Edu Muruamendiaraz

Edu Muruamendiaraz Gallastegi (Bergara, Gipuzkoa, 1964ko irailaren 16a) dantzari eta koreografoa da.

Edu Muruamendiaraz
Bizitza
JaiotzaBergara, 1964ko irailaren 16a (59 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakdantzaria eta koreografoa

Bizitza

Hemezortzi urte zituela, Donostiako Eskola Dantza Taldean sartu zen, eta han eman zituen ondorengo urteak. Euskal dantza tradizionalaren arloan sari ugari eskuratu du, hala nola Gipuzkoako Txapelketa 1978an Jaione Aranarekin, eta Amaia Agirrerekin batera, Gipuzkoako Dantza Askatuko Txapelketa 1993, 1994, 1995 eta 1996. urteetan, eta Euskadikoa 1993, 1994 eta 1996an. Gipuzkoako Aurresku Txapelketan ere irabazle izan zen 1995 eta 1996 urteetan, baita Euskadikoan ere 1994, 1995 eta 1996 urteetan.

Txapelketetan egin duen lan bikainaz gain, emanaldi ugari egin ditu Euskal Herrian zein atzerrian Eskola Taldearekin batera, eta Kepa Junkerarekin batera ere aritu da Europako hainbat hiritan. 35 urte bete ondoren goi-mailako dantzan diharduen bakarretakoa da, zeregin hori irakaskuntzarekin tartekatuz. Bere azken urteotako lanik aipagarriena, ordea, 1997an Aukeran taldearen sortzaileetako bat izan zenetik egindako egitasmo berritzailea da. Izan ere, euskal dantza herrikoiak berrirakurri eta berrasmatu ditu, arrakasta handiz, talde horrek, eta Edu Muruamendiaraz arduratzen da, dantzatzeaz gain, taldea zuzentzeaz eta koreografiak sortzeaz. Taldeak eskaini zuen lehenengo lana Aukeran izenekoa izan zen, 1997an. Hurrengo hiru urtean, beste lau koreografia sortu eta aurkeztu dituzte: Akilimarro (1998), Errenkan (1999), Zirga Ezean eta Argia Ilunpean (2000).

Erreferentziak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.