Emakumeen aurkako epaiketa Zaldibian (1646)


Ezkondu gabe seme-alabak hazten zituzten hamar emakumeren aurkako auzi bat izan zen, Zaldibian (Gipuzkoa) egindakoa, 1646ko ekainean. Kasu guztietan, bortxaketa baten, hautsitako ezkontza agindu baten edo, orobat, gizonezkoen indarkeriaren ondorioz zeuden emakumeak egoera hartan. Herriko alkate eta epaileak zigortu nahi izan zituen. Auziaren autoa edo agiria Ordiziako Udal Artxiboan gordetzen da.[oh 1]

Emakumeen aurkako epaiketa Zaldibian
Irudia
MotaEpaiketa
Denbora-tarte1646ko ekainaren 4a - 1646ko ekainaren 11
GaraiaAro Modernoa
KokalekuZaldibia
HerrialdeaEuskal Herria

Auziaren bilakaera

Alkatearen autoa

Juan Martinez Nazabal[oh 2] alkate eta epaile arruntak ireki zuen autoa, jakinik herrian bazirela «desegoki, bekatuan, eskandaluzko egoeran» ziren emakumeak; hori da, ezkondu gabe egonik, sexu harremanak izaten zituzten emakumeak. Garai hartan nagusi zen Eliza Katolikoaren begietara, egoera hori «iraingarria zen Jaungoikoarentzat, justiziarentzat eta halakorik ikusi behar zuten guztientzat». Horren ondorioz, agindu zuen informazioa biltzea eta ikerketa zabaltzea, 1646ko ekainaren 4an, errudun emakumeei behar bezalako zigorra ezartzeko xedez. Herriko hamar emakume izendatu zituen autoaren lehen orrian: Maria Arruitz Mendiola, Maria Albisu, Maria Bautista Agirre, Barbara Agirre, Maria Ana Mendiola, Maria Bartzelona, Maria Joanitz Iraola, Maria Gartzea Jauregi, Katalina Iztueta eta Margarita Eleizegi.

Lekukoak

Hurrengo egunean, ekainaren 5ean, herriko hiru lekuko deitu zituen deklarazioa egitera, hirurak gizonezkoak: Sebastian Aranburu,[1] Juan Aiestaran[2] eta Martin Agirre.[oh 3] Banan bana alkatearen aurrean deklarazioa eginik, hirurek aitortu zuten hamar emakume akusatuak ezagutzen zituztela, ezkongabeak zirela eta seme-alabak zituztela, bat edo gehiago.

Emakumeak espetxera

Lekukoen aitorpena jasota, akusatutako hamar emakumeak herriko espetxean preso sartzea agindu zuen alkateak, mehatxu eginez, ihes eginez gero, ondasunak bahitu eta hiru eguneko epea emango zietela kartzelan agertzeko. Ohartarazpen bat ere egiten zuen autoak: hiru egunen buruan espetxera sartu ezean, herrian ahoz gora esandako bando edo pregoien bitartez deituko zituzten, herri osoak jakin zezan.

Ekainaren 6rako, hamar emakumeak espetxean ziren, baina sartu bezain laster eskatu zuten jakitea zergatik izan ziren espetxeratuak, eta aske uztea edo, gutxienik, aitorpena emateko eskubidea.

Ez zituzten aske utzi, baina alkatearen aurrean deklarazioa hartzera deitu zituzten, banan bana, ekainaren 7rako.

Emakumeen aitorpenak

Auzian akusatutako hamar emakumeen aitorpenen laburpenak ematen dira jarraian.

Maria Arruitz Mendiola[oh 4]

1614ko abuztuaren 2an jaio zen, Zaldibian.[3] Itsasondoko Juan Iturriotzekin[4] 1642an izandako Lorentzo[5] semearekin bizi zen. Iturriotzek ezkonduko zirela zin egin omen zion Mariari, eta emandako hitza beteko zuen esperantzan, gogoz kontra izan zituen harekin harremanak. Semea izan eta denbora gutxira, Itsasondoko Mariana Urkiarekin ezkondu zen Iturriotz. Gerora ez omen zuen gehiago harremanik izan; ez Iturriotzekin, ezta beste inorekin ere. Maria Arruitz Mendiola 1662ko apirilaren 20an hil zen, Zaldibian.[6]

Maria Albisu

1617ko apirilaren 27an jaio zen, Zaldibian.[7] Pedro Zuntzunegi[8][oh 5] zaldibiarrarekin Katalina[9] alaba eta seme bat[oh 6] izan zituen, ezkontzeko aginduaren aitzakiatan. Semea jaio eta urtebetera hil zen Pedro Zuntzunegi.[10] Geroztik, ez omen zuen sexu harremanik izan beste inorekin. Maria Albisu 1647ko urtarrilaren 13an hil zen, Zaldibian, auzia amaitu eta sei bat hilabetera.[11]

Maria Bautista Agirre

1620ko apirilaren 26an jaio zen, Ordizian.[12] Tolosan neskame ari zela, sexu harremanak izan zituen Antonio Hernandosoro[13] tolosarrarekin, 1644an. Haurdun zegoela nabaritu bezain pronto, Zaldibiara itzuli zen, haurra izatera. Joan Martinez[14] semea 1645ean jaio zen, baina urtea bete aurretik hil zitzaion. Antonio Hernandosoro ezkongabea zen harremana izan zutenean, baina bi urte baino lehenago beste emakume batekin ezkondu omen zen. Maria Bautista Agirre 1676ko martxoaren 6an hil zen, Zaldibian.[15]

Barbara Agirre

1611ko urriaren 9an jaio zen, Zaldibian. Herriko Santa Fe parrokiako Martin Olano apaiz presbiteroarekin izandako sexu harremanen ondorioz, bi alaba zituen, Domenja,[16] 1633an jaioa, eta Katalina, 1641ean jaioa.[17] Beste seme bat ere izan zuen harekin, Martin[18] 1634an, baina jaio eta gutxira hil zitzaion. Azkenik, laugarren ume bat izan zuen 1644an, Juan Bautista,[19] baina auziak ez du argitzen hura ere apaizaren semea ote zen. Auzian deklaratu zuen apaizarekin zortzi bat hilabete hitz egin gabe zeramala, eta ez zuela sexu harremanik izan beste inorekin. Barbara Agirre 1681eko apirilaren 20an zendu zen, Zaldibian.[20]

Maria Ana Mendiola

1610eko maiatzaren 27an sortu zen Maria Ana Mendiola Irazusta, Zaldibian.[21] Hiru seme-alaba izan zituen Martin Loinaz[oh 7] zaldibiarrarekin: Martin,[22] 1639an jaioa; Santiago,[23] 1643an jaioa; eta Maria,[24] 1646ko martxoaren 30ean jaioa, hau da, auzia hasi baino bi hilabete lehenago. Martin Loinazek berarekin ezkonduko zela agindu zion arren, ez zuen emandako hitza bete. Auzian aitortu zuen aurrez beste gizon batekin izan zuela sexu harremana, haren izena oroitzen ez bazuen ere. Maria Ana Mendiolaren heriotza data zehatza ez dago jakiterik.[oh 8]

Maria Bartzelona

1615eko uztailaren 17an jaio zen, Zaldibian.[25] Alaba bat zeukan Martin Etxeberria Agirrerekin,[26] Maria,[27] 1646ko martxoaren 26an jaioa, hau da, auzia hasi baino hilabete batzuk lehenago. Auzian deklaratu zuenez, ezkontzeko asmotan omen zeuden oraindik, eta ez zuen harremanik beste inorekin.[oh 9] Maria Bartzelonaren heriotza data ez dago jakiterik.[oh 10]

Maria Joanitz Iraola[oh 11]

Ez dago argi jaiotza data.[oh 12] Auzian ematen diren azalpenen arabera, hiru seme-alabarekin bizi zen: zazpi eta hiru urteko alabak,[oh 13][28] eta hamahiru hilabeteko semea. Sebastian Aranburu[1] lekukoak azaldu zuen haietako bat Zaldibiako Santa Fe parrokiako apaiz presbiteroa izandako Juan Arruebarrenarekin[29] izandakoa zela, baina Maria Joanitzek ukatu egin zuen; hiru haurrak Lazkaoko Esteban Argintzanorekin[oh 14] izan zituela aitortu zuen. Hamar bat urte lehenago, beste alaba bat ere izan omen zuen Martin Aranburu[30] beasaindarrarekin, baina aitak kendu egin omen zion. Maria Joanitz Iraola 1680ko maiatzaren 4an hil zen, Zaldibian.[31]

Maria Gartzea Jauregi

1613ko abenduaren 1ean jaio zen, Zaldibian.[32] Juan Murua[33] herrikidearekin Maria[34] alaba bat izan zuen 1642an, baina jaio eta zortzi egunera hil zitzaion. Murua gizon ezkondua zen;[35] auzian Maria Gartzeak aitortu zuenez, «herritik aparte zegoen bide batean topo egin zuten gau bakar batean utzi zuen haurdun». Maria Gartzea Jauregi 1667ko abenduaren 9an hil zen, Zaldibian.[36]

Katalina Iztueta

1614ko martxoaren 19an jaio zen, Zaldibian.[37] Martin Etxeberria[38] herrikidearekin bi alaba[oh 15] izan zituen, Maria[39] 1640an eta Serafina[40] 1943an, baina lehena lau urterekin hil zen eta bigarren zazpi hilabeterekin. Ezkontzeko agindua eman ziolako izan omen zituen harremanak Etxeberriarekin, baina auziaren garaian bi urte omen zeraman harekin hitz egin gabe. Katalina Iztueta 1697ko maiatzaren 20an hil zen, Zaldibian.[41]

Margarita Eleizegi

1610eko urriaren 10ean jaio zen, Zaldibian.[42] Pedro Aiestaran herrikidearekin izandako Bizente[43] semearekin[oh 16] bizi zen. Beste haur bat ere izan omen zuen harekin, baina bigarrena jaio aurretik hil zitzaion. Auzian azaldu zuen ezkontza agindu ziolako izan zuela haurra Aiestaranekin, eta oraindik itxaropen horretan jarraitzen zuela.[oh 17][44][45] Margarita Eleizegi 1682ko maiatzaren 4an hil zen, Zaldibian.[46]

Auziaren emaitza

Aitorpenak egin ostean, auzipetutako hamar emakumeek idatzi bat aurkeztu zuten, sinatu gabea, ez baitzekiten idazten. Idatzian argudiatzen zuten arrazoi gabe izan zirela atxilotuak eta auzipetuak, eta aitorpenetan ere ez zela haiek zigortzeko ezer aurkitu.

Ekainaren 11n edo 12an, emakume guztiak aske utzi zituzten, baldintza jarrita epaileak espetxeratzeko erabakia hartuz gero, bila joan behar izan gabe aurkeztuko zirela epailearen aurrera.

Auziaren agiria

Auzi agiriaren azala, eskribauen izen-deiturekin.

Artxiboa

Zaldibiako hamar emakumeen aurkako auziaren agiria Ordiziako Udal Artxiboan gordetzen da, auzi historikoen atalean, auzi zibilen azpiatalean, 33. orri sortan, 18. zenbakiaz.[47]

Ezaugarri formalak

Agiriak azal orri bat du, non agertzen baitira liburuki berean biltzen diren hiru espedienteen eskribauen izen-deiturak; horien artean, auzi honen eskribaua izan zen Juan Lopitz Berastegirena.[48] Azal horren ostean, 25 orrialde ditu, jarraian idatzitakoak. Auziaren une edo gertakari bakoitzaren zatikiaren amaieran —auziaren hasiera, lekukoen adierazpenak, auzipetuen aitorpenak eta abar— eskribauaren sinadura ageri da; guztira, 16 zatikitan dago banatuta.[47]

Agiria aski ongi kontserbatua dago, paper orriak osorik daude, idatzitako eremu guztian. Antzematen da hezetasun arazo bat pairatu zuela, liburukiaren behe ezkerraldean.

Idazkera

Idazkera gotiko prozesal endekatuan dago idatzia agiria, letra etzanean, Aro Modernoan egin ohi zen gisan.[49]

Agiriaren zabalkundea

Agiri honen berri Mikel Urteaga ikerlariak eman zuen, 2022ko martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean.[50]

Bibliografia

Oharrak

  1. Mikel Urteaga ikerlariak aurkitu zuen Ordiziako Udal Artxiboan gordetzen den auziaren agiria. Horren berri eman zuen 2022ko martxoaren 8an Zaldibia.org webgunean argitaratutako «Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an» testuan. Hori izan zen artikulu hau idazteko oinarria.
  2. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan, Zaldibiako herriari dagozkion jaiotza agirien erregistroak 1606an hasten dira. Ziurrenik horregatik ez da agertzen Juan Martinez Nazabalen jaiotza agiririk.
  3. «Martin Agirre» izenaz ez da inor ageri, Zaldibian jaiotakoen artean, 1646an lekuko izateko adinaz.
  4. Emakume honen bataio izenaren grafia zalantzazkoa da. Mikel Urteagak «Maria Arroiz» izendatzen duen arren, bataio agirian «Mari Arroz», heriotza agirian «Maria Ruiz» eta semearen bataio agirian «Maria Ruyz» formak ageri dira. Artikulu honetan «Maria Arruitz» erabili dugu, Euskaltzaindiaren EODAren iturrietan oinarrituta.
  5. Mikel Urteagak «Zinkunegi» idazten du haren abizena, artxiboko agirian hala agertzen baita (Pedro de Cincunegui). Alabaina, bataio zein heriotza agirien arabera, «Zuntzunegi» (Çunçunegui) zeukan lehen deitura.
  6. Maria Albisuren semea, gutxi gorabehera 1636an jaioa, ez da ageri Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren bataio agirietan.
  7. Martin Loinaz izenaz ez dago Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan bataio agiririk, garai hartan jaiotakoen artean.
  8. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan, «Maria Mendiola» izen-deiturako zazpi emakume ageri dira, Zaldibian 1652-1699 bitartean hildakoen artean.
  9. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren arabera, hurrengo urteetan ez da ageri Maria Bartzelonaren eta Martin Etxeberriaren arteko ezkontzarik Zaldibian.
  10. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan ez da ageri Maria Bartzelonaren heriotza agiririk.
  11. Emakume honen bataio izenaren grafia zalantzazkoa da. Mikel Urteagak «Maria Juaniz» izendatzen duen arren, heriotza agirian «Maria Juaniz» eta alabaren bataio agirian «Maria Joaniz» formak ageri dira. Artikulu honetan «Maria Joanitz» erabili dugu, Euskaltzaindiaren EODAren iturrietan oinarrituta.
  12. Esan bezala, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan 1606tik aurrera daude jasota Zaldibiako jaiotza agiriak. Litekeena da, beraz, aurretik jaioa izatea Maria Joanitz Iraola.
  13. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan soilik Maria alabaren jaiotza agiria dago (ikus hurrengo erreferentzia).
  14. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan ez da halako izen-deiturak dituen inor ageri.
  15. Mikel Urteagak azaltzen du bi seme izan zituela, baina Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan diren jaiotza agirien arabera, bi alaba izan zituen Katalina Iztuetak.
  16. Mikel Urteagak dioenez, alaba batekin bizi zen, baina Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan Bizente semearen bataio agiria ageri da.
  17. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan dauden agirien arabera, Pedro Aiestaran izenekorik ez zen ezkondu Margarita Eleizegirekin, auziaren hurrengo urteetan. Izen bereko bi gizonezko ezkondu ziren, Zaldibian; ikus hurrengo bi erreferentziak.

Erreferentziak

  1. «Bataioa Sebastian Aramburu Barcelona» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  2. «Bataioa Joanes Ayestaran» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  3. «Bataioa Mari Arroz Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  4. «Bataioa Joannes Yturrioz y Otamendi Alço» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  5. «Bataioa Lorenço Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  6. «Heriotza Maria Ruiz Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  7. «Bataioa Maria Albissu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  8. «Bataioa Pedro Çunçunegui Aramburu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  9. «Bataioa Cathalina Albisu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  10. «Heriotza Pedro Çunçunegui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  11. «Heriotza Maria Albisu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  12. «Bautismo Maria Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  13. «Bataioa Antonio Hernandosoro Yriarte» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  14. «Bataioa Joan Martinez Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  15. «Heriotza Maria Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  16. «Bataioa Domenja Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  17. «Bataioa Cathalina Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  18. «Bataioa Martin Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  19. «Bataioa Juan Baptista Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  20. «Heriotza Barbara Aguirre» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  21. «Bataioa Maria Mendiola Yraçuçta» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  22. «Bataioa Martin Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  23. «Bataioa Sanctiago Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  24. «Bataioa Maria Mendiola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  25. «Bataioa Maria Barçelona» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  26. «Bataioa Martin Echeberria» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  27. «Bataioa Maria Barcelona» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
  28. «Bataioa Maria Yraola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  29. «Bataioa Joanes Arruebarrena» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  30. «Bataioa Martin Aramburu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  31. «Heriotza Maria Juaniz Yraola» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  32. «Bataioa Maria Jauregui Aramburu» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  33. «Bataioa Juan Murua» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  34. «Bataioa Maria Jauregui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  35. «Ezkontza Juan Murua» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  36. «Heriotza Mari Garcia Jauregui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  37. «Bataioa Catalina Yçtueta» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  38. «Bataioa Martin Echeberria» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  39. «Bataioa Maria Yztueta» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  40. «Bataioa Seraphina Yztueta» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  41. «Heriotza Catalina Iztueta» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  42. «Bataioa Margarita Eleyçegui Plaça» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  43. «Bataioa Viçente Eleycegui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  44. «Ezkontza Pedro Ayestaran, 1649» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  45. «Ezkontza Pedro Ayestaran, 1652» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  46. «Heriotza Margarita Eleycegui» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  47. (Gaztelaniaz) Euskadi Artxibo Historikoa, DOKUKLIK. «Zaldivia. Sobre el estado de amancebamiento en que viven algunas personas en ésta Villa y posterior prisión de algunas mujeres por éste motivo.» DOKUKLIK (Noiz kontsultatua: 2022-03-20).
  48. «Bataioa Joan Lopez Berastegui Alça» artxiboa.mendezmende.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-20).
  49. Ikus Eloísa Navajas Twose eta José Antonio Sainz Varela «Idazkera eta idatzitakoa», Arabako Agiritegi Zerbitzua.
  50. Ikus Mikel Urteaga «Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an», Zaldibia.org.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.