Eibar
Eibar Gipuzkoa mendebaldeko udalerri bat da, Debabarrena eskualdeko jendetsuena. Izan ere, 2016. urtean 27.158 biztanle zituen; beraz, probintziako hiri jendetsuenetan laugarrena da (Donostia, Irun eta Errenteria baino ez dira jendetsuagoak). 24,78 km² ditu, eta Deba ibaiaren ertzean dago, Bizkaiko mugan. 1346an sortu zen, Villanueva de San Andrés izenarekin, baina berehala Heybar izenak hartu zuen gaina.
Eibar | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Gipuzkoa, Euskal Herria | |||||||||||
Eibarko ikuspegia. | |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Gipuzkoa | ||||||||||
Eskualdea | Debabarrena | ||||||||||
Izen ofiziala | Eibar | ||||||||||
Alkatea | Jon Iraola Iriondo | ||||||||||
Posta kodea | 20600 | ||||||||||
INE kodea | 20030 | ||||||||||
Herritarra | eibartar | ||||||||||
Ezizena | herrikuak, txaputxeruak eta armaginak | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°11′03″N 2°28′24″W | ||||||||||
Azalera | 24,78 km² | ||||||||||
Garaiera | 124 | ||||||||||
Distantzia | 45 km Donostiara | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 27.234 (2023) −48 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 1.099,03 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | -% 2,64 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 18,99 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 40,87 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 78,32 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 5,07 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 13,02 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 48,7 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % 15.1 (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera[3] | % 36.87 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Sorrera | 1346 hiri gutuna | ||||||||||
Webgunea | http://www.eibar.eus/ | ||||||||||
Hiri senidetuak | Užice (en) , Yecla eta Vilariño de Lama Ma |
Izena
Eibar izena Gaztelako 14. mendeko idazkietan agertzen da lehen aldiz, Eyvar, Heibar eta Eybarr formetan.[4]
Eibarko eta Eibartik eretan deklinatzen da izena herrian bertan: Eibarreko entzuteak bertakoei belarriko mina ematen die.[5]
Etimologiari dagokionez, garbi dirudi ibar terminoari lotuta dagoela; baina ez horrenbeste, ordea, zein den jatorrizko forma. Hegi-ibar (hegia izen arruntetik) eta Ego-ibar (Ego ibai eta ibarretik) formak aipatu dira jatorri gisan, eta ez dago oinarri handiegirik bata edo bestea hobesteko.[4] Eibarko Udalak osatutako batzorde batek Ego-Ibarra izena hartu zuen 20. mendearen azken laurdenean.[6]
Herritarrak eibartarrak dira, eta herri-goitizen batzuk ezagutzen dira, hala nola txaputxeruak («lehorrekoak»), xapu herrikoak, eta armaginak,[4] azken forma hori bereziki Eibar futbol taldeari aplikatuta.[7]
Geografia
Udalerri mugakideak
Gipuzkoa mendebaldeko udalerria izanik, Bizkaiarekin egiten du muga. Hala, bada, Eibarrek mendebaldean mugakide ditu Bizkaiko Etxebarria, Ermua, Mallabia eta Zaldibar herriak; iparraldean, Bizkaiko Markina-Xemein; ekialdean, Debabarreneko Soraluze eta Elgoibar; eta hegoaldean, Debagoieneko Bergara eta Elgeta.
Baserri-auzoak
Eibarren bost baserri-auzo daude:
- Otaola-Kiñarraga (Otola-Kiñarra): Ego errekaren hegoaldean dauden lur guztiak, Elgeta eta Bergararekin mugakide.
- Arrate: Elgoibarrekin mugan, izen bereko santutegiaren inguruko lurrak.
- Gorosta: Gorosta errekaren urak biltzen dituen ingurua; Arrate auzoaren eta Santa Kurutz gainaren arteko lurrak.
- Mandiola: Santa Kurutz gainetik Bizkaiko mugarainoko lurrak, Akondia eta Urko mendien lurrak barne.
- Aginaga (Agiña): Ixua gainetik Markinarako bidean.
Hedadurari dagokionez, Kiñarraga-Otaola auzoa handiena da. Izan ere, ez da benetako auzoa, zenbait auzune txikiagoren batura baizik (Otaola, Urki, Kiñarraga...). Inguru horretan nekez jotzen du eguzkiak eta herri-basoak izan dira nagusi beti. Historian zehar baserri gutxi jaso dira Kiñarraga-Otaola inguruan, eta sortu diren bakarrak, gehienbat, herritik gertu eraiki dira. Eibar handitu ahala, baserriak galtzen joan dira, ordea.
Baserri kopuruaren arabera, Mandiola da auzorik handiena eta aberatsena. Gorostan eta Arraten ere badira hainbat baserri eta baseliza. Hala ere, hiru auzo horiek nahiko txikiak dira eta oso lotura estua izan dute herrigunearekin.
Baserri auzo horiei balle ere esaten zaie Eibarko euskaraz, baina berba hori bere horretan erabili barik baizik eta izenari lotuta. Honela: Kiñarra-balle, Arrate-balle, Gorosta-balle, Mandiola-balle[8] eta Agiña-balle. Ez dago argi nola idatzi behar diren izen konposatu hauek: Gorosta-Balle, Gorosta-balle, Gorosta Balle ala Gorostaballe. Artikuluarekin ere erabiltzen dira batzuetan: Gorostaballiak (NORK kasuan).
Bost auzoen artean berezi eta bakartuena Aginaga da. Ixua mendiaz bestalde dagoenez, Artibai ibaiaren arroan, Eibarko herrigunearekin hartu-eman txikiagoa izan du eta haren izaera berezia du, eliza, eskola, kanposantua, taberna eta abarrekin. Hizkera aldetik, Markinako hizkeraren eragin nabaria dauka, Eibarkoaren ezaugarriak gordetzen dituen arren.
Herriguneko auzoak
- Azitain
- Urkizu. Herrian Urkuzua izenaz ere ezaguna.
- Saratsuegi. Eibartarrek Sautsi esaten diote, XXI. mendean urbanizatutako inguru horri.
- Txonta
- Jardineta
- Ipurua
- Urki. Jatorri etimologikoa, Urkidi.
- Ubitxa. Jatorri etimologikoa, Ubidieta,-> Ubieta -> Ubitta -> Ubitxa.
- Legarre
- Amaña
Eibarko mendiak mendi-lerroa
Eibar inguruan dauden mendi ugariek Eibarko mendiak izeneko mendi-lerroa osatzen dute. Nagusi eta ezagunenak Kalamua eta Urko dira, baina hauek dira mendi guztiak:[9]
|
|
|
- Eibar Urkotik
- Oiz mendia Kalamuatik
Eibarko errekak
Lurrez txikia da Eibarko udalerria eta ez dauka ibai handirik bere lurretan. Ego errekak gurutzatzen du herri guztia, sartaldetik sortaldera eta Deba ibaiarekin egiten du bat Maltzagan, udalerriaren ekialdeko muturrean.
Ego errekak jasotzen ditu Eibarko lurretako ur gehienak, Aginaga auzokoak izan ezik, Artibai ibaira baitijoaz auzune horretako erreketan bildutako urak, Bizkai alderantz, beraz.
Hona hemen Eibarko lurretan dauden erreka, iturri eta adarren zerrenda[10]:
- Artibai arrokoak: Arando, Agiña eta Urko; Orberreka eta Altzerreka; Itturguen, Iteriaga (Itterixa) eta Altzorbe.
- Ego errekaren ipar isurialdekoak: Kortatxo; Karabia eta Abauntzaga (Abontzaerreka); Ardantza; Trango, Ormaiztegi, Txarako, Pagaegi, Errentziño eta Matxaria; Aasuaerreka; Txarakoerreka; Iruintxaur, Magdala, Pagolaerreka eta Gorosta; Zubiaga; Pagoaga; Iruitz, Maaldegi, Txindurrierreka eta Zaturio.
- Ego errekaren hego isurialdekoak: Iburrerreka; Otaola; Txaltxako; Ubidieta (Ubitxa), Lixiberreka eta Unbe; Asurtza, Aranbaltz eta Txonta; Indurio, Kiñarraga eta Aiagaerreka (Aixerreka); Aldabeerreka; Errialtzu.
Historia
Hiribildua sortu baino lehen, Ego ibarrean bazen burdinolen inguruan osatutako egitura administratibo bat, gaur eguneko udalerrien eta are probintzien mugez gaindi.
Gaztelako Alfontso XI.a erregeak foru gutuna eman zion 1346ko otsailaren 5ean Villanueva de San Andrés de Heybar izenaz. Bertan, agindu zuen lekua jendeztatzea, harresiz ixtea, dorrez hornitzea, eta abar. Ondoren eratu ziren lehen kaleak izan ziren Barrenkale, Elgetakale, Somera eta Txurio[11]. XV. mendean, biztanleria bost halako eta gehiago handitu zuen, itsasoari begira egiten zuen industria-jardueraren epelean.
1766ko matxinadak (artoaren eta gariaren garestitzeak sortutakoak), eta 1794. urtean Frantziako tropen sarrerak (Konbentzioaren Gerra) herria lur jota utzi zuten. Kontzejua, eskolak eta elizaren zati bat erre egin zituzten; 116 etxe galdu ziren auzoetan eta arrabalean.
Karlisten gerrateek ere ez zioten onik egin herriari, Eibar liberala zelako. Maria Angela izeneko emakume bat nabarmendu zen Eibarren liberalen alde, eta kalea eman zion ondoren Udalak[12].
Espainiako II. Errepublikari oso lotuta egon zen Eibar, haren aldarrikapenean ordu batzuz aurreratu zirelako eibartarrak herriko plazan, udaletxean. Espainiako Gerra Zibila hastean, Errepublikari leial lotu zitzaion herria, eta 1936ko irailean, behin matxinoek Gipuzkoa azpiratutakoan, frontearen lehen posizioan egon zen herria. Egoera hori 1937ko apirilaren 26 arte luzatu zen, indar kolpistak herrira sartu zirenean. Kalte handiak izan zituen kaskoan bonbardaketen eta suaren ondorioz.
Gerratearen ondoren herriaren fisionomia eta itxura goitik behera aldatu zen. 1940ko urriaren 8an, "Regiones Devastadas" delakoaren Zuzendaritza Nagusiak urbanizazio-proiektua onartu zuen, eta beste gauza askoren artean, Ego erreka tapatzea erabaki zuten, lurrazal gehiago edukitzeko asmoz[11].
Ekonomia
Ekonomiaren arloan, Eibar hiriak beti izan du metalarekin zerikusia duen industriarik, eta armagintza izan da herriari izana (eta baita izena ere) eman dion lanbide tradizionala. XV. gizalditik XX. gizaldira bitartean, horixe izan da eibartarren lanbide ezagunena (grabatuarekin eta damaskinatuarekin batera). XX. mendean, berriz, armagintzak indarra galtzen joan zen, eta beste sektore batzuk indartzen. Azpimarratzekoa, bereziki josteko makinak egiten zituen Alfa, eta bizikleta fabrika ugariak (GAC, Orbea, Abelux, BH...), guztiak ere Eibarren sortutakoak, nahiz eta XX. mende amaieran beste herri batzuetara joan ziren gehienak, Eibarren historikoki izan duen lur-sail gabeziak bultzatuta. Gaur egun, Eibarko ekonomia metalen eraldatzean oinarritzen da, bereziki autoen atalak egiteko, baina horrez gain, makina erreminta, armak eta mikrofusioa ere nabarmentzekoak dira.
2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak: Lehen sektorea %0,2; bigarren sektorea %19,3; hirugarren sektorea %75,9; eta eraikuntza %4,6.[13]
Demografia
Gipuzkoa eta Bizkaiko beste herri batzuetan bezala, Eibarren ere biztanleriaren hazkunde handia gertatu zen XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadan. Eskualdearen hazkunde begetatiboaz gain, Espainiatik etorkin asko iritsi ziren, Gipuzkoako garapen ekonomikoak sortutako eskulan eskaria betetzera.
1980ko hamarkadan populazioaren gainbehera hasi zen, krisialdi ekonomikoaren eraginez. Biztanleen galera ez da eten, nahiz eta XXI. mendearen hasieran pixka bat moteldu zen.
2019an 27.246 biztanle zituen, horietatik %24,65ek 65 urte edo gehiago zuten. Eta atzerrian jaiotakoen kopurua %11,57 zen.[13]
Biztanleriaren bilakaera
Politika
2019an Miguel de los Toyos (PSE) alkate hautatu zuten berriro, aurreko legegintzaldietan bezala, bere alderdiak zinegotzi bat galdu zuen arren Eusko Alderdi Jeltzalearen mesedetan.
Udal hauteskundeak
Eibarko udalbatza | |||||
Alderdia |
2019eko maiatzaren 26a |
2015eko maiatzaren 24a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) | 9 / 21 |
10 / 21 |
|||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) | 6 / 21 |
5 / 21 |
|||
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) | 5 / 21 |
5 / 21 |
|||
Irabazi | 1 / 21 |
1 / 21 |
|||
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Alkateak
Hauek izan dira Eibarko azken alkateak:
Alkatea | Agintaldi hasiera | Agintaldi amaiera | Alderdia[14] | |
Mikel Larrañaga Mandiola[14] | 1979 | 1983 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Jesus Maria Agirre | 1983 | 1987 | Euzko Alderdi Jeltzalea | |
Aurora Baskaran Martinez | 1987 | 1991 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Aurora Baskaran Martinez | 1991 | 1993 a | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Iñaki Arriola Lopez | 1993 | 1995 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Iñaki Arriola Lopez | 1995 | 1999 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Iñaki Arriola Lopez | 1999 | 2003 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Iñaki Arriola Lopez | 2003 | 2007 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Iñaki Arriola Lopez | 2007 | 2008 b | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Miguel de los Toyos Nazabal | 2008 | 2011 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Miguel de los Toyos Nazabal | 2011 | 2015 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Miguel de los Toyos Nazabal[14] | 2015 | 2019 | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Miguel de los Toyos Nazabal[14] | 2019 | 2021 c | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra | |
Jon Iraola Iriondo | 2021 | Jardunean | Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra |
a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
b Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
c Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.
Euskara
Eibarko euskara (euskeria) mendebaleko euskalki edo bizkaieraren aldaera da, Debaerdikoa. Deba eskualdeko hainbat herrik osatzen dute Debaerdiko hizkera[17][18]: Aldaera hori honako herri hauetan hedatzen da, Bizkaiko Ermua eta Mallabia eta Gipuzkoako Antzuola, Bergara, Eibar, Elgeta eta Soraluze. Horien artean aipatzekoa da Antzuolan eta Bergaran gainontzekoetan baino handiagoa izan dela Gipuzkoako euskararen eragina. Debaerdiko hizkeren artean Mallabikoa da besteetatik gehien urruntzen dena, Durangaldeko hizkerekin zubi lana egiten du eta.
Egun Eibarko euskararen Hiztegia eskuragai da, herriko betiko berbak gorde eta ez ahazteko.[19]
2021. urtean 14.319 euskaldun ziren Eibarren, hau da, herritarren % 53,44.
Euskara batua sortzearen aldeko Ermuko zinean (1968), besteak beste, Eibarko Idazle eta euskaltzale gazte batzuk ere egon ziren. Euskal Idazkaritzak 1964an onartutako gomendioak onartu eta erabiliz, denbora laburrean ohitura bihurtu zuten. Horrela ulertu behar da handik lau urtera gauzatu zen Ermuko zina (1968ko ekainaren 28-29-30an) zeinean Baionan proposaturiko irizpideak baliatzeko konpromiso tinkoa hartu baitzuten, alegia, euskara batua sortzearen aldekoa. Geroago, 1970ean Batasunaren Kutxa liburuaren sarreran, Baionan eta Eibarren zina berretsi eta sinatutako hirurogeita hiru euskaltzale eta idazleen zerrenda argitaratu zen. Horien artean baziren Eibartar batzuk: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Serafin Basauri eta Bego Etxebarria.[20][21]
1982an Udalak, Mikel Larrañaga alkateak sinatuta Euskaraz eta kitto! izeneko udal bandoa proklamatu zuen, zeina 1982ko abenduaren 21ean egin zen publiko[11]. Agiri eta aldarrikapen publikoaren azken hiru hitzak dira euskaraz eta kitto. Hitzok oihartzuna izan zuten eta hurrengo urtean Korrikaren lelo bilakatu ziren, eta oinarri izan ziren gainera Eibarko Eta Kitto euskara elkartea eta tokiko aldizkaria izendatzeko. Euskara sustatzeko ekintza bat entzutetsua izan zen bandoaren argitarapen eta hedapena.
Unibertsitatea
Udako Euskal Unibertsitatea
Udako Euskal Unibertsitateko egoitza akademikoa Eibarko Markeskua jauregian dago 2001etik. 1973z gero 1.800 baino gehiago dira UEUk unibertsitateko gaiak irakasteko antolatu dituen ikastaroak.[22] 2003an zabaldu zuten on-line ikastaroen eskaintza Maskeskuatik.
Juan San Martin beka 2001 urtean jarri zen abian Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan. Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da. Lantzen diren ikerketa-esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landu zituenak dira: Antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea.[23][24]
2019an GOI ikastegia sortu zuen UEUk Euskal Herriko Unibertsitatearen babespean, eta azpiegitura horrekin urte bat geroago 2020ean online eta euskaraz martxan jarri zuten Irakaskuntza ertainetan irakaslea izateko behar den master ofiziala.[25][26][27]
Euskal Herriko Unibertsitatea
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola 2016. urtean sortu zen lehenagoko Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Donostiako Eskola Politeknikoa elkartu zirenean.
Historikoki 1968ko azaroaren 14an hasi ziren zentroko eskolak eta jarduera akademikoak. Universidad Laboral esaten zitzaion orduan, eta euskaraz, Eibarren, Unibertsitate Laborala esan izan zaio ordudanik, laburtuta Laborala euskaraz edo La Uni gaztelaniaz. Eibarko Zentro Tekniko Laborala unibertsitate laboralen sistemaren barnean sartzen zen; mota horretako zentroen zerrendako hamaikagarrena zen garai hartan, eta Euskal Herriko bakarra.
1988an, Industria Ingeniaritza Tekniko Elektrikoa (Industria Elektronika espezialitatea) ematen zuen Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak izaera propioa hartu zuen eta Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko prestatu zen. Sarrera hori 1994an gertatu zen, eskualdeko udalen, enpresarien eta beste erakunde batzuen babesarekin.
XXI. mendean, Unibertsitate Laboral zaharraren kanpusa Uni Eibar-Ermua lanbide heziketako ikastetxearekin partekatzen du Unibertsitate Eskolak.
Kultura
Kirolak
- SD Eibar da herriko futbol talde garrantzitsuena, eta 2014.urtetik Espainiako futbol ligako lehen mailan lehiatzen da. SD Eibar futbol taldeak 3.000 bazkide inguru ditu.
- Eibarko Klub Deportiboak 2.500 bat bazkide biltzen ditu 12 kirol eta kultur ekintzatan.
- Eibar Rugby Taldea, eskualdeko talde bakarra. Ohorezko B Mailan jokatzen du, estatu mailako bigarren maila altuena.
Kultur azpiegiturak
- Coliseo antzokia. 1949an inauguratua.[28]
- Portalea kultur etxea.[29] Arkitektura industrial arrazionalistako eraikina, garai batean AYA arma fabrika egon zen bertan. Eraikinean kokatzen diren hainbat zerbitzu:
Kultur ekimenak
- Asier Errasti Film laburren zinemaldia
- Indalecio Ojanguren argazkilaritza lehiaketa
- Eibarko antzerki jardunaldiak
- Juan San Martin beka. Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen artean antolatzen dute Juan San Martin beka, Juan San Martin eibartarraren omenez euskarazko ikerketa sustatzeko. Lantzen diren ikerketa esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landutakoak dira: Antropologia, linguistika, filologia, toponimia, filosofia, literatura, botanika, artea, historia, kazetaritza, etnologia, mendizaletasuna eta zuzenbidea.
Jai Egunak
Eibarko jaiegun garrantzitsuenak hurrengo hauek dira:
- Urte berri eguna: ohitura handia dago urtearen lehen egunean Eibarko Urko mendira igotzeko.
- San Blas eguna: otsailaren 3a. Eibartar askok Sanblasopila egiten dute.
- Santa Ageda bizpera: otsailaren 4a. Eibartar ugari kantuan eta eskean irteten dira beren makilak eskutan.
- Inauteriak edo aratosteak: Egun garrantzitsuenetako bat eguen zuria da, ikastola eta eskoletako umeek beren koko jantziekin desfile bat egiten baitute. Asteartea nagusien jaieguna izaten da.
- San Juan eguna: San Juan eguna eta horren bezpera. Su artifizialek eta Untzaga plazan urtero egiten den suak markatzen ditu egunok.
- Arrateko jaixak: irailak 7 eta 8a. Bezperan kontzertuak izaten dira Arrateko kanpan. Arrate egunean, irailaren 8an, eibartarrak Arratera igotzen dira.
- San Andres eguna: Azaroaren 30a da. Bezperan, herri afaria izaten da eta egunean azoka antolatzen da. Inguruko artisauek zein baserritarrek bertara hurbiltzeko parada izaten dute beren produktuak saltzeko. Eguerdi aldean Eibarko Kezka dantza taldearen eskutik erromeria izaten da.
- Gaztainerre: Arima egunaren ostean, bigarren astelehena izaten da. Jateko barraskiloak eta gaztaina erreak izatea ohitura da.
Ondasun nabarmenak
Jauregiak, erakundeak, azpiegiturak...
- Untzueta jauregia, XVII. mendekoa. Jatorria erdi aroan du, baina gaur egungo eraikina barrokoa da.[39]
- Aldatze jauregia, XVII. mendekoa. Armarri bikaina du fatxadan.
- Markeskua jauregia, XVI. mendekoa. Bertan da UEUren kultura-egoitza.
- Eibarko udaletxea, Ego ibaiaren gainean eraikitako hormigoizko eraikina, lehenetarikoa. Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen eta 1901eko irailaren 14an inauguratu zen. Bertako balkoitik 1931ko apirilaren 14an Espainiako Bigarren Errepublikako bandera izango zena zintzilikatu zuten, honela gainontzeko beste hiriei aurrea hartuz.
- Coliseo antzokia, 1949an irekia eta 2007an berriztatua Victor Eusa Razquinen eskutik.[40]
- Tren geltokia. 1887an inauguratu zen eta 1909an handitu (data hori dago idatzita eraikinean).[41]
- Astelena frontoia. 1904an ireki zuten.[42] Azkenengoz 2006 eta 2007 urteetan eraberritu zuten.[43][44]
- Armeria eskola. 1912an sortu zuten.[45]
- Sagartegieta jauregia. Malzaga auzoan kokatua. XVIII. mendekoa, estilo neoklasikoan eraikia.[46]
- Untzagako dorrea, Untzaga plazan eraikia 1960ko hamarkadan, etxebizitza eraikina eta Gipuzkoako eraikin garaiena (77 metro), 20. mendea bitartean bederen[47].
Eraikin erlijiosoak
- San Andres eliza, XVI-XVII. mendeetan eraikia, baina eraikuntza eta itxura gotikoa du, nahiz eta hainbat elementu pizkundetar (zutabeak, korua, leihoak eta okuluak) eta barroko (ataria) izan. Bertan San Petriren eskultura erromaniko bat eta flandriar beirate bat daude, balio handikoak. Erretaula nagusia Diego Araotz eskultorearena da.[48]
- Arrateko Amaren santutegia, XVII. mende hasierakoa. Sarreran ur bedeinkatuaren ontzi gotikoa du, aurretik egondako elizaren lekukoa.[49]
- Aginagako San Migel eliza[50] [51]. Bataiarri erromaniko bat dauka.[52]
- Azitaingo baseliza: Azitain auzoko eliza, Kristo bizargabe batekin (munduko bakarretakoa).[53]
- Eibarko ermitak:[54]
- San Salvador
- Santa Kurutz
- Akondiako San Pedro
- Zelaarteko San Roman
- Egiako San Martin
- Gorostietako Santa Maria Magdalena
Argazki galeria
Eibartar ospetsuak
Eibarkoak ditugu, besteak beste, Martin Lopez Isasi merkataria, Juan Antonio Mogel eta Juan San Martin idazleak eta Ignacio Zuloaga margolaria.
Maria Unzueta puntista, Miguel Gallastegi pilotaria, eta Mari Carmen Lasagabaster erraketista (“Amaia”) kirolari aitzindariak izan ziren. Bestalde, Alberto Ormaetxea Errealeko inoizko entrenatzailerik hoberena da, taldeak dituen Espainiako futbol liga txapelketa biak irabaztea lortu baitzuen. Eibarkoa da Patxi Usobiaga eskalatzailea, 2009an munduko txapeldun izandakoa, eta baita Roberto Etxeberria moda disenatzaile ospetsua ere.
Euskaltzaleen Topaguneko presidentea 2014tik 2019ra izan zen Elena Laka abokatua ere Eibarkoa da.
Enrique Zuazua matematikaria, Asier Sarasua biologo-filologo-blogaria, Iraia Muñoa Hoyos bioteknologoa. Mireya Etxaluze eta Javier Gorosabel astrofisikariak, Jose Ramon Etxebarria fisikaria eta Eneko Agirre informatikaria Eibarkoak dira.
Udako Euskal Unibertsitateko idazkari nagusia da Ane Sarasua Aranberri eta Leire Narbaiza blogaria eta euskara-irakasle katedraduna Ebartarrak dira[55]
Su ta Gar musika taldea Eibarren sortu zen.
Erreferentziak
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- Salaberri Zaratiegi, Patxi; Zaldua, Luis Mari. (2020). Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia. Euskaltzaindia, 151-152 or. ISBN 978-84-120766-2-2..
- Lizarralde, Mikel. (2015-03-11). «@Imagreto @EnekoitzEsnaola "Eibarreko" hori... onartuta egongo da Berrian, baina belarriko mina Eibarren ;-)» @macmikel (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Batzordea — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Sergi Enrich: Salbazioa Ipuruan oinarritu behar dugu» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- Eibarko Hiztegia
- «Eibarko Mendiak. Euskal Herriko mendien zerrenda - Mendiak.eus» mendiak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-21).
- Sarasua, Asier. «Eibarko errekak: izenak eta sare hidrografikoa» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-01).
- «Eibarko historia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Maria Angela kalea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-06).
- «Web Eustat. Eibarko datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-01-10).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- Ahotsak Ahozko Ondarea. (2014-01-07). Eibarko ahozko ondarea. (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
- «Debaerdikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- Eibar Ahotsak. (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
- «Eibar aldeko hiztegia | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
- «Euskarazko irakasmaterialaren idazkuntzaren garapena. Amaitu gabeko historia kolektiboaren atal baten bertsio pertsonala. (Jose Ramon Etxebarriaren hitzaldia) — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2019-06-20).
- «Batasunaren kutxa» www.euskaltzaindia.eus (Jakin) 193 (Noiz kontsultatua: 2020-08-08).
- Aizpuru Murua, Mikel Xabier. (2003). Udako Euskal Unibertsitatea: euskal kulturgintzan : Hasierako urteak, 1973-1984. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-041-2. PMC 433518649. (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
- «Juan San Martin beka — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
- «Filosofia izango da Juan San Martin bekaren ikerketa-esparrua — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2021-12-05).
- (Gaztelaniaz) «La UPV delegará en la UEU impartir el máster 'on line' para ejercer de maestro» El Diario Vasco 2018-11-14 (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
- Urrats estrategiko bat: master ofizial bat euskaraz eta online – UEU-ren mintegia. (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
- «AGINDUA, 2019ko apirilaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Goimailako Online Institutua (Goi.eus) Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzea onartzen duena.» www.legegunea.euskadi.eus 2019-05-11 (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
- «Coliseo Antzokia — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Portalea Eibarko Kultura Etxea — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Margo Eskola — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Zeramika eskola — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Juan San Martin Eibarko Udal Liburutegia — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Armagintzaren Museoa — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Eibarko Udal Euskaltegia — Cultura — Ayuntamiento de Eibar» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Sala de Exposiciones — Cultura — Ayuntamiento de Eibar» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Indianokua gaztelekua — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Arrateko aterpetxea — Kultura — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Legarre musika sorkuntzarako gunea — Eibarko Udala» www.eibar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «7.- Untzuetatarren Jauregia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Coliseo Antzokia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Eibarko tren geltokia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Astelena Pilotalekua» turismoa.euskadi.eus 2006-11-06 (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Astelena katedralak maiatzean irekiko ditu berriro ateak - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- (Gaztelaniaz) Frontón Astelena, 1904-2004. Asociacion Centenario Frontón Astelena, 115 or. ISBN 84-7086-407-6..
- Agirre, Ilargi. «Herriko beharrei erantzuteko eskola» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «8.- Sagartegieta Jauregia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- (Gaztelaniaz) «El skyline de Gipuzkoa» El Diario Vasco 2019-06-13 (Noiz kontsultatua: 2020-12-10).
- «San Andres parrokia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Arrateko Santutegia — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- (Gaztelaniaz) Martínez de Morentin de G, Luis. (1996). Aguinaga de Eibar : historia de la parroquia. Centro Unesco, 389 or. ISBN 84-88737-36-X..
- (Gaztelaniaz) Ferreras Orbegozo, Juan María. (1998). Aguinaga de Eibar : la pintura mural y el retablo de Santa María. 1998, 85 or. ISBN 84-88737-45-9..
- «Aginagako San Migel — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Azitaingo eliza — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- «Eibarko ermitak — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
- UEUko lantaldea: Nor da Nor? – UEU365. (Noiz kontsultatua: 2019-09-21).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |