Endoskopia
Endoskopiak barneko organoak ikusteko proba osagarriak dira. Diagnostikoak lortzeko erabiltzen dira, baina baita tratamendu moduan ere.
Endoskopioak dira proba hauek egiteko aparatuak. Labur deskribatuta, mutur batean argia eta kamera dituen hodiak dira, beste muturrean medikuak ikusteko bisorea egonda.
Gorputzaren zulo batetik sartuta, endoskopioaren bidez azter daiteke bidean dauden organoak eta abar. Hodiaren bidez tresna txikiak pasa daitezke prozedura diagnostiko eta terapeutikoak egiteko: biopsiak, lesioen erresekzioak eta abar.
Neumologoak, digestio-aparatuko espezialistak, ORLko espezialistak, zirujauak eta traumatologoak dira batik bat teknika hauetaz baliatzen dira medikuak.
Historia
Sakontzeko, irakurri: «Medikuntzaren historia»
- 1806an Philip Bozzini izan zen lehenengoa "Lichtleiter" (argi-eramalea) "giza gorputzaren kanalak eta barrunbeak aztertzeko" asmatzen. Hala ere, "Vienako Elkarte Medikoa"k ez zuen ontzat hartu "bitxikeria" hau.
- 1822 arte ez zuten erabili endoskopio bat lehen aldiz gizakiekin, William Beaumont zirujau militarrak eginda Michigan-en (AEB).
- 1897an Gustav Killian alemaniarrak egin zuen lehendabiziko bronkoskopia.
- 1908an lehen aldiz erabili zituzten bonbilla txikiak endoskopioaren barruan, histeroskopia batean.
Endoskopia motak
- Digestio-aparatua:
- Gastroskopia: Ahoaren bidez sartuta, hestegorria, urdaila eta heste meharraren hasiera aztertzen ditu.
- Kolonoskopia: Uzkitik sarturik, heste lodia begiratzen du.
- Laparoskopia: Abdomenean zulo txikia eginda, barrunbe hau aztertzeko.
- ERCP (Endoscopic retrograde cholangiopancreatography): pankrea eta behazun-bideak ikusteko.
- Arnas aparatua:
- Errinoskopia: Sudurra ikusteko.
- Bronkoskopia: Sudurraren bidez, trakea eta birikak aztertzen du.
- Torakoskopia eta mediastinoskopia: Toraxean zuloa eginda, barrunbeak begiratzeko.
- Gernu- eta ugaltze-aparatuak:
- Zistoskopia: Uretraren bidez puxikaraino ailegatzen da.
- Kolposkopia: Baginaren bidez, zerbixa aztertzeko.
- Histeroskopia: Umetokia ikusteko.
- Lokomozio-aparatua:
- Artroskopia: Artikulazioetan ibiltzeko.
Kanpo estekak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.