Eleberrigile

Eleberrigilea edo nobelagilea eleberri edo nobelak idazten dituen idazlea da. Horrek ez du esan nahi bestelako generoetan aritzen ez denik, baina oro har, eleberrigiletzat jotzen da, batez ere eleberria lantzen duen idazlea.

William Faulkner eleberrigilearen idazteko makina Oxforden.

Etimologikoki "eleberri" hitzetik dator eta hau eletik. Bestalde, "eleberri" hitza neologismoa da, euskaraz lehen aldiz 1950. urtean erabilia.[1] Eleberri hitza elezaharraren oposizioan sortu zen "novella" izendatzeko, nobela burgesiaren arrakastarekin lotutako genero berria baitzen.

Askotan eleberrigileentzat lehenengo nobela argitaratzea izaten da zailena. Muga hori gaindituta, batzuk obra luzea jorratzea lortzen dute eta, batzuetan, ospe handia lortuz gero, hori haien ogibide bihurtzea. Dena dela, orokorrean bestelako diru sarrerak behar dituzten pertsonak dira.

Generoaren ikuspuntutik genero eta estilo asko daude baina hori ez da kontuan hartzen pertsona bat eleberrigiletzat hartzeko, ezta haren lanen kalitatea ere.

Gaur egun, ohikoa da eleberrigile baten izenaren atzean lan-talde bat egotea. Horrelako joerak, batez ere, literatura komertzialaren munduan ematen dira, best-seller izango diren eleberrien ekoizpenetan, hain zuzen.

Eleberrigileak Euskal Herrian

Aditu askoren ustez Joan Antonio Mogel izan zen euskarazko lehen eleberrigilea, bere Peru Abarka (1802) lanarekin.[2]

Peru Abarka, gure lehen eleberria.

Izan ere, eleberrigilearen irudia, literatura txikia eta gutxi landua izateagatik, euskal literaturan dezente geroago zabaldu zen. Esan daiteke euskal eleberrigiletza XX. mendeko fenomenoa dela, batez ere 60ko hamarkadaren ondorengoa; aurretik izen solte batzuk besterik ez ditugu, eta guztiak profesionaltasunetatik at: Txomin Agirre, Joan Batista Elizanburu, Juan Antonio Irazusta... Laurogehiko hamarkada arte ez dugu ia eleberrigile profesionalik aurkitzen: Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, esate baterako.

Erreferentziak

  1. Ibon Sarasola: Euskal Hiztegia, Donostia:Kutxa, 1996.
  2. www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/50934.pdf

Ikus, baita ere

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.