Entzumen

Entzumena gizakiek dituzten bost zentzumenetakoa da, belarriek ahalbidetzen dutena eta hotsak sumarazten dituena. Entzumenik eza gorreria da.

Goi-mailako ornodun guztiek eta eboluzio-maila apalagoko beste animalia askok dute entzumen-sistema bat eta organo berezi espezializatu bat hotsak jasotzeko. Gizakiari dagokionez, belarria du entzumenaren organoa. Giza entzumenak, hotsen dardarak jaso, eta garunera bidaltzen ditu belarrian zehar. Hala, entzumenaren bidez hotsak jaso ez ezik, lehendik entzundakoak gogoratu eta haiei esanahi jakin bat emateko ere bada gai gizakia.

Animalia guztiek ez dugu berdin entzuten. Bakoitzak tonu tarte desberdin bat hartzen du. Esaterako gizakiok (Human) soinu grabe gutxiago aditzen dugu elefanteek (Elephant) baino, eta soinu agudo gutxiago katuak baino (Cat).

Hiru ezaugarri nagusi dituzte entzumenaren bidez jasotzen diren hotsek: ozentasuna, tonua eta tinbrea. Belarriak hots bat jasotzen duenean hots horrek duen energia-kantitateari deitzen zaio ozentasuna. Tonuak, berriz, hotsen bibrazio-maiztasuna neurtzen du. Giza entzumenak soinu harmonikoa (musikako notak) jaso dezan, tarte eta muga jakin batzuen barruan egon behar du hotsen bibrazio-maiztasunak (uhinak hamabost ziklo egin behar ditu segundoko gutxienez, eta hogei mila ziklo gehienez); hala, muga horietatik gora bibrazioa oso bizia bada, hotsa burrunba bihurtzen da, zarata sortzen da, alegia; muga horietatik behera, berriz, hotsak infrasoinu bilakatzen dira. Gizonak ezin ditu infrasoinuak entzun; zenbait animaliak bai, ordea, haien zentzumenarentzat bibrazio-maiztasunen mugak zabalagoak baitira. Normalean, hotsek ez dute bibrazio bakarra izaten, gehienetan hainbat tonu izaten baitituzte aldi berean. Denetan bizienari tonu nagusia edo oinarrizkoadeitzen zaio, eta hori osatzen duten tonuak bigarren mailakoak edo harmonikoak dira. Tonu harmoniko horiek hotsari ematen dioten nolakotasuna da tinbrea. Hori neurtzeko, beste ezaugarri bat du entzumenak: tonuak bereizteko ahalmena; hau da, tonu harmoniko asko dituen hotsen artean, tonu nagusi jakin bat bereizteko ahalmena.

« Memoria eta desira
Entzumena, zure organo babesgabea da.
Ikusmena gorde egiten da, betazalak itxi eta ja ez duzu ikusiko.
Belarriak, ostera, ez dira berez zarratzen,
dena entzun behar bazenu bezala.
Begiek aukeratu egiten dute, nora eta hara zuzen daitezke,
baina probatu belarriekin, apenas mugituko dituzu.
Edozer entzun behar izaten duzu,
zarata asko baitabil airean paraje horretan:
Haizea, euria, irratiaren estatika, kamioi bat tarrapataka.
Azantzok ikertu eta, John Cagek,
soinu efektu moduan ezik,
musika tresna moduan erabili nahi izan zituen.
[...]
 »

Joseba Sarrionandia[1]

Erreferentziak

  1. Kantuz : 1965-2015 : memoria eta desira. Elkar D.L. 2015 ISBN 978-84-9027-437-8. PMC 989148818. (Noiz kontsultatua: 2023-02-18).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.