Ekoizpen harreman

Ekoizpen harremanak kontzeptua  (Alemanez: Produktionsverhältnisse) “historiaren ikuspegi materialista” edo “materialismo historikoaren” kontzeptu nagusietako bat da. Materialismo historikoa esan zioten Friedrich Engels eta Gueorgui Plejánovek Karl Marx filosofoak giza historia ulertzeko egindako marko kontzeptualari. Materialismo historikoaren arabera, historia baldintza materialen emaitza da, eta ez giza kontzientziarena; gizarte batean dagoen bizitza materiala ekoizteko moduak, hau da, ekoizpen indarrek eta ekoizpen harremanek, determinatuko dute gizarte horren antolakuntza soziala[1].

Ekoizpen harremanak Marx eta Engelsek erabilitako kontzeptu bat da gizarte orotan gizakiek bizitzeko behar dituzten baldintzak erreproduzitzeko nahitaniez elkarren artean ezarri behar dituzten harremanei esateko. Materialismo historikoaren teoriak dioen bezala, egitura ekonomiko edo formazio sozial bakoitzak ekoizpen harreman ezberdinak ditu oinarrian[2].

Ekoizpen harremanak estuki lotuak daude ekoizpen indarren garapenarekin (ekoizpen bitartekoak, natura aldatzeko metodo teknikoak eta lan indarra). Ekoizpen indarren garapenaren maila ezberdinei dagozkien ekoizpen harremanen adibide dira, besteak beste, soldatapeko langilearen eta kapitalistaren arteko harremana, jaun feudal eta jopuaren arteko harremana, esklabistaren eta esklabuaren arteko harremana…[3].

Ekoizpen harremanak

Gizakien arteko ekoizpen harreman sozialak ekoizpenaren baldintza materialen eta talde ezberdinen arteko produkzio bitartekoen banaketaren menpekoak dira. Gizakien arteko ekoizpen harremanek ekoizpen tekniko-materialaren prozesua erregulatzen dute. Ekoizpen harremanen sistema jakin bat entitate itxi bat da, ekoizpenaren prozesu materialari egokitua dagoena[4]

“L.D. Yaroshenko kamaradaren akatsak” (1952) kritikan Stalinek esan zuen ekoizpen harremanak “ekoizpen prozesuko gizakien arteko harremanak” zirela, ekoizpen indarrei kontrajarriak, zeinak, bere esanetan, “gizakien harremanak naturarekin” ziren[5].

Ekoizpen harremanen izaera materiala

Gizarte kapitalistan ekoizpen harremanak materialak dira, pertsonen arteko ekoizpen faktore ezberdinen transferentziaren bitartez egikaritzen direlako. Merkantzien zirkulazioak, hauek balio eta diruaren propietate sozial espezifikoak lortzen dituzten ahala, ez ditu gizonen arteko ekoizpen harremanak bakarrik adierazten, sortu ere egiten ditu. Aldi berean, ekoizpen harremanen eramaile izateak ezaugarri edo forma sozial berezia ematen die trukatzen diren gauzei. Lanaren produktu batek ez ditu balio, diru, kapital etab. ezaugarriak eskuratzen bere propietate naturalak direla eta, baizik eta haietan gorpuzten diren ekoizpen harreman sozialen propietateak direla eta. Merkatu ekonomian lanaren produktuek, beraz, existentzia bikoitza daukate: materiala (tekniko-naturala) eta funtzionala (soziala)[6].

Arrazoi hauengatik, gizarte kapitalistan ematen du gauzek beraiek dutela ekoizpen harremanak ezartzeko gaitasun edo bertutea. Adibidez, pentsatzen da urreak berez duela balioa, balioa ekoizpen indarren garapenaren maila batean eta ekoizpen harreman sistema jakin batean existitzen den ezaugarri sozial bat dela konturatu ordez.

Harreman sozialak emandako ezaugarriak merkantziak berez, naturalki,  duen ezaugarria ematen du, ekoizpen harremanetik bereizia. Horrela, badirudi pertsonen arteko ekoizpen harremanak merkantzien forma sozialaren araberakoa direla, eta ez alderantziz. Hau da, hain zuzen ere, marxistek ekonomia klasikoari egotzitako itsutasuna: ez zutela ikusten ekoizpenaren prozesu materiala eta hark hartzen duen forma soziala ez direla gauza bera, eta gauzen funtzio teknikoa ez dela nahastu behar beraien funtzio sozialekin. Akats hau seinalatzeko asmatu zuen Marxek “merkantziaren fetitxismoa” kontzeptua[7].

Ekoizpen harreman eta ekoizpen indarren arteko lotura

Formazio ekonomiko ezberdinetan ekoizpen harreman ezberdinak ezartzen dira. Ekonomia politikoak formazio sozial jakin baten ekoizpen harremanak ikertzen ditu, hots, ekonomia kapitalista merkantilarenak. Honeterako ezinbestekoa da ekoizpenaren alderdi tekniko-materiala eta hark hartzen duen forma soziala bereiztea, hau da, ekoizpen indar material eta ekoizpen harreman sozialak bereiztea. Ekoizpen indarren eta harremanen arteko lotura azaltzea da materialismo historikoaren helburu zentraletako bat: ekoizpen harremanen aldaketa ekoizpen indarraren araberakoa da, ekoizpen harremanak ekoizpen indarretan ematen diren aldaketetara egokitzen dira[8].

Gizakien arteko ekoizpen harremanak ekoizpen tekniko-materialaren prozesuak erregulatzen ditu. Ekoizpen harremanen sistema jakin bat entitate itxi bat da, ekoizpenaren prozesu materialari egokitua. Ekoizpen prozesu materialean ematen diren aldaketek aldaketak eragin ditzakete ekoizpen harremanetan, baino aldaketa hauek sistemaren baitan ematen dira, sistema beraren barne indarrek eragina. Marxek esan bezala:

Bizitza materiala ekoizteko moduak bizitzaren prozesu sozial, politiko eta mentalak baldintzatzen ditu era osoan...haien garapenaren momentu batean ekoizpen indarrak indarrean dauden ekoizpen harremanekin talka egiten dute, edo gauza beraren espresio legala diren ordura arte edukitako jabetza harremanekin. Ekoizpen harreman hauek ekoizpen indarren garapen formak izatetik ekoizpen indarren kate bilatzen dira. Orduan iraultza sozialen garai bat hasten da… Formazio sozial bat ez da sekula hondoratzen beharrezko ekoizpen indarrak nahikoa garatu arte eta ekoizpen harreman berri eta handiagoak ez dituzte sekula zaharrak ordezkatzen haien existentziarako baldintza materialak gizarte zaharraren sabelean heldu arte[9].

Ekoizpen harreman kapitalistak

Kapitalismoan, ekoizpenaren faktore ezberdinak (ekoizpen bitartekoak eta lan indarra) independienteak dira, subjektu ekonomiko bereizien eskutan daude eta (kapitalista, langilea). Subjektu hauek formalki independienteak diren merkantzia jabeak dira. Horrenbestez, ekoizpen prozesua ezin da hasi 2 klase sozial hauetako norbanakoen arteko ekoizpen harreman zuzen bat ezarri arte. Ekoizpen harreman hau gauzatzeko ekoizpenaren faktore tekniko guztiak kapitalistaren propietatea den unitate ekonomiko batean konzentratzen dira[10].

Subjektu bakoitzak ekoizpenean betetzen duen papera bere eskutan duen jabetzaren araberakoa da. Ekoizpenaren agenteak ekoizpenaren faktoreen bitartez konbinatzen dira, hau da, pertsonen arteko ekoizpen harremanak gauzen mugimenduaren bitartez ezartzen dira. Jabe ezberdin hauen arteko truke harremanak soilik ahalbidetzen du ekoizpen prozesuak beharrezko duen konbinaketa tekniko-materiala.

Kapitalismoan, ekoizle pribatuak ez daude era iraunkorrean lotuta beste ekoizle pribatuekin eta beraz salerosketaren ekoizpen harremanaren bitartez lotzen dira beste ekoizleekin. Izan ere, zuzenki ez inori lotua egonda ere, ezin dute ekoizpen harremanen sarea saihestu, zeinak gizarteko kide guztiekin lotzen dituen. Ekoizpen hareman hauek ez daude aurrez ezarriak, gauzen transferentziaren bidez ematen dira. Ekoizpen harremanak, beraz, ez dira sozialak soilik; kapitalismoan, materialak ere badira.

Gizarte kapitalistan trukea edo salerosketa da ekoizpen harreman oinarrizkoa. Ezberdina da, zentzu hauetan, ekoizpen harreman antolatuengandik:

  1. Harreman sozial honek transakzio pribatu baten izaera du, zeina partehartzaileek borondatez ezartzen duten
  2. Partehartzaileak denbora tarte batez lotzen ditu, baino transakzio espontaneo hauek ekoizpenaren prozesu sozialaren jarraikortasuna mantendu behar dute
  3. Norbanakoak batzen ditu soilik gauzak eskuz aldatzeko, pertsonen arteko harremanek gauzen berdintzearen forma hartzen dute

Laburbilduz, esan genezake kapitalismoan pertsonen arteko ekoizpen harremanak haien arteko gauzen mugimenduaren bidez ezartzen direla, eta mugimendu honek erreprodukzio materialaren beharrekin egin behar duela bat[10].

Ekoizpen harreman feudalistak

Feudalismoan, ekoizpen faktoreen konbinaketak  beste forma sozial bati ematen zion bide: Lurra jauntxoarena zen, eta lan indarra zein, oro har, ekoizpen bitartekoak, jopuarenak. Jopuak jauntxoaren lur zati bat lantzen du errenta baten truk, eta askotan behartu zegoen jauntxoaren lurretan ere lana egitera, normalean bere ekoizpen bitarteko propioekin.

Kasu honetan ekoizpenerako beharrezkoak diren faktoreen konbinaketa jopu eta jabearen arteko dominazaio harreman sozialari esker gertatzen zen. Jopu eta jauntxoaren arteko ekoizpen harremanak, kapitalismoan ez bezala, iraunkorrak dira, eta ekoizpen faktore guztien konbinaketa ahalbidetzen dute, bi lekutan: jopuaren lur sailean eta jauntxoaren lurretan.

Feudalismoan, pertsonen arteko ekoizpen harremanak pertsonen arteko gauzen distribuzioaren oinarriaren gainean, eta gauzentzako, ezartzen ziren, baino ez gauzen bitartez[11].

Erreferentziak

  1. Marx, Carl (1845). "The German Ideology". www.marxists.org. Retrieved 5 March 2019.
  2. Relaciones de producción - Glosario de filosofía, Consultado el 21 de marzo de 2019.
  3. «RELACIONES DE PRODUCCIÓN». www.eumed.net. Consultado el 3 de julio de 2017.
  4. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 78-79 or.
  5. Stalin, “Remarks on economic questions connected with the November 1951 discussion” in Economic Problems of Socialism in the USSR, Foreign Languages Press, Peking, 1972, p. 1-2 Saba, Paul & Malcom. (1980).Productive forces. In struggle! No.226. Encyclopedia of Anti-Revisionism On-Lin.
  6. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 69-70 or.
  7. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 73 or.
  8. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 48-49 or.
  9. Marx, Carl.(1859).Prólogo a la Contribución a la Crítica de la Economía Política.Marxists Internet Archive, marzo de 2001.
  10. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 65-67 or.
  11. Illich Rubin, Isaak. (1924). Ensayos sobre la teoría marxista del valor. Siglo XXI Argentina Editores S.A. Córdoba 20164, Buenos Aires. 67-68 or.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.