El Capitán Trueno

El Capitán Trueno 1956an Víctor Mora Pujadas gidoilariak eta Ambrós bezala ezaguna den Miguel Ambrosio Zaragoza marrazkilariak sortutako abenturazko komiki sail bat da. Espainiako komikiaren historiako arrakastatsuena da.

Avilan (Espainian) 2006an antolatutako Komikiaren Saloian jarritako murala.

Protagonista Capitán Trueno da, Hirugarren Gurutzadaren garaiko (XII. mendearen amaiera) Erdi Aroko espainiar zaldun bat. Bere lagunak ziren Goliath eta Crispínekin batera, eta, batzuetan, baita bere neskalaguna eta Thule uharteko erregina zen Sigridekin, bere justiziaren defendatzaile eta zanpatuen askatzaile izaera erakustea ahalbidetuko dioten abenturen bila zeharkatzen du mundua.[1]

Sorrera eta argitalpen ibilbidea

Erdi Aroaren generoa zein XVI eta XVII. mendeetako nabigariena aurretik ere esploratu zituzten espainiar marrazkilariek. Manuel Gago Garcíak (Gago bezala ezaguna) El Guerrero del Antifaz sortu zuen, Taifen erresumen garaian girotua dagoena, Iranzok El Cachorroren abenturak sortu zituen bitartean, Filipe III.a Espainiakoaren floten marinel ausarta. Lan hauek ez bezala, Capitán Truenok balore unibertsalagoak eta "mairua"ren edo amerikar kanibal basatien aurkako borroka sinplistatik urrunduak defendatzen ditu.

Capitán Trueno 1950eko hamarkadan jaiotzen da, garai horretan AEBetan eta Espainian Erdi Aroan girotutako abentura filmeak estreinatzen direlarik (Prince Valiant, Ivanhoe eta The Talisman kasu). Hauetan, ondoren Capitán Truenoren istorioetan oso antzeko moduan erreproduzituko diren elementuak agertzen dira. Esate baterako, Ivanhoen protagonista torneo batean armajantzi beltz batekin jantzia eta aurpegia ezkutuan duela agertzen da, bilduma ofizialaren lehen zenbakian (A sangre y fuego) gertatzen den bezala, non Capitán Trueno modu berean agertzen den Rikardo Lehoi Bihotzek antolatutako torneo batean.

Hasierako garaia (1959-68)

Bere lehen garaian, 1959 eta 1968 artean, Espainiako komikirik ezagun eta hedatuena izan zen, astero, gehienez ere 350.000 ale merkaturatuz. Garai hartan komikiarentzat hedatuen zeuden formatu barietateak erabiliz argitaratu zen, 1956tik ohikoak ziren komiki liburuak kasu, eta bestetik gazteentzako aldizkaria (El Capitán Trueno EXTRA, hau ere asterokoa, bi edo hiru zenbakitik behin abentura oso bat argitaratuz, frantziar-belgiar komikiaren antzera).

Era berean, pertsonaiaren arrakasta handiak lagunduta, bere abenturak hau ere Bruguera argitaletxeak argitaratua zen Pulgarcitoren erdialdeko orrialdeetan argitaratu ziren. Udako eta gabonetako oporretan urtero "Almanakeak" ere argitaratzen ziren, abentura oso autoamaitzaileak biltzen zituena, komiki liburuekiko eta gehigarriekiko independenteak zirenak. Inprimaketa (azal guztiak izan ezik, jada kolorean izan zirenak) zuri-beltzean edo bikoloretan izan zen lehen garai honetan. Kuadernotxoetako abenturak Bilduma Erraldoi formatuan lehen aldiz 1960ko hamarkadan bildu ondoren (zuri-beltzean), 1969tik aurrera hasi zen guztia, koadernoetako, Extretako, Pulgarcitoko orrialdeetako eta Almanakeetako lan guztia, koloretan berreditatzen (TRUENO COLOR). Argitalpen honek zenbait garai izan zituen eta oso arrakasta ezberdina 1970eko hamarkadan.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Cómo nació El Capitán Trueno - La reina bruja de Anubis. Ediciones B ISBN ISBN 84-406-2302-X..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.