Sistema linfatiko
Sistema linfatikoa zirkulazio-aparatuaren parte da, eta honen bezala antzekoa da elkarri loturiko hodiz osatua den aldetik; hartan ez bezala, ordea, sistema linfatikoko hodiak ehunetan itsu hasten dira, eta ez dute zirkuitu jarraitu bat osatzen. Sistema linfatikoaren osagaiak hauek dira: kapilar eta hodi linfatikoak (garraioa) eta organo linfoideetan –gongoil linfatikoak, nodulu linfatikoak, timoa, barea– antolaturiko isurkari linfatikoak; organo linfoideetan bereizten edo kontzentratzen dira infekzioak deusezteko eta immunologia erantzuna emateko zeregina betetzen duten zelulak.
Sistema linfatiko | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | gizakiaren gorputza Zirkulazio-aparatua immunitate-sistema |
Konponenteak | linfa-hodia gongoil linfatikoa Linfa |
Identifikadoreak | |
Latinez | systema lymphoideum |
MeSH | A15.382.520 |
TA | A13.0.00.000 |
FMA | 7162 74594, 7162 |
Terminologia anatomikoa |
Anatomia
Kapilarrak eta hodiak
Organoen ehunetako zelula arteko gune gehienetan sortzen diren pareta meheko hodiez osaturiko sare bat da; zelula arteko guneetan jaiotzen dira, kapilar linfatiko oso-oso txikien modura, odoleko kapilarrarena baino diametro apur bat handiagoa edo paretsukoa dute, eta harreman estua dute bai kapilarrekin eta bai zein ehunetan dauden ehun horretako gainerako zelulekin ere.
Kapilar linfatikoak oso irazkorrak dira eta zatiki handiei eta proteinei barnera sartzen uzten diete; isurkari betegarriaren eta plasmaren antzeko osaera duen isurkari batez beteta daude. Kapilar hauek beste kapilar handiago batzuekin bat egiten dute, eta horrela hodi linfatiko gero eta handiagoak eratzen dituzte. Bi hodi handitan biltzen dira azkenik: eskuineko hodi linfatikoa, gorputzaren goiko koadranteko linfa drenatzen duena eta hodi torazikoa, Pequeten zisterna deituriko sabelaldeko gongoil handi batetik abiatzen dena eta gorputzeko gainerako ataletako linfa drenatzeko zeregina duena. Hodi horiek odol zirkulazioan husten dira jugular barneko zainak eta subklabia zainak gorputzaren alde banatan (ezker-eskuin) bat egiten duten gunean.
Linfa hodien egitura zainen egituraren antzekoa da, baina linfa hodien paretak askoz ere meheagoak dira, eta balbula gehiago dituzte. Hodi handiek hiru geruza dituzte: ehun konektibozko kanpoaldeko geruza, gihar ehun leun batzuekin; gihar leunezko tarteko geruza, eta gihar elastikozko endoteliozko barne geruza. Balbula sail batek isurkariari atzera egitea eragozten dio, linfa ez dadin lehengo lekura itzuli.
Gongoil linfatikoak
Egitura txiki biribil edo obalatuak dira, hodien ibilbidean zehar gune askotan, hodi txikiek bat egin eta hodi handiagoak eratzen dituzten lekuan batez ere, agertzen direnak. Gorputz guztian zehar barreiatuta daude, baina ugariagoak dira gune jakin batzuetan, lepoan, galtzarbeetan edo izterrondoan adibidez. Ehun harrozko masa txiki batzuk dira, ataletan zatituak eta makrofagoez eta linfozitoez beteak. Gongoil horietara hodi linfatiko aferenteak iristen dira eta hodi linfatiko eferenteak ateratzen dira horietatik. Gongoil bakoitzak erdigune edo muin bat, linfa noduluez osaturiko gune kortikal bat eta sinu linfatiko batzuk ditu; ehun konektiboz inguraturik dago.
Hodi aferenteetatik sartzen da gongoilera linfa, eta sinu linfatiko suprakapsularrean husten da; barrunbe horretan linfa garbitzen duten zelula fagozitario asko daude.
Hemendik aurrera, linfak gongoilean zehar aurrera egiten du, eta barrunbeetan zehar igaro ahala gero eta linfozito gehiago eransten zaizkio. Azkenik, hodi aferenteek muin sinuekin bat egiten dute, eta barrunbe horietatik irteten da linfa hodi linfatiko eferenteetara.
Fagozitosi jarduera oso bizia da, gongoileko makrofagoei eta zirkulazioaren bidez iristen direnei esker.
Hodiek beren edukia zainetan hustu aurretik gongoiletan zenbait zatiki arrotz, zelula hil eta zelula hondakin zirkulaziotik baztertzen direnez, edozein zirkuitu linfatikok gongoil horietako batetik igaro behar du odolera isuri aurretik, linfa behar bezain garbi irits dadin.
Nodulu linfatikoak
Esfera itxurako guneak dira, linfa ehunez osatuak; kanpoarekin harremana duten hodietako epitelioaren azpian daude kokatuta, arnasbideetan edo txegoste hodian adibidez. Babes lerro baten gisara jokatzen dute bakterien, birusen, polenaren, etab. aurrean. eta beraz, gongoil linfatikoen antzeko zeregina dute. Aipagarriak dira talde honetan faringeko amigdalak eta ahosabaiko amigdala.
Barea
Barea organo linfoide handiena da. Iraizketa gune oso eraginkorra da linfozitoekin. Urdailaren atzean dago, diafragmaren azpian. Noduluak bezala, mami gorriz eta zuriz beteriko barrunbeetan banatuta dago.
Gorriak odol zelulak eta zelula makrofagoak ditu; giza umekietan odol zelulak sortzeko gune bat osatzen du.Timoa: guruin endokrinoa da, linfozitoen jarduerarekin zerikusia duten hormonak jariatzen dituen aldetik; horrez gainera, organo horretan ugaltzen, bereizten eta heltzen dira linfozito batzuk eta garrantzi handia du erantzun immunologikoan. Beste atal batzuetan sakonago aztertuko da, baina aipagarria da antigeno arrotzetatik babestua dagoela, eta gainerako linfa organoak, aldiz, haien erasoaren mende daudela beren eremu ia guztian.
Sistema linfatikoaren zeregina
Ehunetako jario gehiegia odol zirkulaziora itzularazten du, eta kapilarretatik irtendako proteina kopuru txikiak ere zirkulaziora eramateko ahalmena du. Hori ulertzeko, kontuan izan behar da odola kapilarretatik zelula arteko espazioetara ateratzen denean presiorik ia batere gabe ateratzen dela, eta hori dela eta, odol gutxi itzultzen dela kapilarrera behin zelulen elikaduran eta haiek sorturiko hondakinak deuseztean bete beharreko zeregina bete ostean. Sistema linfatikorik ezean, ehunetan gero eta jario gehiago pilatuko litzateke, eta horrek ehunak hazi eta azkenik hondatu egingo lituzke.
Sistema hau da, orobat, txegoste hodiak xurgaturiko gantzak garraiatzen dituena. Berebiziko garrantzia du organismoa infekzio eta zaurietatik babesteko; noduluetan “arazten” da linfa zatiki arrotz, zelula hondakin eta infekzio eragile guztietatik.
Sistemaren mugimendua
Sistema linfatikoa isurkaria drenatzen duten hodi itsuetatik abiatzen da, eta beraz, jatorrian, linfak ez du presiorik; eta ez du bihotzak duen ponpa tankerako mekanismorik isurkaria hodietan zehar bultzatzeko. Zer indarrek higiarazten du, orduan, linfa? Gorputzeko eskeleto giharrek betetzen dute zeregin hori. Gihar horietan zehar igarotzen dira hodiak, giharrek kapilarrak estutzen dituzte eta gihar ponpa baten tankerako efektua eragiten dute, isurkaria bultzatzeko. Balbula sistemaren eginkizuna linfari atzera egitea eragoztea eta behar den noranzkoan garraiatzea da. (Animalia batzuetan –anfibio, narrasti eta arrain eta hegazti batzuetan–, bihotz linfatikoak daude linfa eta zain sareen arteko lotuneetan). Linfa jarioa handitu egiten da zerbaitek gorputzeko ehunak estutzen dituenean, giharrak uzkurtzen direnean edo arteriak sakatzen direnean (bihotz taupadaren ondoriozko uhinak transmititzen dituzte), linfa hodietan presioa handiagoa egiten baita orduan.
Sistema linfatikoaren gaixotasunak
Edemak sistema linfatikoan hodiak ixten direlako isurkari betegarri gehiegi pilatzen denean agertzen diren hanturak dira; edemak zaurien, ebakuntzen edo bizkarroiek gorputzari egindako erasoen ondorioz sortzen dira. Bizkarroiak dira kalte ikusgarrienak eragiten dituztenak. Linfa hodietan, gongoilen inguruan edo barrunbean kokatzen den 8-10 cm-ko nematodo bat izaten da edemak sorrarazten dituen bizkarroia; denborarekin elefantiasia edo gorputzeko organo edo atal baten handitze neurriz gaindikoa eragin dezake. Bizkarroiaren larbak eltxo jakin baten ziztadaren bidez transmitizen dira; eltxoak ziztatzean egitean larbak, eltxoaren tronpan egoten direnez, ziztada gertatzen den gunetik hurbil gelditzen dira, gero handik gorputzera sartzen dira hodi eta gongoil linfatikoetara, eta han heltzen dira.
Erreferentziak
- Testu hau cc-by lizentziarekin eskaintzen den honetatik hartu da zati handi batean.