Emoixu
Emoixu Odol eta hemoderibatuen emaileen elkartea, 1989an sortu zen, Basurtuko Ospitaleak herritar batzuen eskaerari erantzunez. Elkarteak 2002ko maiatzaren 8an ofizialki izena eman zuten Elkarteen Erroldan.
Hastapenetatik gaur egunera arte, Txonpolo elkartearen laguntza jaso dute, eta horrela, erabilgarri izan dituzte bertako instalazioak eta bestelako giza-baliabideak ere. Hasiera batean, Maspe kalean jartzen zen unitate ibiltarian egiten ziren odol ateratzeak, baina urte batzuk beranduago, anbulatorioan hasi ziren eskaintzen zerbitzu hau. Azken urteotan unitate ibiltaria Askondo kalean jartzen da.
Elkartearen helburuak
- Odola modu altruistan ematea sustatu DOSANBIZ Bizkaiko Odol emaileen elkartearekin batera, Bizkaia mailan dauden odol beharrak asetzeko, egunean indarrean dauden kalitate eta segurtasun irizpideak jarraituz.
- Odola ematea bultzatu gure Durangaldean eta herritarren heziketa indartu odola emateko beharraren inguruan.
- Doakotasunetik abiatuz, gizarteko partaide desberdinen arteko solidaritatea indartu, bazterketak eragotziz eta lankidetza sustatuz odol emaile eta onuradunen artean.
- Eskualde mailan odola ematea saritzeko ekintzak bultzatu, kopuru jakin batera iristen diren emaileei omenaldiak eginez.
- Organoak emateko aukerari buruzko informazioa eta tramitazioa eskaini.
Jarduera
Odol-erazuketak
Urtean zehar odola ateratzeko 8 egun daude, emaile bakoitzak, bai gizon zein emakume, hiru edo lau aldiz eman ahal izateko, hau baita osasun arduradunek (Osakidetza) gomendatzen duten aldizkakotasuna.
Medikuarekin elkarrizketa eta dokumentazioa prestatzea, Askondon kalean jartzen den autobusean bertan egiten da. Jarraian, mokadutxo bat egiteko parada izaten da Txonpolo elkartean.
Odol-erazuketak direnean, deialdia baino hiru egun lehenago kartelak jartzen dira herritarrak jakinaren gainean jartzeko. Horrez gain, lehendik emaile direnei, gutunez luzatzen zaie gonbita eta odol-talde jakin bat lortzea premiazkoa balitz (sarri suertatzen den bezala), zuzenean telefonoz, posta elektronikoz edo WhatsApp bidez deitzen zaie.
Elkarteko delegatuen artean, badira emaile batzuk Galdakaoko Ospitaleko zentralera maiz joaten direnak beraien ezaugarri hematologikoak bereziak direla eta, odol ateratzea aferesi bidez egiteko.
Lankidetza eta sentsibilizazio kanpainak
Emoixu elkartea DOSANBIZ (Bizkaiko Odol Emaileen Taldeko Zuzendaritza taldeko partaide ere badenez, sei hilabetero batzarretan parte hartzen du. Horrez gain, Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean urteroko Durangaldeko Odol Emaileen bilerak ere izaten dira.
Maiatzaren 14an Munduko Odol Emaileen eguna denez, Bizkaian urtero omentzen dira 40 aldiz odola eman duten gizonak eta 25 aldiz eman duten emakumeak.
Udalarekin lankidetzan, 5-6 urtero 25/20 (gizon/emakume) aldiz odola eman duten pertsonak omentzen dira. Ekintza honen helburuetako bat sentsibilizazioa eta sustapenean aurrera pausuak ematea da, hitzaldiak emanez etab.
Euskal Autonomi Erkidego mailan Emaile Handiak deritzenak omentzen dira (80/100).
Elkarteak sari desberdinak jaso ditu: Iurretako Udaleko 1911 Herri Batzordea saria eta baita Deia saria ere.