Eladio Zilbeti
Eladio Zilbeti Azparren (Iruñea, 1898ko abenduaren 4a - Etxauri, 1937ko urtarrilaren 16a) nafar politikari eta kirolaria izan zen, EAE-ANV alderdi abertzaleko kide eta sustatzailea eta, 1920an, Osasuna futbol klubaren sortzaileetakoa. 1937ko urtarrilaren 16an frankistek Etxauri inguruan fusilatu zuten. 2017ko irailaren 16an, Iruñeko Udalak, Osasunzaleen egunaren barruan, kale bat eta omenaldia eskaini zion Sadar futbol zelaiaren ondoan.[1]
Eladio Zilbeti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1898ko abenduaren 4a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Lehen hizkuntza | euskara |
Heriotza | Etxauri, 1937ko urtarrilaren 16a (38 urte) |
Heriotza modua | : bala zauria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta kirol-zuzendaria |
Kidetza | Eusko Abertzale Ekintza |
Bizitza
Eladio Zilbeti Azparren Iruñean jaio zen 1898ko abenduaren 4an. Sei anai-arrebetan zaharrena izan zen. Aita, Bartolomé, auriztarra zen, eta ama, María, Bizkarretakoa. Plus Ultra aseguru etxean aritu zen lanean, eta Tirren agentzia sortu zuen geroago. Oso gazterik hasi zen parte hartzen hiriko kirol, kultura eta politika jardueretan. Errate baterako, 15 urte bete baino lehenago, Iruña Football Club-eko ordezkaria zen.[2] 1920an, Osasuna futbol klubaren sorreran parte hartu zuen eta, zenbait ikerlariren arabera, berea izan zen taldeari euskarazko izen hori jartzearen ideia.[1] 1933an, EAE-ANV alderdi politiko abertzalean sartu zen.[2]
Nafarroako Oroimen Historikoaren Ondare Dokumentalaren arabera, 1936ko abenduaren 21 atxilotu zuten frankistek, eta Etxauri inguruko bide bazter batean hil zuten 1937ko urtarrilaren 16an. 38 urte zituen eta Joakina Sánchez Cayuelarekin ezkondurik zegoen. Fusilamenduaren aitzakia "Mugimenduaren aurka" egotea izan zen.[1]
Erreferentziak
- Gaur 83 urte fusilatu zuten Osasunaren fundatzaile Eladio Zilbeti. Euskalerria Irratia, 2020ko urtarrilak 17, Creative Commons BY-SA 3.0, euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-3).
- Matxin, Natxo. Eladio Zilbeti, un inquieto personaje de la Iruñea de principios de siglo XX. naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-3-3).
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Eladio Zilbeti ya cuenta con una calle en El Sadar, iruindarra.naiz.eus
- (Gaztelaniaz) Albin, Danilo Eladio Zilbeti, el fundador de Osasuna que Franco asesinó, publico.es