Engrazio Arantzadi
Engrazio Arantzadi Etxeberria, ezizenez Kizkitza (Donostia, Gipuzkoa, 1873ko apirilaren 16a - Bilbo, Bizkaia, 1937ko otsailaren 12a) euskal herritar politikari jeltzalea eta idazlea izan zen.
Engrazio Arantzadi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1873ko apirilaren 16a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1937ko otsailaren 12a (63 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Eskolapioen ikastetxea |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta idazlea |
Izengoitia(k) | Kizkitza |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Eusko Alderdi Jeltzalea Euzko JEL-Batza |
Biografia
Lehen eta bigarren mailako ikasketak Tolosako eskolapioetan egin ondoren, Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak burutu zituen, Salamancan eta Deustun hurrenez hurren. Donostiako Diputazioan lan egin zuen. Politikan integrista zen, baina Sabin Arana ezagutu ondoren nazionalismoaren bultzatzaile sutsuenetako bat izan zen Gipuzkoan.
Bizkaitarra aldizkarian argitaratu zuen artikulu batengatik Hendaiara alde egin behar izan zuen, bere ideia abertzaleak zirela eta, lehen errefuxiatu bihurturik. Sabino hil ondoren alderdiaren eta eliz agintarien arteko tirabirak izan ziren eta Arantzadi —fraide beneditarra— eskumikatu egin zuten denbora labur batez.
1921 urtean EAJren zatiketaz bi alderdi sortu ziren: EAJ-Aberri eta Euzko JEL-Batza (EJB). Engrazio Arantzadi Kizkitza EJBn ibili zen. Miguel Primo de Riveraren diktadurak EAJ-Aberri legez kanpo utzi zuen, baina EJB ez, EJBkoek beren eguneroko jardunarekin jarraitu ahal izan zuten Diktaduraren legearen baitan. Bi alderdiak 1930an, berriz ere, EAJ alderdian berrelkartuko ziren.
1927ra arte Bilboko Euzkadi egunkari abertzalearen zuzendaria izan zen, «Kizkitza» izengoitiz sinatuz. Mugimendu abertzalea Europako joera politikoetara irekitzen saiatu zen (irlandar, txekiar, kroaziar eta abarrekin harremanetan jarririk).
Bere libururik ezagunenak erdaraz idatzi zituen: Nación Vasca 1931n; La Casa Solar Vasca 1932an eta Ereintza 1935ean.
Bilbon hil zen, gerra zibila piztu eta hilabete batzuetara, 1937ko otsailaren 12an, hirurogeita hiru urte zituela.
Lanak
- La casa solar vasca o casa y tierras del apellido (1931).
- La nación vasca (1932).
- Ereintza: siembra del nacionalismo vasco. 1894-1912 (1935).