El Universal (Mexiko)
El Universal 1916an sortutako egunkari mexikarra da. Mexikon gehien saltzen den egunkarietako bat hain zuzen ere. Informazio orokorreko egunkaria da. “El Gran Diario de México” bezala izendatzen dute egunkari hau bertan. [1]
El Universal (Mexiko) | |
---|---|
Mota | Egunkaria |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | Gaztelaniera |
Argitaratze lekua | Av. Bucareli 8, Col. Centro, Cuauhtémoc, Ciudad de México |
Formatua | Formatu handia |
Gai nagusia | Interes orokorreko egunkaria |
Banaketa | |
Ekoizpen osoa | 285.000 ale |
Banatze-eremua | Mexiko |
Maiztasuna | Egunerokoa |
Historia | |
Ideologia | Demokratikoa |
Sortzailea | Félix Fulgencio Palavicini |
Zuzendaria | Juan Francisco Ealy Lanz Duret |
Editore-burua | David Aponte Hurtazo |
eluniversal.com.mx | |
Historia
1916ko urriaren 1ean sortu zen El Universal, Felix Fulgencio Palavicini ingeniariaren ekimenez. Egunkari berriaren helburua Mexikoko Iraultzan sortutako postulatuei hitza ematea izan zen, Kongresu Konstituziogilea hastear zegoenean. “Madero eta Motolinía” kalean, hiriburuaren erdigunean, egunkariaren lehen idazketa eta tailerrak kokatu ziren, Goss errotatiba batekin. Makina honetan inprimatu zen Mexikoko Estatu Batuetako lehen Konstituzio Politikoa 1917an.
Egunkariak Karta Magnaren postulatuak defendatu zituen eta herrialdearen berreraikuntza ekonomiko, sozial eta juridikoa indartzea proposatu zuen, autoritate zibilaren berreraikitzean; berme konstituzionalekiko atxikimenduan, adierazpen-askatasunean eta emakumearen berdintasun juridikoan oinarritutako ideario bat aplikatuz.
1921eko urtarrilean "El Gran Diario de México"-ren leloa hartu zuen [2]. Bere dinamismoak arratsaldeko edizio bat kaleratu zuen lehen egunkaria izatera bultzatu zuen: Unibertsitate Grafikoa, 1922ko otsailaren 1ean agertu zena. 20ko hamarkada horretan, idazketa eta tailerrak “Bucareli eta Iturbide” kaleetara aldatu ziren, hurrenez hurren. 1923ko apirilaren 14an, Felix Fulgencio Palavicinik egunkariaren Gerentzia eta Zuzendaritza Nagusia utzi zituen bere jarduera politikoan buru-belarri aritzeko. Miguel Lanz Duret izan zen kudeatzailea eta José Gómez Ugarte zuzendaria. Lehena hil zenean,[3] 1940an, Presidentetza eta Zuzendaritza Nagusia Miguel Lanz Dureten semeari eman zitzaion.
1969ko urriaren 23tik aurrera, Juan Francisco Ealy Ortiz lizentziadunak hartu zuen bere gain Lehendakaritza eta Zuzendaritza Nagusia. Orduan, kazetaritza eta teknologia etengabe hazten eta gainditzen hasi zen; berrikuntza prozesu bat, Mexikoko kazetaritzaren buruan jarri zuena. Ealy lizentziatuak egunkariaren edukiari buruz zuen proiektua oso argi izan zuen hasieratik: aniztasun ideologikoa, adierazpen-askatasunaren benetako adierazpen gisa, herrialde demokratikoago baten bilaketan. Ordutik, kazetaritza nazionalaren abangoardian mantendu da, irakurleei gizarteak eskatzen duen informazio egiazkoa eta egokia eskainiz.
Juan Francisco Ealy Ortiz lizentziadunak prentsak gizartearekin eta gobernuarekin zuen harremana duintzeko borrokan hartu zuen neurri garrantzitsuetako bat 1990etik aurrera zirkulazio ordaindua ziurtatzea izan zen, eta, ondorioz, neurri hori hartu zuen lehen egunkaria izan zen Mexikon. 1996ko apirilaren 1etik, Interneteko erabiltzaileentzako zerbitzu-hornitzaile bihurtu zen. Orrialdea goizaldean eguneratzen zen, egunkariaren edizio bakoitzarekin. 1999an, Ealy Ortiz lizentziatuaren Lehendakaritza eta Zuzendaritza Nagusiaren 30. urteurrenean, egunkariaren diseinua aldatu zen, herrialdeko eta munduko egunkarien artean abangoardian mantentzeko. Berrikuntzen artean, lehen ataleko azalean eta orrialdeetan kolorea sartu izana nabarmendu zen.
Edukien azalpena
Paperezko edizioa eta edizio digitala duen hedabidea da.
Paperezko edizioari dagokionez, formatu handiko egunkaria da. Formatu mota guztien artean handiena da eta orrialde handiak ditu, 600 mm altu eta 400 mm zabal. Hainbat sail eta edizio ditu. Hizkuntza bakarra erabiltzen da hedabide honetan, gaztelania. Tokiko edizio desberdinak ditu; Oxaca. San Luis Potosí, Puebla eta Querétaron.
Hainbat dira bertan irakur ditzakegun gai eta sail azpimarratzekoak: Hauteskundeak, Nazioa, Mundua, Kultura, Gizartea edo Kirolak. Edizio digitalak sail guzti horiek ditu; gainera, bideoak edo edozein multimedia atal ikus eta entzuteko aukera dago. Multimedia arloa erabiltzen dute, Podcastak entzun ditzakegu eta minutuz minutuko konexioak ere bai. Bertan bideoak, audioak eta argazkiak ikus eta entzun ditzakegu. Aipatzekoa da harpidetza egiteko aukera dagoela eta beste hedabide batzuetan bezala bilatzaile bat dagoela edizio digitalean bilaketak errazteko. El Universal TV izeneko telebista kate bat ere badu, sare sozialez gain.
Ildo editoriala
Mexikoko ezkerrak egunkari honi hainbatetan leporatu dio gobernutik gertu dagoen ildo editoriala izan duela Mexikoko historiaren aldi garrantzitsuetan. 1968ko urriaren 3an, 1968ko Mugimenduaren "sarraskiaren" osteko goizean, "Tlatelolco, Campo de Batalla" izan zen egunkariaren goiburua, eta azpiburuetako batean zera zioen: "durante varias horas terroristas y soldados sostuvieron rudo combate". Horren aurrean, egunkariak erantzun hau eman du: «Harro esan dezakegu egunkariak behar bezala estali zituela 71 egun horietako gertaerak. Beharbada, garaiko bitarteko askok bezala, gobernuaren hitzean gehiegizko konfiantza izanik, baina zintzotasunez».[4]
2017ko abenduaren 25ean, The New York Times egunkariak «using Billions in Government Cash, Mexico Controls News Media» izeneko artikulu bat argitaratu zuen, El Universal publizitatearen arloan gobernuaren diru-hartzailerik handiena zela adieraziz.[5]
Enpresa eta zuzendaritza
Hedabide honen enpresaren izaera juridikoa Kapital Aldakorreko Sozietate Anonimoa da: El Universal, Compañia Periodistica Nacional, S.A de C.V. Batez ere prentsa-sektorean aritzen den argitalpen-enpresa da.
Juan Francisco Ealy Ortiz da El Universal Kazetaritza Konpainia Nazionalaren lehendakari exekutiboa eta Administrazio Kontseiluko lehendakaria da; zuzendari nagusia ere bada. Editore nagusia David Guadalupe Aponte Hurtazo da, gerente nagusia Manuel Nolasco, editorea Victor Hernandez Angeles eta salmenta ordezkaria Liliana Linares Vega.
Prezio politika
El Universal egunkariak harpidetza digitalen plan bat abiarazi zuen. Harpidetza digital horien sustapen-prezioa hilean 69 pesokoa zela iragarri zuten 2020an. Trukean, ongi dokumentatutako erreportajeak eta elkarrizketak eskaintzeko konpromisoa dute, interes nazionaleko gaien muinera joateko. Horrez gain, hainbat dira egunkariak dituen harpidetza aukerak, prezio, sail eta iraupen ezberdinekoak.
Hedapena
El Universal-en edizio inprimatuaren tirada 180.000 alekoa da eta bere eguneroko irakurleek, batez beste, 285.000 ale batzen dituzte, Ipsos EGM aholkularitza-enpresaren arabera. 2013an, egunkariaren webguneak baieztatu zuenez, batez besteko 16 milioi bisitari baino gehiago zituen hilero, 140 milioi bisita orrialdean eta 4 milioi jarraitzaile Facebooken. El Universal Mexikon gehien irakurtzen den egunkaria da; hala adierazten dute Merkatu-ikerketako 2.0 Departamentuak egindako 2016ko Egunkarien Urteko Azterlanean.
Erreferentziak
- Requejo Rodríguez, Paloma. (2016-12-08). «La reforma constitucional del modelo de organización territorial español en el informe del consejo de estado de 16 de febrero de 2006» REVISTA IUS 2 (21) doi: . ISSN 1870-2147. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- «Padrón Nacional de Medios Impresos» pnmi.segob.gob.mx (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- (Gaztelaniaz) «Historia breve» El Universal (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- «eluniversal.com.mx ::: México 68» archivo.eluniversal.com.mx (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
- (Ingelesez) Ahmed, Azam. (2017-12-25). «Using Billions in Government Cash, Mexico Controls News Media» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).