El Montecillo trikuharria

El Montecillo trikuharria Villabuena Araba herrian dagoen monumentu megalitikoa da. Menditxo batean kokatuta dago eta hortik datorkio izena. Jatorrizko egiturak aldaketak pairatu ditu eta, ondorioz, monumentua ez da bere osotasunean erakusten. Monumento multzo gisa babestuta dago.[1]

El Montecillo trikuharria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaVillabuena
Koordenatuak42°33′15″N 2°39′55″W
Map
Ondarea

    Aurkikuntza

    2009. urtearen amaieran Villabuenako bizilagun batek aurkitu zuen. Berehala, aurkikuntza hori aztertzen aritu ziren Javier Fernandez Eraso eta Jose Antonio Mujika Alustiza Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Arloko kideak.

    Deskribapena

    Ganbera sei ortostaroz osaturik duen galeria-hilobia da. Horiek gutxi gorabehera 2,50 x 2,30 metroko gune poligonala eratzen dute barrualdean. Korridoreko bi lauza kontserbatzen ditu, beherago daudenak, eta horiei esker dakigu 2, 5 metro luze dela eta 0,80 metro zabal, gaur egun ikusteko moduan dagoena Horren ingurumarian lur-tumulu bat eta harri handi batzuk daude, zeintzuek jatorriz hilobi-egitura osoa estaliko baitzuten, baina gaur egun oso aldatuta dago dena.[2]

    El Montecillo trikuharriko korridore hilobia bi mahastiren artean dago. Arabako Errioxan dauden beste zazpien antzeko ezaugarriak ditu. Deformatuta dago, eta duela gutxi sortu zen harri pilo batek estaltzen du. Korridorerako sarrera, bi lursailak banatzen dituen horma batek ezkutatzen du. Hor kokatuta egoteari esker, egoera onean iraun du gaur eguneraino.

    Tumulua hareharriz eta horien degradaziotik eratorritako hareaz osatuta dago. Ez da egitura simetrikoa; izan ere, mendebaldera luzatzen da, eta hegoaldera zein ekialdera desmuntatuta dago, ziurrenik mahastia egokitzeko lanetan. Zalantzarik gabe, azken mendeotan handitu egin zuten, toki hori soroetako harriak pilatzeko erabiltzean. Gainera, hareharri gainean finkatuta dagoenez, hezur arrastoak ia erabat desagertu dira.

    Indusketan aurkitutako materialak

    Ikerketa-lanetan, pieza garrantzitsuak aurkitu eta berreskuratu zituzten, hala nola giza hezurrak (tartsokoak), hortz zati batzuk eta gazte baten lepaorno bat. Bestelako aztarna arkeologikoak ere agertu dira: kanpai-formako bi zeramika-zati (baso batena bata, eta kazola batena bestea), terra sigillata hispanikoaren bi zati txiki, eta ikatz puska batzuk.

    Aurkikuntza horiek erabakigarriak izan ziren trikuharriaren ikerketan, berreskuratutako hezur hondakinetako bat C-14 bidez datatzeko erabili baitzen. Lagina Miamiko (Ameriketako Estatu Batuak) Beta laborategira bidali zuten, eta trikuharria Brontze Aroaren hasierakoa dela zehaztu zuten. Teoria hori bera sostengatzen dute Ciempozuelos motako kanpai formako zeramikazko ontzien zatiek; izan ere, beren egikeran, Kantabriako mendilerroko harpeetan estratigrafia egonkorrean aurkitutako beste batzuen oso antzekoa da. Horrek adierazten du trikuharria, gutxienez, Kalkolitoa eta Brontze Aroaren hasiera hartzen dituen aldi luze batean erabiliko zela, segur aski.[3]

    Erromatar zeramikaren zatiak aurkitu ziren burualdeko harlauzaren azpian, ganberaren barnean erorita. Horrenbestez, litekeena da egituraren kolapsoa garai klasikoaren ondoren gertatu izana, eta hain zuzen ere hil multzoa garai hartan arpilatu izana.

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.