Eldridge Cleaver
Leroy Eldridge Cleaver (Wabbaseka, Arkansas, AEB, 1935eko abuztuaren 31 – Los Angeles, AEB, 1998ko maiatzaren 1a) estatubatuar politikaria eta beltzen aldeko aktibista izan zen.
Eldridge Cleaver | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Wabbaseka, 1935eko abuztuaren 31 |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Frantzia Ameriketako Estatu Batuak |
Talde etnikoa | afro-amerikarra |
Heriotza | Pomona, 1998ko maiatzaren 1a (62 urte) |
Hobiratze lekua | Mountain View Cemetery and Mausoleum (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: prostatako minbizia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Kathleen Neal Cleaver (en) (1967ko abenduaren 27a - 1987) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Abraham Lincoln High School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, politikaria, eskubide zibilen aldeko ekintzailea eta rapist (en) |
Kidetza | Pantera Beltza Alderdia |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Alderdi politikoa | Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa |
Biografia
Hamabi urterekin atxilotu zuten lehenbizikoz, bizikleta bat osteagatik, eta askatasun aldiak izan bazituen ere, ondorengo 15 urteen parterik handiena erreformatorio eta kartzeletan eman zuen. Kartzelan zegoela, Malcolm X aktibistaren idatziak irakurri zituen, eta haren jarraitzaile sutsu egin zen.
Cleaverrek goi-ikasketak amaitu zituen, eta hainbat gizarte-kritika aztertzeari ekin zion: Ameriketako beltzen idatziak (Malcolm X, Du Bois, Richard Wright, James Baldwin) eta pentsalari komunista handienak (Marx, Lenin...). Hala hasi zen Cleaver Amerika zurian beltz izatearen kontzeptua biribiltzen.
1962an argitaratu zituen beltzen nazionalismoari buruzko lehen saiakerak Negro History Bulletin izenekoan. 1966an, baldintzapeko askatasunean atera eta berehalaxe (1965ean hil zuten Malcolm X), Huey Newton eta Bobby Sealerekin batera, Black Panther Party (BPP) edo Pantera Beltza Alderdia sortu zuen.
1968an argitaratu zuen Soul on Ice (Arima izotzetan) liburu autobiografikoa; bertan, Ameriketako beltzen egoera eta zurien arrazismoa salatzen zituen. Pantera Beltzen erradikalismoa zela eta, noiznahi izaten zituzten poliziarekin istiluak, eta hala, 1968ko apirilean, polizien aurkako tiroketa batean, zauritu egin zuten Cleaver. Berriro kartzelara ez itzultzearren, Kubara ihes egin zuen, eta ondorengo zazpi urteetan, herrialde komunistetan ibili zen: Sobietar Batasunean, Ipar Vietnamen eta Ipar Korean. Azkenean, herrialde komunistetako askatasun-faltagatik etsita («kartzela gogorarazten zidaten, ezin nuen eraman», esan zuen geroago), berriro kristau egin zen, 1975ean. Hurrengo urtean, Estatu Batuetara itzuli zen, eta 1.200 ordu herri-zerbitzuetan egitera zigortu zuten.
1986an, Alderdi Errepublikanotik Senaturako izenda zezaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. 1998ko maiatzaren 1ean hil zen, Los Angelesko ospitale batean.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eldridge Cleaver |