Edward Ruscha

Bizitza

Omahan jaioa, 1956an Los Angelesa aldatu zen, eta Chouinard Art Instituten hasi zen ikasketak egiten. Garai hartan hasi zen espresionismo abstraktuaren hizkera ikertzen, Franz Klineren eta De Kooningen bidetik. 1960ko hamarraldian Europan zehar bidaiatu zen, eta bidaia horren emaitza da hitzez eta hiriko paisaiez osaturiko koadro txikien saila. Los Angelesa itzuli ondoren autoaren eta zinemaren kultura, hiriaren ezaugarriak, hartu zituen bere koadroetarako gai nagusitzat. Bere lanetan argazkiak eta filmen eszenak erabiltzen ditu, eta orobat lantzen du trompe-l'oeil teknika. 1965ean Hollywoodera aldatu zen, eta han osatu zuen bere koadro sail ospetsuena, Hollywood (1968).

Oro har, fotorrealismoarekin loturiko artista dela esan daiteke; batzuetan gai organikoak erabiltzen ditu, ohiko pigmentuen ordez, eta zeta gainean margotu ohi du sarritan. 1970az gero aipagarriak ditu basamortuko bere etxean margoturiko oihal erraldoi horizontalak, zeinetan ostertzaren lerroak zeru ekaiztsupean agertzen baitira, eta beste maila bateko esanahia adierazten duten hitzak. Bere erakusketen artean aipagarriak dira, besteak beste, Sao Paulo eta Parisko biurtekoak (1967), eta atzera begirako erakusketak Amerikan (1982-1983) eta Europan (1989-1990). 2006an, Susan Gershekin eta David Johnsonekin batera, Los Angeleseko MoCAko (Museum of Contemporary Arteko) administratzaile izendatua izan zen. Museoko 8 erakusketetan parte hartu zuen, eta bere 33 lan museoko bilduma iraunkorrean daude.

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.