika |
Hizkuntza | euskara |
Deskribapena | |
Honen parte da | Izan Gira |
Hitzak | ezezaguna |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | ezezaguna |
Abestia oso ezaguna da, 'Euskal abesti herrikoien' artean 4. bisitatuena izan da Wikipedian (2015-2023).[4]
Etxartek 1979an grabatu zuen lehenengoz Madrilen. Gerora, Anje Duhaldek Akelarre taldearekin abestu zuen eta hori da Hegoaldean hain ezagun den bertsioa. Horren ondotik berrogei bertsio inguru izan ditu abestiak, guztiak musikatuak. 2004ko Eperra albumean, lehen aldiz a capella abestu zuen Dominika Etxartekin eta Robert Larrandabururekin, jatorrizko bertsioan.
2005ean Euskal Kanturik Onena saioan hirugarren hautatu zuten.
Hitzak
Lehen aldiz irakurrita ematen du kantuaren gai nagusia txoriak, eperrak, lumak direla. Baina hitz horiena artean metafora asko daude. Benetako gai nagusia amodio kontuak dira. Zeren metafora da lilia (lorea)? Zeren metafora da “lumarik eijerrena erori” kontu hori?[5]
XVIII. mendeko herri lirikan hegaztiak emazteak izendatzeko sinbolo ziren. Usoa bezala eperra kantatzen ez duen txoria izanez, bukaera zoriontsurik ez duten poemetan aurkitzen dira gehienbat.
Zuberoako molde berezi batzuk azaltzen dira:[5]
- kokarda: gandorra, eperrak buruan daukan apaingarria
- eijer, ejer, edder… Batuaz eder.
- bilo holli, batuaz ile hori.
- gai , gauabadirudi Zuberoan ez dela gertatu e > i aldaketa eta forma arkaikoari eutsi diote:
- ebili (ebiltia, batuaz hedatuago baina modernoagoa dirudien ibiltzea adierazteko).
- haier, batueraz haiei esango genuke;
- so egin, soz – hau da, begiratzen.
Jatorrizkoa zubereraz | Beste modu batera |
---|---|
Eperrak baditizu[6] bere bi hegalak Bai eta bürün gainin kokarda ejer bat Amorosak behar lüke izan lotsa gabe Ebili izan nüzü[6] gaüaz eta beti Mündüan ez da nihor penarik gabe bizi Zure aitak zer lüke eni erraiteko |
Horra eperra bere bi hegalekin Baita buru gainean gandor eder bat Maitalea ez da lotsatu behar Ibili izan naiz gauez eta egunez Munduan ez da inor penarik gabe bizi. Zure aitak zer du niri esateko |
Niko Etxarten Eperra diskoa
Niko Etxarten Eperra albumaren historia 1993an hasi zen, Etxarten aitak, Dominikak, erretiroa hartu zuenean. Prozesua luzea izan bazen, nahita izan omen zen luzea. Herrian bertan estudio txukuna zuten grabazioak egiteko. Kantu hauek guztiak zuzenean balira bezala grabatzen zituzten eta mimo handiz gainera. 1999an sartu ziren estudioan eta behin kantua grabatu eta sei hilabete pasa zitezkeen hurrengoa grabatu arte. Hirurok elkartzeko modu bat izan zen batez ere eta abentura zinez ederra.[9]
Modu gordinean eta musikarik gabe, ahots hutsean, kantu laburrak egiten saiatu ziren, melodian ongi sar zitezen eta luzeegiak izatea saihestu nahirik. Hala, euskal kantu, kopla, pastoral eta abarrek euren luzeragatik batzuengan sortzen duen asperdura aienatu nahi izan zuten. eperra abestiaz gain beste 16 kantu sartu zituzten albumean[9]
- Pum-ba-pa (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Zelü zola zohardia (Hitzak eta doinua: Dominika Etxart)
- Buneta eta txapela (Hitzak: Louis Ligueix-Doinua: Herrikoia)
- Sor leküari (Hitzak: Jean-Baptiste Borthiri "Sala"-Doinua: Herrikoia)
- Ama Euskadi (Hitzak eta doinua: Etxahun Iruri)
- Builtrea (Hitzak eta doinua: Alexis Etxekopar "Attuli")
- Elür lümak (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Niko Etxart)
- Zetabea (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Robert Larrandaburu)
- Arrosarik ederrena (Hitzak eta doinua: Dominika Etxart)
- Ai! ardoa (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Biba besta (Hitzak: Dominika Etxart-Doinua: Niko Etxart)
- Anaia etxen da ezkontü (Hitzak: Etxahun Iruri-Doinua: Herrikoa)
- Eperra (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Partitzeko tenorea (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Argizagiak argitzen dizü (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Bazterretik bazterreala (Hitzak eta doinua: Herrikoia)
- Ihautean maskaradak (Hitzak eta doinua: Niko Etxar
Diskoa grabatzen hasi aurretik, kantaldiak eskaini ohi zituen hirukoteak Iparraldean. Emozio handiko kantaldiak izaten ziren, elizak betetzen zituztenak eta adin guztietako jendearentzat gustagarri zirenak. Batzuentzat nostalgiaz beteriko kantuak ziren, baina kantari zuberotarrak dioenez, gazteek ere topatzen omen zuten zer edo zer kantu horien atzean. Zuberotarrak zain ziren disko hau noiz kaleratuko eta kantaldi bakoitzaren ostean, horixe eskatzen zieten. Hiru motako kantuak biltzen ditu: kantu zahar edo herrikoiak, xiberotar konpositore handiek utzitakoak eta hirukote honek sortutakoak.[9]
Kantu herrikoietariko bat, diskoari izenburua ematen diona da hain zuzen ere, Eperra. Beste abesti batzuk xiberotar kantuaren ikono diren konpositoreenak dira. Hor biltzen dira Etxahun, Attuli edo Ligeixenak, besteak beste. Azkenik, diskoaren egileek nostalgiarik gabe sortutako xiberotar kantuak ere badira. Bizirik den zerbait bezala defendatu dute, ez monumentu bezala. Gehienetan hitzak Dominika Etxartek idatziak dira eta musika Niko Etxart berak edo Robert Larrandaburuk sortua. Bildumak biltzen dituen 17 kantuetarik bada bat berezia: Pum ba Pa izena duena. Istorio polita du abesti honek. Dominikak, 16 edo 17 urterekin, taberna batean belarriz ikasi zuen abestia da, Italiako oihaneko langile batzuek abesten zutena. Ez da egiazko italieraz kantatua, aitak oroitzen duen moduan abestua da. Jogurt moduan kantatzen dutela diote eta grafia ere hala mantendu dute. Oso laburra eta bizia da eta badirudi kantaldietan arrakasta handia izaten duela.[9]
Erreferentziak
- Tolosa, Mayi. (2005-1-23). «Eperra: kantagintzaren bizigarri» Argia (1976) ["... Kantu herrikoietariko bat, diskoari izenburua ematen diona da hain zuzen ere, Eperra. Etxartek 1979an grabatu zuen lehenengoz disko hau Madrilen. Gerora, Anje Duhaldek Akelarre taldearekin abestu zuen eta hori da Hegoaldean hain ezagun den bertsioa. Horren ondotik berrogei bertsio inguru izan ditu abestiak, guztiak musikatuak." Dibulgazio laburpena].
- Etxart, Niko. (2004). «Eperra» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
- Duhalde, Anje. (2012). «Ibilean» www.badok.eus (Elkar) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
- «Euskal abesti herrikoi bisitatuenak Wikipedian (Massviews Analysis)» pageviews.wmcloud.org (Noiz kontsultatua: 2023-08-10).
- gorkaazk. (2015-01-19). «Metafora – Eperrak» egunsentiederra (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).
- Ikus, baita, Zuketa eta xuketa
- -tarzun/-tasun atzizkiari buruz, ikus, esate baterako Elixabete Perez Gaztelu: «Koldo Mitxelenaren zinema-kritiketako hitz eratorriak», Euskaltzaindia, 1994.
- Datibo. 2015-04-01 (Noiz kontsultatua: 2018-11-12).
- «Eperra: kantagintzaren bizigarri» www.argia.eus (Argia) (Noiz kontsultatua: 2023-03-20).