Ekuador

Ekuador, ofizialki Ekuadorreko Errepublika[1] (gaztelaniaz: República del Ecuador, /reˈpuβlika ðel ekwaˈðor/ ahoskatua), Hego Amerika ipar-mendebaldeko estatua da, Ozeano Barearen ertzean dagoena. Iparraldean Kolonbiarekin du muga, ekialde eta hegoaldean Perurekin eta mendebaldean Ozeano Barearekin. 256.370 kilometro koadroko azalera du (Galapagos uharteekin batera),[2] eta 14.306.876 biztanle[2] 2010eko erroldaren arabera. Izena gaztelaniazko ecuador hitzetik datorkio, Lurraren ekuatorean baitago. Hiriburua Quito da. Sukrea da bertako txanpona.

Ekuadorko Errepublika
República del Ecuador
Ereserkia: Salve, Oh Patria (en) Itzuli
Goiburua: El Ecuador ha sido, es y será país Amazónico
("Ekuador, herrialde amazonikoa zen, da eta izango da")

Ekuadorko bandera

coat of arms of Ecuador (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaQuito
0°13′12″S 78°30′45″W
Azalera255.586,91 km²
Punturik altuenaChimborazo (6.263,47 m)
Punturik sakonenaOzeano Barea (0 m)
KontinenteaHego Amerika
MugakideakPeru eta Kolonbia
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika eta presidentzialismo
Ekuadorko presidenteaDaniel Noboa (en) Itzuli
Ekuadorko presidenteaDaniel Noboa (en) Itzuli
LegebiltzarraNational Assembly (en) Itzuli
Epai autoritateaNational Court of justice (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria16.938.986 (2022)
314.128 (2017)
Dentsitatea66,27 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa2,542 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak225.277 (2016)
Bizi-itxaropena76,327 (2016)
Giniren koefizientea47,3 (2020)
Giza garapen indizea0,74 (2021)
Ekonomia
BPG nominala103.056.619.000 $ (2017)
4.442.647.000 (2016)
BPG per capita6.273 $ (2017)
174 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa193.048.599.950 nazioarteko dolar (2017)
7.984.016.196 (2016)
BPG per capita EAPn11.612,045 nazioarteko dolar (2017)
317,335 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala−2,2 % (2016)
Erreserbak2.169.697.856 $ (2017)
−2.045.855.226 (2016)
Inflazioa1,1 % (2016)
−2,3 (2015)
Historia
1809Luz de América (en) Itzuli
1811Republic of Quito (en) Itzuli
1822Pichinchako gudua
1840
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+593
ISO 3166-1 alpha-2EC
ISO 3166-1 alpha-3ECU
Ordu eremua
Elektrizitatea120 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli eta NEMA 5-15 (en) Itzuli
Internet domeinua.ec
presidencia.gob.ec

Iparraldeko Andeek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute herrialdea. Sumendizko mendilerroa da: 70 sumendi daude, handienak Chimborazo (6.267 m) eta Cotopaxi (5.896). Andeen mendebaldean Guayaquilgo golkoa eta itsabazterreko zabaldia daude eta ekialdean Amazonia. Horrez gainera, Pazifikoan, kontinentetik 1.000 km-ra, Galapagos uharteak ere Ekuadorrenak dira.

Errepublika presidentzialista da. 1830ean lortu zuen independentzia, Espainiar Inperioaren eta Colombia Handiaren parte izan ondoren. Giza Garapen Indizea 0,695 da[3] eta biztanleriaren % 33,1 txirotasun mailaren azpitik bizi da[4].

Geografia

Sakontzeko, irakurri: «Ekuadorko geografia»
Ekuador satelite irudian.

Mugak

Ekuador Hego Amerikako ipar-mendebaldean dago. Iparraldean Kolonbiarekin du muga, ekialde eta hegoaldean Perurekin eta mendebaldean Ozeano Barearekin. Ozeano honetan, kontinentetik 1.000 kmra dauden Galapagos uharteak ere Ekuadorkoak dira

Eskualde naturalak

Ekuadorrek hiru eskualde geografiko nagusi ditu, gehi uharte eskualde bat Ozeano Barean:

  • La Costa (kostaldea), mendebaldeko zabaldiak dira, Ozeano Barearen ertzean kokatuak.
  • La Sierra (mendialdea), iparraldetik hegoaldera doan mendilerro garaia da, gehiengoa Andeak osatua.
  • El Oriente (ekialdea) Amazonas oihana hartzen du, herrialdearen eremuaren erdia baina biztanleen % 5 baino ez duena.
  • Región Insular (uharte eskualdea) Galapagoak hartzen ditu, lehorretik 1.000 km ingurura kokatuak.

Erliebea

Cotopaxi, Quitoren hegoaldean bertan, munduko sumendi aktiboenetakoa da. Chimborazo mendia (6.310 m) Lurraren erdigunetik urrunen dagoen puntua omen da, munduaren oboide itxura dela-eta (zabalagoa ekuatorean).

Klima

Nahiz eta estatua handia ez den, hainbat klima oso desberdin ditu, gehien bat garaiera desberdinek eraginda. Kostaldeak klima tropikala du, oso urtaro euritsuarekin. Andeetako mendialdean klima epela da, eta nahiko lehorra. Amazonasen arroak, mendien ekialdean, klima ekuatoriala du. Ekuatorean kokatua dagoenez, eguneko argi orduen gora-behera txikia du urtean zehar.

Historia

Ingapirca hondakin inkak, Cuenca ondoan.

Gaur Ekuador deritzon lurraldean, hainbat kultura bizi izan da K.a. 15.000 urtetik aurrera, agian K.a. 30.000 urtetik. Historiaurre garaia (espainiarrak iritsi baino lehenagokoa) lau aro nagusitan banatzen da: Paleoindioa (K.a. 3500 arte), Heziketa Aroa (K.a. 4500 eta K.a. 300 artean), Eskualde Garapenaren Aroa (K.a. 300 - K.o. 800) eta Integrazio Aroa (800 - 1534). Historiaurreko kultura nagusiak dira, besteak beste, Valdivia kultura (K.a. 3000 - K.a. 1500), Chorrera kultura (K.a. 900 - K.a. 300), La Tolita kultura (K.a. 600 - K.o. 400) eta Cañari kultura (400-1532).

Inken konkista baino lehen, zenbait herriren konfederazioak sortu ziren, hala nola, quitu edo caraqui (gero "Quitoko Erreinua" izen nahasgarriarekin ezaguna) edo cañari. 1450 inguruan, Tupaq Yupanki inkak lurralde hauen konkista hasi zuen, 30 urtetan burutua. Inken nagusitasunak ez zuen luze iraun, 1532 inguruan espainiarrek iritsi baitziren, urte batzuk lehenago Amerikaren Aurkikuntza gertatu baitzen. "Quitoko Erreinua" delakoan, Quitoko Entzutegia sortu zen. Hasiera batean Peruko Erregeordetzaren barnean zegoen, hiriburua Lima zela, baina Espainiako Inperioak garrantzia eta hedadura hartu ahala, Nueva Granada erregeordetza sortu eta bertakotu zen, hiriburua Santa Fe hirian zela.

San Francisco eliza, Quito.

Independentzia grina XVIII. mende amaieran piztu zen, Eugenio Espejo quitoarraren eta beste ilustratuen idatziekin. Lehen independentzia deiadarra Quiton izan zen, 1809ko abuztuaren 10ean, baina errepublika ez zen osatu 1822ko maiatzaren 24a arte, Pichinchako Guduaren ostean. Egun honetatik 1830 arte, Ekuador Kolonbia Handiako zati zen, banatzea erabaki zuten arte. Honen ostean, errepublikak garai zail eta ezegonkorra iragan zuen, Juan José Flores jeneralaren eta ondorengoen gobernuekin. XIX. mende amaieran, bi gizon antagoniko nagusitu ziren: Gabriel García Moreno, kontserbadorea, eta Eloy Alfaro, progresista.

XX. mendea nahiko ezegonkorra izan zen (57 presidente 1900dik) eta aldizkako gerrekin Peruren aurka (1941, 1981 eta 1995ean), muga gatazkak zirela-eta. 1998an Alberto Fujimori eta Jamil Mahuad presidenteek bake ituna sinatu zuten. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, halako gorakada ekonomikoa izan zuen, batez ere Amazoniako eskualdeetako petrolio ustiaketak zirela-eta. 1978tik aurrera, Guillermo Rodríguez Lara (El bombita) militarraren diktadura amaitutakoan, errepublikak demokrazia garai luzeena izan du, egun arte. Hala ere, 1990eko hamarkadako krisi ekonomikoak emigrazio handia eragin zuen (Espainia, Italia eta Estatu Batuetara batez ere).

Lehen urteak

Tupak Yupanki inka, 1615eko marrazki batean.

Ekuadorreko lehen biztanleak, dirudienez, ozeanoko punoko arrazakoak izan ziren. Jatorrizko taldeen artean, aipatzekoak dira karibeak edo araguak, jatorriz Antilletakoak direnak; txibtxak, maiak eta kitxeak, Ameriketako erdialdetik etorriak; kolla-araguakoak eta kitxuak, Peruko eta Bolibiako goi-ordokietakoak. Antolakuntza politikoari dagokionez, elkarteak zituzten, ayllu deituak. Ayllu bakoitzak bere totem edo jainkoa zuen, bere usadioak eta bere hizkera. Tupak Yupanki inkak XV. mendean hasitako Quitoko erreinuaren konkista, Huayna-Kapakek, haren semeak, burutu zuen, Quitoko biztanleen eraso gogorra gainditu ondoren. Baina lurraldeak ez zuen bake osorik izan Huayna-Kapak, Quitoko Konfederazioko Toa buruzagiaren alabarekin ezkondu zen arte. Ezkontza horretatik jaiotako semea izan zen Atahualpa. Era horretan eratu zen Tahuantisuyo edo inken inperioa; Ekuador Chinchasuyo edo iparraldeko eskualdea zen. Huayna-Kapak hildakoan, bitan zatitu zen inperioa: Quito Atahualparen esku geratu zen, eta Peru, Huaskarren esku.

Kolonia garaia

Pizarro espainiar konkistatzailea lurralde haietara heldu zenean (1533), Huaskar menderatu berria zuen Atahualpa atxilotu zuen Cajamarcan. Buruzagia hil ondoren (1553ko abuztuaren 29an), inperioa berehala desegin zen. Inka herria eta gainerako indiarrak menderatu ondoren hasi zen kolonizazioa; hiriak sortu ziren, eta espedizio berriei ekin zieten espainiarrek. Francisco de Orellanak adibidez Amazonetara jo zuen (1542ko otsailaren 12an). Ekuador Peruko erregeorderriaren mendeko lurralde edo gobernazio bat zen, hiru hiri nagusi hartzen zituena: Quito, Portoviejo eta Guayaquil. Eremu zabalak hartzen zituen hiri bakoitzak. 1563ko abuztuaren 29an, Filipe II.aren aginduz, gobernazioa errege auzitegi bihurtu zen. Peruko erregeorderriaren mende egon zen beti, baina lege arazoetan burujabea zen. 1718ko azaroaren 3an, auzitegia kendu egin zuten, eta Santa Fe de Bogotari lotu zitzaion, baina lau urte geroago berriro lehengora bihurtu zuten. Azkenik, 1739ko abuztuaren 20ko errege agindu batez, Granada Berriko erregeorderriaren manupean geratu zen Quitoko auzitegia.

Askatasunaren garaia

Ekuador izan zen, Ameriketako kolonien artean, askatasun asmoa azaldu zuen lehena, 1809ko abuztuaren 10ean Espainiako agintariak kendu eta Gobernu Autonomoko Batzarra eratu baitzen. Baina azkenetakoa izan zen askatasun osoa eskuratzen, 1822ko maiatzaren 24an lortu baitzuen burujabetza, Sucre jenerala zela gidari (Pichinchako Gudua). Egun horretatik aurrera, Simón Bolívarrek sortu zuen Kolonbia Handiko parte izan zen Ekuador, baina Askatzailearekin batera hil zen Kolonbia handia, Venezuela 1829an eta Ekuador 1830ean bereizi egin baitziren hartatik. Orduan jaio zen Ekuadorko Errepublika. Juan José Flores izan zen lehenengo lehendakaria (1830-1835, 1839-1845).

Azken urteak

Ekuadorreko estatuak gorabehera asko izan ditu politikari dagokionez, eta diktadura ugari izan dira. 1942az geroztik, Perurekin izandako gerraren ondoren (1941-1942), militarrek Velasco Ibarra jarri zuten aginpidean (1944); baina 1972an militarren estatu kolpe batek agintetik bota zuen. Guillermo Rodríguez Lara jeneralak hartu zuen aginpidea. Gobernu berriak bost urteko ekonomia plan bat aurkeztu zuen, nekazaritza eta industriarako batez ere. Urte horretan bertan hasi ziren lehenengo petrolio esportazioak, eta Ekuador Latinoamerikako petrolio esportatzaile nagusietako bat bihurtu zen. Petrolioak diru sarrerak eta inbertsio funtsak ugaritzea ekarri zuen, baina aldi berean, nabarmendu egin zituen aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak. 1976an Rodríguez Lararen ordez Alfredo Poveda Burbano almirantea jarri zuten agintean. 1978an erreferendum bat ospatu zen konstituzio berria onartzeko, eta handik urtebetera lehendakaritzarako hauteskundeak ospatu ziren. Jaime Roldós Aguilera izan zen irabazle. Garai horretan beste gatazka bat izan zen Perurekin, mugak zirela-eta, 1981ean amaitua. Handik gutxira Roldós presidentea hegazkin istripu batean hil zen eta Osvaldo Hurtado Larrea jarri zen buru.

1984an León Febres Cordero negozio gizona jarri zen haren ondorengo. Gobernu hark militarren zenbait matxinadari egin behar izan zien aurre; horien artetik nagusia 1987an izan zen; militarrek zenbait orduz bahituta eduki zuten presidentea, León Febres Cordero. Rodrigo Borja, Ezker Demokratikoa alderdikoa, aginpidera iritsi zenean, krisi ekonomiko larria bizi zen Ekuadorren. 1990ean indigenek Quitoko eliza bat hartu zuten eta horrela hasi zen indar hartuko zuen matxinada. Indigenek bi eskakizun nagusi egiten zituzten: lurren jabe izateko aukera batetik, eta bestetik, giza eskubideen errespetua. 1991n mila indigenatik gora Biltzarreko areto nagusian sartu ziren, 1990ean atxilotutako mila indigenen askatasuna eskatuz.

1992ko hauteskundeetan Sixto Durán Ballén irten zen garaile. Gobernu berriak programa berri bat jarri zuen abian; gobernuaren mendeko enpresak pribatizatzea eta egitura mugatzea zen proiektu haren oinarria; hori horrela izan zedin, laguntzak gutxitu egiten ziren, eta oinarrizko zerbitzuen prezioak igo. Legebiltzarreko oposizioa, Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa eta Langileen Fronte Bateratuak osatua, politika haren kontra agertu zen, pobretasuna eta langabezia nabarmen emendatu baitziren. Gatazka nagusia gizarte segurantza, elektrizitatea, telekomunikazioak eta petrolioa pribatizatu zituztenean sortu zen.

1994an, Galapagos uharteetako Isabel uhartean izan zen sute izugarri bat izan zen: 6.000 ha erre ziren eta dortoka erraldoien bizitza arriskuan egon zen. Gertaera horren ondoren lege bereziak ezarri ziren turismoa kontrolatzeko eta baita legez kanpoko arrantza kontrolatzeko ere. Ballén presidenteak, bestalde, 1964 eta 1973ko nekazari erreformak deuseztatu zituen 1994an (erreforma haien, bidez lursail handiak banatu ziren eta indigenei eta nekazari txikien artean). Deuseztatze hari erantzun nahian, Indigenen Konfederazioak hainbat herri eta hiritako bideak itxi zituen, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen; gudarostea bidali zuen gobernuak egoera kontrolatzera.

1995ean gatazka gehiago izan ziren Perurekin Cóndor mendilerroan. Durán Ballének larrialdi egoera ezarri zuen berriz, eta biktima asko izan zen. Urte horretan bertan, Kongresuak zenbait ministro eraman zuen auzitara diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik.

1996ko hauteskundeak Abdala Bucaram populistak irabazi zituen. Haren lehenego lana enpresaburuak eta finantza gizonak lasaitzea izan zen, haiek larrituta baitzeuden Bucaram-ek hauteskunde kanpainan pobreei agindu zizkien erraztasunak zirela-eta. Baina gobernuak egin zituen zerga aldaketak egoera larritu besterik ez zuten egin. Sindikatuek greba orokorra antolatu zuten; bestalde, prezioen igoera izugarriak onartu zituen, besteak beste, telefono tarifak % 1000 igo ziren, elektrizitatea % 300, gasa % 240 eta hiriko garraioa % 60. Legebiltzarreko gutxiengoak ez zuen onartu Bucaramen aginpidea. Hiru eguneko larrialdi egoeraren ondoren hiru egun horietan hiru lehendakari izan ziren, Fabián Alarcónek legebiltzarraren eta gudarostearen babesa izan zuen. Plebiszitu batean lehendakari berriak babes handia izan zuen. Aldi berean, biltzar nazional bat osatu zen konstituzioa berri bat idazteko. Quitoko Gorte Gorenak Bucaram atxilotzeko agindua eman zuen —Panaman erbesteraturik zegoen—, ustelkeria salaketapean.

Rafael Correa lehendakaria, 2007an.

1998ko hauteskundeetan Jamil Mahuad kristau-demokrata atera zen garaile. Urte hartan bertan, Ekuador eta Peruko gobernuek hitzarmen bat izenpetu zuten bi herrialdeen arteko muga arazoak amaitzeko. Gobernuak hartutako neurri ekonomiko zorrotzak eta herrialdearen egoera larria zela eta,

1999ko martxoan Fronte Abertzaleak (Frente Patriótico) 48 orduko greba orokorra deitu zuen. Deialdeari erantzunez, gobernuak herrialde osoan hedatu zuen gudarostea. 2000. urtean ere herrialdeak ez zuen egonkortasun politikoa berreskuratu, eta gudarostearen zaintzapean egon zen. Urtarrilean, botere betearazlea, legislatibo eta betearazlearen erreforma eskatzen zuen mugimendu baten ondoren, estatu kolpea gertatu zen, indiarren eta gudarosteko ofizial talde baten ekimenez. Hilaren 21ean, 5.000 indiarrek Kongresua hartu zuten, bertan herri gobernu bat ezartzeko asmoz. Hasieran, gudarosteko buruzagi gorenak Jamil Mahuad lehendakari kristau-demokratari leial egon ziren, baina babesa ukatu eta kargua uzteko eskatu zion gero. Oro har, baina, herrialdea bakean egon zen. Egun hartan bertan, gauean, Batzorde bat eratu zen, kide hauekin: Ekuadorko Indiar Nazioen Konfederazioko lehendakaria, Defentsa ministroa, agintaritza osoaren buruzagia eta talde sozialen ordezkari bat. Probintzietako buruzagi militarren eta ofizial nagusien babesik gabe, Batzordea ordu batzuen buruan desegin zen. Hurrengo egunean, urtarrilaren 22an, errepublikako lehendakariorde Gustavo Noboak bere burua izendatu zuen lehendakari. Handik ordu gutxira, Kongresuak, Guayaquilen bilduta, karguan berretsi zuen lehendakaria. Egoerak baina ez zuen hobera egin, eta indiarrak berriro matxinatu ziren 2001eko otsailaren hasieran.

2002ko hauteskundeak Lucio Gutiérrez koronel erretiratuak irabazi zituen Partido Sociedad Patriótica alderdiarekin (eskuineko alderdia). 2005. urtean, ordea, Kongresuak kargutik kendu zuen Gutiérrez, matxinada handien ondorioz. Alfredo Palacio lehendakariordea izan zen ondorengo. 2006an Rafael Correa hautatu zen, alde handiarekin, 2007-2011 bitarterako lehendakari. 2007an Biltzar Konstituziogilea hautatu zen eta Konstituzio berria jarri zen indarrean.

2016an lurrikara batek eragin zuen hondamendi naturalik handiena 1949tik.

Gobernua eta administrazioa

Banaketa administratiboa

Sakontzeko, irakurri: «Ekuadorren banaketa administratiboa»

Ekuador probintziatan (provincia), kantoietan (cantón) eta parrokietan (parroquia) banatuta dago. Probintzia bakoitzak gobernadorea eta probintzia kontseilua (consejo provincial) ditu, demokratikoki aukeratuak. Kantoietan udal kontseiluak (concejo municipal) aukeratzen dira. Azken urteotan banaketa administratiboa aldatu da, Santa Elena eta Santo Domingo de los Tsáchilas probintziak sortu baitira. Denera, 24 probintzia daude.

Ekuadorren banaketa administratiboa
Zkia. Probintzia Hiriburua
1AzuayCuenca
2BolívarGuaranda
3CañarAzogues
4CarchiTulcán
5ChimborazoRiobamba
6CotopaxiLatacunga
7El OroMachala
8EsmeraldasCiudad Esmeraldas
9GalápagosPuerto Baquerizo Moreno
10GuayasGuayaquil
11ImbaburaIbarra
12LojaLoja
13Los RiosBabahoyo
14ManabíPortoviejo
15Morona SantiagoMacas
16NapoTena
17OrellanaFrancisco de Orellana
18PastazaPuyo
19PichinchaQuito
20Santa ElenaSanta Elena
21Santo Domingo de los TsáchilasSanto Domingo de los Colorados
22SucumbíosNueva Loja
23TungurahuaAmbato
24Zamora ChinchipeZamora

Demografia

Biztanleria

2016ko zenbatespenaren arabera, Ekuadorrek 16.080.778 biztanle zituen[2], 56,7 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. 2015ean biztanleen %63,7 hirietan bizi zen, Quito, Guayaquil eta Cuencan batez ere[2]. 2013an, biztanleen %25,6 pobreziaren mailatik behera zeuden[2]. Bizi itxaropena 76,8 urtekoa da, 73,8 gizonezkoena eta 79,9 emakumezkoena (2016ko zenbatespena[2]), eta ugalkortasun-tasa 2,22 haur/emakumeko da (2016[2]).

Banaketa etnikoa

Cotacachiko dantzariak.

Mestizoak (europarren eta indiarren nahasketa) %71,9 dira, montubioak %7,4, indiarrak %7, zuriak %6,1, beltzak %5,3 eta mulatoak 1,9%[2].

Hizkuntzak

Gaztelania da hizkuntza ofiziala; beste hainbat hizkuntza amerindiar ere hitz egiten dira, batez ere kitxua.

Erlijioa

2010eko datuen arabera, biztanleen %94,1 kristauak dira (gehienak katolikoak), eta %5,5 erlijiorik gabekoak[5].

Hiri nagusiak

Sakontzeko, irakurri: «Ekuadorko hiri nagusien zerrenda»

Hiri nagusiak, Quito hiriburuaz gain, hauek dira: Cuenca, Guayaquil eta Machala.

  1. Guayaquil: 2.286.302 biztanle.
  2. Quito: 1.650.034 biztanle.
  3. Cuenca: 328.838 biztanle.
  4. Machala: 253.932 biztanle.
  5. Santo Domingo: 236.247 biztanle.
  6. Manta: 214.188 biztanle.
  7. Portoviejo: 199.174 biztanle.
  8. Eloy Alfaro: 196.516 biztanle.

Ekonomia

Petrolio-hodiak Ekuadorreko basoa zeharkatzen.

Urteetan kakao ekoizle nagusietako bat izan da Ekuador, baina 1970. urtean ekonomia erabat aldatu zen, petrolio hobiak aurkitu baitziren. LPEEko kide egin zen eta Latinoamerikako bigarren petrolio esportatzailea bihurtu zen. 1980. urtetik aurrera, petrolioaren prezioen jaitsiera zela-eta, Ekuador ekonomia krisi larrian sartu zen, eta, horrez gainera, atzerriko zorra ere hazi egin zen. 1990. urtean, aldiz, nekazari gaien esportazioari esker, ekonomiak nolabaiteko gorakada izan zuen. 1992an LPEE utzi, eta pribatizatu eta liberalizatu egin zituen bere merkataritza harremanak. Petrolioari esker herrialdea modernizatu egin bada ere, ez du lortu azpigarapen egoeratik irtetea. 1998. urtean, ekonomia eta finantza krisi larrian sartu zen Ekuador berriz ere.

Lantzen diren lurrek Ekuadorko lurraren %10 hartzen dute; oso era tradizionalean lantzen dira, batez ere, Sierra eta Costa lurraldeetan. Bananak, azukre kanabera, artoa, arroza, patata, kafea, kakaoa eta zitrikoak dira gai nagusiak. Lore ekoizpena ere garrantzi handikoa da Ekuadorko ekonomian. Munduko balsa zura erreserba nagusietako bat dago Ekuadorren. Horrez gainera, mangle zura, ogiaren zuhaitza, kina, tagua eta kautxua ugari dira bertako basoetan. Galapagos uharteen inguruko uretan atuna eta langostinoak arrantzatzen dira ugari. Meatzei dagokienez, urre, zilar, berun eta zink meategiak daude Ekuadorren. Petrolio hobiak industriaren oinarri dira. Hobi horiek gobernuarenak badira ere, atzerriko enpresa handien esku dago horien ustiakuntza. Industria alor nagusiak nekazaritzaren ingurukoa, elikagaiak (edariak, batez ere), petrolioa eta tabakoa dira. Hala ere, esportaziorako industria alorrak, besteak beste, kimika eta papera dira. Industriagune nagusiak Quiton eta Guayaquil-en daude. Ekonomiaren liberalizazioak, inportazioak %25 eta esportazioak %13 igotzea ekarri zuen. Ekuadorrek Estatu Batuekin, eta Andeetako Hitzarmenaren kideekin (Txile, Peru, Bolivia, Kolonbia) ditu merkataritza harremanak.

Azpiegiturak

Aireportuak

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kirola

Ekuadorreko Itzulia, 1966tik egiten da baina urte batzuetan ez da ospatu.

Erreferentziak

Kanpo estekak


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.