Hipika
Hipika edo zaldiketa deitzen zaie zaldi edo behorrekin praktikatzen diren kirol guztiei. Historian zehar aspaldidanik hipika praktikatu da, erromatarren garaitik, esate baterako, Odin jainkoaren omenez egiten ziren lasterketetatik gaur egunera arte. Olinpiar joko modernoetan ia hasieratik hipika egon da; 1900. urtetik, hau da, bigarren Olinpiar Jokoetatik. Hauetan bakarrik zaldi oztopo lasterketa eta poloa praktikatu zen baina geroago, 1908. urtean, hipika Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu zen ofizialki. Handik urte gutxitara, Londreseko 2012. urteko Olinpiar Jokoetan berriz kirol hau berriz bueltatu zen eta aldi honetan inoiz baino proba gehiagorekin: Doma klasikoa, oztopo jauzien lehiaketa eta zaldiketa lehiaketa orokorra
Jatorria eta historia
Zaldiaren eta gizakiaren arteko harremanaren jatorria behatzeko historiaurrera jo behar dugu. Hasiera batean, zaldiak gure arbaso nomaden elikagai zirela esaten da, baina hauek ez ziren presa errazak, animalia indartsu eta azkarrak baitira, eta hauek harrapatzeko enboskadak antolatu behar zituzten. Geroago, gizartea nomada izatetik leku finko batean bizitzera pasatu zen, sedentarismora hain zuzen ere. Ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza lantzen hasi ziren, eta zaldia lan-tresna oso erabilgarria izan zitekeela ohartu ziren. Hala, animalia hau ezinbesteko bihurtu zen garai hartako gizartearentzat hark zuen potentziarengatik.[1] Bestalde, zaldien etxekotzea duela 5.500 urte inguru hasi zela esaten da, Eurasian, Errusia, Kazakhstan eta Ukraina inguruan, baina azkar hedatu zen hauen erabilera Europa eta Asia guztian zehar.[2]
Zaldiak abeltzaintzan, nekazaritzan eta materialen zein pertsonen garraiorako erabiltzen hasi baziren ere, Antzinaroan gudarako ere balio zezaketela ikusi zuten, eta gudaroste nagusiak zaldi-zaldunez osatuak zeuden.[3] Zaldiak gudarako erabilli ahal izateko estribuen sorkuntza oso garrantzitsua izan zen. Garai hartan, historiako zaldirik famatu zein garrantzitsuenetakoa agertu zen, Buzefalo, Alexandro Handiaren zaldia hain zuzen ere, hark harrapatu, hezi eta menderatu zuena.[1]
Erdi Aroan, Espainiako zalditeriak edo Zaldun Eskolak arrakasta handia izan zuen, bertan, zaldi eta zaldunak borrokarako prestatzen zituzten. Denborarekin, borrokak alde batera utzi eta zaldia bake denboran erabiltzen hasi ziren. Honela, zaldi gaineko jokoak eta txapelketak orokortu egin ziren, eta zaldiketa sortu zen kirol gisa. Lehen zaldiketa eskola Fiaschi Kondeak sortu zuen Ferrara izeneko Italiako herrian 1539an. Mendeak igaro ahala, gizakiaren eboluzioarekin batera, zaldian ibiltzeko moduak ere eboluzionatu zuten eskola hauei esker, gero eta postura ergonomikoagoak bilatuz. Beranduago zaldiek armadan zuten lekua galdu zuten, material blindatuen sorkuntzarekin hain zuzen ere. Hala ere, gaur egun zenbait lekutan poliziak zein segurtasun langileak zaldi gainean ikus daitezke.[3]
Beranduago, 1921ean, Nazioarteko Hipika Federazioa (berez FEI, Fédération Équestre Internationale) sortu zen, eta nazioarteko eskumenen, Olinpiar Jokoen eta zaldi gaineko beste diziplina batzuen araudiak homologatu ziren. Federazioa zortzi federazio nazionalen ordezkariek sortu zuten, eta gaur egun 134 federazio daude afiliatuta. 1990. urtetik Munduko Zaldiketa Txapelketa antolatzeaz arduratzen dira. Bestalde, poloa, rodeoa eta zaldi lasterketak ez daude beraien eskumenean, beste federazioenetan baizik.[4]
Bukatzeko, aurrez esan bezala, gaur egun hiru dira Olinpiar Jokoetan ikusi ditzakegun modalitateak, eta 1928. urtetik Olinpiar Jokoen zerrendan mantentzen dira. Beste zenbait modalitate ikusteko aukera ere egon da, baina hauek gaur egun ez dira olinpiarrak kontsideratzen.[5]
Kategoria olinpikoak
Hipika Olinpikoa Olinpiar Jokoetan zaldi edo behorrek parte hartzen duten modalitate orori esaten zaio.[6] Beraz, doma klasikoa, jauzi lehiaketa eta hiru eguneko zaldi txapelketa osoa biltzen ditu gaur egun, bakarkako zein taldekakoak izan daitezkeenak. Hala ere, historian zehar hiru modalitate hauek ez dira izan Olinpiar Jokoetan zaldiak ikusteko izan ditugun aukera bakarrak, errepikatuenak eta praktikatuenak izan diren arren. Hortaz, zaldiek antzinatik parte hartu izan dute Olinpiar Jokoetan, 1896 eta 1904. urteetan izan ezik, ez baizen zaldirik ikusteko aukerarik izan. Bestalde, antzinan zaldiekin egiten ziren kirol modalitetateak eta gaur egungoak ez dira berdinak, 1900. urteko Pariseko Olinpiar Jokoetan jauzi lasterketa eta zaldiekin egindako altuera eta luzera jauzien lehiaketak zeuden, doma klasikoa eta hiru eguneko txapelketa beranduago sartu ziren Olinpiar Jokoen zerrendara, 1912an hain zuzen ere. Gainera, zaldiketen multzoaren barnean sartzen ez bada ere, poloa ere ikusgai izan zen bost urtetan Olinpiar Jokoetan, non halaber zaldien erabilera ezinbestekoa den, lehen edizioa 1900. urtean ikusi genuen Parisen. Azkenik, volteo deritzon modalitatea ere, zaldiaren gainean gimnastika egitean datzan kirola, ikusgai izan zen 1920ko Amberesko Olinpiar Jokoetan. Beraz, esan daiteke hipika kirolak betidanik izan direla Olinpiar jokoetan.[5]
Aipatzekoa da zaldiketen kirol modalitate desberdinetan gizon eta emakumeak batera lehiatzen direla, eta hori oso kirol gutxitan gertatzen da. Hala ere, hori ez da betidanik horrela izan; izan ere, 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetara arte soilik armadako ofizialek har zezaketen parte zaldi gaineko modalitate hauetan, baina joko haietan herritarren parte hartzea baimendu zen.[7]
Olinpiar Jokoetatik at
Atal honetan zaldiketa kirol guztien zerrenda ikusi daiteke, modalitate desberdinetan antolatu daitekeena:[8]
Lasterketa kirolak
- Lauoinka lasterketa.
- Zelai edo mendiko oztopo lasterketa.
- Zaldi lasterketa luzea.
Gurdi lasterketak
- Zalgurdi lasterketa.
- Trosta lasterketa.
- Zamadun gurdi lasterketa.
- Lotura lasterketa.
- Skijöring edo zaldiak tira eginez eskiatzea.
Jauzi kirolak
- Jauzi lehiaketa.
- Zelai edo mendiko oztopo lasterketa.
- Altuera jauzia.
- Luzera jauzia.
Zaldi frogak kirol konbinatuetan
- Pentlatoi modernoa.
- Neguko pentatloia.
Doma eta zaldien menderatze kirolak
- Doma klasikoa
- Reining edo behizainen doma
- Gautxoen zaldiketa
- Charrería edo mexikarren zaldiketa
- Andaluziako behizainen doma
- Coleo edo zezen biltzea
- Txileko rodeoa
- Estatu Batuetako rodeoa
- Australiako rodeoa
- Lazo kirola
- Taldekako entzierroa
Borroka kirolak
- Tent pegging jokoa
- Munta jokoak
- Justa
Modalitate paraolinpikoak
- Doma paralinpikoa
- Lotura lasterketa paralinpikoa
Federazioak
Gaur egun, kirol hau praktikatu ahal izateko, federazio ofizial batean izena emanda egotea beharrezkoa izaten da. Lehiatu ahal izateko, esate baterako Espainiako federazioak 7 azterketa dauzka, "Galopes" deituta. Hauetara aurkezteko, ikasi behar da liburu batetik zeren eta proba praktikoak eta teorikoak badaude. Zazpi proba horietatik errazena lehenengoa da eta zailena zazpigarrena. Proba bat pasatuz gero, hurrengoa ateratzeko aukera irekita geratzen da. Hurrengo proba egin ahal izateko aurreko guztiak gainditu behar.
Zaldien tamaina
Ekinoak, lau kategorietan banatzen dira. Txikienak poniak dira. Hauek, 4 taldeetan bananduta daude:
- Poni A: 0cm-tik 110cm-ra.
- Poni B: 110cm-tik 130cm-ra.
- Poni C: 130cm-tik 140cm-ra.
- Poni D: 140cm-tik 148cm-ra.
Gero, 148cm baino gehiago dutenean zaldiak bezala sailkatzen dira.
Nola banatzen dira zaldiak lehiaketetan
Lehiaketa ofizialetan eta txapelketan, poniak eta zaldiak horrela banatzen dira, bakoitzak bere kategorian lehiatu ahal dezan. Zaldi oztopo-jauzi lasterketan, zaldiak 1,20m aurrera jauzi egiten dute eta ponien kategoria bakoitzak bi altuera eskuragai dauzka. Altuena, X letrarekin bakarrik adierazita agertzen da eta baxuena, X2 bezala adierazten da.
Hauek dira altuerak:
- Poni A: 0,50 m
- Poni A2: 0,30 m
- Poni B: 0,80 m
- Poni B2: 0,50 m
- Poni C: 1 m
- Poni C2: 0,80 m
- Poni D: 1,20 m
- Poni D2: 1 m
Zaldiak Euskal Herrian
Euskal Herrian badago bertako eta berezkoa den zaldi mota bat, pottoka. Hau, animaliak duen tamaina eta ezaugarriengatik, zaldien artean ponien sailkapen taldean sartzen da, Europako beste hainbat zaldi txikiren antzera.[9] Euskal Herrian zaldi arraza ugari egon da eta dago, hori dela eta, adituak ez dira ados jartzen bertako zaldi arrazei buruzko eztabaidaren zenbait puntutan. Hala ere, bertako zaldi arrraza ezberdinak jatorri bera edo antzekoa dutela diote, arbaso berdinak baitituzte. Esaterako, lautzako zaldiak eta zaldi montxinoak Euskal Herriko pottokaren jatorri antzekoa dutela esaten da. Jatorria zein den aztertzeko antzinara jo behar dela uste dute adituek, azken glaziaziora hain zuzen ere, zaldi hauek glaziazioa pasatu ondoren bertan gelditu zirenak baitira.[10]
Hipodromoak Euskal Herrian
Hipodromo edo zalditokia zaldi-lasterketak egiteko erabiltzen den esparru itxia da. Erdigunean pista, eta pistaren inguruan harmailak izan ohi ditu. Pistak lurrezkoak edo belarrezkoak izan ohi dira; lurrezkoetan trostariek lehiatzen dute, eta belarrezkoan odolgarbiek. Ikusleek, beste zenbait kiroletan bezala, apustuak egiteko aukera dute.[11]
Euskal Herrian bi hipodromo daude:
Biarritzen, Loreen hipodromoa
Loreen hipodromoa (frantsesez: Hippodrome des fleurs) Biarritzeko hipodromoa da, 1954an sortua. 803 metroko pista du, trostariek bertan lehiatu dezaten. 1954an sortu bazen ere, lehenago ere egiten ziren zaldi lasterketak Biarritzen. Hipodromoaren antolatzailea Société de Courses au trot de Biarritz erakundea da. [12]
Zubietan, Donostiako hipodromoa
Donostiako hipodromoa edo Lasarteko hipodromoa Zubieta auzoan dagoen hipodromoa da, 1916an sortua. 2.000 metro inguruko luzera du pistak, eta pistaren erdian poloan aritzeko lekua dago. Hipodromoa 1916an eraiki bazen ere, 1883an jada Donostiako hipodromoari buruzko aipamenak agertzen dira El Urumea egunkarian. Oraindik zaldi lasterketak egiten diren arren, hipodromoak ez du antzinako gizarte-bizitzan zuen garrantzia.[13]
Loiolako hipika
Donostiako Loiola auzoan dago hipika hau, 1916an sortu zen, eta Real Sociedad Hípica elkarteak kudeatzen du. Zaldi lasterketak egiteaz gain, beste zenbait instalakuntza ere baditu hipikak; tenis eta paddle kantxak eta igerilekua esaterako. Hori dela eta, izaera elitista izan du betidanik leku honek eta zenbait pertsona ospetsuk klaseak jaso dituzte bertan, Juan Carlos errege ohiak adibidez.[14]
Loiolako hipikak hasiera batean instalakuntzak Donostiako hipodromoan zituen, batera eraiki baitziren, baina 1944ko abuztuan Pimentel jeneralak hipika gaur egungo lekura mugitu zuen.[14]
Lehiaketak Euskal Herrian
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Monge, Jenny. (2019-04-10). «Federación Hípica Española: Orígenes y Actividades» Noti Caballos (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) «El origen de los primeros caballos domésticos» abc 2012-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) «Introducción a la equitación - Wikiversidad» es.wikiversity.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) «Federación Ecuestre Internacional - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-04-06).
- (Gaztelaniaz) Hípica en los Juegos Olímpicos. 2020-03-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
- Hipika. 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
- (Ingelesez) «Learn Which Three Sports are Contested By Olympic Equestrians» The Spruce Pets (Noiz kontsultatua: 2020-04-01).
- (Gaztelaniaz) Deportes ecuestres. 2020-04-03 (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
- Pottoka. 2020-02-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
- Zaldi. 2020-01-03 (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
- Hipodromo. 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- Loreen hipodromoa. 2019-11-27 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- Donostiako hipodromoa. 2020-03-12 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
- Loiolako hipika. 2019-12-14 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).