Emeterio Arrese
Emeterio Arrese Bauduer (Ibarra, Gipuzkoa, 1869ko martxoaren 3a - 1954ko apirilaren 7a) euskal idazlea izan zen.
Emeterio Arrese | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ibarra eta Tolosa, 1869ko martxoaren 3a |
Herrialdea | Gipuzkoa |
Heriotza | Tolosa, 1954ko apirilaren 7a (85 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea |
Gazterik Ameriketara joan zen eta han negoziotan aritu zen. Amerikan luzaro ibili bazen ere, joan-etorri anitz egin zituen Amerika eta Europa artean.[1][2] Kontratista aritu zen han, eta lan horrek ematen zizkion baliabideak probestu zituen Ameriketan pilotalekuen eraikuntza bultzatzeko. Irabaziei dagokienez bide gorabeheratsua izan zuen, batean aberats eta bestean pobre suertatzen baitzen.[3] Ameriketatik itzulita, Donostian finkatu zen, baina zahartzaroan Tolosara joatea erabaki zuen. Bertan hil zen, 85 urterekin.
Lehen idazkiak, bertso-paper itxurakoak, 26 urte zituelarik argitaratu zituen garaiko aldizkarietan (Euskal-Erria eta Euskaltzale aldizkarietan hasieran, La Baskonia, Zeruko Argia, Euskal Esnalea, Yakintza eta beste hainbatetan gero). 1913an argitaratu zuen lehen liburua, Nire bidean izeneko poesia sorta, Tolosako Udalak diruz lagundurik. 1928an kaleratu zuen bigarren liburua, Txindor, hau ere olerkiz osatua. Azken olerki liburua 1952koa da, lehenago argitaratutako olerkiak berrikusi eta bilduz osatua (Olerki berritze).
Olerkari erromantiko gisa sailka daiteke. Bestalde, Pello Mari Otaño gaztetan ezagutu zuen eta eragin handia izan zuen Arreserengan.[3] Xabier Lizardi ere lagun zuen, eta honen eragina ere nabari da. Olerkiez edo bertsoez gain antzerkia eta opera ere landu zituen. Opera libreto eta olerki ugari utzi zuen: Aiton baten eriotza (antzerkia) eta Zara (opera), besteak beste.
Errepublikazalea izan zen gaztetatik eta zenbait arazo ekarri zizkion horrek. Preso politikoa izan zen Ondarretako espetxean.[4]
Lanak
Operak
- Sentierak (1900). Eduardo Justo Mokoroaren musika. 1936tik aurrera Leidor izenburuarekin antzeztua.
- Zara (1913, E. López argitaldaria). Eduardo Justo Mokoroaren musika.
Antzerkia
- Aiton baten eriotza (bakarrizketa bertsotan), (1898, Euskalzale)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- «Arrese, Emeterio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
- «Fitxa» Tolosa Oroimena (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
- «Emeterio Arrese euskaltzale bidaiaria» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
- Egaña, Iñaki. (2012). Ondarreta, Gezalaren kartzela. Donostiako Udala eta Aranzadi Zientzia elkartea, 48 or. ISBN 978-84-938635-3-1. ISSN 1377-2012 SS 1377-2012..
Kanpo estekak
- «Emeterio Arrese», Literaturaren Zubitegia.
- Garmendia Larrañaga, Juan: "Emeterio Arrese", Oihenart. 15, 1997, 3-29 orr..