Ellen Gleditsch
Ellen Gleditsch (Mandal, Norvegia, 1879ko abenduaren 29a – Oslo, Norvegia, 1968ko ekainaren 5a) erradiokimikaria eta Norvegiako bigarren emakume irakaslea izan zen. Marie Curieren laguntzaile gisa hasi zuen bere karrera. Aitzindaria izan zen erradiokimikan: radioaren (Ra) semidesintegrazio periodoa (erdibizitza) zehaztu zuen, eta isotopoen existentzia frogatzen lagundu.[1][2]
Ellen Gleditsch | |||
---|---|---|---|
1926 - 1929 ← Virginia Gildersleeve (en) - Winifred Cullis (en) → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Mandal, 1879ko abenduaren 29a | ||
Herrialdea | Norvegia | ||
Heriotza | Oslo, 1968ko ekainaren 5a (88 urte) | ||
Hobiratze lekua | Vestre gravlund (en) | ||
Familia | |||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Osloko Unibertsitatea Parisko Unibertsitatea Yale Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | kimikaria eta unibertsitateko irakaslea | ||
Enplegatzailea(k) | Osloko Unibertsitatea (1929 - 1946) | ||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
Kidetza | Emakumeen Eskubideen aldeko Norvegiako Elkartea Norske Kvinnelige Akademikeres Landsforbund (en) | ||
Bizitza
1879an jaio zen Mandal hirian, Norvegian. Bere ikastaldeko notarik hoberenetakoak lortuta graduatu zen arren, unibertsitateko sarrerako azterketak debekatuta zeuden emakumeentzat bere garaian. Beraz, farmaziako laguntzaile gisa lan egin zuen; horrela trebatuta, kimika eta farmakologiako gradu ez-akademiko bat lortu zuen 1902an.[3] 1905ean, Eyvind Bødtker bere mentorearen laguntzarekin, unibertsitateko sarrera azterketa egin zuen, baina Parisen ikastea aukeratu zuen.[4]
Bere karrera farmazian hasi ondoren, erradioaktibitatea ikasten hasi zen Sorbonan, eta Marie Curieren laborategian lan egin zuen 1907tik 1912ra bitartean.[5] Lana oso espezializatua zen, eta inor gutxik osatu zezakeen. Bost urteko analisia egin zuen Curierekin, eta laborategia utzi ondoren ere itzuli zen, esperimentuak gainbegiratzeko. 1911n, zientziako lizentziadunaren gradua (frantsesez: licenciée en sciences) jaso zuen Sorbonatik, eta unibertsitateko irakaskuntzako postu bat eman zioten Oslon. Urtebete lan egin ondoren, Eskandinavo-estatubatuar Elkarteko emakume bati inoiz eman ez zaion lehen beka irabazi zuen, AEBn ikasteko. Hala ere, eskaera aurkeztu zuen bi ikastetxeetan atzera bota zuten eskaera hori.[4]
Nolanahi ere, Estatu Batuetara joan zen,[4] eta Bertram Boltwooden laborategian lan egiteko gai izan zen Yale Unibertsitatean.[5] Hor, radioaren (Ra) semidesintegrazio periodoa neurtu zuen, eta urte askoan erabili izan den neurri estandar bat sortu. Hasiera batean Yaleko Unibertsitatera sartzea eragotzi zioten zientzialarietako batek, Gleditschekin batera bi artikuluren egilekide izan zen, eta 1914ko ekainean Smith Collegek ohorezko doktoretza eman zion Gleditschi bere lanagatik.[4] 1913-1914an Osloko Unibertsitatera itzuli zen,[5] eta Osloko Zientzia Akademiarako hautatua izan zen bigarren emakumea bihurtu zen 1917an.[4] 1920ko hamarkadan, Ellenek zenbait bidaia egin zituen Frantziara, Curieri laguntzeko; eta Kornuallesa ere egin zuen bidaia bat, hango meategi bat ikertzeko.[6]
1919an, Norvegiako Emakumeen Elkarte Akademikoaren sortzaileetako bat izan zen, zientzia garatzearren eta emakume zientzialariek lan egiteko zituzten baldintzetan arreta jartzearren. Era berean, Gleditschek uste zuen zientzialarien arteko lankidetzak bakea bultzatuko zuela. Erakunde horretako lehendakari izan zen 1924tik 1928ra. 1920an, Emakume Unibertsalen Nazioarteko Federazioari batu zitzaion,[7] eta haren lehendakari izan zen 1926tik 1929ra,[8] emakumeei atzerritarrean ikasteko aukera emango zieten bekak emateko lan eginez.[7] 1929an, Ameriketako Estatu Batuetan zehar bidaiatu zuen, New Yorketik Kaliforniara, emakumeentzako bekak sustatzeko asmoarekin.
1929an Oslon irakasle izendatu zutenean, eztabaidak piztu ziren;[7] hala ere, 1930ean erradioaktibitatea aztertzeko talde bat sortzea lortu zuen. 1930eko hamarkadan, ingelesez, frantsesez, alemanez eta norvegieraz artikuluak ekoizten jarraitu zuen. Orobat, ikerketa zientifikoa sustatu eta jendarteratzeko irratsaio batzuekin kolaboratu zuen. 1930eko hamarkadan, Norvegiako erradiokimika laborategi bat zuzendu zuen, nazien erregimenetik ihes egiten zuten zientzialariek lurpeko laborategitzat erabiltzen zutena. 1939an, Lankidetza Intelektualerako Nazioarteko Batzordeko kide izendatu zuten; urte batzuk lehenago, Marie Curie ere batzorde horretako kide izana zen.[9] Bigarren Mundu Gerran, Norvegia naziek okupatuta egon zenean, zientzialariak ezkutatu zituen, eta bere etxea esperimentuetarako erabiltzen jarraitu zuen. 1943an, bere laborategian egindako sarekada batean, emakume zientzialariak mineral erradioaktiboak erreskatatzeko gai izan ziren; gizonezko zientzialari guztiak atxilotu zituzten.[4]
1946an unibertsitatetik erretiratu zen. Analfabetismoa amaiarazteko ahaleginetan, UNESCOrekin hasi zen lanean. 1949an, aktiboki inplikatuta zegoen lan batzordean. 1952an, bonba atomikoen erabilera kontrolatzeko lan egin zuen Norvegiako Batzordeko kide izendatu zuten. Urte horretan bertan, uko egin zion UNESCOri, Francoren erregimen faxistaren pean Espainia kide gisa onartu izanaren protesta gisa. 1962an, 83 urte zituela, ohorezko doktoretza jaso zuen Sorbonatik: ohore hori jaso zuen lehen emakumea izan zen.
Idazlanak
- (Marie Curierekin batera) (Frantsesez) Curie, Marie; Gleditsch, Ellen. (1908). «Action de l'émanation du radium sur les solutions des sels de cuivre» Le Radium 5 (8): 225–227. doi: . ISSN 0370-3223. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Frantsesez) «Sur le radium et l'uranium contenus dans les minéraux radioactifs», Comptes Rendus 148:1451 (1909).
- (Ingelesez) «Ratio Between Uranium and Radium in the Radio-active Minerals», Comptes Rendus 149:267 (1909).
- (Frantsesez) «Sur le rapport entre l'uranium et le radium dans les minéraux actifs», Radium 8:256 (1911).
- (Ingelesez) Gleditsch, Ellen. (1916-01-01). «The life of radium» American Journal of Science Series 4 Vol. 41 (241): 112–124. doi: . ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Ellen Gleditsch» Encyclopedia of World Biography. .
- (Ingelesez) Rayner-Canham, Marelene F.; Rayner-Canham, Geoffrey. (1997). A Devotion to Their Science: Pioneer Women of Radioactivity. Chemical Heritage Foundation ISBN 978-0-941901-15-4. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) Rayner-Canham, Marelene F.. (1998). Women in chemistry : their changing roles from alchemical times to the mid-twentieth century. Washington, DC : American Chemical Society : Chemical Heritage Foundation (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) «Ellen Gleditsch» Epigenesys.
- (Ingelesez) Lykknes, Annette; Kvittingen, Lise; Bøørresen, Anne Kristine. (2005-09-01). «Ellen Gleditsch: Duty and responsibility in a research and teaching career, 1916-1946» Historical Studies in the Physical and Biological Sciences 36 (1): 131–188. doi: . ISSN 0890-9997. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) Rayner-Canham, Marelene F.; Rayner-Canham, Geoffrey W.. (1997-05-28). Devotion to Their Science: Pioneer Women of Radioactivity. McGill-Queen's Press - MQUP, 73 or. ISBN 978-0-7735-6658-3..
- (Ingelesez) Lykknes, Annette; Kvittingen, Lise; BØrresen, Anne Kristine. (2004-12-01). «Appreciated Abroad, Depreciated at Home. The Career of a Radiochemist in Norway: Ellen Gleditsch (1879–1968)» Isis 95 (4): 576–609. doi: . ISSN 0021-1753. (Noiz kontsultatua: 2020-03-16).
- (Ingelesez) «Gleditsch, Ellen» Contributions of 20th Century Women to Physics (Kaliforniako Unibertsitatea Los Angelesen).
- (Frantsesez) Grandjean, Martin. (2018-06-15). Les réseaux de la coopération intellectuelle. La Société des Nations comme actrice des échanges scientifiques et culturels dans l'entre-deux-guerres. Université de Lausanne (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
Kanpo loturak
- (Ingelesez) Lykknes, Annette. (2005). Ellen Gleditsch: professor, radiochemist, and mentor. Doktorego tesia.