Elkarrekintza sinboliko
Elkarrekintza sinbolikoa soziologiaren teoria nagusietakoa da eta 1930eko hamarkadaren inguruan sortu zen Chicagoko Unibertsitatean. Lotura handia du mikrosoziologia eta gizarte-psikologiarekin. Bere sorkuntzan eragina izan zuten John Dewey-ren pragmatismo, John Watson-en konduktismo eta Georg Simmel-en soziologiak. Teoria honen oinarriak George Herbert Mead-en lanek, eta neurri apalagoan, Charles Horton Cooley-en eta W.I.Thomas-en lanek ezarri zituzten.
Herbert Blumer, Mead-en ikasle eta jarraitzaile, elkarrekintza sinbolikoaren terminoa 1937an finkatu zuen eta honela azaldu zuen: gizakiek gauzekiko edo besteekiko duten harremana beraien zentzu eta esanahian oinarritzen da. Esanahi hori gizarte elkarrekintzatik sortzen da, eta horri egiten zaion interpretazioak alda dezake[1].
Bi joera nagusien artean lehiatu da historikoki: psikologismoaren erredukzionismoa eta egituraren determinismoa. Bere oinarriak aktoreak, ekintza eta elkarrekintza, prozesu bezala ulerturik, izan dira.
Jatorri historikoa eta bilakaera
Elkarrekintza sinbolikoaren korrontearen oinarrian George Herbert Mead dago. Mead filosofiako irakasle izan zen Chicagoko Unibertsitatean baina soziologia doktoretzako ikaslea asko bere klaseetara etortzen ziren. "Ahozkotasun" hori apunteetan bildu zituzten ikasleek eta horri esker Mead-ek bere obrarik inportanteena argitaratu ahal izan zuen 1934, Mind, Self and Society: From the Standpoint of a Social Behaviorist [Adimena, nortasuna eta gizartea: gizarte-konduktista baten ikuspuntutik][1]. Izatez, Mead 1931n hil zen, eta beraz, ikasleengan izan zuen eragina erabakigarria izan bere ideien zabalpenean. Mead-en arabera, pertsonak gizartearen ekoizpenak zirela onartu arren, ekintzaileak eta sortzaileak ere bazirela defenditzen zuen.
Herbert Blumer gizarte-eraikitzailea zen eta Dewey-ren eragin zuzena izan zuen; hala, bere teoria fenomenologiatik asko du. Bere ustetan, "ekintzarik gizatiarrena, eta gainera, gehien gizatiartzen zuena, jendearen arteko solasa zen"[2]. Elkarrekintza sinbolikoaren teorian eragina izan zuten beste bi teoriko Yrjö Engeström eta David Middleton izan ziren. Hauek demostratu zuten elkarrekintza sinbolikoaren ikuspuntua oso eraginkorra zela komunikazio alorreko zenbait lan motetan: "epaitegi baten bistan, osasun zerbitzuan, software deseinuan, laborategi zientifikoetan, telefono bidezko salerosketetan, fabrikatutako sistemen kontrol, mantenu eta konponketan..."[3]. Teoria honi ekarpenak egin zizkioten beste aditu batzuk W.I. Thomas, Park, Lippmann, Horton, Cooley, Znaniecki, Baldwin, Redfield, eta Wirth izan ziren[4].
Oinarrizko ezaugarriak
Elkarrekintza sinbolikoaren alorra bereziki zabala da eta zaila gertatzen da modu bakar batean haren oinarriak finkatzea. Hala ere, zenbait elkarrekintzailek (Blumer, Manis eta Metz, Rose) teoria honen oinarrizko ezaugarriak zerrendatzen saiatu ziren[5]:
- Gizakiak gauzengan eragiten dute, hain justu, gauza horiei egozten dieten esanahia arabera.
- Esanahi hori, norberak bestearekin eta gizartearekin duen elkarrekintza sozialetik eratortzen da
- Esanahi horiek aldagarriak, errepikakorrak eta moldagarriak dira, pertsonek dituzten itxaropenen eta nahien arabera
Hala, ekintza esanahitik edo zentzutik abiatzen da lehenik, eta esanahia, pertsonen arteko egoeraren araberako elkarrekintzetan osatuz doa, partekatutako hizkuntza-sinboloetan oinarrituriko errealitate elkar subjektibo bati esker. Bigarren printzipio hori bat dator Mead-en pentsamenduarekin. Berarentzat, "esanahien unibertsoa gizarte-talde baten baitan kooperazio eta elkar egokitze prozesu baten bitartez jartzen da agerian"[6]. Baino hirugarren printzipioa da elkarrekintza sinbolikoaren ikuskera hobekien erakusten duena eta marko deterministak gainditzen laguntzen duena. Izan ere, interpretazio prozesu hermeneutiko hori da gizabanako bakoitzarentzat zentzu berrien sortzailea, eta horri esker, objektuen esanahia etengabe aldatzen joan daiteke. Gaitasun erreflexibo hori da, subjektuarentzat, eraikitze elkarrekintzailearen oinarria: gizabanakoak bere ekintzak kontrolatzen ditu beragan eraginez, beti ere, bere egoera eta testuinguruaren arabera.
Metodologia
Elkarrekintza sinbolikoak, printzipio teoriko berriekin batera, ekarpen metodologiko batzuk ere egin zituen. Jakitun ziren mundu errealeko pertsonen ekintza eta elkarrekintzaren ikerketa zailtasunak agertzen zituela[7]. Hala, korronte honetako soziologoa saiakerak egin zituzten beren ikerketarako modelo propioak sortzen. Mota guztietako metodoak erabili arren, elkarrekintza sinbolikoaren soziologoek metodo kualitatiboak erabili zituzten, adibidez, parte hartuzko behaketa, bi aspektu aztertzeko: 1) gizarte-elkarrekintza eta 2) gizabanakoak berak. Parte hartuzko behaketari esker, ikertzaileak sinboloak eta esanahiak ulertu ditzake, Howard S. Becker-ek bere Art Worlds (1982) edo Arlie Hochschild-ek The Managed Heart (1983) lanetan erakutsi zuten bezala[8]. Beraien arabera, partaideekin hartu-eman estua izatea eta egunerako jardueratan erabat murgiltzea beharrezkoak ziren ekintzaren esanahiak , egoeren definizioak eta aktoreek egoeren eraikuntzan elkarrekintzan gertatzen diren prozesuak ulertzeko. Gertuko ukitu honek arazoak sor ditzake ikerlariaren eta behatua den taldearen baloreen inguruan. Kasu gehienetan, baloreak zeresana izaten dute ikerketa gaiaren aukeraketan, baina ondoren, ikerketa burutzen ari dela, ahalik eta objektiboen jokatu behar du ikerlariak. Hala, ikerketa sinbolikoaren ikuskera mikro-mailakoa da, eta beraz, gizakien arteko elkarrekintza oso gertutik behatzen du.
Soziologiaren hainbat azpiatalek elkarrekintza sinbolikoaren eragina jaso dute, hala nola, emozioen soziologia, desbiderapena, kriminologia, portaera kolektiboa, mugimendu sozialak, eta sexuaren soziologia. Elkarrekintza sinbolikoaren zenbait kontzeptuk zabalpena izan dute soziologoengan: egoeraren definizioa, lan emozioa, inpresioen maneiua, nortasun-ispilu irudia, eta osoko erakundeak.
Ikertzaileak
- Howard Becker
- Everett Hughes
- Robert E. Park
- Alain Pessin
Kanpo estekak
- Ritzer, G.: Teoría sociológica contemporánea. McGrall-Hill. Madril. 1993. 214 or.
- Griffin, Emory A. (2006). A First Look at Communication Theory. Boston: McGraw-Hill.
- Engestrom, Yrjo, eta Middleton, David: "Cognition and Communication at Work."
- Blumer, H. (1969) Symbolic Interactionism; Perspective and Method. Englewood Cliffs, NJ: Prentice-Hall
- Ritzer, G.: Teoría sociológica contemporánea. McGrall-Hill. Madril. 1993. 237 or.
- De Quieros, JM., eta Ziolkowski, M.: l'interactionnisme symbolique. Rennes. Presse universitaire de Rennes. 1994. 31 or.
- Ritzer, G.: Teoría sociológica contemporánea. McGraw-Hill. Mardril. 1993. 256. or.
- Marshall, G. (1998). "symbolic interactionism". A Dictionary of Sociology. Encyclopedia.com.2011-09-20an berreskuratua.