El Mundo
El Mundo egunkaria, lehen El Mundo del Siglo XXI zena, egunero argitaratzen den eta ordaindu behar den egunkari espainiarra da. Espainiako bigarren egunkaririk salduena da El País-en ondoren. Bere egoitza nagusia Madrilen dago. Egunkariaren sorrera 1989ko urriaren 23an izan zen eta ordutik 2014ko urtarrilaren 30era arte zuzendaria Pedro J. Ramírez izan zen. Paperezko edizio orokorraz gain, tokiko edizioak ditu. Edizio ezberdinak argitaratzen dira Autonomia Erkidegoaren arabera (Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Valentzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Balear Uharteak etab).
El Mundo | |
---|---|
Mota | Informazio orokorra |
Fitxa teknikoa | |
Lehen zenbakia | 1989ko urriaren 23a |
Hizkuntza | Gaztelania |
Argitaratze lekua | Madril |
Formatua | tabloide eta Berliner (en) |
Argitaletxea | Unidad Editorial |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Espainia |
Maiztasuna | Egunero |
Historia | |
Ideologia | Neoliberalismo |
Sortzailea | Alfonso de Salas, Pedro J. Ramírez, Balbino Fraga eta Juan González |
Zuzendaria | Casimiro García-Abadillo |
Identifikadoreak | |
ISSN | 1697-0179 eta 1576-6969 |
http://www.elmundo.es/ | |
El Mundo-ren enpresa argitaratzailea Unidad Editorial Información General, S.L.U da, eta enpresa argitaratzaile honen jabea, Unidad Editorial SA da. RCS MediaGroup da talde honen akziodun nagusia, izan ere, akzioen %96aren jabea da. Prentsa italiarrean tirada handiena duen egunkaria (Corriere della Sera) kontrolatzen duen berbera da RCS MediaGroup.
Interneten online edizioa du, elmundo.es web orrialdean. Edukiak ez dira zehatz-mehatz paperezko edizioan agertzen diren berdinak, nahiz eta paperezko edizioaren bertsio digital bat egon badagoen, Orbyt izeneko kiosko birtualean salgai.
Online edizioak bere zuzendaritza eta erredakzio propioa ditu. 1995eko urrian jarri zuten martxan eta honetarako Mundinteractivos S.A. enpresa sortu zen, gerora, Unidad Editorial Internet, S.L izena hartu zuena (2008). Online edizioa doan izaten da eta etengabe gaurkotzen da. Era berean, 61 blog eguneratu eta 91 eguneratu gabe ditu, gaien eta edukien arabera antolatuak (2018). Interneten kontsultarako eskuragai egoteaz gain, elmundo.es PDA eta telefono mugikorren bidez kontsulta daiteke, WAP teknologiari esker.
Ildoa
El Mundo egunkariak bere ildo ideologikoa liberal gisa definitzen du. Beraien esanetan, egunkari aurrerakoia izatea dute helburu, garaiko sistema demokratikoaren defentsa eta askatasun publikoak bultzatuz eta Nazio Batuen erakundeak eta Europako Giza Eskubideen erakundeak bildutako eskubideak errespetatuz. Bere oinarri ideologikoan, eta beti ere beraien esanetan, gutxiengoen eskubideak defendatzea eta boterearen zapalkuntzen aurrean herritarrak defendatzea daude. Espainiako panorama politikoan kokatu behar bagenu, eskuinean kokatuko genuke, Alderdi Popularretik gertu, beronekin oinarri kontserbadoreenak konpartitzen ez baditu ere. Askotan leporatu zaion PSOErekin biziki kritikoa izatea, batez ere Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernaldian. Azken urteotan sortu diren eta indarra hartu duten alderdi politiko berrien aurrean, egunkariari Ciudadanosen aldeko jarrera hartzea egotzi izan zaio. Horrekin batera, oso zorrotza izan da Podemosekin.
Hedapena
Audientzia paperean
Paperezko edizio nazionalak, EGMk 2017ko hirugarren hiruhilekoan kaleratutako txostenaren arabera, 662.000 irakurle ditu. Irakurle horietatik 404.000 irakurle esklusiboak dira, hau da, ez dute informazio generaleko beste egunkaririk irakurtzen. Espainiako egunkari generalistak aztertuz gero, El Portal de Estadística-ren[1] arabera, bigarren irakurriena da Espainian El País egunkariaren atzetik (1.080.000 irakurle), bien artean alde nabarmena badago ere. EGM-k 2017an egunkarien audientzia datuen bilakaera argitaratu zuen. Datu horien arabera, El Mundo-k 2008an 1.025.000 irakurle zituen. Urte horretatik aurrera, eta 2010 eta 2012 urteetan izan ezik, irakurle kopurua modu jarraituan jaisten joan da gaur eguneko datuetara arte. 2008ko datuak eta gaur eguneko datuak alderatuz, El Mundo-k irakurleen %45 inguru galdu ditu. Difusioari dagokionez, OJDk 2016ko uztailetik 2017ko ekainera bitartean egindako txostenaren arabera, 101.207 ale banatzen dira egunero. Kopuru hori 117.941era igotzen da igandeetako edizioan.
Irakurleen profilari dagokionez, irakurleen %65 gizonezkoak dira eta %35 emakumezkoak, gehienak 41eta 64 urte bitartekoak, EGMren 2017ko txostenaren arabera. Irakurle gehien hiri handietan ditu egunkariak, %42 hain zuzen ere. Egunkaria irakurtzen dutenen %43k unibertsitate ikasketak dituzte. Irakurle erdiak baino gehiago (%52) gizarte maila ertain edo altukoak dira. Datu hauekin ondoriozta dezakegu irakurleen perfil nagusia, gizonezkoa, adin ertainerakoa, gizarte maila ertain-altukoa, hiri handietakoa eta unibertsitate ikasketaduna dela.
Audientzia online
Barne datuak kontuan hartzen baditugu, 2018ko urtarrilean Omniturek[2] emandako datuen arabera elmundo.es-ek 43.719.006 nabigatzaile ditu hilabetean eta horiek guztira 508.309.653 orrialde bisitatu dituzte. ComScore MMX Multiplataformak ateratako datuen arabera, 18.912.000 erabiltzaile bakar izan zituen 2018ko urtarriean.
Aipatutako ComScoreren datu hau oinarritzat hartuz gero, esan genezake mutliplataformetan El Mundo hilabetean bisitari bakar gehien hartzen dituen bigarren egunkari generalista dela Espainian, El País-en atzetik (19,77 milioi). Txosten beraren arabera, El Mundo egunkaria hirugarrena da mugikorretik hedabideak kontsumitzen dituzten pertsonen artean 15,4 milioi erabiltzaile bakarrekin.
ComScorek 2017ko abuztuan argitaratutako datuen arabera, 2014an, hilabetean 12 milioi bisitari bakar inguru jaso zituen El Mundo-k urtean zehar. 2015ean kopuruak gora-beherak izan bazituen ere, urte amaieran kopuru berdinetan mantentzea lortu zuen. 2016an, gorakada handia izan zuen eta hilabeteko 15 milioi erabiltzailera heldu zen. Goranzko joera hori, mantendu eta hazi egin zen 2017an eta 18 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen. Gaur egun (2018), ia 19 milioira igo da zifra. Orokorrean esan dezakegu, salbuespen puntualen bat kenduta, egunkariaren online audientziak goranzko joera duela.
El Mundo-k hilabetean online dituen erabiltzaile guztien artean, %51 emakumezkoak eta %49 gizonezkoak. 24 urtetik beherakoak %8, 25-34 artekoak %16, 35-44 artekoak %23, 45-54 artekoak %31 eta 55 urtetik gorakoak %2. Klase sozialaren arabera, %43 klase ertainekoak, %33 klase goi-ertainekoak, %11 klase behe-ertainekoak, %10 goi mailakoak eta %3 maila baxukoak. Honekin ikusten dugu, beraren irakurleak gehien bat emakumezkoa, adin ertainekoak eta klase ertainekoak direla gehien bat.
CIESek[3] Euskadin 2016an kaleratutako txosten orokorraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan inkestan parte hartu zuten 1.901.000 pertsonatik 31.000k baino ez dute El Mundo irakurtzen, hau da, %1,63 inguruk. Txosten beraren arabera, elmundo.es web orrialdera inkestatuen %3,73 sartzen da, hau da, gutxi gorabehera 71.000 pertsona.
Egitura eta taldea
El Mundoren enpresa argitaratzailea Unidad Editorial Información General SLU da, hau da, sozietate mugatu unipertsonala da. Era berean sozietate mugatu unipertsonal horren jabea, Unidad Editorial S.A da. Unidad Editorial S.A, Unedisa eta Grupo Recoletosek bat egin zutenean sortu zen, 2007an. Eta gaur egun Espainiako prentsa idatzian talde nagusienetako bat da. Talde hau %96an RCS MediaGroup-en jabetzakoa da. RCS MediaGruop Italiako talde editorial garrantzitsuena da eta liburuetan, egunkarietan, irratietan eta Interneten ditu negozioak. 1.464 langile ditu (2018).
Unidad Editorial S.A-ren zuzendaria Antonio Fernández-Galiano Campos da, eta zuzendari ordea Giampaolo Zambeletti.
El Mundoren talde mediatikoak, alegia Unidad Editorialek, prentsa idatzian publikatzen dituen egunkarien artean, hauek dira garrantzitsuenak: Expansión, Marca, Telva, eta Actualidad Económica.
Expansión:[4] 1987ko maiatzaren 27an sortutako ekonomiari buruzko egunkari espainiarra da. Prentsa ekonomikoan, egunkari hau 2008ko datuen arabera, liderra izan zen estatu mailan. 2007an Grupo Recoletosen RCS MediaGroupek erosi zuen, eta ordutik Unidad Editorialen parte da.
Marca: 1938ko otsailaren 16an sortutako kirol egunkari espainiarra. Manuel Fernández-Cuesta izan zen sortzailea eta gaur egun Juan Ignacio Gallardo da zuzendaria. Madrilen du egoitza nagusia eta 2017ko datuen arabera 413.252 ale / eguneroko tirada du (OJD). Estatu mailako ordaindu beharreko egunkarietan irakurriena da, 1.922.000 irakurlerekin, EGMren 2017ko txostenaren arabera.
Telva: 1963ko urriaren 2an sortutako aldizkari espainiarra, emakumeei zuzendua. Pilar Salcedo izan zen lehendabiziko zuzendaria, baina 2011tik geroztik Olga Ruiz da zuzendaria. 70eko hamarkadan indar handia eta influentzia handia izan zuen gizartean. Bertan elkarrizketatu izan dira punta puntako politikari, ekonomialari edota moda eta kultura munduko pertsona garrantzitsuak.
Actualidad Económica: 1958an sortutako aldizkari espainiarra, pentsamendu ekonomiko liberalaren defendatzailea. Madrilen du egoitza. Gaur egun Miguel Angel Belloso da zuzendaria eta 2007az geroztik da Unidad Editorialen parte.
Zuzendaritzan eta antolaketa
El Mundo hedabidearen zuzendaria Francisco Rosell da, 2017az geroztik. Hala ere, denboran gehien iraun duena Pedro J. Ramírez izan zen, 1989tik 2014rarte. Bera izan zen egunkariaren sortzailea eta zuzendaria, 2014ean Unidad Editorialeko gestoreek bota zuten arte. Orduan, egunkaria zurrunbilo moduko batean sartu zen eta bost zuzendari desberdin izan zituen hiru urtean. Zuzendari atxikiak Rafael Moyano eta Joaquin Manso dira informazioaren alorrean eta Ignacio Gil gehigarrietakoa (2018).
El Mundo-n zortzi sailburu desberdin bereiz daitezke: kiroletakoa, kulturakoa, gizartekoa, ikerkuntzakoa, , kroniketakoa, nazioartekoa, iritzietakoa eta infografietakoa. Horiez gain, arduradun bereziak daude baita ere ekonomiaren alorrerako, baita edizioaren itxierarako ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko edizioari dagokionez, 2005eko urriaren 9an abiatu zen. Gaur egun, egunkariak egoitza du Bilboko Iberdrola dorrean eta Josean Izarra da zuzendaria. 2016an burutu zen EREaren ostean, gaur egun ez du edizio propiorik Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala ere, orrialde batzuk eskaintzen zaizkio oraindik bertoko informazioari.
Negozio eredua
El Mundo egunkariaren diru iturri nagusiak honakoak dira: publizitatea, harpidedunak eta egunkarien salmentak. Sarrerak gainbeheran daude, horregatik gastuetan murrizketa handiak egin behar izan dituzte, baita mozketak ere. 2017an 300,5 milioi euroko diru sarrerak izan zituen, aurreko urtean baino %5.6 gutxiago. Publizitateak 143,8 milioi euro sartu zituen El Mundo egunkarian, aurreko urtean baino %11.2 gutxiago.
Orbyt kiosko digitalean El Mundo bezalako hedabideetan agertzen den informazioa edozein formatutara moldatzen da, alegia, tabletetara, mugikorretara edo ordenagailu portatiletara. Kiosko honetatik ere sarrerak jasotzen ditu El Mundo-k. El Mundo-k apustu handia egin du Orbyt kioskoaren alde. Kiosko digital honetan harpidetzeak hilabetean 7.99 euro balio du eta eguneko aleak ere eros daitezke. Astelehenetik ostiraleko ale batek 0.23 euro balio du eta asteburukoak 1.09 euro. Harpidetza mota honekin zure egunkaria edozein dispositibotan eskura dezakezu, gaueko 00:00tatik aurrera deskargatzea posible da. Gehigarrietara eta hemerotekara ere sar daiteke. Urteko harpidetza 80 eurokoa da (2018).
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Statista - El portal de estadísticas» Statista (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
- (Gaztelaniaz) «omniture» Analítica web (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
- «CIES Estudios de Mercado y Opinión» www.ciessl.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
- (Gaztelaniaz) «Expansión - Diario Económico e información de mercados» Expansión 2015-02-27 (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
Kanpo estekak
- El Mundo (Gaztelaniaz)