Egia-oste
Egia-ostea edo post-egia (ingelesez: post-truth edo post-factual politics) 2016an sortutako neologismo bat da, eta politikan emozioak eta sentimenduak egiari gailentzen zaizkiola adierazteko erabiltzen da.[1] Kultura politiko baten isla da zeinetan eztabaidetan emozioak lehenesten diren politikaren xehetasunen gainetik. Hala, egitate faktualak alboratuak geratzen dira.
Iritzi publikoa eratzeko garaian emozio eta uste pertsonalek egiak baino eragin handiagoa duten egoera da egia-ostea, eta, ondorioz, egiaren balioa eta presentzia ahuldu dira, eszena publikoan bigarren mailako gai bilakatuz. Nagusiki XXI. mendeko koiunturan hedatutako terminoa da, arazotsua, eta filosofia-esparru garaikideko eztabaidagai pisutsua. Maiz gezurra edo ezjakintasunarekin alderatu izan den terminoa da, gauza bera ez badira ere. Egitateek garrantzirik ez dutela esplizituki onartu beharrean, hauen xehetasunen aukeraketak ikuspegi bat edo beste faboratzen duela sinesten den egoera da, modu honetan, norberaren ikuspegia babesteko jokabidea sustatuz. Haratago joanez, egia-ostea defini daiteke honela ere: masen erreakzioak edo interpretazioak egitateak alda ditzakeela uste den egoera[2]. 2016an, Oxford hiztegiak urteko hitz izendatu zuen “egia-oste” terminoa.
Honez gain, aipatzekoa da morfologiari dagokionez, -oste atzizkiak (ingelesez eta gazteleraz pos- aurrizkia, postruth eta posverdad terminoetan) ez diola denborari erreferentzia egiten; egiaren gainditzeari, ezkutaketari, ezabaketari, garrantzia kentzeari baizik. Politikaren esparruari dagokionez, “egia-ostearen politika” terminoa ere erabili ohi da, gai honek mundu mailako zein eskala txikiagoko jarduera politikoan duen eragina adierazte aldera.[3]
Hainbat adituren arabera, egia-osteak lotura du aurrez filosofian emandako hainbat gai moral, epistemologiko zein politikorekin; hala nola, erlatibismoa eta postmodernitatea. Beste batzuen ustez, aldiz, antzeko aurrekaririk gabeko fenomenoa da.
Terminoaren jatorria eta bilakaera
Terminoaren “osperik” gorena azken urteetan gertatu da, Donald Trump Estatu Batuetako presidente ohiaren arrakastaz, Brexitaren aldeko kanpainaz, ultraeskuin europarraren gorakadaz eta Kolonbiako bakearen aldeko plebiszituaren auziaz geroztik, besteak beste; fenomeno politiko hauen adierazgarri baita espektatiba arrazionalari alde emozionala gailendu izana. Dena den, Egia-oste adieraren jatorria, Oxford hiztegiaren arabera, 1992koa da, Steve Tesich dramagile serbiar-estatubatuarrak The Nation aldizkarian gaiari buruzko artikulu bat plazaratu zuenean. Iran-Contra eskandalu politikoaz eta Persiar Golkoko gerraz hausnartu zuen aipatu artikuluan.[4]
Antzeko adierei dagokienez, 2004ko Post-democracy liburuan, Colin Crouchek lehen aldiz demokrazia-oste terminoa erabili zuen gailentzen ari zen eredu politikoa aipatzeko, zeinean demokraziak berez badiren arren, hauteskunde-debatea, benetan, pertsuasio-tekniketan adituak diren oposiziozko goi-taldeen artean izaten den. Hala, egia-ostearen politikaren ardura publizitate industriaren ereduak leukake.
Alabaina, “egia-ostearen politika” termino gisa lehen aldiz David Roberts blogariak ekarri zuen, 2010ean, eztabaidara. Ingurumen auzietan espezializatua den Girst aldizkari estatubatuarrerako artikulu bat idatzi zuen, eta bertan egia-ostearen politikaz honakoa zion: kultura politiko berria da, zeinean iritzi publikoa eta komunikabideen kontakizuna jardun politikoarekiko guztiz independente bihurtu diren. Egun, The Economist astekariko artikulu batek dioenez, egia-ostearekin lotutako jarduera politikoa Austrian, Alemanian, Ipar Korean, Polonian, Errusian, Turkian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan atzeman da.[4]
Sakonago azterturik, egia-ostearen fenomenoak ehunka urte atzeragoko erraiak dituela esan ohi da, liberalen eta kontserbadoreen arteko eztabaida publikoetan gertatzen ziren akats kognitibo irrazionaletan. Bestalde, aspaldidanik zientzian objektibotasunaren existentziaz ziharduten eztabaidek ere lotura izango lukete egungo egia-ostearekin.[2]
Gaiari jarraiki, zientziarekiko negazionismoa 1950eko hamarkadan hasi zen Estatu Batuetan, tabakoaren industriarekin batera. Tobacco Industry Research Committee batzordeko zientzialariek hainbat taktika erabili zituzten tabakoaren gaitzei buruz plazaratzen zen informazio guztia zalantzan jartzeko. Berotze globalari dagokionez, bestalde, 2013an, 4000 artikuluz eginiko ikerketa baten bidez, gizartearen % 97ren iritziz berotze globalaren eragile nagusia gizakia zela baieztatu zuten; baina egun, iritzi publikoari zuzendutako inkestetan, % 27k soilik pentsatzen du gizakiaren ondorioz gertatzen dela. Auzi honetan eta antzerakoetan ere, egia-osteari zeresan handia atxiki izan ohi zaio.[2]
Testuingurua
1984tik aurrera, egunkarien industriaren beherakada eragin zuen kable bidezko telebistaren sorrera etorri zen. Honen ostean, 90ko hamarkadan plazaratu zen World Wide Web sistemak arestiko egoera berretsi zuen, batez ere 2008ko krisialdi ekonomikoaren ostean.
Horrez gain, kontuan hartu beharrekoa da mundu mailan telebista kateek joera politiko indartsuenen presentzia areagotu izana euren programazioan, maiz azaldutakoaren inongo analisi kritikorik edo perspektiba politiko zabalagorik eskeini gabe, jarraitzaile-masen zaletasuna sustatzearen bidez audientzia-gorakada lortzeko interes hutsak bultzatuta. Egoera honen adierazle nagusi dira Estatu Batuetan Donald Trumpen gorakada politiko garaian (2016tik aurrera) bertako telebista-kate handiek egindako programazio aukeraketa, zeinak Trumpen jardunaren propaganda nabarmen sustatu zuen, kateek irabazi ekonomikoa lortzearen truke.[2]
Aipatutakoari Internet eta sare sozialen hedatzea gehitzeak gaur egungo egoeraraino dakar prentsa: azkarrago eta erosoago jaso daiteke informazioa internet bidez, fidagarritasun zalantzatikoa bada ere, eta esfortzu handiagoa dakar, aldiz, egunkariak irakurtzeko aukera egiteak. Gainera, orokortasunean eragin duen objektibotasunarekiko jarrera eszeptikoak egunkariekiko fidagarritasuna bera ere iraganekoa baino ezegonkorrago bihurtu du. Egoera honen beste emaitzetako bat da, bestalde, publikoak sare sozialetan barne-huste emozionalerako eta informazio zuzena bilatzean konfiantzazko inguruneetara soilik jotzeko joera.
Egoera mediatikoaz gain, beste hainbat ezaugarri txerta dakizkioke egungo errealitateari; hala nola, abiadura, krisi klimatikoa, migrazio krisiak, globalizazioa, kapitalismo azeleratua, demografia-krisia zein Covid-19aren presentzia. Hori ikusirik, esaterako, arriskua eta ziurgabetasuna dira nagusi XXI. mende hasieran Ulrich Beck soziologoaren hitzetan; Zygmunt Bauman filosofoak, aldiz, garai likido izendatu zuen azken urteetako aldia, zurruntasunik gabea baita, hark dioenez. Honek, alde batetik, gaurdainoko ikuskeran finkatutako hainbat sinesmen faltsu zalantzan jartzeko tresnak ekar baditzake ere, prekarietatea, etorkizunaren proiekziorik eza eta antzerako arazoak dakartza mundu mailako marko soziopolitiko zein zientifikora.
Egia-ostearen izaera eta hedapenerako faktoreak
Gezurraren eta engainuaren arteko muga
Zerbait gezurtzat definitzeko, nahiz eta eztabaida egon, lau baldintza finkatu izan dira oro har: hizlariak zerbait komunikatzea, esandakoa hartzaile jakin bati zuzendua egotea, hizlaria esaten duenaren faltsutasunaz jakitun izatea eta entzulea engainatzeko asmoaz jardutea. Hauetakoren bat betetzen ez denean, zail gertatu ohi da adierazpenak sailkatzea. Zenbaiten arabera, sailkapen honetan honako aukerak leudeke: faltsutasuna (edukia okerra izanagatik, asmo txarrekoa ez denean; igorlea adierazpenaren faltsutasunaz ohartu ez denean) edota borondatezko ezjakintasuna (esandakoaren egiazkotasunaz erabat ziur egon gabe ere, hau babesten denean, nolabaiteko jarrera axolagabeaz).
Dena den, sailkapen hau lausoa edo baliaezina gerta daiteke hainbat kasutan; ez baitio egia-ostearen ohiko trikimailu den engainuari erreferentziarik egiten. Azken honek, sailkatzeko eta, areago, identifikatzeko zaila izan ohi denez, tolerantzia-maila handiagoa izan ohi du; nola engainu inplizituaz ez ohartzeagatik; hala, engainuaz ohartuta ere, salatzeko ahaleginik egin ez izanagatik; besteak beste, indiferentziaz edo nola salatu ez jakitearren. Gezurraren karga moralari ihes egin diezaioke honela engainuak.
Axolagabetasun-faktorea
Honez gain, badu beste desberdintasun bat engainuak: gezurtiari (gezurra ezkutatzeko egia premiazkoa duelako) eta ezjakinari (egia eskuratzea duelako helburu, lortu ez badu ere) ez darien egiarekiko axolagabetasuna. Egia-ostearen subjektua, beraz, hitzontzia izango da, esaten duenaren egia-balioaz baino, esandakoaren atzeko helburuez eta hauek lortze aldera diseinatutako diskurtsoaz kezkatua. Hortaz, engainua ez dago baieztapenetan; hauek pizten dituen helburuen gardentasun faltan baizik.
Bestalde, hitzontziaren errekurtso ohikoak dira euren iritziari edonola ere eustea, argudiaketa prozesu baten ostean nabarmen baztertua izan bada ere; eta kritikotasunaren erabilera inpartziala; alegia, norberaren mesedeko frogen egiazkotasunaz gehiegi ez kezkatu, eta, aldi berean, kontrako baieztapenekiko kritikotasun maila handiak izatea.
Egiarekiko harremana komunikabideen eta interneten testuinguruan
Egungo goera mediatikoak (ikus sarrera honetako testuingurua atala) hitzontzikeriaren hedapena erraztu du; komunikazio-baliabide garaikideek egia inoiz baino eskuraerrazago egin badezakete ere, badituzte egia bera bigarren planora eramateko hainbat gako.
Isuri kognitiboak: disonantzia kognitiboa
70. hamarkada amaierako gizartea oinarri hartuta, Daniel Kanheman eta Amos Tverskyk gizakion juizioak egiteko bi sistema bereizi zituzten: intuizioa edo ohiko gogamena eta arrazoia edo gogamen argia. Lehenaren bidez erabakiak azkar eta automatikoki hartzen dira, esfortzu gutxi eskatzen duen prozesu batean; bigarrena, aldiz esfortzu handiko jardueretan erabili ohi da, eta agentzialtasunarekin, esperientzia subjektiboarekin eta kontzentrazioarekin dago lotuta. Egunerokotasuneko erabaki errepikakorretarako lehena erabili ohi da, eta horrek isuri kognitiboak; hots, sistema kognitiboaren akats mediatikoak eragin ohi ditu.
Isuri hauen artean nagusitzen denetako bat disonantzia kognitiboak eragina da: gizakiak, haren sinesmen, jarrera eta jokabideen arteko harmonia desorekatzen denean esperimentatzen duen ezinegon psikikoari aurre egiteko, arrazonamendu motibatua erabili ohi du. Hala, argudioak ezagutu ostean tesi berriak sortu, aurrekoak berretsi edo baztertu beharrean, norberaren hasierako tesia berresten duten argudioetan jarri ohi da fokua. Egia-ostean, joera hau areagotu da; argudioei baino hauek dakartzaten ondorioei begiratzea. Gainera, egungo komunikabideen egiturak isuri mota hauek errazten ditu hainbat mekanismoren bidez.
Isuri mediatikoak
XXI. mendeko erabaki-arkitekturan aldaketak eragin ditu egungo komunikabideen nolakotasunak, norberak gustuko duena entzuteko aukera handiagoa delarik. Honela, aipatutako isuriak areagotzea errazagoa gertatu ohi da.
Egoera honen aitzindari izan zen albistegien lekuan, tertulia-formatuaren gorakada eman izana. Finean, eztabaida hauen helburua ados zeudenen komunitate-sentimendua sustatzea bihurtu zen, euren disonantzia kognitiboa baretzea, eta honela, informazioaren eta ustearen arteko marra nabarmen lausotu zen.
Arazoa identifikaturik, ikuspuntu kontrajarri orori tarte bertsua eskeintzeko saiakera etorri zen: objektibotasunaren izenean, egiatik urrun zeuden iritziak ere agerrarazi ziren, baina honek ere egia-ostearen eszena egokitu zuen; zalantzarik gabeko auzietan ere zalantza sortu eta egiarekiko eszeptizismoa hedatu zen.
Alabaina, albistegien sailean ere hainbat faktorek erraztu zuten aipatutako eszena: 24 orduko zikloan etengabe lanean dihardutenez, informe eta analisi azkarren bila, figura publiko berengana jo ohi dute behin eta berriz. Honek erretorikan abilak diren politikari, enpresari edo bestelako agenteen abantaila dakar, eta karismak eta harreman sozialen ezagutzak adierazitako edukiak baino indar handiagoa har dezakete. Horrek denbora luzeagorako edukia ematen die kazetariei; aipatutako agenteen diskurtsoa erreklamatzeak, iritzi berri bat aurkezteak eta honekiko konbentzimendua sortzeak denbora gehiago behar baitu, analisi sakonago baten ostean lehen aldiz plazaratutako edukiek sor dezaketen erantzunak baino.
Internet eta sare sozialetan, berriz, informazio antolaketa aldatu da: sareko microtargeting dinamikadun algoritmoak, egia-balioarekiko itsu, edukiak aztertu, klasifikatu eta erabiltzaileen arabera banatzen ditu eta gure iritziaren antzekoak erakusten dizkigu, aurretik kontsumitu dugunaren arabera. Erresonantzia-kutxa deritzon fenomenoa eragiten da honela: iritzi bereko erabiltzaileen multzo isolatuak sorturik. Honela, kontraste gutxidun komunitateak elkarren ideiak sustatu eta iritzien polarizazioa gertatzen da, eztabaidagune objektibo izan ordez. Egiak baino garrantzi handiagoa hartu ohi dute identitateak, talde dimentsioa eta loturak, komunitate-sentimenduak, norberaren iritziaz arrakasta lortzeko erraztasunak eta bestelako grina emozionalek. Iritzia propaganda bihurtu izana egotzi diote sareen jabeei egia-ostearen hainbat analistak, iritzien polarizazioak sareen erabilera areagotu eta erabiltzaile fidelagoak baitakarzkie.
Bestelako faktoreak
Egoera mediatikoaz gain, egia-osteari mesede egiten dien hainbat fenomeno sozial aztertu izan dira. Lehenik, ez dakigunaren inguruan irizteko presioa areagotu dela ondorioztatu da, garatu gabeko iritziak ere ematea errazago bihurtuz. Egiarekiko eszeptizismoak, bestalde, egiaren eta gezurraren artean ezberdintasunik ukatzea ekarri du hainbat talderen artean, eta honela, bi aukera soilik leudeke mediatikoki ekiterakoan: isilik geratzea edo hitzontzikeria. Hainbatek gainera, indiferentziaz edo amore-ematez dakusate auzia. Egia bilatzen saiatzeak ez duela merezi ulertzen dute, izan egungo erabaki-arkitekturagatik eta aipatutako irizteko presioagatik, izan gizarte demokratikoetan ematen den sentsazio pasiboagatik, zeinean hiritarrek senti dezaketen bere iritzia, beste hainbesteren artean, ez dela hain esanguratsua. Ondorioz, ez lukete euren iritziak eratzerako garaian irmotasun handirik izango, eta saiakera honetan erratzea ere ez litzateke hain arriskutsua izango. Uste hau masan hedatzen denean, ordea, indiferentzia giroa orokortu egiten da, eta horrek ezagutza lortzeko beharrezko kritikotasuna galarazten du.
Ondorioak eta arriskuak
Aurrez aipatutakoa kontuan harturik, globalizazioaren eta masifikazio digitalaren ondorioz, errealitatearen ikuskera mosaiko moduko bat bihurtu da, Lee McIntyrek dioenez, zeinean bakoitzak norberaren egia-zatia txerta dezakeen. Egia ostearen informazio-egitura nahaste moduko bat litzateke, beste egoera batean, eztabaida arrazionalak baldintzatutako egia objektiboaren gerturatzea litzatekeena, eta inoiz baino zailago gertatu ohi da egia eta gezurraren arteko bereizketa egitea, euren arteko muga erabat lauso bihurtzen ari delarik.
Egoera honetaz bailiatuz, nagusitasun ideologiko eta menderatze politiko zenbait gauzatzeko aukera dagoela ulertzen dute hainbat pentsalarik, honela herritar nahastuak sineste batzuei atxikitzea errazago gertatzen delarik, aldeko argudio edo frogak egon ala ez. Timothy Snyder historialariak honakoa idatzi zuen 2021eko Kapitolio estatubatuarrean izandako erasoaren harira:
Egia-ostea faszismo-aurrea da [...]. Egiari uko egiten diogunean, aberastasuna eta karisma dutenen boterea onartzen dugu. Oinarrizko egitate batzuen inguruan akordiorik ez bada, herritarrek ezin dute defentsarako beharrezko duten gizarte-zibila eratu. Egiazko egitateak ekoizteaz arduratzen diren instituzioen galerak abstrakzio zein fikzio erakargarrietan murgiltzea dakar[...]. Egia-osteak zuzenbide-estatua higatzen du, eta mitoen erregimen bat sustatu.
Noam Chomskyren hitzetan, bestetik, “herritarrak jada ez du egitateetan sinesten”, eta Trumpek, esaterako, arrisku larria dakar politikagintzara. Presidente-ohiak, kontzienteki, arrazakeria, xenofobia eta sexismo olatuak sustatu dituela dio bere jardunaren bidez, baina modu inplizitu batean, osterantzean ez baitzukeen gizarteak horrelakorik onartuko.[2]
Oinarri filosofikoa
Egiaren izaeraz
Hainbat adituk baztertu egin dute egiarekiko auzi filosofikoek egia-ostearen fenomeno soziopolitikoan zerikusi handirik duenik, eta zientzia-historikoen aztergai gisa sailkatu ohi dute, fenomenoaren kausa nagusitzat identifikatuz egiaren ekoizle ofizial izandako instituzioak zalantzan jartzea eta sare sozialek eta bestelako komunikabide garaikideek informazio-egituran eragindako aldaketa. Alabaina, egia-ostearen inguruko eztabaida, hein handi batean, soziologiaren aztergai bada ere, egiaren teoria filosofikoa ezagutzea beharrezko iritzi dute beste hainbat adituk, gai honen inguruan aritzerakoan. Teoria hauen arabera, adierazpen orok elkarrekikotasunez onartua dugun errealitatearekin bateragarria izan behar du, ondoren honen erreformak edo berrespenak egiteko; hala, egia ez litzateke soilik adierazpen bakarraren baitan bilduko, hainbat adierazpenen arteko kohesiodun sarean baizik. Egiaren inguruko eztabaida filosofikoan, Friedrich Nietzsche edota Max Weberren gisako autoreak nagusitu dira.
Azken honi dagokionez, Wissenschaft als Beruf [Zientzia bokaziotzat] saiakeran egitateen eta balioen arteko bereizketa egin zuen. Hala, egitateak gizarte zientzien metodo objektiboen bidez bilatuko lirateke, balioen beharrik gabe, eta balioak, aldiz, kulturaren eta erlijioaren faktoreen araberakoak lirateke, zientziaren bidez ondorioztaezinak. Egitateek berezko balio edo esanahirik ez dutela babestu zuen soziologo alemaniarrak, hauen eredu objektibo bakarra unibertsalki ezartzea posible litzatekeelarik, balioen kasuan ez bezala.
Leo Straussek, ostera, Weber kritikatzen du iritzia eta arrazoia erabat isolatzen saiatzeagatik. Straussek onartzen du, hein batean, balioak eta egitateak bereiztearen auzi filosofikoa, baina, era berean, Weberrek arrazoia badu, egitate ezagugarria estandar etikoen arabera ebaluatu ezin izanak kezkatzen du. Etikaren eta politikaren arteko gatazka horrek esan nahiko luke ezin dela inolako oinarririk egon ongiaren edozein balorazio egiteko, eta balioei erreferentzia egin gabe, gertaerek esanahia galtzen dute, Straussen ustetan.
Eragin handiko filosofo batzuk eszeptikoak dira gertakarien eta balioen arteko banaketari dagokionez. Gertakari zientifikoak botere-harreman sozialen bidez gertatzen direla diote. Bruno Latour filosofo frantziarrari maiz egotzi izan zaio egia-ostearen oinarri intelektualak sustatu izana. 2018an, New York Times-ek Bruno Latourri eta egia osteko politikari buruzko artikulu bat argitaratu zuen. Honen arabera, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan eztabaidatutako liburu batzuetan, gertaera zientifikoak ikerketa zientifikoaren produktu gisa ikusi behar zirela argudiatu zuen Latourrek. Hala ere, artikuluak dioenez, interpretazio okerra litzateke da filosofo frantziarrak errealitatean edo egiaren objektibotasunean sinesten ez duela esatea: Latourrek ez zukeen, adibidez, grabitatearen existentzia ukatuko. Hark babestu izan duena ezagutza hori lortzeko baldintzak birbanatzen saiatzea da. Ildo horretan, Latourrek zein Michel Foucaultek jakintzaren ekoizpenaren kontingentzia instituzionalei eta praktikoei erreparatzen die.[5]
Arendt, egiaren analisi politikoa
Hannah Arendt filosofoak politikan gezurra edo engainuak duen presentziaren arrazoien inguruan hausnartu zuen. Haren ustetan, politikariari bere aldeko errealitate bat hobetsiko duen gizartea komeni zaio. Alabaina, hau ezinezkoa da, eta errealitatearen egiazko interpretazioa lehenesten badugu, beti izango du oztoporen bat haren jardun politikoak. Horregatik, politikariak, haren jarduna lehenesten badu egiaren aurrean, hau ezkutatzeko beharra izango du, derrigor, lehenago edo beranduago. Hori dela eta dira hain ohikoak engainuak edo gezurrezko diskurtsoak politikagintzan. Modernitatean, areago, hitzontzikeriak estrategia berria daukala dio alemaniar-estatubatuarrak: egiak iritzi bihurtzea edo, behintzat, hauen arteko muga lausotzea, honela, iruzurtiak gezurra esan duela salatzea zailagoa delarik, iritzi guztiak balekoak direla defendatzen bada.
Masak konbentzitzen dituena ez dira gertaerak, ezta asmatutako gertaerak ere, baizik eta (egia-ostean ematen den) erronka irekia [...] Gobernu totalitarioarentzat subjektu ideala ez da nazi konbentzitua edo komunista konbentzitua; gertakarien eta fikzioaren arteko bereizketa, egiazkoa eta faltsua, jada existitzen ez dela uste duen jendea baizik.
Volgemanen kritika
Egiaren defentsak, maiz, talka egin ohi du bizitza publikoaren harmoniarekin. Hala, hainbat adituk, egia garrantzitsua den arren, hainbat kasutan bestelako aspektuak lehenetsi behar direla babestu dute; hala nola, giza eskubideak, norberaren iritzia, legea, interesak… Esfera publikoan, zientzia- nahiz filosofia- adituaz gain, enpresaria, hiritarra, politikaria eta beste hainbat agente daude, eta hauen arabera, erabaki okerra litzateke kasu guztietan egiaren babesle diren adituak lehenestea. Bada, Frieder Volgemanek ikuspuntu hau kritikatu du, egiak eta politikak lotuta joan behar dutela babestuz. Egun lotura hori arriskuan dagoela ikusirik, honetan eragiteko beharraz mintzo da Volgeman, nahiz eta hainbaten ustez lotura hau ez den sekula beharrezkoa izan.
Mill eta ideien merkatu librea
John Stuart Mill filosofo ingelesak ideien pluraltasuna eta adierazpen askatasunak egiaren bilaketarako dialektikan duten garrantzia azpimarratu zuen. Hauen gabeziak dogmatikotasuna eta oinarrizko giza-eskubideen urraketa dakarrelarik. Hori dela eta, ideien merkatu libre modukoa proposatu zuen, zeinean testigantza faltsuak ezin bazter daitezkeen, lehenik, uste hori faltsua den ziurtasun osorik ezin dugulako izan, eta bestetik, uste guztiak eztabaidaren merkatuan sarturik, egia aterako naturalki garaile eta inoiz baino indartsuago aterako den berme osoa izan dezakegulako, balekoak ez diren testigantzak berez geratuko liratekeelarik bazterrean, dinamika honen bitartez. Alabaina, eztabaidaren kalitatea okertu egia-ostean, eta hainbatek ez dute posible ikusten ideien merkatua librea egoera honetan gauzatzea.
Frickerren sinesgarritasunaren ekonomia
Miranda Frickerrek aldarrikatu zuena da adierazpen askatasunak ez dakarrela harekin beti aukera-berdintasuna: egun, sinesgarritasunerako bide bakarra ez da, egiazki, arrazoia izatea; badira esfera publikoan garrantzia hartzeko beste hainbat bide ere; hala nola, karisma izatea, edo bozgorailu ozenago bat. Hori kontuan hartuta, denok ez genuke aukera bera izango dialektikan egiaren defentsa arrazionala burutzeko, eta Millen ideien merkatu librea ezinezkoa litzateke.
Egia-ostea gainditzeko proposamenak
Ekimen anitz daude fenomeno honen aurka eta horietako bat, slow journalism delakoa da; kazetaritza geldoa, alegia. Ekimen hau aspaldikoa izan arren, gaur egun oso ospetsua bilakatu da. Rob Orchardy eta Marcus Webb kazetari ingelesak izan ziren ekimen honen arduradunak; lan eskerga egin dutelarik plataforma honen lanketa eta garapenean. Kazetari hauek, albiste bat argitaratzean, honen ondorioak zeintzuk diren jakin arte itxaroten dute, eta hauen berri izan ostean argitaratzen dute aldizkaria; batez ere, ematen den informazioaren fidagarritasuna egiaztatzeko. Kazetari hauen helburua eskuratzen den informazioa zalantzan ipinaraztea da, gizarteak honen inguruan hausnar dezan; izan ere, informazio hori ziurtatu gabe egon daiteke, eta egia-ostean ohikoa den nahasmendua eragin.
Erreferentziak
- «Egia ostea» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-01-11).
- McIntyre, Lee. (2018). Posverdad. (1ª ed. argitaraldia) Cátedra ISBN 978-84-376-3869-0. PMC 1057893227. (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).
- , wikipedia or..
- .
- (Ingelesez) Post-truth. 2022-05-12 (Noiz kontsultatua: 2022-05-23).