Enric Prat de la Riba
Enric Prat de la Riba i Sarrà (1870eko azaroaren 29a, Castellterçol – 1917ko abuztuaren 1a, Castellterçol) kataluniar politikari eta abokatu bat izan zen. Unió Catalanista elkarte politikoaren sortzaileetarikoa izan zen (1892). Manresako Oinarriak idatzi zituen Kataluniako lurralderako konstituzioa bideratzeko, eta handik sortu zen Lliga Regionalista. Bartzelonako Diputazioko presidente izan zen 1907. urteaz gero, eta lan handia egin zuen Kataluniako Mankomunitatea lortzeko; hala, 1914tik 1917ra bitarteko urteetan presidente izan zen. La Veu de Catalunya egunkariko zuzendari ere izan zen. 1902an espetxean hartutako gaitz baten ondorioz hil zen. Harenak dira La Nacionalitat Catalana doktrina politikoa eta Per Catalunya i l´Espanya Gran manifestua.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.