Ekologismo
Ekologismoa, mugimendu ekologista edo mugimendu berdea ingurumena babestearen aldeko ideologia eta praktika politiko anitzen multzoa da, kutsaduraz, espezieen iraungipenaz, aldaketa klimatikoaz eta berotze globalaz, janari transgenikoaz, gune naturalen suntsitzeaz, eta gizakia eta natura batera erasotzen dituzten bestelako ingurumen arazoez arduratzen dena. Mugimendu ekologistaren jarraitzaileei ekologista deritze. Bi joera bereizten dira ekologismoan: ekologia politikoan, ingurumen-arazoen oinarrian egitura soziopolitiko bat dagoela baieztatzen da, eta arazo horiek gainditzeko politika eta ekonomia sistema berriak behar direla nabarmentzen; beste batzuek, ordea, ez dute horrela kritikarik egiten, eta, politika-gaietan sartu gabe, kontserbazionismo, ingurumenaren administrazio edo nola edo halako konponbiderako beste jardueretan aritzen dira soilik, ingurumen-arazoen azken funtsa planteatu gabe. Bi mutur horien artean, tarteko ikuspuntuak dituzten ekologistak daude. Ekologismoa ideologia bat izateaz haraindi, norberaren eguneroko bizimodua baldintzatu behar duen praktika multzotzat ere jotzen da, kontsumismoaren aurka, bere komunitatearekin elkartasunean, naturarekiko gizabanakoen arteko harreman berriak sortuz. Praktika hauek orokorrak ez badira ere, ekologismoa lelo moduan gizartean txertatu da eta horrela, XX. mendearen bukaeran europar eta ipar amerikar gehienek ekologistatzat jotzen zuten euren burua.
Ekologismoa XIX. mendean abiatu zen, Industria Iraultzak eta Ipar Amerikako lurraldeen ustiapenak berehala ekarri zituzten ingurumen arazoek bultzaturik. Baina hastapen haietan kontserbazionismoaren ikuspuntutik baino ez zen garatu, irtenbidetzat parke naturalen eta antzeko guneen sorrera bultzatzera mugatuta. 1960ko hamarkadan, berriz, ekologisten iritziz gizateriaren ongizate eta existentzia bera kolokan jartzen dituen hondamendi ekologikoaren mehatxuaren aurrean, ekologismoak kontsumo-gizartearen aurka jo zuen, gizarte mugimendu zabala sortuz. XX. mendearen amaieran, alderdi politiko ekologista edo alderdi berde anitz sortu ziren, gizarte-mugimendu gisa ere jarraituz.
Egun, gizarte aurreratuetan, kontzientzia ekologista nabarmen zabaldu da gizarteko sektore eta talde guztietara, indarrean den gizarte- eta ekonomia-sistemaren barnean betiere garapen iraunkorraren kontzeptua garatuz, besteak beste. Euskal Herrian, borroka ekologistaren mugarri garrantzitsua izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa, zentrala geldiaraztea lortu zuena. Egun, ekologismotik betiere, Abiadura Handiko Trenaren aurkako gizarte-mugimendu zabalak dihardu borrokan.
Pentsamendu ekologista
Mugimendu ekologistak hainbat pentsamendu-iturritatik edaten du eta bere baitan joera anitz biltzeagatik, hala nola ekoanarkismoa eta ekoteologia, nabarmendu da.[1] Ekologismoaren muturreko ikuspuntu bat ekozentrismo izeneko pentsamenduan oinarritzen da, zeinaren arabera baloreek eta ideologiak funtsa naturan izan behar duten, gizakiaren eta naturaren arteko bereizketa ukatuz, antropozentrismoaren aurka. Ekozentrismoak naturak berezko balioa duela aldezten du, gizakiarentzat duen erabilgarritasunetik at. Ekozentrismoaren interpretazio zorrotz batetik sortu da ekologia sakona izeneko joera ekologista.
Natura goretsi, lehenetsi eta aldezteko ekologismoak duen joera ekologia izeneko arlo zientifikotik abiatzen da alde batetik, zeina natura eta bertan bizi diren izaki guztiak beraien arteko harremanei begira aztertzen dituen. Ildo horretatik, natura bere baitan bizi diren izaki guztien batasun bat da, non guztiak garrantzi berekoak diren, ekosistemaren kontzeptuari jarraikiz.[2] Batasun honen aldarrikapen garbiena Gaia hipotesia da, non Lurra bera organismo bat dela baieztatzen den. Beste alde batetik, naturaren izpiritualtasuna eta misterioa ere hartu dira ekologismoaren iturritzat, mistika kosmikotzat,[3] zientziak naturaren izaera azaltzean duen erredukzionismoa ikusita. Natura gizakiak ukitu gabeko errealitatetzat ere irudikatu da ekologismoan, Arkadia lurralde baten gisara.[4]
Pentsamendu horren baitan, ordea, hainbat joera dago, batzuk naturarekiko harremanetan gizakia lehenestearen aldeko baitira, neurri bateraino behintzat. Alde horretatik, ekologismoan indibidualismoaren eta naturari buruzko holismoaren tentsioa gertatzen da. Ekologista batzuek Aro Modernoan garatutako indibidualismoa azken finean krisi ekologikoaren kausa dela argudiatzen dute, naturaren eta gizateriaren batasuna eta elkartasunezko gizarte bat aldeztuz. Krisi ekologikoaren gaia izan da askotan ekologistek argudiatu dutena naturaren alde eta sistema kapitalistaren aurka egiteko, batez ere 1970eko hamarkadatik aurrera: krisi ekologikoa larria eta hil ala bizikoa denez, premiazkoa da egungo sistemarekin haustura egitea.[5] Beste zenbaiten aldetik, helburua sistema ekonomiko jasangarria eratzea da, kontsumoan eta ekoizpenean beharrezko hobekuntzak eginez, sistema sozio-politikoa liberala aldatu eta gizarte aurreratuen ongizatea kolokan jarri gabe.
Horrela, zenbaiten ustez, ingurumenaren administrazioa[6] eta ekologismoa bereizi behar dira: haien ustez, administrazio-ikuspuntua ideologiarik gabea da, eta ez da ekozentrismoaren edo, behintzat, naturarekiko bestelako harreman baten aldekoa.[7] Ideologia politiko moduan, kapitalismoaren edo neoliberalismoaren aurka, jarduten duen ekologismoari ekologia politikoa deritzo. Ekologia politikoak, natura aldezteaz gainera, ideologia eta praktika politiko jakinak bildu ditu, hala nola tolerantzia eta demokrazia, antimilitarismoa, berdintasuna, tradizio eta feminismoaren ikuspuntu berezi bat (ekofeminismoa). Zenbaiten iritziz, planteamendu hauek naturaren ezaugarrietatik beraietatik eratorri da, hala nola naturako aniztasuna, interdependentzia, biziraupen luzea eta natura amatzat hartzen duen mitoa.[8] Gizakien esplotazioa eta zapalkuntza eta naturari egiten zaizkion erasoak lotuak daudela ere aipatu da, eta horrela, naturaren askapenerako borrokak gizakiaren eta herrien askapenaren aldekoa ere badela baieztatu da.[9] Arestian aipatutako programa ekologistak politikako ezker aldean kokatzen dituela badirudi ere, ekologistek beraiek ezker-eskuin (komunismo-kapitalismo) ardatzetik aparte kokatzen direla baieztatu izan badute, ordea, biak industrialismoan oinarritzen baitira. Areago, zenbaiten iritziz, pentsamendu ekologistak badu eskuineko ideologiarekin puntu komunak, gizakien borondatearen gainetik kokatu behar den orden natural baten existentzia eta belaunaldi anitzeko ikuspuntu bat besteak beste.[10]
Ekologismoaren historia
Ekologismoa edo ingurumenarekiko kezka Industria Iraultzak eragindako ondorio latzak direla eta garatu bada ere, ingurumenari egindako erasoak antzinatik geratu dira. Uraren eta egurraren erreketaz sortutako haize kutsadurak ezagunak dira historian zehar. XVI. menderako Europako eskualde asko baso-soiltze prozesu larri baten mendean zeuden eta Amerika eta beste lurraldeak konkistatuta natura baliabideen ustiapen gehiegizkoa gertatu zen kasu askotan eta espezie asko desagertarazi ere egin ziren horren ondorioz. Aro Modernoaren hasieratik mugagabeko hazkundeak ekar zitzakeen ondorioei buruzko kezka plazaratu zen, giza populazioaren mugagabeko hazkundeak ekarriko lukeen arriskuaz ohartarazi zuen Thomas Malthusen eskutik.
Industria Iraultza abiarazita, XIX. mendean, kezka ekologista areagotu egiten da. Henry David Thoreau filosofoak naturaren balio gizatiarraz idazten du, biologian ekologia kontzeptua sortzen da eta Estatu Batuetako gobernuak lehenengo lehenengo parke nazionala eratzen du, ikuspuntu kontserbazionista batetik. Kontserbazionismoa izango da ekologismoaren ardatz nagusia, naturaren babeserako elkarte pribatuek, gobernuek eta teknokraziak bultzaturik, 1960ko hamarkadara arte. Bitartean, industria eskualdeetan kutsadura arazoak larriagotu eta habitat naturalen suntsipena aurrera doa.
1972 urtean Hazkundearen mugak txostena argitaratzen da, non aurreikuspen oso negatiboak egiten diren Lurraren eta gizarte aurreratuen etorkizunari buruz, orduko hazkunde ekonomiko eta demografikoak bere horretan jarraitzen bazuen. Lehenengo aldia zen industria garapena, demografia, natura baliabideak eta garapena batera jartzen zirela, sistema ekologiko baten modura. Txosten honen ondoren, gizarteak eta botere politikoek ingurumenaren egoera larriaz jabetzen dira eta mugimendu ekologistak sortzen dira herrialde aurreratuetan 1968ko iraultzatik sortutako mugimenduen altzoan; Greenpeace erakundea ere 1971 urtean jaio zen. Borroka antinuklearra izango zen urte hauetako mugimendu ekologistaren kezka nagusia. 1986 urtean Txernobylgo hondamendia eta 1989 urtean Exxon Valdez petroliontziaren istripuak eragindako petrolio isurketa gertatu ziren, ingurumenaren arazoekiko kezka larriagotu egin zuena.
XX. mendearen bukaeran klima aldaketa bihurtu zen mugimendu ekologistaren kezka nagusia. Nazioarteko gobernuen aldetik Kyotoko protokoloaren sinadura egiten da 1997 urtean herrialdeei gas-isurketen mugak ezartzen dizkiena. Muga hauek, ordea, ez dira errespetatu eta klima aldaketaren inguruko kezka nabarmena da talde ekologista, zientzialari ta politikarien artean. Aldi berean, ideologia ekologista batekin antiglobalizazio mugimendu zabala sortzen da nazioartean nagusitzen ari den eredu neoliberalaren aurka, Lurra eta bere biztanleak arriskuan jartzen dituena.
Aktibismo ekologista
Pentsamendu ekologista 1960ko hamarkadan hasi zen gizartean eta politikan eragin zabala hartzen, aktibismo biziko gizarte mugimendu gisa funtzionatzen hasi denean. Mugimenduaren hedapenak ekologismoa pentsatu eta ekologismoari ekiteko modu zenbait sortu ditu geroztik antolakuntza-modu eta pentsamendu-joera ezberdinekin, hala nola politika eta boteretik at sortutako talde lokalak, azpiegitura erraldoi eta ingurumenaren aurkako eraso zehatzen aurka aritzen diren ad hoc taldeak, nazio eta nazioarte eremuko taldeak, alderdi politiko berdeak eta lobbyak sortuz. XX. mendearen bukaeran mugimenduaren instituzionalizazioa nabarmena da, pentsamendu ekologista alderdi politiko eta pentsamendu intelektual nagusian nola edo hala txertatuz. Aktibismo ekologista protesta hutsa edo eragile ekonomiko edo politikoak eragitea sinadurak bilduz, erreferendumak eskatuz, hedabideetan presentzia lortuz, besteak beste) izan dezake helburu nagusitzat. Azken hamarkadetan zehar, protesta hutsezko aktibismotik aktibismo konbentzional batera aldaketa izan dela baieztatu da, ingurumenaren aldeko eskakizunekiko persuasio politikoa eta hezkuntza lehenetsiz.[11]
Mota | Adibidea | Bereizgarria | Zeren aurka | Helburua |
---|---|---|---|---|
Naturaren kontserbazioa | WWF | Natura maite dute | Kontrolik gabeko garapenaren aurka | Naturagune birjinak |
Norberaren espazioaren defentsa (NIMBY) | Telefonia mugikorreko antenen aurkako bizilagunak | Auzoa | Azpiegituren eta kutsaduraren aurka | Bizi-kalitatea |
Kontrakultura, ekologia sakona | Lakabeko komunitatea | Komunitate berde eta askeak | Industrialismoaren, teknokraziaren aurka | Ekotopia |
Planetaren salbamena | Greenpeace | Nazioarteko ekintzaile berdeak | Kontrolik gabeko garapenaren aurka | Jasangarritasuna |
Politika berdea | EB-Berdeak | Kontzientzia berdeko hiritarrak | Establishment politikoaren aurka | Kontraboterea |
Kontserbazionistak
Kontserbazionismoa izan zen ekologismoaren lehenengo ikuspuntua. Natura gizakiaren eraginetik aparte mantentzearen alde, Estatu Batuetan sortutako Sierra Club, egun ere milioi batetik gorako bazkide biltzen dituena, izan da erakunde kontserbazionistetan aitzindaria, natura erreserbak bultzatuz. Egun, WWF edo Naturaren Aldeko Mundu Funtsa erakundea da mundu eremuko erakunde kontserbazionista handiena, animalien defentsan arituz besteak beste. Badira nazioarteko erakundeak nazio eremuko erakunde ofizial eta ez ofizialen elkarlan eta batasunaz sortzen direnak, IUCN edo International Union for Conservation of Nature and Natural Resources (Naturaren Kontserbazioarako Nazioarteko Batasuna, euskaraz) esaterako. Erakunde kontserbazionista global horien aurkako kritikak izan dira, ordea, herri indigenen aldetik, komunitateen beharrak kontuan hartu gabe lan egin eta natura gizakiarengadik isolatzea bilatzen dutelako.[13] Nazio eta herri eremuan ere badira talde kontserbazionistak, askotan animalia eta landareen defentsaz gainera horien ikaskuntza ere egiten dutenak. Euskal Herrian honako talde kontserbazionista hauek aipa daitezke: Itsas Enara Ornitologi Elkartea,[14] Izate Ingurugiroaren Taldea[15] Bizkaian eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea[16] Donostian. Aranzadi Zientzia Elkarteak ere natura espazioen kontserbaziorako kezka agertu izan du.
Mugimendu ekologista globala
Mundu osoan diharduten erakunde ekologisten artean, Greenpeace gobernuz kanpoko erakundea da oihartzun handiena duena. 1971 urtean sortua, energia nuklear, klima aldaketa, baso soiltze eta bestelako ingurumen arazo globalen aurka jarduteagatik nabarmendu da, tokian tokiko ekintzak ere burutzen baditu ere. Bere jarduera nagusiak ekintza zuzena, eragile politiko edo lobby moduan, ikerketa eta hedabideetan presentzia izaten dira. Antolakuntzan, enpresa, gobernu edo alderdi politikoen dirurik onartzen ez duela nabarmendu behar da, bere finantzak laguntzan oinarrituz. Friends of the Earth International erakundeak ere munduan milioi batetik gorako bazkide biltzen dituen erakundea da, jasangarritasunaren eta giza eskubideen alde. Earth First! taldeak ekologismo erradikalean eta ekoanarkismoan kokatzen da eta ekintza zuzeneko protestak egiteagatik nabarmentzen da.[17] Survival International munduko herri tribalen biziraupenaren alde lan egiten duen nazioarteko erakunde bat da, beraiek bizi diren ingurumenaren aurkako erasoak salatzen dituena, oinarrian erakunde ekologista ez bada ere. Internet sarearen zabalkuntzak aktibismo ekologista berria sortzea ahalbideratu du, globalizazioaren aurkako mugimenduaren baitan, modu autonomoago eta dinamikoago batez, G-8 eta G-20 biltzarren aurkako protesta handiak eta entzutesuak burutuz. Mugimendu berri hauek kapitalismoak lurra, herri eta gizakiaren aurka egiten dituen erasoak nabarmentzen dituzte.
Ekologismoa, bizimodua eta komunitate alternatiboak
Ideologia bat izateaz gainera, ekologismoak norberaren bizimodutik naturaren alde egiteko praktika multzo bat osatu du, proiektu ekologista egunerokoan gauzatuz. Bizikletaz ibili, janari biologikoak erosi, kontsumo arduratsua eta birziklatzea aktibismo ekologistatzat jotzen dira eta naturaren aurkako erasoak gutxitzen laguntzen dute. Arlo askotan praktika hauek nagusitu badira ere, krisi ekologikoa areagotu egin da munduan. Ekologista batzuek kontsumo berdea marketing estrategia bat besterik ez dela salatu dute. Zenbaiten iritziz, arazoa kapitalismoa bera da, mugarik gabeko ekoizpen eta kontsumoa bultzatzen dituena: produktuak berdeak izan arren, produktu hauen mugarik gabeko kontsumoa ezinezkoa da sistema mugatu batean. Horrela, gizarte jasangarri baterako, aldaketa sozio-politikoa ezinbestekoa da. Horretarako, komunitate ekologiko zenbait eratu dira 1970eko hamarkadaz geroztik, Europan eta Ipar Amerikan batik bat, hippie mugimenduaren ildotik. Ekologia politikoaren alorrean kokatzen diren komunitate hauek oso heterogeneoak dira: baserri buruaskiak zein hirietako eraikin okupatuak izan daitezke. Nolanahi ere, ezaugarri komunak izaten dituzte: jabetza kolektiboa, teknologia apaleko lana, kontsumo txikia eta ahal den neurrian buruaskia, birziklapena eta trukea, komunitateko lanaren errotazioa, hazkunde pertsonala, komunitateko bizitzaren garrantzia. Komunitate alternatibo hauen helburua utopia ekologista, sozial eta politikoa bizitzea da, baina gizarte zabaleko aktibismoan parte hartu ere egiten dute, hala nola borroka antimilitaristan edo azpiegitura suntsitzaileen aurkako borroketan. Egun, Lakabe herria da komunitate hauen adibide argia Euskal Herrian.[18] Hiriguneetan, gaztetxeak ere komunitate hauen parean koka daitezkeen taldeak dira. Nazioartean ere sare zabala osatu dute ekoherri horiek.[19] Komunitate hauen zabalkuntzak eta eragin soziala, ordea, oso mugatua izan da eta askotan bertako kideen bizimodurako alternatiba gisa soilik funtzionatu dute.[20]
Talde lokalak eta ad hoc borrokak
Auzoan edo herrian, ingurumenak jasaten dituen eraso jakin eta zehatzen aurrean, horiek geldiaratzeko antolakundeak eratu ohi dituzte auzokideek. Antolakunde hauetara aurrez kontzientzia ekologista zuten pertsonak zein hasiera batean ingurumenarekiko aparteko ardura ez zuten hiritarrak bildu ohi dira, erasoaren gehiegikeriak edo zuzenean eragin diezaiokeen kalteak bultzaturik. Mugimendu hauek lokalak izan arren ez dira lokalistatzat hartu behar, azken finean hiritarren eskubideak korporazio eta gobernu-erakundeen erasoetatik aldezten dituztelako, demokrazia lokala eta parte hartzailea bultzatuz.[12] Hala ere, mugimendu lokal hauetako batzuen toleskeria salatu izan da eta mespretxuz NIMBY edo «Not in my backyard» («Nire etxe ondoan ez») ezizena jarri zaie, azpiegitura edo instalakuntza kutsatzaileen aurkako jarrera euren bizitokitik gertu suertatzen direnean soilik salatzen dituztelako, euren status quo bakarrik defendatuz. NIMBY taldeen adibide bat telefono mugikorrentzako antenak euren bizitokitik gertu altxatzearen aurka sortzen diren protestak izaten dira: antena altxatzearen aurka daude, baina protestan ari direnek telefono mugikorrak erabiltzen dituzte eta antena beste toki batera eramatea bakarrik dute helburu, han ere beste auzokide batzuk kaltetzen badira ere.
Beste maila batean kokatu behar dira azpiegitura, kutsadura arazo edo ingurumenaren aurkako bestelako eraso zehatz eta jakinen aurka jarduten duten ad hoc plataforma edo elkarteak. Elkarte hauek talde ekologisten batasunaz sortu ohi dira, ingurumenaren aurkako erasoari erantzun koordinatu, zabal eta indartsua eman asmoz. Euskal Herrian anitz dira azken hamarkadetan modu horretan sorturiko plataformak, hala nola Leitzarango Autobidea, AHT edo erraustegien aurkako borrokak. Batzuetan, ordea, borroka bideratu eta irtenbideak eta botereekiko negoziazioak planteatzerakoan, eztabaidak eta desadostasun nabarmenak sortu dira plataforma hauen baitan.[21]
Alderdi politiko berdeak
1980ko hamarkadaren hasieran ordura arte mugimendu ekologistan eta bestelako gizarte mugimenduetan (feministak, esaterako) aritutako ekintzaileak politika instituzionalerako jauzia egitea erabaki zuten alderdi berdeak sortuz. Lehenengo alderdi berde garrantzitsua Alemanian sortu zen Die Grünen («Berdeak») izenpean eta geroztik lelo hori erabili dute Europan batez ere euren burua ezagutarazteko. Euren programa politikoan energia nuklearraren eta kutsaduraren aurkako jarrera, feminismoa, deszentralizazioa eta bakezaletasuna zeuden, besteak beste. Hasiera batean mugimendu-alderdi dikotomiari jarraiki jardun zuten, erradikaltasuna eta sistema barneko pragmatismoa eta erreformismoa uztartuz.[22] Dilema hori nabarmena izan da alderdi berdeen ibilbidean: alde batetik emaitza praktikoak lortzeko sartu ziren politikan, baina politika liberal instituzionalak negoziazioa eta akordioak eskatzen ditu emaitzak lortzeko, hasierako eskakizunak murriztuz. Ekologista hutsak («berde-berde») eta ezkertiar ekologista («gorri-berde») joeren arteko eztabaidak ere sortu izan dira alderdi berdeetan. Euren hauteskunde-ibilbidean, oro har eta udal eta eskualde-hauteskundeetatik haraindi, gutxitan gainditu izan dute %10eko botu kopurua, batzuetan koalizioan gobernua osatzea lortu badute ere.[23] Hala ere, XX. mendearen bukaeran ekologia-arazoak euren programetan sartzen hasi ziren alderdi tradizionalek ere eta alderdi berdeek euren berariazko nortasuna galdu ere egin dute, besteak bezalako alderdi bat bilakatuz.[12] Alderdi berdeen estrategiaren alternatiba gisa, lobbyak sortuz alderdi tradizionalei zuzeneko presio politikoa egiten dieten Greenpeace eta WWF erakundeak ageri dira. Hego Euskal Herrian, Euskal Herriko Berdeak eta, horren zatiketa batetik, Berdeak izeneko alderdi politikoak sortu ziren 1990eko hamarkadaren hasieran. Lehenengoak ibilbide politiko laburra izan zuen eta azkenean desagertu egin zen. Berdeak alderdia Ezker Batua alderdiarekin koalizioa osatu zuen hainbat urtez baina azkenean Berdeak alderdiak koalizioa uztea erabaki zuen, baina hala ere Ezker Batua-Berdeak alderdiak izen horrekin jarraitu zuen. Berdeak alderdiak 5531 botu (%0.54) lortu zituen 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Iparraldean Euskal Herriko Berdeak-Les Verts du Pays-Basque taldea Frantzia osoko Les Verts alderdi ekologistarekin konfederazioan aritzen da. Azken hauteskundeetan Europe Écologie batasun-zerrendak osatu eta %10etik gorako botu-portzentaiak lortu dituzte Iparraldean.
Zenbait istorio ekologista
Mugimendu antinuklearra
- Artikulu nagusia: «Mugimendu antinuklear»
Mugimendu antinuklearra teknologia nuklearraren aurkako aktibismoa burutzen duen gizarte mugimendu bat da. Arma nuklear, energia nuklear eta bestelako erradiazio artifizialen aurka dago. Mugimendu honetako jarraitzaileen ustetan, arma nuklearrek gizateria osoa arrisku larrian jartzen dute eta energia nuklearrak ingurumena eta gizakia erasotzen dituzte, sortutako hondaki erradioaktiboen eta gerta daitezke istripu nuklearren ondorioz. Mugimendu antinuklearra Hiroshima eta Nagasaki hirietako bonbaketa atomikoarekin abiarazten da, non hamar milaka pertsona hil ziren. Hasiera batean, bakezaleak, gobernu zenbaitetako ordezkariak eta bonbaketetatik bizirik irten ziren hibakusha izenekoak izan ziren arma nuklearren aurkako jarrera azaldu zutenak. Hala ere, garaiko Gerra Hotza dela eta mugimenduak ez zuen Munduko Bigarren Gerraren ondorengo urte haietan oihartzun handirik izan. 1954 hasitako esperimentuzko leherketa atmosferikoak, Hiroshimako leherketa baino mila aldiz indartsuago zirenak, kutsadura erradioaktiboa planeta osora zabaldu eta kezka ekologista piztu zuten publikoan.[24] Arma nuklearren aurkako aldarrikapen biziak egin zituen pertsonaia bat Bertrand Russell filosofoa izan zen; hasiera batean, ordea, intelektual eta zientzialari gutxi bildu zituen bere inguruan, garai hartan Mendebaldean bultzatzen ari zen antikomunismoa dela eta. Urteak aurrera joan ahala, gero eta mugimendu zabalagoa sortzen joan zen, pertsonaia ezagunek zein herritar arruntek osaturikoa, batez ere Japonian, Britania Handian eta Estatu Batuetan. 1950eko hamarkadatik burututako martxa, manifestazio eta protesta ekintza zabalek 1962 urtean Estatu Batuetako eta Sovietar Batasuneko gobernuek arma nuklearren saiakuntzak airean edo ur azpian ez egiteko ituna sinatzera bultzatu zuten,[25] gerora beste herrialde zenbaitek ere sinatu zutena. 1960ko hamarkadatik aurrera garatzen ari den energia nuklearraren aurka ere hasten dira mobilizazioak, zentral hauek sortzen duten erradiazioa eta hondakin erradioaktiboak eta gerta daitezkeen istripuak direla eta. Energia nuklearraren erabilera zibilaren eta arma nuklearren ekoizpenaren arteko lotura zuzena ere salatzen zen.
1970eko hamarkadan mobilizazio handiak izan ziren. Bilbon Lemoizko zentral nuklearraren eta beste proiektu nuklearren aurkako manifestazioak 200.000 lagun bildu zituen 1977 urtean, gizarte osoko talde eta erakundeak bilduz eta mundu osoan oihartzuna sortuz. 1983 urtean 600.000 lagun bilduz ziren Berlin Mendebaldean arma nuklearren aurka. 1979 urtean Three Mile Island uharteko istripu nuklearra gertatu zen Estatu Batuetan, herrialde horretako hiritarrengan arrisku nuklearrerako beldurra areagotuz. Urte haietanko beldur nuklearrak zineman ere izan zuen islada, The China Syndrome filme ezagunaren bitartez besteak beste. Horretaz gainera, Estatu Batuak nuklearraren aldekoak baziren ere, 1950eko hamarkadatik filme askok zabaldu zuten hondamendi nuklearrararen beldur milenarista bat Hollywoodetik,[26] bloke komunistaren beldurra zabaltzeko seguru asko. Ondorioz, mendebaldeko herritar askok babesleku antinuklearrak eraikitzeari eta guzti ekin zioten.[27] Literaturan ere izan zuen islada mugimendu antinuklearra: arma nuklearren aurkakoa zen Tolkienen Eraztunen Jauna liburuko eraztunak arma nuklearren boterea adierazten du. 1982 urtean, protesta antinuklear asko izan zituen Frantziako Superphénix erreaktorearen aurka misilak jaurtiki zituzten, gerora CCC talde armatuaren bitartez planifikatu omen zena, Ilich Ramírez Sánchez ekintzaileari esker. Ildo horretatik, bloke komunistan diskurtso bikoitza izan zen: kanpora begira, propaganda moduan mugimendu antinuklearraren aldekoak ziren, baina euren herrialdeetan energia nuklearra eta arma nuklearrak garatzen zituzten. 1985 urtean, Greenpeace erakundeak Frantziak Mururoa atoloian burutzen zituen saiakuntza nuklearren aurkako protesta egiteko bidalitako Rainbow Warrior itsasontzia lehergailuz erasotu zuten frantziar agente sekretuek eta horren ondorioz, pertsona bat hil zen. Agenteak atxilotuak izan ziren eta erasoak mundu zabalean oihartzun handia izan zuen.
1986ko Txernobylgo hondamendi larriaren ondoren borroka antinuklearraren argudioak frogatutzat jo bazitezkeen arren, borroka antinuklearraren gainbehera izan zen XX. mendearen bukaeran. Ekologismoaren ardatz nagusi izatetik bigarren maila batera igaro zen, mehatxu global berria aldaketa klimatikoa izanik. Bestalde, gobernu, erakunde eta teknokraziatik energia nuklearraren aldeko mezu berria zabaldu da: energia nuklearra garbiena da, klima aldaketa dakarren karbono dioxidorik sortzen ez duelako, energia segurua ere izateaz gainera, erreaktore berriak seguruagoak direlako eta oro har ere segurtasun neurri zorrotzagoak hartzen direlako.
Al Goreren egia deserosoak
Al Gore Estatu Batuetako lehendakariordea izan zen 1993-2001 urte bitartean. XXI. mendeko lehenengo urteetan aldaketa klimatikoaren mehatxuari buruzko mezu ekologista zabaltzeagatik da ezaguna. 2006 urtean An Inconvenient Truth («Egia deseroso bat») filme dokumentala plazaratu zuen mehatxu horren inguruan. Ingurumenaren alde egindako lanarengatik 2007 urtean Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen. Kooperazioaren Asturiasko Printzea izeneko saria ere jaso du. Aldaketa klimatikoaren aldeko ebidentzia zientifikoa orokorra bada ere, Al Gorek bere dokumentalean egindako baieztapenak oso kritikatuak izan dira, gehiegizko aurreikuspenak eta arinkeriazko loturak egiteagatik.[28] Oro har, zientzia baino, bere dokumentala erretorika hutsa dela salatu da zientzialari zenbaiten aldetik.[29] Ardurak ezartzerakoan, aldaketa klimatikoaren mehatxua guztion ardura delako aipamena ere kritikatua izan da, Estatu Batuen eta beste herrialde industrializatuen erantzukizun zuzena ezabatuz. Munduan zehar burutzen dituen kanpaina eta hitzaldien babesleak ingurumenari kalte nabarmenak egin dizkioten enpresak izan dira kasu batzuetan, ekologismoa eta planetaren salbamena marketing-marka moduan erabiliz. Bere jarraitzaileen artean ingurumenaren aurako erasoen erantzule zuzenak diren politikoak daudela ere salatu da. Ekologismoa negozio handia bilakatu du, berak ematen duen hitzaldi bakoitzeko 240.000 euro kobratzera iritsiz. Bere bizimodua ere oso kritikatua izan da, argindarrean hilabete bakar batean Estatu Batuetako batez besteko familia batek bi urtetan gastatzen duena xahutuz edo hainbat urtetan ingurumen arazo larriak eragin zituen zink-meategi baten jabea izatea, Estatu Batuen gobernuan izan zuen erantzukizun politikoaz gainera.[30][31] Oro har, bere jokaera faltsua ekologismoa indargabetu eta bere izen ona ezabatzeko erabili dela salatu da, ekologismo politikoak proposatzen dituen soluzio alternatiboak baztertuz. Bere estrategia, ordea, orokorra da, eta diskutso ekologistaren jabekuntza eta manipulazioa ohiko jokaera da. Enpresa multinazionalek marketing-tresna moduan erabiltzen dute mezu berdea eta botere politikotik jasangarritasunaren diskurtso ekoteknokratikoa zabaltzen da.
Euskal Herriko mugimendu ekologista
- Artikulu nagusia: «Mugimendu ekologista Euskal Herrian»
Euskal Herriko lehenengo mobilizazio ekologistak Bilbo Handian izan ziren 1960ko hamarkadan, bizilagunek pairatzen zuten kutsaduraren aurka. Horietako bat modu tragikoan bukatu zen Erandion 1969 urteko urrian bertako bi bizilagunek poliziak hil zituenean.[32] Baina Euskal Herriko mugimendu ekologistari sorrera eta bultzada eman zion mobilizazioa Lemoizko zentral nuklearraren aurkakoa izan zen. Zentral nuklearra 1972 urtean hasi zen eraikitzen eta 1984 geldiarazi zen, borroka luze baten ondorioz. Deba, Ispaster eta Tuteran aurreikusita zeuden zentralen proiektua ere bertan behera geratu ziren. Borroka antinuklear honen ezaugarri nagusia partaidetza zabala izan zen. Auzo elkarte eta udalbatz anitzek bat egin zuten mobilizazioekin. Hamar milaka lagun bildu ziren Lemoizeko zentralaren aurkako manifestazio, martxa, sinadura bilketa, itzalaldi eta desobedientzia zibileko bestelako ekitaldietan. Guztira 9 lagun hil eta zauritu anitz izan ziren zentralaren aurkako mobilizazioetan. Hildakoen artean poliziak hildako manifestariak, ETAkideak eta ETA erakundeak hildako zentraleko langile eta proiektuko zuzendariak zeuden. Zentrala geldiaraztearen garaipenaren ondoren, mugimendu ekologista NATOan sartzearen aurkako borrokara aldatu zen, Bardeako tiro eremuaren aurka borrokatuz adibidez, baina askoz ere indar txikiagoz.
1987 urtean Eguzki taldea sortu zen, borroka antinuklearreko taldeak eta bestelako talde ekologistak bilduz. Eguzki taldeak Euskal Herriaren nazio askapenerako eta masazko mugimendu gisa definitu eta ingurumenaren defentsa instituzionaletik at kokatu zuen bere burua.[33] Eguzkik mugimendu ekologista 20 hilabetez batzea bakarrik lortu zuen, 1989 urtean Eguzki banatzearen ondorioz EKI erakunde ekologista sortu bait zen, antolakuntzari eta ENAMeko erakundeekiko harremanari buruzko desadostasunak zirela eta. Eguzkik ENAMaren baitan jarraitu eta egun ere lanean dihardu eta EKI erakundea autonomoagoa eta ekologiaren ikuspuntu globalago batez jardun zuen eta 1990eko hamarkadan desagertu zen.
Urte hauetan Leitzarango Autobidearen aurkako mobilizazio handia garatu zen, talde ekologista anitz bilduz. Azkenean, ordea, garapen eta borrokari buruzko ikuspuntu ezberdinak sortu eta ibilbide alternatiboko autobidea eraiki egin zen, botere-erakundeek proiektuan ingurumen-hobekuntza teknikoak sartzearen alde zeudenekin negoziatu ondoren. Amaierara arte jarraitu zuten borrokan Autobidearen aurkako Taldeak izenekoek, autobidearen hasierako proiektuaren zein negoziatutako proiektuaren aurka izanik. ETAk ere parte hartze zuzena izan zuen autobidearen aurkako borrokan, enpresa eraikitzaileen aurkako atentatuak burutuz. Kale borrokaz ere ekintza ugari egin ziren autobidearen aurka.[34][35] Leitzarango autobidearen aurkako borrokaren ondoren oihartzun eta erantzun nabarmena izan zuen proiektua Itoizko urtegia izan zen, Itoizko Solidarioak taldearen eskutik batez ere, ekintza zuzeneko ekitaldi baten ondoren urtegia eraikitzeko lanek denbora luzez geldiarazi zutenak. Zigor moduan, ekintzaile zenbaitek gartzelan denbora luzea igaro zuten.[36] Sistema industrialistaren aurkako ikuspuntu antidesarrollista aldeztu eta botere-marko instituzionalaren barnetik ere ingurumena zaintzearen aldeko jarrera dutenen arteko bereizketa nabaria gertatu da azken urteotan. Itoizko urtegiaren aurkako borrokan ere urtegiaren aurkako koordinakunde legalista bat izan zen, Itoizko Solidarioak taldearen aldean. XXI. mendearen hasieratik garatzen ari den AHTren aurkako borroka bizian ere islatu da zatiketa: alde batetik, AHTren aurkako Asanblada izeneko taldea ikuspuntu antidesarrollista batez, eta, beste alde batetik, AHT Gelditu! Elkarlana izenekoa.
Mobilizazio hauekin guztiekin batera, eta Euskal Herriko mugimendu ekologistaren sakabanatzea gainditzeko, herri ezberdinetan eta joera ezberdinetako taldeak bildu eta sustatzeko asmoarekin Erreka plataforma eratu zen 1992 urtean. Hortik Ekologistak Martxan taldea sortuko zen,[37] sistema soziopolitikoa salatuz ekologia sozialaren ikuspuntutik lan egin eta borroka ekologistei oihartzuna ematen diena. Horretaz gainera, Jaizkibelgo superportuaren, Zubietako erraustegiaren, Muskizeko coke-lantegiaren eta ingurumena eta hiritarrak erasotzen dituzten hainbat azpiegituraren aurkako talde lokal aritzen dira. Nazioarteko erakundeek ere presentzia dute Euskal Herrian; Greenpeace erakundeak, esaterako, milaka bazkide biltzen ditu.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Arias, Manuel. (2008). Sueño y mentira del ecologismo. , 27 or..
- (Gaztelaniaz) Boff, Leonardo. (2000). La dignidad de la tierra. , 19 or..
- (Gaztelaniaz) Boff, Leonardo. (2000). La dignidad de la tierra. , 44-51 or..
- (Gaztelaniaz) Arias, Manuel. (2008). Sueño y mentira del ecologismo. , 29-41 or..
- (Gaztelaniaz) Arias, Manuel. (2008). Sueño y mentira del ecologismo. , 11-18 or..
- Ingelesez environmentalism izendatzen da ingurumenaren babesa eta aldezpena, administrazio ikuspuntu batetik egiten denean.
- (Ingelesez) Dobson, Andrew. (2000). Green political thought. , 3 or..
- (Ingelesez) Dobson, Andrew. (2000). Green political thought. , 22 or..
- (Gaztelaniaz) Dobson, Andrew. (1997). Pensamiento político verde. , 43 or..
- (Gaztelaniaz) Dobson, Andrew. (1997). Pensamiento político verde. , 52-55 or..
- (Ingelesez) Rootes, Chris. (1999). Environmental movements: local, national, and global. , 1-9, 17-19 or..
- Castells, Manuel, El reverdecimiento del yo: el movimiento ecologista (1ª parte), 2010-07-21ean kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Un desafío a los conservacionistas, www.ecoportal.net, 2010-07-21ean kontsultatua.
- ITSAS ENARA Ornitologi Elkartea, 2010-07-22an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Asociación Medioambiental IZATE Ingurugiroaren Taldea, 2010-07-22.
- Haritzalde Naturzaleen Elkartea, 2010-07-22.
- (Ingelesez) Earth First!.
- Lakabe Red Ibérica de Ecoaldeas izeneko sarean sarturik dago. Bertan, «ecoaldea» edo ekoherrixka giza neurrira egokitutako bizitoki bat da, bizitzaren alderdi guztiak hartzen dituena, natura begirunez integraturik, garapen modu osasungarriak bultzatu eta mugarik gabe iraun dezakeena. Ikus: (Gaztelaniaz) Red Ibérica de Ecoaldeas eta Lakabe, www.ecoaldeas.org, 2010-07-22an kontsultatua.
- (Ingelesez) Global Ecovillage Network.
- (Gaztelaniaz) Dobson, Andrew. (1997). Pensamiento político verde. , 171-178 or..
- Eztabaidak proiektuen aurkako erabateko jarreraren aldekoen eta proiektuan hobekuntzak botere-erakundeekiko negoziaketaren aldekoen artekoak izaten dira. Adibidez, ikus: (Gaztelaniaz) Urrestarazu, Iñaki: El consenso no es la vía para luchar contra el TAV, www.nodo50.org, 2010-07-23an kontsultatua.
- (Ingelesez) Bomberg, Elizabeth E.. (1998). Green parties nas poltiics in the European Union. , 3 or..
- (Gaztelaniaz) Partido verde europeo, www.worldlingo.com, 2010-07-23an kontsultatua.
- (Ingelesez) Wittner, Lawrence S.. (1997). Resisting the bomb: a history of the world nuclear disarmament movement, 1954-1970. , 1 or..
- (Ingelesez) Antinuclear movement, www.pollutionissues.com, 2010-07-27an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Discurso público nuclear y 50 años antinuclear Hollywood, www.foronuclear.org, 2010-07-27an kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) Iglesias, Julio César. (1980-12-07). «Refugios antinucleares "prêt-à-portet" por menos de dos millones de pesetas» El País.
- Adibidez, dokumentalean aldaketa klimatikoaren ondorioz itsasoaren maila 7 metro igoko zela aipatzen da, eta Katrina urakana aldaketa klimatikoaren ondorioa zela.
- (Italieraz) Mariani, Luigi. (2009). Verità, mezze verità e menzogne - Un commento al documentario “Una verità scomoda”. .
- (Gaztelaniaz) Algunas verdades incomodas sobre Al Gore, 2010-07-30ean kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) La verdad incómoda sobre Al Gore, Kaosenlared.net, 2010-07-30ean kontsultatua.
- (Gaztelaniaz) 40 años después, Erandio sigue exigiendo justicia para Murueta y Fernández, www.gara.net, 2009-10-28.
- (Gaztelaniaz) Bárcena, Iñaki; Güell, Pedro; Zubiaga, Mario. (1995). Nacionalismo y ecología: conflicto e institucionalización en el movimiento ecologista vasco. , 44 or..
- (Gaztelaniaz) Estebaranz, Juantxo (2008), Leizaran, Itoiz... TAV:lecciones para un desafío.
- (Gaztelaniaz) Ibarra, Pedro; de la Peña, Alberto. (2004). De la confrontación militante a la cooperación pragmática. , 55 or..
- Itoitzekiko Elkartasuna Taldea.
- (Gaztelaniaz) Beorlegui, David. (2009). «Los nuevos movimientos sociales en Euskal Herria: los movimientos ecologistas, pacifistas y antimilitaristas desde la transición hasta el cambio de siglo» Sancho el Sabio.
Ikus, gainera
- Ekologia
- Ingurumena
- Live Earth kontzertu sorta (2007)
Kanpo estekak
- (Ingelesez)"Worldchanging" erreferentziazko on-line aldizkaria ingurugiroaren jasangarritasunaz
- (Ingelesez)"History of the environmental movement" (Jeremiah Hall)
- (Ingelesez)Greenpeaceren webgunea
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ekologismo . |