Gabon kanta
Gabon kantak edo Eguberri kantak Eguberri aurreko denboran eta Eguberrietako ospakizunetan kantatu ohi diren abestiak dira. Lehen gabon kantak Antzinako Erromatik datoz, IV. mendeko abestiak. Mende askotan zehar, Jesusen jaiotza eta inguruko gertakariak (Errege Magoak edo artzainen adorazioa) izan dira kanta hauen gai nagusia baina XX. mendean zehar, eguberrietako ospakizunari berari buruzko gaiak eta beste elementu profano zenbait joan dira sartzen: familia eta lagun giroa, opariak, Bizar Zuri etab. Garai batean, gabon kantak eguberrietako ospakizunetan eta liturgian soilik abesten baziren ere, egun merkataritza-eremu guztietan ere entzuten da giroko musika moduan, jendeak eguberri girora bildu eta opariak eros ditzan. Euskal Herrian, haur eta gaztetxo taldeak biltzen dira kalez kale eta etxez etxe Olentzero eguneko eskeetan Gabon kantak abesten.
Ahotxak.eus atariak 100dik gora grabazio ditu gabon-kantekin.[1]
Hainbat abesti
Gabon kanta asko dago, Ahotsak.eus atariak 100dik gora grabazio ditu gabon-kantekin.[1] Horietako batzuk dira hauek: Alaken, Atozte kristauak (Adeste fideles), Dringilin dron, Erregiak datoz, Gabonsariak (Munibe), Gaueko izar, Hator hator, Haurtxo maite (alemanez jatorrizkoa: Stille Nacht; gaztelaniaz: Noche de paz; frantsesez: Douce nuit, sainte nuit), Mari Domingi, Mesias sarritan, Oi Bethlem, Olentz-ero, Olentzero joan zaigu, Oles ta oles...
Hator Hator
Hator hator abestia Gabonetan abesten da, baina ez du kristau kutsurik. XVIII. mendean sortu zuten Durangoko de la Fuente anaiek (Plateruak). Abesti honek gai bezala, euskal arazoak jorratzen ditu. Hizkuntzari dagokionez, hika erabiltzen du. Bestalde, abesti honi buruz, hainbat bertsio desberdin egin dira, hala nola; Vendetta taldeko Luisillok eta Pellok, Eratu taldeko Unaik, Hesian taldeko Zuriñek eta Kaotiko taldeko Xabik elkarlanean abesti honen bertsio berri bat plazaratu zuten 2016ean[2]. Bestetik, Negu Gorriak taldeak ere beste bertsio bat egin zuen[3].
Hator Hator mutil etxera
gaztaina ximelak jatera,
gabon gaua ospatutzeko
aitaren ta amaren ondoan,
ikusiko dek aita barrezka
amaren poz atseginez,
eragiok, mutil, aurreko danbolin horri.
Gaztainak erreak dira,
gaztainak erreak dira,
Txipli, Txapla, Pum!
Gabon gaua pozik igaro dezagun...
Olentzero
Olentzeroren inguruko hainbat kanta abesten dira, baina honako hau litzateke ezagunena. La Farandole Joyseuse melodia erabiltzen da kanta hau jotzeko. XVII. mendean bereganatu zuten txistulariek. Hainbat bertsio daude kantu honen inguruan. Esaterako, bertsio batzuetan "errendimenduz jantzia" esan beharrean "entendimentu gabia" ageri da. Olentzeroren adierazpen paganoan, XX. mende bukaerakoan hain zuzen ere, kristautasunaren erreferentzia kentzeko "negua joan dala" esaten zuten "Jesus jaio dala"ren ordez.
Olentzero joan zaigu
mendira lanera,
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenean
Jesus jaio dela,
lasterka etorri da
berri ematera.
Horra, horra
gure Olentzero
pipa hortzetan dula
eserita dago.
Kapoiak ere baitu
arraultzatxoekin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.
Alaken
1994an, Donostian, argitaratu zen kanta dugu hau. Aita Donostiak Hazparnen jasotakoa. Gabon kanta honetan, artzainei buruzko jardunez eta lanez hitz egiten da eta garai hartan zuten garrantzia, adierazi eta aldarrikatzen du.
Alaken,
alaken,
ala pikula tun paire,
errespunde la pikula tunpa
Jesus Maria Jainkoa zen.
(bis) Adizkideok!
Ikusi duzue
zelai horietan artzaia,
artzai txiki,
artzai handi,
artzai mutur leuna.
Alaken, alaken...
Lo leri lelo,
goxo dek goxo,
neguan etxe txokoa.
(bis) Gaur jaio da, gaur,
Jesus Haurtxoa.
Lo leri lelo,
hiru errege
izar baten arrastoan.
Lo leri lelo,
tranka, trankatran,
hirurak zaldiz badoaz.
Alaken, alaken...
Horra Mari Domingi
Mari Domingi[4] euskal abesti tradizional batean ageri den emakumea da. 1990eko hamarkadatik aurrera, Euskal Herriko eguberrietako hainbat ekitalditan, Olentzeroren gizonezko pertsonaiaren alboko emakumezko irudi bilakatu izan da. Hari buruzko abestia ere oso ohiko da Gabonetan.
Horra Mari Domingi
begira horri
gurekin nahi duela
Belena etorri.
Gurekin nahi baduzu
Belena etorri
atera beharko duzu
gona zahar hori.
ZATOZ, ZATOZ, ZURE BILA NENBILEN NI!
ZATOZ, ZATOZ ZURE BILA NENBILEN NI!
ZATOZ, GOAZEN TA GURTU DEZAGUN
BELENEN JAIO DEN HAURTXO EDER HORI
HAURTXO EDER HORI.
Erreferentziak
- «Gabon kantak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-22).
- Hator hator neska-mutil etxera! (HATORTXU ROCK). (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
- Hator hator (Negu gorriak). (Noiz kontsultatua: 2019-10-23).
- Horra Mari Domingi. (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).
Ikus, gainera
- Olentzero
- Mari Domingi
- Olentz-ero
- Olentzeroren baserria
- Olentzero, gabonetako ipuina
- Kategoria:Euskal gabon kantak
Kanpo estekak
- Gabon-kantak Ahotsak.eus (100dik gora grabazio).
- Olentzero (Karaokea). Txatxangorria, Youtube
- Olentzero. Oskarbi. Herri Gogoa / Edigsa 1976. Badok.eus
- Olentzero. Oskarbi. Elkar. 2008. Badok.eus