Egeo
Egeo[1] itsasoa (turkieraz: Ege Denizi; grezieraz: Αιγαίο Πέλαγος) Mediterraneo itsasoaren zati bat da, Grezia eta Turkia artean kokatua.
Egeo | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | itsaso eta arro hidrografiko |
Azalera | 214.000 km² |
Sakonera | 2.100 m |
Eponimoa | Aegeus (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 38°30′N 25°18′E |
Honen parte da | Mediterraneoa |
Estatu burujabe | Grezia |
Ur-gorputza | Mediterraneoa |
Hidrografia | |
Betebidea | ikusi
|
Arro hidrografikoa | Aegean Sea basin (en) |
Normalean, hegoaldeko muga Kreta eta Rodas uharteetan kokaturik dago, baina muga hori hain da arbitrarioa non zaila baita azalera zein den esatea. Gutxi gorabehera 180 000 kilometro karratukoa da. Iparraldetik hegoaldera, 600 km dauzka eta ekialdetik mendebaldera 400 km.
Egeo itsasoaren uharte gehienak greziarrak dira, hori dela eta Grezia barneko itsasotzat jotzen du, turkiarren kalterako. Honek herrialde bien artean maizko gatazkak sortzen ditu.
Turismoa da aktibitate ekonomiko nagusia, adibidez, Greziako uharteak Greziako lurraldearen bosten bat izanda ere, hoteleko edukieraren erdia dira.
Izenaren etimologia Greziako mitologiatik datorkigu: Egeo, Atenasko erregea, bere semea Teseo labirintoan Minotaurok hil zuelakoan, bere burua itsasora berera bota zuen.
Geografia
Egeo itsasoak 214.000 kilometro karratu hartzen ditu Mediterraneoko ipar-ekialdean. Gehieneko sakonera 3.543 metrokoa da Kretatik ekialdean. Anatolia penintsula du ekialdeko muga eta Grezia mendebaldekoa. Zenbait itsaso daude Egeo itsasoan: Traziako itsasoa iparraldean, Ikaria ekialdean, Mirtos mendebaldean eta Kretako itsasoa hegoaldean.
Egeon dauden uharteak, gehienak Greziako parte direnak, zazpi multzotan bana daitezke:[2]
- Traziako itsasokoak
- Ekialdekoak (Eubea)
- Iparraldeko Esporadak
- Zikladeak
- Saronikoak
- Dodekaneso (edo hegoaldeko Esporadak)
- Kreta
Klima
Egeo itsasoko klimak Greziako eta Turkiako mendebaldeko klimaren parekoa da neurri handi batean, hau da, nagusiki klima mediterraneoa da, uda bero eta lehorrekin eta negu leun eta hezeekin. Hala ere, udetako tenperatura altuak, normalean, ez dira klima idortutakoenak bezain altuak, ur asko dagoelako.
Hidrografia
Egeoko azaleko ura biratzen da erloju orratzen kontrako noranzkoan. Hipergazia den ura iparralderantz mugitzen da Turkiako mendebaldeko kostan zehar, Itsaso Beltzeko irteera-fluxuak desplazatu baino lehen. Mediterraneoko ur dentsoa Itsaso Beltzeko fluxuaren azpira doa, 23-30 metroko sakoneran; gero, Dardaneloen itsasartera mugitu eta Marmarako itxasoan zehar igarotzeko 5-15 cm/s-ko abiaduran. Itsaso Beltzaren irteera-fluxua, berriz, mendebalderantz mugitzen da Egeo itsasoan zehar, iparraldetik; gero, hegoalderantz joateko Greziako ekialdeko kostan zehar.[3]
Historia
Egeo itsasoa historikoki garrantzitsua izan da, batez ere antzinako Greziari dagokionez, Egeo kostaldearen eta Egeo uharteen inguruan garatu baitzen. Egeo uharteek inguruko biztanleen, Europakoen eta Asiakoen arteko harremana erraztu zuten. Greziarrekin batera, traziarrak ere izan ziren iparraldeko kostaren biztanleak. Erromatarrek Erromatar Inperioaren azpian hartu zuten eremua, eta geroago Bizantziar Inperioak mantendu zuen, Lehen Bulgariar Inperioaren hurreratzearen kontrako borrokan. Laugarren Gurutzadak ahuldu egin zuen bizantziar kontrola, eta azkenean Otomandar Inperioak konkistatu zuen, Kreta izan ezik, hori 1669 arte Veneziako kolonia baitzen. Greziako Independentzia Gerrarien ondorioz, estatu grekoa sortu zen Egeoko kostaldean 1829tik aurrera. Otomandar Inperioak 500 urte baino gehiagotan eutsi zion itsasoko kontrolari, Turkia modernoak ordezkatu zuen arte.
Egeoaren kostaldeak Grezia eta Turkiaren mendean geratu ziren bitartean, uharte gehinak Greziaren mendean geratu ziren. Hala ere, 20. mendean Italiaren asmo espansionistek izan zuten islada Egeoan eta hego-ekialdeko uharte multzoa Italiaren mendekoak izan ziren 1919-1945 tartean, non II. Mundu Gerra amaitzearekin Greziara pasatu ziren.
21. mendean Egeo ekialdeko uharte greziarrak, hain gertu izanik Turkiatik, Europako Batasuneko muga-zeharkatze gakoetako bat bihurtu dira errefuxiatuen fluxuentzat. Uharteen artean bereziki Lesbos bilakatu da, Moria izeneko errefuxiatu eremuagatik, milaka errefuxiaturen kokalekua, ez baitzaie aurrerago egiten uzten Europako Batasuneko lurraldeetara. Siriako Gerrak, 2010eko hamarkadan, milaka errefuxiatu siriar ekarri zituen Lesbosera eta Egeoko uharteetara, baina geroago beste hainbat jatorritako migrarik ere toki beretik saiatu dira Europara sartzen. Kongoko eta Afganistango etorkinak ere pilatu dira Lesbosen, adibidez[4].
Ekonomia eta politika
Egeoko uharte askok portu eta badia seguruak dituzte. Antzina, itsaso horretan nabigatzea errazagoa zen, neurri batean, Greziako kontinenteko lurzoru latza eta Anatoliako kostaldeko eremuak zeharkatzea baino. Irla asko bolkanikoak dira, eta marmola eta burdina dago beste uharte batzuetan. Uharterik handienek haran eta lautada emankorrak dituzte.
Egeo itsasoko irla nagusietatik bi Turkiakoak dira, Bozcaada (Tenedos) eta Gökçeada (Imbros); gainerakoak Greziakoak dira. Bi herrialdeen artean auzi politikoak daude Egeoko espazioaren kontrol politikoaren hainbat alderdiri buruz, besteak beste, jurisdikziopeko uren irismena, aireko espazioaren kontrola eta eskubide ekonomikoak plataforma kontinentalaren gainean. Gai horien guztien inguruko auziari Egeoren auzia deitzen zaie.
Garraioa
Hainbat portu daude Egeo itsasoko kosta greko eta turkiarrean. Atenasko Pireoko portua Greziako portu nagusia da, Europako bidaiari-porturik handiena eta munduko hirugarren arlo horretan. Urtean 20 milioi bidaiari inguru hartzen ditu. Europako hamar portu nagusien artean dago edukiontzien trafikoari dagokionez. Portuak transbordadore-ibilbideak eskaintzen ditu Egeoko ia uharte guztietara.
Arrantza
Arrantza da lehen sektorean Greziako bigarren esportazio-atal handiena, eta Greziak du Europako arrantzontzi flotarik handiena. Antxoa, sardina, berdela, txitxarroa, meroa eta lupia dira besteak beste harrapatzen diren espezieak.
Turismoa
Egeo itsasoko uharteak turismo-leku garrantzitsuak dira. Santorini, Kreta, Lesbos, Delos, eta Mikonos uharteak turismoko helburu ezagunak dira.. Egeoko uharteetako bost leku dira UNESCOren Gizateriaren ondare: San Juan teologoaren monasterioa, Patmoseko Apokalipsiaren kobazuloa, Samoseko Heraren tenplua, Kioseko Nea Moni monasterioa eta Rodaseko erdi aroko hiria.
Erreferentziak
- 159. araua. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-10-12).
- (Ingelesez) «Aegean Sea | Mediterranean Sea | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- Işler, E. B.; Aksu, A.; Hiscott, R.. (2016). Late Quaternary paleoceanographic evolution of the Aegean Sea: planktonic foraminifera and stable isotopes. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- (Gaztelaniaz) Blanco, Silvia. (2019-11-28). «Moria, la cruel bienvenida de Europa a los refugiados» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).