Eguzkialde jauregia
Eguzkialde jauregia Getxo udalerriko oso alde nabarmen batean dago: Neguriko lorategi-eremuan, Algortako etorbidearen ertzean. Menditar estiloko arkitekturan eraikitako luxuzko etxe bakarra da. Bizkaian joera horren ideologo eta sustatzaile nagusia izan zenak marraztu zuen 1918. urtean; Leonardo Rucabado arkitektoak, hain zuzen.[1][2]
Eguzkialde jauregia | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Getxoko eremu berezia | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Neguri eta Getxo |
Koordenatuak | 43°20′N 3°01′W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1918 |
Jabea | Pilar Kareaga |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Leonardo Rucabado |
Ondarea | |
EJren ondarea | 116 |
Lezama-Legizamon jauregiarekin, San Joseren etxearekin, Luis Aranaren etxearekin eta Itsasoan galdutakoen Etxearekin batera, Areetako kaiaren inguruko ondare-eremu babestuan dago.[3]
Eguzkialde jauregiaren kokalekua, handi-txikia, aberastasuna eta arkitektura mailako kalitatea aintzat hartzen baditugu, Bizkaian XX. mendeko arkitekturaren elementu adierazgarriena eta ezagunena da.[2]
Eraikina
Kokapena, handi-txikia, aberastasun kromatikoa eta kalitatea direla-eta, XX. mendeko lehen hereneko Bizkaiko arkitekturaren eraikinik ezagun eta adierazgarrienetakoa da. Inguruko jauregiekin lehiatu nahi zuen, baina beheragoko maila bazuen ere, eraikinak ibiltarientzat deigarria izatea lortu du, bolumenen muturreko bertikaltasunari, kokapen egokiari eta fatxadetako muturreko barrokismoari esker.
Barbier Etxea edo Alkate Andraren Etxea izenez ere ezaguna da, jabeak horiek ere izan baitziren. Pedro María Barbier industrialariak eskatu zuen jauregia eraikitzea, eta han bizi izan zen lehen pertsona izan zen. Geroago, 1957. urtean, Enrique Lekerika Erkizia eta Pilar Kareaga Basabe senar-emazteek erosi zuten. Pilar Kareaga Espainiako lehen emakumezko industria-ingeniaria izan zen, eta Bilboko alkatea 1969. eta 1977. urteen artean.
Dorreen bolumen kubikoa erabiltzen du, eta apaindura klasikoak nabarmenki gainditzen du herri-apaindura; herri-apaindura egutera eta bilbaduraren gorputzetan bakarrik da azpimarragarria. Fabrika kalitate handiko harlanduz dago landuta, eta ertzetan estutu egiten da eta katetxoak osatzen dira.
Eraikuntza exentua da, oin angeluzuzena du, eta isurki anitz dituen estalki bat du, eta estalkiaren gainetik dorre bat ateratzen da; sekzioa karratua da eta estalkia piramide-formakoa, eta erlaitz zabaletan teilatu-hegal kasetoidunak daude. Altxaeran behe-sotoa, beheko solairua eta bi altuera gehiago eta ganbara bereiz daitezke, eta dorrean beste solairu bat gehiago dago. Dorrearen gorputza fatxada nagusitik aurreratu egiten da; fatxada nagusia alboko fatxada da. Sarrera albo batean dagoen sarrera-ataripe batetik egiten da; ataripeak puntu erdiko hiru arku ditu, eta bertara harmailadi baten bitartez iristen da. Bertan garatzen dira: galeria edo egutera bat, buruduna, zutabeduna, eta omenaldi-balkoi bat, barkalunduna; omenaldi-balkoirako sarreraren goialdean frontoi txiki bat dago, itxura errenazentista duena, eta frontoiaren goialdean pinakuluak daude. Bigarren solairuan bao burudunak oihalez inguratuta daude; oihalak adreiluan apaindu dira, arrainaren hezurren irudiekin.
Azkeneko altueran, dorrearena, bao burudunak daude, pilastra kaxeatuen artean laukitua, eta horien zurezko ateburuak teilatu-hegalen luzapena dira. Itsasora orientatuta dagoen fatxadan hiru bao-ardatz nagusi bereiz daitezke. Fatxada honetan arku karpaneleko bao beiratuak dituen begiratokia nabarmentzen da; begiratoki honek beheko solairu osoa hartzen du, eta bide batez, goiko solairuan hiru sarreraren buru den terraza bati bide ematen dio. Erdiguneko sarreraren alboetan pilastra biribilduak daude, eta goialdean frontoi txiki triangeluar bat dago, loreontziekin amaituta. Bigarren solairuan bao burudunak daude, bikoteka jarritako elkarri atxikitako zutabe artean, txirlekin apaindutako barlasaiekin.
Eraikin osoko elementurik nabarmenena dorre altua da -kasu honetan ez da angeluarra-; goialdean begiratokiak ditu, eta angeluetan estalkia zulatzen duten erroiluekin amaitzen da. Hori guztia errepikatu egiten da jauregiaren gorputz nagusian. Barrualdea, berriz, zertxobait atipikoa da, izan ere, aurkako aldeetan sarrera bana jarrita dago, eta, ondorioz, atondo bana sortu behar izan dira; hala eta guztiz ere, jauregien banaketa burgesari eutsi zitzaion.
Iruditegia
- Ataria.
- Haize-orratza.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) «Otros palacios también cambian de propietarios» Deia 2014-02-23.
- «Eguzkialde jauregia» Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistema (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila).
- Getxoko Udala: «Monumentu-ondarea»