Emiliano Zapata

Emiliano Zapata Salazar (Anenecuilco, Morelos, Mexiko, 1879ko abuztuaren 8a – Chinameca, Morelos, Mexiko, 1919ko apirilaren 10a) nahua eta espainiar etnietako[1] mexikar militarra izan zen, Mexikoko Iraultzaren buruzagi nagusietako izan zena, Pancho Villarekin eta beste batzuekin batera, Porfirio Diaz jeneralaren aurka.

Emiliano Zapata

(1914)
Bizitza
JaiotzaAnenecuilco (en) Itzuli, 1879ko abuztuaren 8a
Herrialdea Mexiko
HeriotzaMorelos, 1919ko apirilaren 10a (39 urte)
Hobiratze lekuaPlaza Revolución del Sur (en) Itzuli
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Familia
Ezkontidea(k)Josefa Espejo Sánchez (en) Itzuli
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpartisanoa, iraultzailea eta nekazaria
Zerbitzu militarra
Adar militarraLiberation Army of the South (en) Itzuli
Zalditeria
Graduajeneral
Parte hartutako gatazkakMexikoko Iraultza

IMDB: nm0953176 Find a Grave: 28006618 Edit the value on Wikidata

Gaztelaniaz ez ezik, nahuatl hizkuntzaz ere ederki mintzo zen, lekukoek diotenez [2]. Mexikon nekazarien erresistentziaren sinbolo ikusten dute askok eta askok, nekazaritzaren iraultzan garrantzi handia izan baitzuen gizon honek. Esan bezala, iraultzailea izan zen eta Ejercito Libertador del Sur delakoaren buruzagi, Caudillo del Sur ezizenaz ere ezaguna.

Biografia

Hementxe jaio zen Emiliano Zapata
Emiliano Zapata

Emiliano Zapata Anenecuilcon, Morelosen (Mexiko jaio zen, 1879ko abuztuaren 8an. Nekazari familia batean jaio zen, Grabiel Zapata eta Cleofas Salazar guraso zituelarik.

Amerindiar jatorrikoa zen, eta ez zuen ia eskolarik izan. Emilio Vera soldadu juarista izan zen Zapataren irakasle, baina, berehala, ikasketak utzi eta laborari eta mendazain lanetan hasi zen. Haurtzaroa latifundio porfiristaren inguruan bizi izan zuen, Morelosen, eta lurjabeen kontrako amerindiarren matxinadetan parte hartu zuen.

1910ean, bederatzigarren errejimenduan sartu zuten, Cuernavacan, eta Porfirio Diazen estatuko buru nagusi zen Pablo Escandonen zaldun izendatu zuten eta, laster, eginkizun berak egin behar izan zituen Díazen suhia zen Ignacio de la Torrerentzat, honek estimu berezia hartu ziolarik -zaldiekin oso trebea zen Emiliano-.

Badirudi Emiliano armadan sartzeko arrazoia neskatxa baten bahiketan izan zela. Emakumez emakume ibiltzen zen horietakoa omen zen eta, horrelako batean, Inés Alfaro Aguilarren aitak jarri zion salaketa. Gerora, Zapatak bi seme-alaba izango zituen neska horrekin: Nicolás eta Elena Zapata Alfaro.

Jesús Sotelo Inclan historialariaren esanetan, Zapata familia aberatseko alaba zen Luisa Merinorekin ezkondu zen eta, diktadura porfirista erortzean, berriz, 1911ko abuztuaren 20an, Josefa Espejo Sánchez La Generalarekin ezkondu zen. Fidencio Espejo eta Guadalupe Sánchez Merinoren alaba zen hau eta beste bi seme-alaba eman zizkion Emilianori. Felipe izena zuen zaharrenak eta El Jilgueron jaio zen, baina 5 urterako hil zen, crotalus sugegorri batek heldu eta gero. Bigarrena Josefa izan zen eta Tlaltizapánen jaio zen, baina anaia Felipe baino urtebete lehenago hil zen eskorpioi batek heldu zionean. Josefak ez zuen beste seme-alabarik izan, baina Emilianok bai, ordea, Ana María Zapata kasu, Petra P. Torresen alaba izango zena.

Borroka eta iraultza

Emiliano Zapata eta Pancho Villaren sarrera
Emiliano Zapata eta Pancho Villa. Umea Nicolás da, Zapataren semea
Pancho Villa, behin-behineko lehendakari Eulalio Gutiérrez eta Emiliano Zapata

1909ko irailean, Emiliano Zapata Anenecuilcoko lurren Defentsa batzordearen calpuleque egin zuten (náhuatl hizkuntzan, buruzagi esan nahi du). Hantxe hasiko zen Erregeorderriaren garaian sortutako dokumentuak aztertzen eta lurraren jabetzaren gaineko eskubideak herriari bermatzen zizkiela ikusi zuen. Erreformen legeek ukatu egiten zituzten eskubide horiek, Lerdo legeak batez ere eta korporazio zibilek derrigorrez saldu behar izan zituzten edo derrigorrez desjabetuak izan ziren. Horregatik, hainbat lider indigena, Tomás Mejía tarteko, mexikar kontserbadoreen alde atera ziren eta Mexikoko Bigarren Inperioa babestu zuten. Lege horiez baliatuz, zenbaitek landu gabe zeuden herri lurren jabetza eskatu eta bere lur kopura handitu zuten. Gai horrekin, Emiliano nekazarien lide bilakatu zen Morelosen eta, 1909an, gobernari izateko hauteskundeetan, Patricio Leyvaren alde egin zuen, latifundisten aldeko Pablo Escandón y Barrónen aurka eginez.

1910ean, Pablo Torres Burgosek eta Francisco I. Maderoren aldekoek Mexikoko hegoaldean hasitako iraultzarekin bat egin zuen. Genovevo de la Orekin eta Tepeparekin batera borrokatu zen, eta Tlaquiltenango, Jojutla eta Jautepec hiriak hartu zituen. Emiliano Zapatak AEBetara bidali zuen Pablo Torres Burgos Francisco I. Maderorekin elkarrizketa izateko. Emaitza 1911ko martxoaren 10ean etorri zen eta Emiliano Zapata eta beste 72 nekazariekin, Juan Moreno, Rafael Moreno, Maurilio Mejia eta José Vergararekin bat egiteko erabakia izan zen. San Luis Planaren arabera, hegoalderantz joan ziren, Aureliano Blanquetek eta bere soldaduek errebeldeak jarraitzen zituztelarik.

1911ko maiatzean, federalek eta Maderoren aldekoek itun bat izenpetu zuten Ciudad Juarezen; haren ondorioz, eta gogoz kontra bazen ere, Zapatak bere gudarostea desegin zuen behin-behinekoz, baina ez zuen León de la Barra lehendakariaren aginpidea onetsi. Maderok aginpidea eskuratu eta, harekin ere arazoak izan zituen, Zapataren ustez, lurren banaketarako erreforma berriak martxan jarri nahi ez zituelako.

Chinameca, Jojutla, Jonacatepec, Tlayecac eta Tlaquiltenangoko guduak izan ziren eta Pablo Torres Burgos hil egin zen. 1911n, Iraultza Batzordeak Emiliano Zapata aukeratu zuen hegoaldeko buruzagi eta, 1911ko azaroan, Ayalako aldarria egin zuen, Otilio Montañok idatzia; bertan, Maderoren traizioa salatzen zuen, eta lurren banaketa zuzena eskatzen zuen Lurra eta Askatasuna lemapean.

Garai haiek ziren Zapata Josefa Espejorekin ezkondu zenean eta Francisco I. Madero izan zen aitapuntakoa. 1911ko abuztuan, Francisco I. Maderok eta Emiliano Zapatak elkarrizketa izan zuten Yautepecen konponbide baketsua bilatu nahian -Zapatak kritika gogorrak jaso zituen estatuko prentsa kontserbadorean-, baina ez zuten inongo adostasunik lortu bien ikuspegiak oso ezberdinak baitziren. Maderoren iritzian lehentasuna erreforma politiko sakoan bazen, Zapatarentzat aurrena lurra bere jabeei itzultzea izan behar zuen. Zapataren ustez, Maderok iraultza alboratu eta hutsean uzten zuen.

Maderoren gudaroste buruek oso egoera larrian jarri zituzten Zapataren jarraitzaileak 1912. urte guztian, baina Madero aginpidetik kendu eta Victoriano Huerta lehendakari berriarekin sortu zen egoera nahasian bere planak aurrera eramatea lortu zuen. Venustiano Carranzaren Guadalupeko hitzarmena (1913) onetsi ez, eta, Pancho Villarekin elkar hartuta, haren kontra borrokan aritu zen, Aguas Calientesko ituna izenpetua izan ondoren (1914). Borrokaren ondorioz, Carranza Veracruzera erretiratu zen eta Pancho Villak eta Zapatak Mexiko hiriburua hartu zuten. Urte hartan bertan sortu zen, ordea, bi iraultzaileen arteko haustura, eta Carranzak, haustura hura aprobetxatuz, eraso egin zuen. Carranzak Pancho Villaren gudarostea garaitu zuen eta Zapata Morelosen gelditu zen bakartua.

Tlatizapanen finkatu zuen bere egoitza, eta bere gobernua antolatu zuen, Mexikoko gobernutik aparte. Lur banaketa egin zuen, baina ezin izan zituen bere gudarosteko gizonak kontrolatu, eta gehiegikeria ugari egin zen. Carranzaren setioa apurtu ezinik aurkitzen baitzen, aldarri bat zabaldu zien Mexikoko nekazari eta langile guztiei iraultzaren alde jar zitezen: Carranzaren dimisioa eskatzen zuen, lur banaketa zuzenagoa, nekazarien beharren araberakoa, indiarrentzako berdintasuna eta errepublika demokratikoago bat sortzea; baina Carranzaren bide erreformatzailek bidea egina zuen.

Maderoren heriotza

Francisco I. Maderoren hilketaren ondoren, Victoriano Huerta jarri zen agintean eta borroka armatua laztu egin zen, Zapata buruzagi iraultzaile garrantzitsuenetakoa bilakatu zelarik. Postura hauek Venustiano Carranza presidente berriaren aurka jarri zuten. Akordioak egiteko eginahalek porrota izan zuten, baina Zapatak ez zuen Maderoren hiltzaileekin -horrela deitu zien berak- itunik nahi izan.

1914an, Zapatak Jonacatepec eta Chilpancingo hartu zituen eta bere armadak 27.000 pertsona bazituen, jada. Apirilerako, Morelos osoa kontrolpean zuen eta, handik gutxira, Cuernavaca, Cuajimalpa, Xochimilco eta Milpa Alta ere hartu zituen. Irailean, berriro egin zien uko bake eskaintzei eta Venustiano Carranzak gobernua uztea eta Ayalako aldarria onartzea eskatu zuen. Ez zuen arrakastarik izan honetan ere.

Zapataren heriotza

Zapataren hilotza

Jesús Guajardok Venustiano Carranzarekin ez zegoela ados sinestarazi zion Zapatari eta berarekin bat egin nahi zuela. Frogak eskatu zizkion Emilianok eta Guajardok 50 soldadu federal fusilatzea agindu zuen -Venustiano Carranzaren baimenarekin- eta armak eta munizioa eskaini zizkion borrokan jarraitu ahal izateko.

1919ko apirilaren 10ean biltzea adostu zuten, Chinamecan, Morelosen. Kanpoaldean kanpatu eta 100 bat gizonez inguratuta bertaratu zen Zapata. Sarreran, soinua jo zuten eta gordeta zeuden tiratzaileek tiro egin zuten. Pistola ateratzeko beta izan zuen, baina berehala bota zuten.

Ez ziren gutxi izan metodo hura kritikatu zutenak eta Zapata iraultzaren ikur bilakatu zen nekazarien artean. Mugimenduak aurrera jarraitu zuen, baina indarra galtzen joan zen.

Morelosen, ez zuten Zapataren heriotza sinetsi nahi, beste bat zela zioten, baina, egia esan, ez zegoen dudarik.

Zapatismoa

XX. mendearen bukaeran, iraultzaile hark inspiraturik zapatismoa sortu zen, Mexikoko hegoaldeko Chiapas estatuan, Askapen Nazionalerako Armada Zapatista taldearen inguruan.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Emiliano Zapata Aldatu lotura Wikidatan
  1. Kicza, John E.. (1993). The Indian in Latin American History: Resistance, Resilience, and Acculturation. in: Scholarly Resources., 203 or. ISBN 0-8420-2421-2..
  2. Horcasitas, Fernando. (1968). De Porfirio Díaz a Zapata, memoria náhuatl de Milpa Alta. Mexiko Hiria: UNAM.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.