Emakume Pilotarien Elkartea
Emakume Pilotarien Elkartea (laburki, EPE) Hego Euskal Herriko 80 pilotari federatu inguru biltzen dituen elkartea da, palistek eta eskuzko pilotariek osatua. 2019ko ekainaren 29an sortu zen Azkoitian (Gipuzkoa), haren 1. batzarrean,[1] helburua izanik emakume pilotariei ordu arte izan ez zuten bultzada ematea, tradizioz gizonezkotzat jo izan den pilota kirolean ere berdintasuna bilatuz. Proiektuaren epizentroa emakume pilotariak dira.
Emakume Pilotarien Elkartea | |
---|---|
Datuak | |
Mota | elkartea |
webgune ofiziala |
2016tik aurrera emakumeen esku pilotak hazkunde nabarmena izan zuen Euskal Herrian. Erakunde, enpresa eta komunikabideen babesari esker, emakumezkoen kirol hori indarrez gizarteratzen hasi zen, egitura oraindik ahula bazuen ere. Paletako jokamoldeak, nahiz eta bertako pilotariak munduko hoberenak izan, ez du lortu izan eskuzkoaren adinako oihartzunik, eta are gutxiago neska puntistek.
Helburuak eta misioa
Elkartearen sorreran Azkoitian eman zen prentsaurreko jendetsuan, Patri Espinar eta Maider Mendizabal bozeramaileek adierazi zutenez, emakumeen pilota mundua arautu eta sustatu nahi dute, egituraketa ahula baitu. Gainera, protagonismoa eta ahots eman nahi diete emakumezko pilotariei, ordu arte bakarrik ikuskizunaren zati izan direlakoan.[2]
Berdintasunaren bidea bultzatu nahi dute pilota munduan, jarduera eta egitura profesional batera iristeko helburuarekin. Bestalde, oso ezagunak ez diren pilota modalitateak sustatzea du, halaber, helburuen artean, hala nola ezer hormako gomazko paleta, edo trinketeko paleta argentinarra.[1]
Ekintzak
Askotariko herrietan emakume pilotarien pilota jaialdiak antolatzen ditu: paletakoak eta eskuzkoak. Aurrerago zesta ere sartzea ez dute baztertu. Elkarteak pilotarien formakuntzan pauso handiak ematea bilatzen du, teknifikazioak sortuz, neskak trebatuz eta prestakuntza egoki bat bilatuz.
Asmoen artean, elkarteak lehiaketa egutegi egoki bat lortzea aipatu du, federazioekin eta klubekin lankidetzan arituz eta erakunde publiko eta pribatuekin hitzarmenak sinatuz. Neskentzako eta ikasleentzako ereduak sortu nahi ditu eta, beraz, ikastetxeekin batera lan egin nahi du, hitzaldiak eta ikastaroak antolatuz.
Erreferentziak
- SL, TAI GABE DIGITALA. (2019-06-29). «Emakumen Pilota elkartea (EPE), emakumeen pilota era duinago eta justuagoan egituratzeko taldea sortu dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
- «Emakume Pilotarien Elkartea jaio da, emakumeen pilota-mundua arautu eta sustatzeko asmoz» El Correo 2019-07-01 (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).