El Correo
El Correo, lehenago El Correo Español-El Pueblo Vasco deitua, egoitza Bilbon (Bizkaia) duen gaztelaniazko egunkari bat da, Vocento Taldearen jabetzakoa. Eskualdeko hamar edizio ditu, horietatik sei Bizkaian. Hauek dira edizio horien eskualdeak: Bizkaia, Ezkerraldea, Eskuinaldea, Durangaldea, Uribe Kosta, Bilboko itsasadarra, Araba, Miranda Ebro, Gipuzkoa eta Errioxa.[1] Gaztelaniaz gehienbat argitaraturiko egunkaria da, baina euskaraz idatzitako artikuluak eta eranskinak ere baditu.
El Correo | |
---|---|
Mota | Egunkari orokorra |
Fitxa teknikoa | |
Hizkuntza | ia osoki gaztelaniaz, euskaraz artikuluak eta eranskinak |
Argitaratze lekua | Bilbo Euskal Autonomia Erkidegoa |
Formatua | tabloide |
Argitaletxea | Vocento Taldea |
Banaketa | |
Banatze-eremua | Bizkaia Araba |
Maiztasuna | Egunero |
Salneurria | Astelehenetik ostiralera: €1,60
Larunbata: €1,90 Igandea: €2,50 |
Historia | |
Ideologia | kontserbadurismoa, liberalismoa, espainiar nazionalismoa, konstituzionalismoa |
Zuzendaria | José Miguel Santamaría |
www.elcorreo.com |
El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariaren lehen alea 1938ko apirilaren 13an agertu zen. Bi argitalpenen arteko bat-egite baten emaitza izan zen: El Pueblo Vasco, Gabriel eta Emilio Ybarra de la Revilla anaiak 1910eko maiatzaren 1ean sortutakoa; eta El Correo Español, Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzarren Espainiako Falangearen eta Elkarte Tradizionalisten egunkaria.
1970ko belaunalditik, El Correo Euskadi Ta Askatasuna erakunde armatuaren jopuntuan egon zen. Terroristek hedabidearen instalazioen kontra hainbat alditan atentatua egin zuten. 1977an, garai hartan haren zuzendaria zena Javier de Ybarra y Berge bahitu, bere askapenaren truke dirutza eskatu eta lortutako diruarekin ados egon ez eta ETA (p-m)k erail zuen.
Araban eta Bizkaian ale gehien saltzen duen egunkaria da, merkatuaren % 75 erakartzen baitu. Gipuzkoan, 1947az geroztik El Correoren jabetzakoa da El Diario Vasco egunkaria, herrialde horretan ale gehien saltzen duena.
Hasieran mugimendu falangistaren egunkaria zena eskuineko ideologia moderatuagoetara bideratzen joan zen. 1990eko hamarkadan izena aldatu eta El Correo izena hartu zuen. Gaur egun Vocento komunikabide taldearen barneko egunkari nagusia da. Bi erredakzio ditu, bata Bilbon, bestea Gasteizen.
Historia
Fernando Ybarra, Emilio eta Gabriel Ybarra anaiek El Pueblo Vasco sortu zuten 1910ean, monarkia katolikoa defendatzeko. Egunkari apal eta motel samar bat zen, Luis Bellok zorrotzaren definizioa eman zion 1935ean: «Egunkari metalurgiko eta monarkiko bat, koroarekiko fedea berrituz jarraitzen duena eta irakurlerik gabeko egunkarien miraria bizi duena». Alabaina, 1936ko uztailean egunkariko tailerren konfiskazioari ihes egingo zion miraririk ez zen izan. Hortaz, hasiera batean Frente Popularraren propaganda egin zuen, eta abenduaz geroztik Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura egon zen.
Bilbo erori ostean, «Diario independiente» izan zena oihukarien eskuetara itzuli zen, ordukoan «Diario nacional» izenez. Lehen alea 1937ko uztailaren 6an argitaratu zen, El Correo Español. Diario de la Falange Española Tradicionalista y de las JONS izenarekin, espainiar falangisten erakunde horrek zuzenduta baitzegoen. Egunkaria inprimatzeko, EAJri desjabetutako Euzkadiren inprimategia erabili zuten hainbat urtez[2]. 1938an, agintaritza frankistak El Pueblo Vasco egunkariarekin batu zuen, eta hala, El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkaria sortu zen. 1945ean El Noticiero Bilbaino egunkaria erosi zuen, Alejandro Etxebarria eta Bergaretxe burges familien (besteak beste Luis Bergaretxe) jabetzakoa.
Alemaniak eta Italiak 1945ean Bigarren Mundu Gerra galdu ostean, Falange Española Tradicionalista erregimenarentzat oztopo bilakatu zen, eta hark pribilegioak murriztu zizkion, eta baita komunikabideetan zuen presentzia ere. Urte horretan, Manuel Etxebarriak 1875ean sortu eta Gerra Zibila arte egunero kioskoetan izan zen El Noticiero Bilbaíno egunkari bikainaren editore izan zen argitaletxea Administrazio Kontseiluan sartu zen.
Hasieran gerente eta 1951tik aurrera zuzendari moduan, El Correo Español‑El Pueblo Vascoren bilakaeran pertsona garrantzitsuena Alejandro Etxebarria izan zen, don Manuelen biloba, kazetari gisa El Noti-n eta Hierro arratsaldeko egunkarian hezia. Harekin hedapen handiko aldi bat zabaldu zen, 1945ean hasita, Arabako edizioa ateratzean –herrialdean bertako komunikabide baten indarraz errotuko zen– eta aurrerago Bizkaiaren aldameneko eskualde gipuzkoarretan, Miranda de Ebron eta Errioxan.
Enkante bikoitza medio, Bilboko taldeak Donostiako El Diario Vasco kontrolpean hartu zuen, 1949an, Espainian informazio orokorreko prentsan nagusi izango zen taldearen eraikuntzan lehen harria ipiniz: Grupo Correo, gaur egun ABCren jabe, eskualdeko hamabost egunkari, aldizkari ekonomikoak, prentsa amerikarrean eta agentzietan partaidetzak, irratiak, banaketa eta publizitateko enpresak, eta teknologia berrietan askotariko inbertsioak dituena.
Zenbait ekimen arrakastatsuri esker –hala nola txirrindularitzako I. Espainiako Bira antolatzea, hirurogeiko hamarkadan Sapisa Agentzia, geroago Colpisa, sortzea, edo 1965ean izara formatua utzi eta tabloide tankerako beste batez ordezkatzeko aldaketa iraultzailea egitea–, Correo prentsa espainiarrean erreferente bihurtu zen, herrialde mailan La Gaceta del Nortek nagusi jarraitzen zuen arren.
Diktadorea desagertzean, 1975ean, El Correok baldintza sozial eta politiko berrietara egokitzeko gaitasun handiagoa erakutsi zuen, eta Antonio Barrena nekagaitzaren zuzendaritzapean bere lehiakide zaharra atzean utzi zuen. Bi egunkari nazionalisten (Egin eta Deia) sorrerarekin beheraldi bat jasan ostean, egunero 100.000 aleren zenbaki magikoa gainditzea lortu zuen.
Euskal Herriko prentsan duen nagusitasuna 1982an islatu zen, erredakzioa informatizatzeko eta errotatiba aldatzeko berrikuntza teknologiko sakon bat eginez, eta Ezkerralde eta Eskuinaldean, Kostaldean eta Durangaldean eskualdeko edizioak atereaz.
Horren arrakasta informazio tokikoaren bidez irakurlearengana hurbiltzean datza, eta jatorrizko printzipioak jarraitzen dituen norabide editorial koherente batean (moderazioa eta autonomismoa) nahiz askotariko edukiak jasotzeko diseinu moderno batean.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «El Correo», Vocento.com.
- Cava, María Jesús. La prensa en Bilbao (1937). .
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) El Correoren webgunea