Egiptoko Inperio Zaharra

Egiptoko Inperio Zaharra (K.a. 2700-K.a. 2200), Antzinako Egiptoren historia dinastikoaren hirugarren zatia da. Aro honetan III., IV., V. eta VI. leinuek gobernatu zuten.

Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Aro Dinastiko Goiztiarrean sortutako sistema politiko, kultural eta erlijiosoa aro honetan oinarritu zen. Faraoia erabat jainkotu zuten eta botere zentral bat ezarri zuten. Aro honetan Djoser faraoiak hiriburua Menfisera eraman eta Nubiatik Sinairaino zabaldu zuen. Imhotep bere bisirrak Sakkarah herrian lehen Piramide Mailakatua eraiki zuen. Gizan ere, Keops, Kefren eta Mizerino faraoiek ere piramideak eraiki zituzten.

Pepi II.ak 94 urtez gobernatu ondoren, nomarkek (nomo edo probintzien gobernadoreak) boterea lortu eta oinordetzako bihurtu zituzten bere aginteak Egiptoko Tarteko Lehen Aroa hasiz.

Historia

Egipto izan zen historiako lehenengo estatua; K.a. 3.100 urtean sortu zen, Goi Egiptoko (Hierakonpolis, Nagada eta Abidos) eta delta inguruko hainbat printzerri gobernu bakar baten pean bateratu zirenean. Lehenengo idazkunetan garbi ikusten da erregeak interes handia zuela baserri handiak herrialde osoan barrena hedatzeko (hut-aat); baserri horietan nekazariek gatibu lanetan aritu behar zuten, eta hango mozkinei esker eraiki ahal izan ziren garai hartako monumentu ezagunenak: piramideak. Egiptoko Inperio Zaharrak burokraziaren gehitze etengabea du ezaugarri nagusia, bai orobat probintzietako baliabideak gero eta gehiago ustiatzea, eta faraoiaren aginpidea ideologiaren aldetik zuritzeko tresnak landu izana (adibidez, Piramideetako testuak). Hala ere, nekazariak hainbeste estutu zituzten, non pobretu egin baitziren eta haiekin batera, zergak ezin kobraturik, monarkiak berak ere lur jo baitzuen, desegin egin baitzen eta haren ordez krisialdi hartan printzerri txiki ugari sortu baitzen hegoaldeko probintzietan, eta erresuma ahul bat, berriz, iparraldean, hiriburu Herakleopolis zuena, eta tokian tokiko jauntxo erdi independenteen (Siut, Moalla) laguntzari esker iraun ahal izan zuena.

Egiptoko lehen bi dinastien garaian, faraoi jainkotuak aginpide zentralizatu bakar baten pean bildu zituen goiko eta beheko Egipto. Aginte zentralizatuari eta Nilo ibaiaren gainezkaldi erregularrei esker, nekazaritza soberakin ugari eskuratzen zuten eta horregatik enplegatu ahal izan zen hainbeste jende Inperio Zaharraren ezaugarri bihurtu ziren arkitektura obra ikaragarri haietan. Garai hartan asmatu zen hieroglifo idazkera, eta orduan sortu ziren Menfis eta Heliopolisko erlijio gune handiak ere. Gune horietan osatu zen sinesmen sinkretismoa erabakigarria izan zen faraoi jainkotuaren aginpidea sendotzeko.

Aginpide zentralizatu horren babesean Egiptoko zibilizazioak aurrerapen handiak egin zituen, eta funtzionario eta handizki asko aberastu zuen. Pepi II.a (K.a. 2278-2184) hil ondoan oinordekotza arazo larriak izan ziren. Oinordekotza gorabeherak eta klima aldaketak zirela-eta, aginpide zentrala desegin eta hiruzpalau erreinutan zatitu zen Inperio Zaharra. Hura izan zen Lehen Bitarteko Aroa deitu zaionaren hasiera : anai arteko gerra eta gose urteak izan ziren, eta garai hartan harrapakatu eta suntsitu ziren Inperio Zaharreko hilobigune asko.

Arkitektura

Piramideak

Piramideen aroa da Inperio Zaharra. Inoiz altxatu diren hilobi monumentu handienak eraiki zituzten faraoiek, sekula sekulakotz aintzatuak eta gogoratuak izango ziren itxaropenean. Ez da ahaztu behar, hala ere, elementu gehiago hartzen zituen hileta eraikin multzo baten parte izaten zela piramidea, nahiz eta hilobia bertan egon. Hala, aipatzekoak dira : beheko tenplua, ibai ertzean ; goiko tenplua, piramidearen alboan, faraoiaren gurtzarako ; piramidera heltzeko galtzada ; biltegiak ; eta, batzuetan, faraoiaren hileta ontziarentzako hobia. IV. dinastiatik aurrera, piramide txikiago batzuk egin zituzten faraoien emazteentzat, piramide handiaren alboan. Hileta eraikin multzo handi hauen inguruan altxatzen zituzten handizkiek eta funtzionarioek ere beren mastabak, faraoi jainkotuagandik hurbil hilobiratuak izan zitezen.

Ezagutzen den lehen hileta eraikin multzo piramideduna Horus Netjerikhet edo Djoser faraoiarena da (K.a. 2668-2649). Imhotep arkitekto handiak eraiki zuen, eta azken hori da, hain zuzen ere, errege eta gobernariak kenduta, bere izen propioz gogoratzen den historiako lehen gizakia. Imhotepen obra naturaz gaindiko zerbait iruditu bide zitzaien bere garaikideei. Aurrez ez zen Egipton harrizko eraikuntza aipagarririk, baina arkitektura, ordu arte batik bat pezo eta zurezkoa zena, harrizkoa bilakatu zen handik aurrera. Imhotep santutzat gurtu zuten hil ondoren, eta medikuntzaren jainko zen Asklepiorekin parekatu zuten greziarrek. Saqqarako Piramide Mailakatua mastaba handi baten gisara diseinatu zen lehenbizi. Hau da, garaiera gutxiko egitara karratu bat, goiko aldetik putzu erako sarrera bat zuena. Hasierako mastaba hari solairu gehiago erantsi zitzaizkion gainean, harik eta behin betiko piramide mailakatu forma eman zitzaion arte. Kareharriz eraikitako sei harmailaz dago osatua piramidea.

Oinean 109 x 125 metro da luze-zabalean, eta 60 metroko garaiera du. Kanpoko sarbide batetik sartzen da piramide barruan lurpean dagoen granito gorrizko hilobi ganberara. Haren gaindi, korridore sail bat dago, eta horietako batean faraoia irudikatzen da "sed" izeneko festan lasterka. Aipatu festa horren xedea faraoiaren indarrak berritzea izaten zen, bere gaztetasunari betierekoz eutsi ziezaion. Hileta eraikin multzoaren inguruan 10 metro altuko harresi bat zegoen, garai hartako jauregi erara bere sartu-irtenez apaindua, II. dinastia garaiko zenbait erliebetan egiten zen bezala. Harresiaren barrutik korridore bat zegoen, itsatsitako zutabe sortakatuz inguratua, eta piramide mailakatuaren aldameneko patio guztiz zabal batera irekitzen zena.

Piramideen bilakaerako hurrengo urratsa IV. dinastiako lehen faraoia izan zen Snofruren (2575-2551 K.a.) erregealdian egin zen. Faraoi honen garaian hiru piramide handi eraiki ziren eta, itxura batean behintzat, ez dirudi herrialdeko ekonomiari eta giza baliabideei gehiegi erasan zitzaienik. Hiru piramide horietan ikusten da piramide mailakatuetik benetako piramidera arteko bilakaera (tartean erronboide formakotik pasa zen). Meidumeko piramidea, lehenengoa, Huni faraoiak, Snofruren aitak, eraikitako piramide mailakatu bat zen hasieran, gero harmailak berdindu bazitzaizkion ere, 92 metro altuko benetako piramide baten itxura eman zitzaion arte. Gaur egun, piramide horren barne egitura baizik ez dago zutik, kanpoko estalkia berehalaxe erori baitzen. Ondoren beste piramide baten eraikuntzari ekin zion Snofruk Dahsurren. Malda pikoa emanez hasi ziren zenotafio berria eraikitzen : 54° 31', baina erdialdera heldu zirenean pitzatu batzuk agertu ziren eta Meidumekoa bezala eroriko zitzaien beldurrez, malda apaltzea erabaki zuten. Hala, 43° 21'ko malda eman zioten handik gora, eta horregatik geratu zitzaion erronboide itxura bitxi hori: Piramide Makurra. Nahiz eta piramide hark 102 metroko garaiera izan, Snofruk Piramide Gorria deitu zitzaion hirugarren piramide bat eraikitzeko agindu zuen, eta hantxe hilobiratu zuten.

Gizako piramide multzoa

Sakontzeko, irakurri: «Gizako nekropolia»

Gizako piramide multzoa da, edonola ere, denetan ikusgarriena eta ezagunena, hantxe iritsi baitzuten perfekzioa Inperio Zaharreko arkitektoek. Khufu edo Keopsen piramidea da (K.a. 2589-2566), segur aski, historia guztian harriz eraikitako monumenturik handiena. Aldera dakiokeen bakarra Txinako Harresi Handia da, askoz geroagoko obra, bestalde.

Piramidearen oina karratu ia perfektu bat da, 230 metroko aldea duena (440 egiptoar besabete). Zorua berriz ia erabat horizontala da, gehieneko desnibela 0,0021 m besterik ez baita. Oineko karratuaren aldeak lau puntu kardinalekiko guztiz perpendikularrak dira. Eraikinak 146,59 metroko garaiera zuen amaitu zutenean (280 besabete), baina gaur egun ez da 138,75era baizik heltzen. Kareharrizko 2.300.000 bloke handiz egina dago, milimetro erdi eskaseko igeltsuzko geruza tartean dutela. Blokeen batez besteko garaiera 0,69 metrokoa da, eta pisua 2,5 tonakoa, baina badira 1,5 m altu direnak eta 15 tonako pisua dutenak ere. Eraikin eskerga honen guztizko bolumena 2.600.000 m³-koa da eta 6.000.000 tona pisatzen du, gutxi gorabehera. Piramide arruntek baino barrualde konplexuagoa du, 3 hilobi ganbara baititu, maila desberdinetan. Hirugarren hilobira 8,46 m altu den korridore batetik heltzen da : Galeria Handia esaten zaio. Herodotok egotzi zion tirano fama beltza gorabehera, lurralde aberatsa eta baketsua utzi zuen Khufu faraoiak heriotzak eraman zuenean. Hala, haren ondorengoek baliabide ugari izan zuten eskura piramide gehiago eraikitzeko.

Khaefire edo Kefrenen piramidea (K.a. 2558-2532) Khufurena baino zertxobait txikiagoa da : 215,25 metroko aldeak ditu eta 143,50 metroko garaiera. Hortaz, triangelu sakratuaren proportzio doiak ditu : 3-4-5, garaiera = 4 dela. Egoera onean daude oraindik Kefrenen beheko tenplua eta piramidera heltzeko galtzada. Tenpluaren ondoan esfingea dago, harkaitzean landutako estatua bat, lehoi gorputza eta giza burua dituena : 57 metro luze da eta 20 metro garai. Khufuren garaikoa da esfingea, eta beraz, Khaefreren tenplua baino antzinagokoa.

Menkaure edo Mizerinoren piramidea da berriena (K.a. 2532-2504). Beste bien aldean txikia ematen du, 105 metroko aldea eta 66ko garaiera baizik ez baitu. Egiptoar hiruki angeluzuzenaren proportzioak errespetatzen ditu : h=5, b=4. Piramidearen tamaina txikiagoa bada ere, inguruko tenpluak handiagoak eta aberatsagoak dira proportzioan. Beste hiru piramide txiki ere eraiki zituzten Menkaureren piramidearen ondoan, faraoiaren emazteen hilobitarako. Piramideen inguruko eraikinetan egindako lan horien guztien ondorioz, eraikuntza lanak pixka bat arrazionaldu egin ziren eta, hala, V. dinastiatik aurrera, kareharrizko bloke txiki eta irregularrez eraiki ziren piramideak. Kanpoko geruza baizik ez zen egiten kareharri landuz ; alabaina geruza horrek, eraikin guztiz trinkoaren itxura ematen zion. Teknika berri horri esker askoz lehenago amaitu zituzten eraikinak, baina behin kanpoko blokeak kenduz gero -Erdi Aroko harginek guztiz gogoko zituzten-, berehalaxe hondatu ziren.

V. eta VI. dinastiako faraoiek metodo berria erabiliz eraiki zituzten Abusir eta Sakarako piramideak. Ia denak sartzen dira triangelu sakratuaren proportzio doietan, eta aurrekoak baino txikiagoak dira. V. dinastiako azkeneko erregea izan zen Unasen (K.a. 2375-2345) piramidetik aurrera, zeina Sakaran baitago, sarkofagoa zegoen ganbaran piramideetako testuak idatzi ziren, ezagutzen diren erlijio testu antzinakoenak. Ganbararen sabaia ere apaintzen zen: izar zuriak irudikatzen zituzten atze urdin ilunaren gainean.

Beste eraikinak

Hileta eraikin multzoak ez ezik, V. dinastiako faraoiek Ra jainkoari eskainitako tenpluak ere eraiki zituzten. Eguzkiari eskainitako tenplu hauek atari bat zuten aurrean, eta berorretatik piramideetakoen antzeko aldapa bat igotzen zen tenpluraino.

Eguzki ontzi bat irudikatzen zuen adreiluzko patio karratu bat izaten zen tenplua bera, eta patioaren barruan obelisko bat egoten zen idulki baten gainean ezarria.

Gizarte maila alaiko pertsonak, zerbitzatu zuten faraoiaren zenotafioaren ondoan eraikitako mastabetan hobiratzen ziren. Era horretan, Ra beraren kide bihurtzen ziren, jainko harekin identifikatzen baitzen faraoia hil ondoan.

Mastaba baten hondakinak

Mastabaren bilakaera piramidearenaren bertsua izan zen. Hasieran adreiluzkoak ziren, baina III. dinastiaz geroztik kareharrizkoak eraiki ziren. Hilobi ganbara lurpean egoten zen, eta han ezartzen ziren jauregi fatxada eran apaindutako harrizko sarkofago angelu-zuzena eta hileta horniak. Mastabaren goialdeko putzu erako zulo batetik zuen sarbidea, zeina zaborrez eta hareaz betetzen baitzen gero. Mastabaren gainegituran serdab zelakoa, non zenduaren estatua bat ezartzen baitzen, eta gurtzarako kapera egoten ziren ; azken horretan zegoen mastabako irudimenezko sarrera edo ate faltsua. Bi gela horiek erliebez apaindu ziren V. dinastiatik aurrera. V. eta VI. dinastien garaian, aberastasun handiz apaindutako mastaba handiak eraiki zituzten handizkiek. Aipagarriak dira Ti-rena, Ptahotepena, Akhethetep-ena eta Mererlikarena.

Mastaba hauen gainegitura konplexuagoa izaten zen, pasabide eta gela gehiago izaten baitzuten : atartea, patio pilareduna, zenduaren janarientzako gordetegia eta korridore sail bat. Inork ez daki ziur Inperio Zaharraren garaian errege familiakoak ez ziren pertsonen gorpuak baltsamatzen ziren ala ez, baina badirudi momia bihurtzeko tratamendua, artean oso bakuna bazen ere, faraoiari eta haren ahaide hurbilenekoei baizik ez zitzaiela egiten.

Artea

Egiptoko estatuak zenduen irudiak ziren, eta garai hartako gainerako arte adierazpenek bezala, erlijio zergatiak zituzten azpian. Garai hartako Egiptoko estatuen ezaugarri nagusia da "kubo itxurakoak" zirela, arkitektura esparruak horretaraxe behartuta : serdab-ean edo kaperan jartzen ziren, eta, baldin eta faraoia bazen, tenpluaren barruan.

Estatua aurretik ikusteko egina zegoen, eta beraz, aurreko aldea eta alboak elkarrengandik bereizita daudela dirudite, aurpegia salbuetsita, zeinak, zenduaren erretratua ahalik eta leialen irudikatu behar zuenez gero, itxura bateratuagoa izaten baitzuen. Aldiz, erliebeetan, aldamenka irudikatzen ziren irudiak, nahiz eta pertsonen gorputz enborra aurretik ikusita bezala irudikatu.

Estatuagintza

Estatuagintza mastabetako erliebeei esker ezagutzen da Inperio Zaharreko eskulturaren teknika, eskulangileak ikusten baitira lanean erliebeetan bertan. Bestalde, Menkauraren hileta eraikinen multzoan, eskultura lantegi baten hondakinak aurkitu ziren, non obra batzuk hasi berriak baitzeuden, eta beste batzuk, aldiz, amaitzeko zorian. Hala ezagutu ahal izan ziren estatua baten sorkuntza prozesuko etapa guztiak, eta baita erabilitako bitartekoak ere. Lehendabizi, harrizko blokea ateratzen zen harrobitik. Harria biguna zenean (kareharria, hareharria, eskisto edo lapitza, alabastroa), nahikoa izaten zen zizel kolpeka blokea erauztea. Baina harria gogorragoa zenean (diorita, granitoa, kuartzita) blokeak pixkanaka ebaki behar izaten ziren. Lehenik arrakala bat ateratzen zen zizelez, gero zurezko ziriak sartu, urez busti, eta dilatazioz, nahi zen tokitik hautsarazten zen blokea. Behin blokea bereizi eta gero, harrobian bertan egiten zen arbastu lana, eta ondoren lantegira eramaten zen.

Lehenbizi estatuaren kanpoalderainoko guztia jaten zitzaion zizelka. Pixkanaka, buru aldetik hasita, doituz joaten zen, harik eta nahi zen irudia lortzen zen arte. Ondoren, besoak eta zangoak zizelatzen ziren, harritik ahalik eta gehien bereizteko, eta xehetasunak lantzen ziren. Azkenik leundu egiten zen. Eskulangileek erabiltzen zituzten lanabes gehienak harrizkoak ziren, silexezkoak batik bat, eta baita kobrezko zizel batzuk ere (Inperio Zaharrean), harri gogorrentzat oso eraginkorrak ez ziren arren. Hareharrizko edo kareharrizko estatuak margotu egiten ziren, baina harri gogorrezkoak, berez koloretsuak eta zaindunak zirenean, zeuden-zeudenean uzten ziren. Hala egin zuten, adibidez, Khefrenen estatua eseria (Kairo) egin zutenean, zeina Inperio Zaharreko ederrentzat jotzen baita.

Zurezko eta kobrezko estatuak ere egiten ziren, Pepi I.aren eta bere seme Merenrerena, esate baterako.

Bete behar zuen funtzioaren araberakoa izaten zen estatuaren forma. Hasieratik, tronu kubiko batean eserita irudikatzen ziren erregeak, eta tronuaren bi alboetan lotoa eta papiroa antzezten ziren, goiko eta beheko Egiptoren ikurrak, hain zuzen ere. Faraoia xendjit izeneko zapi bat jantzita irudikatzen zen eta erregetasunaren ikurtzat nemes edo koroa buruan eta gezurrezko bizarra kokotsean eramaten zituen. Horrelako estatuetan, faraoia bakarrik egon ohi da, eta emaztearekin dagoenean, emaztea haren oinetan eserita agertzen da. Estatua bikoitzak edo hirukoitzak oso bakanak dira, baina horien artean aintzat hartzekoak dira Menkaure eta emaztea irudikatzen dituena (Boston), eta Menkauraren hirukotea (Kairo). V. dinastiatik aurrera, erregeen estatuetako jarrera zertxobait aldatzen hasi zen, ideologia teokratikoaren eta aginpide politikoaren arteko erlazioaren eraginez. Horrela ulertzen da, lehen aldiz, faraoia jendaurrean erlijio eskaintzak egiten irudikatzen zuten estatuak egin izana, Pepi I.arena, esate baterako, faraoia belaunikaturik irudikatzen baita, bi ontzi eskaintzeko jarreran (Brooklyn Museum). VI. dinastiaren azken aldera, erregearen haurtzaroa antzezten zuten estatuak egin ziren, hala nola Pepi II.aren alabastrozko estatua (Kairo), eta faraoi berbera amaren magalean irudikatzen duena (Brooklyn). Azken hau estatuagintza politika errealitatera egokitu izanaren seinale argia da Bi estatua hauek alabastrozkoak dira, oso material bakana Egiptoko estatuagintzan. Zenbait espezialistak esan du balitekeela harri mota horren esne kolorea haurtzaroaren erreferentzia bat izatea.

Eskriba eseria (Louvre).

Errege ez ziren pertsonak, nolanahi ere, ez ziren haiek bezain jarrera zurrunetan agertzen estatuetan. IV. dinastian, artean, erregeen estatuen oso antzekoak ziren pertsona zibilenak adibidez, Rahotep eta Nofreten estatuek (Kairo) kubo antzeko estatua eseriaren eredua errespetatzen dute. V. eta VI. dinastietan asko ugaldu ziren zibilen estatuak, Abusir eta Saqqarako mastabetan jartzeko. Garai hartan asko aldendu zen zibilen estatuagintza eredu ofizial klasikoetatik, baina kalitatez ez zuen eskasagoak, Louvren eta Kairon gordetzen diren eskribau eserien irudi bikainetan ikusten den bezala. Nahiz eta mugimendu askatasuna handiagoa zen, ez zioten uko egin jarrera konbentzionalei: zutik edo eserita, gortean betetzen zuten eginkizunari zegozkion ezaugarriekin, edo familia multzoetan. Jarrera askatasuna handiagoa zen, hala ere, eta errealismorako joera nabarmena hartu zuten . VI. dinastian areagotu egin zen errealismorako joera hori, eta horren froga argia da Seneb ipotxaren familiaren estatua.

V. dinastiatik aurrera, harrizko estatuez gainera, asko ugaldu ziren zurezkoak ere, eta horietako batzuk, hain zuzen, Inperio Zaharreko eskulturagintzako maisu lan handitzat hartzen dira. Denetan ezagunena, beharbada, Kaaperen estatua da (Kairo), hain errealismo apartekoa, non, Saqqarako haren mastabako indusketa lanetan ari ziren langileek Xeikh el beled (herriko alkate) deitu baitzioten, herriko alkatearen antzekoa iruditu zitzaielako.

VI. dinastiatik hasita, eguneroko bizitzako pasarteak irudikatu ziren zurezko, lurrezko eta harri margotuzko eskulturetan, mastabetako erliebeetan egiten zen antzera. Tarteko Lehen Aroan ugaldu zen, batez ere, joera hori.

Erliebea

Erliebeak eta pinturak egiteko mastaba barruan lan egiten zen. Kareharri finezko paretak leuntzen ziren eta laukiak markatzen ziren pasarteak irudikatzeko. Gero, izan behar zuten bezala marrazten ziren, azken xehetasuneraino, hieroglifo testuak ere barne zirela. Ondoren erliebea zizelatzen zen.

Horretarako, irudigaiak erreserbatu eta atzealdea hustutzen zen. Khufuren garaitik aurrera (IV. dinastia) teknika hori bakundu egin ze : irudigaiaren inguruan arrakala xume bat egiten zen "hutsunean" egindako erliebearen itxura izan zezan. Gero, xehetasunak finkatzen ziren arrakala herriak eginez. Benetako "hutsuneko erliebea", hau da, hustutako ingurune baten barman irartzeko teknika, ez zen ia monumentu, estatua edo hilarrietako hieroglifoetan baizik erabiltzen.

III. dinastiaren garaian, mastabaren kaperako ate faltsuan egon ohi ziren hilarriak baizik ez ziren zizelatzen. III. dinastiaren azken alderako harriz estalitako gurutze formako ganbera bat bihurtu zen kapera, eta ate faltsua atzealdeko horman egoten zen.

IV. dinastiakoan, gurutze formako kaperaren alboetako hormetan, nagusia eta honen emaztea ahaideen eskaintzak jasotzen irudikatzen zituen erliebezko irudiak egon ohi ziren. V. eta VI. dinastien garaian, mastabako sala eta korridoreetako paretak erabat estaltzeraino korapilatu eta ugaldu ziren hasierako gai bakun haiek, eta hala, hildakoaren eguneroko bizitzako pasarteak eta beste munduan egitea espero zituenak irudikatzen ziren.

Mastaba barruko erliebeetako gai gehientsuak hasieran ate faltsuaren ondoan irudikatutako gaien bilakaera ziren. Horrela, lehenago eskaintza bakun zirenak, azokatik salerosgaiak zekartzaten emakume ilara bihurtu ziren; hileta otordurako haragi zatiak, berriz, abere hazkuntzako pasarte bilakatu ziren, txahal hiltzeak barne zirela; ogia eta ardo-garagardo pittarrak, gari ereite eta ardo-garagardogintzako pasarte bihurtu ziren; hasieran hegazti baten eskaintza baizik irudikatzen ez zena, gero, hegaztiak lakioz ehizatzen edo antzaren hazkuntza antzezten zuten erliebe bilakatu ziren. Zenduarentzat eskaintzak prestatzen ari ziren eskulangileak ere azaltzen ziren: urrea urtzen eta bitxiak egiten zituzten urregileak eta estatuak egiten zituzten eskultoreak. Hori guztia, ahaidez, lagunez, mirabez eta aberastasunez inguraturik, beste munduan zoriontsu bizitzeko bermetzat hartzen zuten.

Garai horretako erliebeen kalitatea ona zen ia mastaba guztietan, baina badira batzuk bereziki nabarmenak: Ti-ren mastaba (V. dinastia), esate baterako, mastaba barneko erliebeen gailurtzat jotzen da, xehetasunen doitasunagatik eta gaien aniztasunagatik; Iduten mastaba ere aparta da, uretako pasarte zoragarriak baititu non doitasun harrigarriz irudikatuak dauden hegaztiak eta arrainak; aipatzekoak dira Nuferren hilobikoak ere, polikromia oso ongi gorde baitute, nahiz eta xehetasunei dagokienez, ez diren Ti-ren mastabakoekin alderatzeko modukoak.

VI. dinastiaren garaian estimazio handia izan zuten mastaba erliebedunek gorteko funtzionario nagusien artean, eta ez zegoen eskariari erantzuteko hainbat eskulangile aditu. Askotan, amaitu gabe uzten ziren, edota arrakala axalagoz amaituta. Faraoiaren hurbileko funtzionarioek ordea bazituzten eskulangile adituak eta hauek kalitate handiko lanak egiten zituzten, nahiz eta V. dinastian bezainbateko originaltasunik ez den soinatzen irudikatutako gaietan . Hori gertatzen da, esate baterako, Merenikaren eta Mahuren mastabetan, non erliebearen arrakala sakonagoa den eta kalitatea V. dinastiako lan hoberenekin alderatzeko modukoa.

Pintura

Inperio Zaharreko pintura gutxi gorde da. Denetan ezagunena Meidumeko antzarak izeneko horma irudia da (Kairo), Itet eta Nefermaaten mastaban zegoena, IV. dinastiaren hasierakoa. Egun ikus daitezkeen sei antzarak Niloren ertzetako bizitza gogorarazten zuen multzo handiago baten parte baizik ez ziren. Esandako margolanak Snofru faraoiaren seme Iteten emazte zen Nefermaaten kaperan zeuden; pintura zoragarri hori margotu zuen artistak koloregai mineralak erabili zituen uretan nahastuta, eta aglutinatzaile gisa, arrautza zuringoa eta landare goma. Pinturaren atzealdea igeltsuzko geruza gris argi bat da.

Konposizio simetrikoa da. Panelaren alde banatan hiru antzara pare ageri dira, kontrako norabideetara begira. Marrazkia errealismo handikoa da, baina lumen marrazkera estilizatuan ez ziren errespetatu izadiko ereduak.

Erreferentziak


    Aurrekoa
    Egiptoko Aro Dinastiko Goiztiarra
    Egiptoko Antzinako Inperioa
    Egiptoko Aro Dinastiko Goiztiarra
    Ondorengoa
    Egiptoko Tarteko Lehen Aroa

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.