Ekoturismo

Ekoturismoa, turismo ekologikoa, edo turismo berdea turismo tradizionalaren (edo masa-turismoaren) desberdina den turismo alternatiboaren (edo ekologikoaren) estiloa da. Bidaiatzen den ingurunearekiko arreta eta ardura duen turismo mota da, ingurumen-inpaktu txikikoa, tokiko naturaz eta kulturaz gozatu baina andeatzen ez dituena; haien kontserbazioa sustatu eta tokiko populazioren parte-hartzea eta onura sozioekonomikoa bilatzen du, eta nazioarteko giza eskubideak sustatzen ditu.

Bere gorakadaren ondorioz, ekoturismoa hazkunderik azkarrena eta mundu mailako turismo-merkatuko sektorerik dinamikoena bihurtu zen. Mugimendu hori 1980ko hamarkadaren amaieran agertu zen, eta dagoeneko lortu du nazioartean behar adina interes erakartzea, NBEk 2002. urtea turismo ekologikoari eskaini zion punturaino.

Nazioarteko Ekoturismo Elkarteak (TIES) ekoturismoa "ingurumena kontserbatzen duten eta bertako biztanleen ongizatea hobetzen duten gune naturaletara bidai arduratsu" bezala definitzen du . Benetako ekoturismoak zazpi printzipio hauek jarraitu behar ditu, bai zerbitzuak eskaintzen dituztenentzat, bai onuradunentzat:

  1. Jarduerak ingurumenean eta komunitatean sortzen dituen inpaktu negatiboak minimizatzea;
  2. Ingurumenarekiko eta kulturarekiko errespetua eta kontzientzia eraikitzea;
  3. Esperientzia positiboak ematea, bai bisitarientzat, bai anfitrioientzat;
  4. Zuzeneko finantza-onurak ematea kontserbaziorako;
  5. Tokiko komunitaterako finantza-onurak ematea eta erabakietan parte hartzea indartzea;
  6. Herrialde anfitrioietako giro politiko, ingurumeneko eta sozialarekiko sentsibilitatea sortzea;
  7. Giza eskubide unibertsalak eta lan-legeak babestea.

Esistentzia laburra izan arren, ekoturismoa garapen iraunkorrerako alternatiba bideragarri gisa ikusten dute hainbat talde kontserbatzailek, nazioarteko erakundek eta gobernuk. Zenbait herrialdetan, hala nola Costa Rica, Puerto Rico, Kenya, Madagaskar, Nepal eta Ekuador (Galapagos uharteak), turismo ekologikoak sektore turistikotik datozen dibisen diru-sarreren zati handi bat eragiten du, baita kasu batzuetan herrialdeko ekonomiatik ere.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.