Elena Cornaro Piscopia
Elena Lucrezia Cornaro Piscopia (Venezia, Veneziako Errepublika, 1646ko ekainaren 5a - Padua, Veneziako Errepublika, 1684ko uztailaren 26a) veneziar filosofoa izan zen. Unibertsitate-titulu bat lortu zuen lehenengo emakumetako bat izateaz gain, 1678an munduan doktore-titulu bat lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, filosofia eremuan hain zuzen ere.[1][2]
Elena Cornaro Piscopia | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Venezia, 1646ko ekainaren 5a |
Herrialdea | Veneziako Errepublika |
Heriotza | Padua, 1684ko uztailaren 26a (38 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia |
Familia | |
Aita | Giovan Battista Corner |
Leinua | Cornaro etxea |
Hezkuntza | |
Heziketa | Paduako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | latina italiera greziera |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, filosofoa, teologoa, unibertsitateko irakaslea eta medic (en) |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijio-ordena | Beneditar |
Veneziako Errepublikako Giovanni Battista Corner (haren abizena italianizatuz «Cornaro») noblearen eta Zanetta Boni nekazariaren hirugarren alaba izan zen Elena. Haren gurasoak ez zeudenez ezkondurik hura edukitzerakoan, sasiko alaba zen eta beraz, veneziar legearen baitan edozein noble pribilegiorengandik bazterturik zegoen. Gurasoak 1654ean ezkondu ziren, baina familia osoaren egoera ez zen 1664ra arte hobetu, Giovanni Veneziako Procuratore di San Marco di Supra, hots, diruzain izendatu zuten arte.
1665ean Beneditiar ordeneko oblatu bilakatu zen, honi esker, itxialdi monastikoa saihestu zezakeen eta aldi berean mundu sekularrean parte hartzen jarraitu, honek eskaintzen zizkion askatasun eta ikasketekin jarraitzeko baliabideak izanik.
Biografia
Elenaren aitak, alaba zein inteligentea zelaz ohartu bezain azkar, ahal izan zuen modu guztietan babestu zuen haren hezkuntzarako aukera, garaiko irakasle hoberenekin ikasteko aukera eskainiz: Giovan Battista Fabris, San Luca elizako apaiza, eta Alvise Gradenigo, Marciana Liburutegiko liburuzaina, izan ziren haren grezierako irakasleak; San Marcoko Giovanni Valier kanonikoa izan zuen latineko irakasle. Carlo Maurizio Vota jesuitak irakatsi zizkion zientziako zenbait ezaguera eta Carlo Rinaldini, Pisako eta ondoren Padovako katedradunak filosofia irakatsi zion. Hebreera eta gaztelania Shemel Abroaf errabinoak irakatsi zizkion eta teologia Felice Rotondik, aurrerago Padovako Unibertsitatean irakasle bilakatu zena. Frantsesa eta arabiarra ere bazekizkien, honi esker «Oraculum Septilingue» titulua lortuz.
Haren erudizioagatik ezaguna egin zen Italiako jakintsuen artean, Elena 1669an Padovako Accademia dei Ricovradi-n, Zientziaren, Letren eta Arteen galilear Akademia, onartua izan zen eta ondoren, Erromako Accademia degli Infecondi-n, Sienako Accademia degli Intronati-n eta Bresciako Accademia degli Erranti-n. Elenaren ospea Italiatik kanpo ere zabaldu zen, adibidez, Darmstadt-eko kardinal Federicok 1670ean geometriako problemekin laguntza eskatu zion.
Unibertsitatea
Elenak Venezian teologiaren inguruko eztabaida publiko bat izan ondoren, bai grekeraz baita latinez ere, aitak Padovako Unibertsitateak teologiako doktoretza-titulua esleitzea nahi zuen; beste iturri batzuetan Carlo Rinaldiniren gomendioak jarraituz dio. Dena den, Gregorio Barbarigo, Padovako apezpikuak kontra egin zuen eta haren baimena funtsezkoa zen, Unibertsitateko sekretario zen heinean. Haren ustetan, «sekulako zentzugabekeria izango litzake doktore izendatzea emakume bat» eta honek «barregarri izatea mundu guztiaren aurrean» egingo luke. Aitak alabarengatik borrokatzen jarraitu zuen eta azkenean apezpikuak filosofian doktoretza-lortzea onartu zuen.
1678ko ekainaren 25ean, Elena Cornarok haren disertazioa defendatu zuen Padovako katedralean Unibertsitateko agintarien, fakultate guztietako irakasle eta ikasleen, veneziar senatari askoren eta Bolonia, Perugia, Napoli eta Erromako unibertsitateetako hainbat gonbidaturen aurrean. Ordubetez, Aristotelesen hainbat pasarte latineraz azaldu zituen. Padovako Unibertsitateko Medikuen eta Filosofoen Kolegioan onartua izan zen, baina emakume zenez, ezin zituen klaseak eman.
32 urte zituen Filosofiako doktoretza-titulua lortu zuenean, baina haren lorpenak ez zen bultzada bat izan emakumeen hezkuntza-eskubiderako, izan ere, 1732ra arte beste emakume batek ez zuen Italian honelako titulurik lortu; hura Laura Bassi fisikari boloniarra izan zen.
Elena Cornaro 1684ean hil zen, tuberkulosia dela eta. Santa Giustina Padovako basilikan lurperatua izan zen eta Padovako Unibertsitateak haren ohorez estatua bat eraiki zuen.
Kritikak primatuari
Zenbait iturriren arabera, beste zenbait emakumeek lortu zuten unibertsitate-titulua Elena Cornerrek baino lehen. Ezagunenen artean: Bettisia Gozzadini, zuzenbide kanonikoan doktore-titulua lortu zuen 1236an Bolonian; Costanza Calenda, medikuntzan doktore-titulua lortu zuen 1422an Napolin.
Lanak
- Lettera overo colloquio di Christo N. R. all'anima devota composta dal R. P. D. Giovanni Laspergio in lingua spagnola e portata nell'italiana, Venetia, Giuliani, 1669
- Helenae Lucretiae Corneliae Piscopiae opera quae quidem haberi potuerunt, Parmae, Rosati, 1688
Bibliografia
- Elena Lucrezia Corner, da Wikipedia, l'enciclopedia libera https://it.wikipedia.org/wiki/Elena_Lucrezia_Corner
- Elena Lucrezia Corner, en Wikipedia, la enciclopedia libre https://es.wikipedia.org/wiki/Elena_Cornaro_Piscopia
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) López, Alberto. (2019-06-05). «Elena Cornaro Piscopia, la primera mujer de la historia en recibir un doctorado universitario» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).
- (Gaztelaniaz) «La historia de la filósofa italiana que se convirtió en la primera mujer con un doctorado» BBC News Mundo (Noiz kontsultatua: 2023-04-12).