Edo! Argitaletxea

Edo! 2012ko ekainaren 21ean Allende Arnaiz, Oier Guillan eta Idoia Beratarbideren eskutik sortu zen argitaletxea da. Euskarazko lanak argitaratzen zituen, batez ere, poesia liburuak, saiakerak eta artearekin lotutako obrak. Lan hauek errentagarriak ez ziren arren, euskal literaturan alor honetan zegoen hutsunea ikusita, hauek sustatzeko beharra ikusten zuen argitaletxeak. Ez-ohiko argitaletxea zen, bazkideen borondatezko lanean oinarritua, eta zabalkundea harpidedun bidez egingo zuena.

Edo! Argitaletxea
Sortze urtea 2012
Egoera Ez aktiboa
Generoa(k) Poesia, Narratiba, Artea
Jatorrizko herrialdea  Euskal Herria
Kokapena Donostia. Gipuzkoa
Webgune ofiziala http://argitaletxeaedo.org/

Historia

Nahiz eta argitaletxea 2012an sortu, ideia 2010ean jarri zen martxan; garai hartan hirukotea hilabetero elkartzen hasi baitzen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Proiektu honen oinarri bazkideak ziren, eta argitaletxeak bi taldetan bereizten zituen: batetik, EDO!kideak (bazkideak), proiektua sustengatzen zutenak eta partaide izan zitezkeenak, eta bestetik, EDO!nistak (harpidedunak), lanak jasotzen zituztenak. Hasiera batean 85 bazkideko muga jarri zuten, baina kopuru hau finkatu ostean, hazi egin zen.

Bildumak

Hiru bilduma nagusi sortu ditu EDO!-k:[1]

  • Xortak: orrialde gutxiko testuak: hitzaldiak, saiakera laburrak, iritzi artikulu luzeak eta abar.
  • Begikoak: askotariko ilustrazioak oinarri zituzten sormen lanak: album ilustratua, nobela grafikoa, argazkia, artea…
  • Literola: Askotariko lanak argitaratu ziren bilduma honetan: saiakerak, narrazioa, nobela, poesia, antzerkia…

Liburu hauek irakurlearen eskuetara heltzeko modurik gordinena baliatzen zuten, esaterako, sare sozialak (Twitter, Facebook) eta beraien web-orria. Horrez gain, liburuak haien filosofiarekin bat zetozen liburu-denda txikietara helarazten zituzten.

Oraindik ere eskuragarri daude beraien web-orrialdean lan batzuk, adibidez: Eta Karmele, Txalorik, ez arren eta Hain gutun luzea

Erreferentziak

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.