Enrique Eguren
Enrique Eguren Bengoa (Gasteiz, 1888ko urtarrilaren 13a - Oviedo, 1944ko uztailaren 14a) zientzialari arabarra izan zen.[1]
Enrique Eguren | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Gasteiz, 1888ko urtarrilaren 13a | ||
Herrialdea | Araba, Euskal Herria | ||
Heriotza | Oviedo, 1944ko uztailaren 14a (56 urte) | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Unibertsitate Zentrala | ||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | arkeologoa, unibertsitateko irakaslea eta geologoa | ||
Enplegatzailea(k) | Oviedoko Unibertsitatea | ||
Kidetza | Eusko Ikaskuntza |
Ezaguna da batik bat Jose Migel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirekin batera egindako lanagatik, Arkeologia eta Geologia arloan bereziki, "hiru trogloditak" ezizena harturik.
Ibilbidea
Batxilergo ikasketak amaituta, Egurenek Madrilgo Unibertsitatera joan zen Natur Zientziak ikastera. Han, lizentziatu ondoren, "Estudio Antropológico del Pueblo Vasco. La prehistoria en Álava." izeneko doktore-tesia prestatu eta 1913an defendatu zuen.
Ikasketak amaitu ondoren, Gasteizera itzuli zen institutuan lan egitera, baina, handik gutxira, 1915ean, hiria utzi behar izan zuen, oposizio bidez, Oviedoko Botanika eta Minerologia katedra lortu baitzuen[2].
Oviedoko Unibertsitateko katedraduna izan zen Botanika, Mineralogia, Zoologia, Geologia eta Biologian. Halaber, hango Zientzia Fakultateko dekano (1921) eta errektorea (1929-30 eta 1940-44) izan zen. Azkenik, Asturiasko diputazioko lehendakariordea ere izan zen (1942-44).
1918 eta 1920ko Eusko Ikaskuntzen lehen biltzarretan parte hartu zuen. Aranzadirekin batera, lehen kongresuko "Arraza" (Antropologia fisikoa, historiaurrea, etnologia) ataleko burua izan zen, eta bigarrenean "Unibertsitatea" ataleko burua. Bere gaia euskal Unibertsitatearen erregimen autonomo ekonomiko-administratiboa izan zen, "Régimen autónomo económico-administrativo de la Universidad Vasca" izenaz, Donostian 1921ean argitaratu zena. Eusko Ikaskuntzak Araban duen ezarpenaren muinean eta lurralde horretako ordezkaritzaren irekieran egon zen.
Garai horretatik aurrera egindako lana oso handia izan zen. Beste gai batzuei buruzko lan-piloak argitaratu zituen. Honako hauek nabarmentzen dira: De la Edad Eneolítica en Asturias (1917); Cabezas Humanadas del Perú (1918), eta beste batzuk Euskal Herriko historiaurrearekin zerikusia dutenak, hala nola Nuevos datos sobre la Prehistoria en Álava- El túmulo de Oquina (1931), Los dólmenes clásicos alaveses (1927), El dolmen de Larrasiol y otros datos para la Prehistoria Alavesa (1931), eta beste batzuk Lan horien eremu geografikoa Arabakoa zen ia kasu guztietan, eta Egurenek han egin zituen ikerketa gehienak.
Euskal Herriko Unibertstitatea aldarrikatu zuen eta EHUrentzat hainbat lan idatzi zituen.
Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, 1930ean Arabako saileko Hogeiko Lantaldean parte hartu zuen euskal nazionalismoa berrantolatzeko asmoz. Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren ideiekin bat zetorren biltzarra izan zen hau.
Urtiagako haitzuloan zegoen Arantzadirekin eta Barandiaranekin batera Gerra zibila lehertu zenean, eta geroztik, hiruren bideak banandu behar izan zziren. 1942tik aurrera Asturiasko Diputazioko lehendakariordea izan zen, eta Espainiar Antropologia, Etnologia eta Historiaurrea Elkarteko kide sortzailea[3].
Lan aktiboa
Enrique Eguren ikertzaile gisa nabarmendu zen, Jose Migel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirekin batera, 1917 eta 1936 bitartean. 1918an Santimamiñe esploratu zuten, eta 1919an Izkizko mendia eta Lasarteko bidea Gasteizen.
Barandiaranekin Albaita ikertu zuen, eta Aranzadirekin Urbasako trikuharriak. 1922tik 1923ra, Gasteizko Salbatierrabide aztarnategia eta Arabako hegoaldeko haitzulo artifizialak arakatu zituzten. Garai hartan ikerlan ugari argitaratu zituen.
1923tik aurrera, bere lanak tartekatuagoak izana ziren osasun arazoengatik. Hala ere, bere udako oporretan, indusketak egiten jarraitu zuen, ia beti Araban[2].
Gasteizen Arte eta Lanbide-Eskolako Historiaurrea, Mineralogia eta Petrografia bildumak antolatu eta zaindu zituen.
Enrique Eguren saria
2014tik aurrera, Arkeologiarako Arabar Institutuak sari bat ematen du Enrique Egurenen lana gogora ekartzeko eta Arabako arkeologian ikerketak egin dituzten profesionalak saritzeko[4].
Ikus, gainera
- Gasteiztar ospetsuen zerrenda
Erreferentziak
- Auñamendi Eusko Entziklopedia. Enrique Eguren Bengoa. .
- Distinción "Enrique Eguren" del IAA-AAI al Dr. Javier Fernández Eraso (UPV/EHU). EHU.
- «Enrique Eguren» www.hiru.eus (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila) (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).
- «Distinción Enrique Eguren 2022» iaa-aai.org (IAA-AAI) (Noiz kontsultatua: 2023-10-31).