Emilio Iguzkiza
Emilio Iguzkiza Gomez (Deikaztelu, ? - Altsasu 1934ko urriaren 8a) goardia zibilak erail zuen altsasuar bat izan zen.
Emilio Iguzkiza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Dicastillo, |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | Altsasu, 1934ko urriaren 8a |
Heriotza modua | giza hilketa |
Jarduerak |
Bizitza
Deikaztelun (Nafarroa) sortu, eta lanera joan zen Altsasura. Urbasako errepidea egiten aritu zen. Lanera etorri, eta Altsasun gelditu zen.
Urriko iraultzaren testuinguruan gertatu ziren Altsasun 1934ko urriko langileen grebak. Asturiasko iraultza ere erraten zaio 1934ko mugimendu horri. Sistema kapitalista bertan behera uzteko iraultza saioa izan zen ordukoa. Asturiasen (Espainia) izan zuen indarra, batez ere, baina Euskal Herrian ere sumatu zen haren eragina.
Altsasun, urriaren 8ko protestak egin zituztenean, hainbat grebalari ziren kartzelan, aurreko egunetako istiluetan parte hartzeagatik. Haiek askatzeko egin zuten manifestazioa, bertzeak bertze. Guardia Zibilak moztu zuen protesta, ordea.
Gertaera
Urriaren 8an goardia zibilak Aldundian sei hilabete lehenago Komisio Gestoraren lehendakaria izandako Constantino Salinas eta Altsasuko PSOEko zinegotzia zen Agustin Okariz atxilotu zituzten 1934ko iraultzaren inguruko manifestazio baten amaieran. Atxilotuen aldeko haserrea areagotuz joan zen eta Isidro Zornoza, militante sozialistak “Txoko” taberna parean ”Ez dago eskubiderik” oihukatu zuen. Julia Huartek zera gehitu zuen “Hor daramate Altsasuko gizonik onena” eta honela amaitu zuen: “ Altsasukoa diot? Nafarroakoaǃ.»[1]
Bertan zegoen Emilio Iguzkizak zera leporatu zien Justi 14 hilabeteko semea besoetan zuelaː “Ez dago honetarako eskubiderik, horrela bai ahalko dute gizon bat eraman, bost Goardia Zibilen artean”. ”Ez dugu jasan behar... goazen denok”[2]. Eta polizietako batek tiroz hil zuen.
Egun horretan bertan Martin Soler Zangitu gazte sozialista eta Martin Uribe Mazkiaran (13 urte) larriki zauritu zituen poliziak suzko balekin[3]. Atxilotutako hamabost lagun ere egon ziren.
Ondorioak
1934an gertatu zenak markatu zuen Iguzkiza eta familia guztia. Francisca Otxoa de Eulate alargundu eta bost umeekin aurrera egin behar izan zuen halabeharrez, gosea eta miseria pairatuz. familia erreprezio latza jazo zuen.
Bestalde, inpunitatea izugarria izan zen. Iguzkiza hil zuen guardia zibila epaitu eta errugabetzat jo zuten.
Bere altzoan hil zen Justi (Justiniano) semea hunkitzen da aita zenaz mintzatzen denean; bai eta aita gabe bizi izandakoak gogoratzen dituenean ere. Bederatzi urterekin behorrak zaintzen aritu zen; baserri batean morroi, gero. Ceutan (Espainia) egokitu zitzaion soldaduska egitea, eta handik bueltan, Arbizun (Nafarroa) hasi zen lanean. Sunsundegira joan zen gero. «27 urtez aritu nintzen, 50 urterekin erretiroa hartu nuen arte. Bizkarra mindu nuen».
Ez zuen bazter hartan gertatukoari buruz hitzik ere entzun, ordea, 20 urte bete zituen arte. Ezta etxean ere. «Amak ez zidan inoiz deus erran; inoiz». Harrigarri egiten zaio Iguzkizari familiaren isiltasuna. Galdetu zienean ere, horixe jaso zuen erantzun. Hitzik ere ez. «Beldur handia bazen». Eta beldur horrek hutsunea eragin zion Iguzkizari[4]. Plaka jartzeko ekitaldian, 1934an gertatu zena kontatzeko antzezpena antolatu zuten ere. Guardia Zibila saiatu zen debekatzen. Egin zuten antzezpena, azkenean. Baina 300 euroko isuna jaso du elkarteak[5].
Seme txikiaren testigantza
Semearen testigantza Eta nola bizi izan zineten, aita Guardia Zibilak hilik? Ahal zen moduan! Altsasun bizi izan ginen beti, baina bateko etxean eta bestekoan... Bizimodu eskasa izan dut, arras eskasa. Gorriak ikusita nago, eta gose errabiatua pasatua. Txikitan, gizona ikusi platanoa jaten, hark azala bota, nik hartu eta jan! Hori ere eginak gara. Gero, artean mutiko, Agurainera joan behar izan nuen, morroi, behorrak zaintzera, Santa Maria eliza ondoko etxe batean. Ez nuen luze iraun. Eskapatu eta atzera Altsasura etorri nintzen, etxera. Zartakoka hartu ninduten, eta atzera Agurainera bidali ninduten. Han, berdin, aulki txiki batean jarri eta bi zartako eman zizkidan nagusiak. Eta trena hartu eta berriz eskapatu nintzen, etxera. Gero, noizbait, Idiazabalgo bi andre gertatu ziren gurean: “Nahi duk gurekin etorri baserriko lanera? Erakutsiko diagu!”. Nik, baietz, eta haraxe. Hamar urte egin nituen Akotain-azpikoan, Zezilio eta Jenobebarekin. Gurea zen Akotain-azpikoa, eta gorago beste baserri bat zen, Akotain-garakoa. Den gutiena estudiatu zenuen? Eskolarik bazen? Zer edo zer ibili ginen, bederatzi urte arte, baina ez zegoen jatekorik ere, eta bila abiatu behar. Bizia bera izan nuen eskola! Eskolarekikoak egin eta Agurainen nintzen, eta, gero, hamabi urterekin-edo, Idiazabalen. Agurainen gaizki, eta Akotain-azpikoan zoragarri. Aspaldi da hara joan ez naizela, baina, lehen, handik pasatzen nintzenean, beti begiratzen nuen baserrira... Zertan zen bizia zuen etxean? Zertan ziren ama eta anai-arrebak? Arreba zaharrena, adibidez, Lerinera ezkondu zen. “Amerikarrak” esaten zieten andre batzuen etxean bizitu zen. Haiek hiltzean, gure arreba horri utzi zioten herentzia guztia. Anaia, berriz, han eta hemen ibili zen, kartzelan ere eduki zuten eta, azkenean, Nafarroako Diputazioan hasi zen lanean, eta hantxe etsi zuen. Amak... gorriak ikusarazi zizkidan. Ez zidan bakean bizitzen uzten. Ez baininduen maite! Orga batean ere lo egin izan nuen, bebarruan. Eta goizeko lauretan, ama etorri eta patata-zaku artera eraman ninduela ere gogoan daukat. Hantxe lo ni. Gorriak eta beltzak ikusiak nagoela, bada! Hogeitaka urte zenituela jakin zenuen aitaren historia... Batak eta besteak esaten dizkizutenak aditu nituenean! Besoetan hartu ninduen gizona ere ezagutu nuen. Hila da. José Zornoza. Baina ez dakit zeinen eskuetan utzi ninduen, gure amarenera joan ote zen zuzenean, edo nora. Ez dut inoiz jakin. Galdetu bai, hamaikatan galdetu dut, baina erantzunik ez. Ama zenari ere bai: “Kalean jaso nindutenean, etxera ekarri ninduten, orduan?”. “Ez, etxera segituan ez”. “Eta, hortaz?”... Amak ere ez zekien. 2015ean omenaldia egin zitzaion zuen aitari. 1934ko urriaren 8 hartan Altsasuko kalean gertatua antzeztu zuten. Bai. Hunkigarria izan zen. Memoriaren [historikoa] aferetan dabiltzanek ere ez zekiten historia osoa. Josuk [Imaz, Altsasu Memoria] aditua zuen haur haren historia, ezagutzen ninduen, baina ez zekien neu nintzela haur hura! Elkar ezagutzen genuen, baina ez ninduen haur harekin lotzen. Biktimatzat duzu zeure burua? Hein batean. Badakizu, orain biktima besterik ez dago bazterretan... Nik gogoan daukat gertatu zena, ez neure begiez ikusi nuelako, ez oroitzen naizelako ere, baina gogoan daukat egun hartakoa. Josuk dio biktima batzuek ez dutela aitortzarik eta, nonbait, horietarik naiz ni. Gainera, egun hartan balaz zaurituak izan ziren, zenbait lagun atxilo hartu zituzten eta, handik bi urtera, 1936an, bi urte lehenago atxilo hartutako haiek zigortu egin zituzten.[6] |
Altsasu Memoria elkartea
Altsasu Memoria elkarteak egindako lanari esker, batez ere. Herriko historia jasotzeari ekin dio talde horrek: garaian garaiko gertaerak aztertu, azaldu, eta dagokien testuinguruan kokatzea du helburu. «Emilioren hilketa izan zen 1936an etorri zenaren atarikoa», nabarmendu du Iosu Imaz kideak (Altsasu, 1957).
Astindua eman dio elkarteko kideek Emilio Iguzkizaren hilketari buruz egindako ikerketak gertaera horren inguruan ezarritako isiltasunari. «Jendeak hitz egin nahi du. Askok dei egin digute dakitena kontatzeko gogoz», azaldu du Imazek. Informazio eta lekukotasun guztiak jaso, eta 1934. urtean gertatu zenaren irudia osatuz joan dira Altsasu Memoria elkarteko kideak.
Oroimena
Guardia zibilak Emilio Iguzkiza hil zuen tokian haren omenezko plaka dago orain. Altsasu Memoria elkarteko kideek jarri zuten, 2014ko urriaren 8an. «Zenbat aldiz pasatu nintzen kalezulo hartatik, aita han hil zutela jakin gabe», erran du Justino Iguzkizak, tristuraz. «Tiroek utzitako arrastoa duela gutxira arte egon da paretan», azaldu du. «Baina obrak egin, eta harria kendu zuten. Langileei eskatu nien gordetzeko; ahaztu, eta bota egin zuten».
Erreferentziak
- https://altsasumemoria.wordpress.com/2019/02/10/emilio-iguzkiza-2/
- https://www.facebook.com/altsasumemoria/posts/1192666027499819/
- https://www.facebook.com/altsasumemoria/posts/1192666027499819/
- https://www.berria.eus/paperekoa/1869/012/001/2015-04-09/azken-kulunka-kalezuloan.htm
- https://intersindicalaragon.org/archivos/2992
- https://www.argia.eus/argia-astekaria/2709/justi-iguzkiza-guardia-zibilaren-indarkeriaren-biktima